kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Traizioak / Iban Zaldua / Erein, 2001

Mikroklimak Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2001-12-29

Iban Zalduarekin (Iban Z. gisa ere ezaguna azken aldian, literaturarekin zerikusi gutxi duten kontuengatik) topo egin nuen azken aldian Gasteizko karrikaren batean izan zen. Ni galduta nindoan eta bera bere ume txikia paseatzen ari zen, neska ala mutila ote ez naiz gogoratzen, begi txarra baitaukat umeentzat. Autobusean haren ipuin bat irakurri berri nuen, honela hasten dena: “Nobelagileari ez zaio inoiz galdetzen zeigatik ez duen ipuin liburu bat idazten, edo saiakera bat, edo poema epiko bat, edo dena delakoa”. Eta halaxe galdegin nion nik ere, nire alabarentzako sinadura edo autografoa eskatzeaz batera, ea noiz demontre idatzi behar zuen nobela bat, eta hala jokaturik benetako idazle bihurtu, eta ez sasi hitz-biltzaile, gezurti aparta, ipuingile. Ez zela serioa esan nion, urteak joan eta urteak etorri, eta funtsezko liburu bat idatzi beharrean, denbora ipuinkerietan galtzea, gure
Euskal Herri maitearen errealitateak besterik behar zuenean, nobela bat, ahalik eta lodiena balitz hobe; nobela bat, apaletan jartzeko Dostoievskiren eta Tolstoirenekin batera. Nobela bat munduari kukurruku egiteko. Umea erakutsi zidan, gurditxotik atera zuen, ondo abrigatuta zegoen. Eta txikia zela ohartu nintzen, baita polita ere, izan ere umeak gutxitan dira itsusiak. Eta pentsatu nuen ipuinak ere gutxitan izaten direla itsusiak. Pentsatu nuen mundua halaxe dela, logika zorrotz eta gogor batek bultzatzen gaituela mundura umeak ekartzera, eta ez jende heldua. Pentsatu nuen orduan Gasteizko karrika batean zein ezustekoa hartuko genukeen mundura gizon bibotedun bat edo emakume ile harroa ekarriko bagenitu, heldu-helduak. Ez, ipuina polita da. Iban Zalduarenak politak dira behintzat. Baina esan behar jenero bat osatzen dutela bereek, ipuinaren eta artikuluaren arteko nahastura horretatik sortuak baitira, errealitateari, gure ingurumenari lotuagoak, fantasiazko lurralde misteriotsu bati baino. Baina eraginkorrak dira, egunero gertatzen diren kontuetatik sortuak baitira, egunero gertaera txikietatik ekarriak literaturara. Lurralde batzuek beren mikroklima lortu duten erara, Iban Zalduak ere berea du, mikroipuinak ondu daitezen eta aberastu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak