kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Leturiaren Egunkari ezkutua / Txillardegi / Euskaltzaindia, 1957

Txillardegi jaunaren erantzuna Iñaki bastarrika’ko jaunari Txillardegi / Jakin, 1958

Euskaltzale bizkor ori:

“YAKIN”en bostgarren alea jaso baño leenago banekien zure eskutitzaren berri. Eta, noski, gogoz beterik ninduzun. Egia esen, eta zerorrek ikus dezakezunez, etzenidan alperrik idatzi…

Alaber nik ere, erantzun au alperrik egiten ari naizenik ez dut uste; eta “Yakin”, errebistak bere ateak neretzako zabalik dituela agindu didan ezkero, ez dut era eder au galdu nai, eta nere gogo guziaz erantzutera noakizu. Adiskide antzean artuko aal didazu!

Arreta aundia merezi du zure eskutitzak. Gaizkiegi dabil gure izkuntza maitea zure itzai jaramonik ez egiteko. Ez orixe. Zerorrek merezi duzu alde batetik, eta euskerak berak ere ez gutxiago. Nereliburuaz itzegin didazu leenbizi, eta gañerako nere lanez gero. Nik ere olaxe egingo dizut arrapostua; eta luze xamarra ba naiz ere, barka. Zure eskeintzak bultzatu nau.

“Leturia’ren Egunkari ezkutua”z

Nere ilburu au etzaizu deus ere gustatu. Ezta arritzekoa: bi muturretan bide-gaude pentsa-eraz. Eta au, berez, ezta kaltegarri. Naiago dut zure kontra gogorra, egitia baldin bada, zurikeria faltsoak baiño. Egiaz eman bide-didazu zuk zure iritzia, batere losentxarik gabe; eta onelako maixeoak oso egoki izaten dira. Iritzi guziak nere aldeko balira, susmo txarrak egingo nituzke, xuritzalleen artean nengokealakoan; eta denak berriz kontrakoak balira, zalantzarik gabe arrazoi zutela pentsatu bearko nuke. Onela, ordea, eta iritzi-mota guzietakoak izanda, pozik nago; eta nere liburua alperrikako izan ez dela pentsa dezaket. Nere “Leturia”ren aurka itzegin dutenen artean aurrena ez bazera ere, anitz esker, Bastarrika, kontrako apur ori besteeneri erantsiaz, ingura nintzakean lausengu jenerla eta belaska artatik askatu nauzulako.

Baña, zer nai duzu? Zure aburu gogorrak irakurrita gero, argitu egin naiko nituzke puntu batzuk.

Arrazoi duzu, segur aski, gauza batzuetan. Nere liburua leenengoa dudan ezkero eskaxa dala esatean, konparazio batera: ni neu ere ortantxe nengoke agian. “Udalen” zatia, batez ere, egoskaitza zaizu. Baliteke. Nere fruitua gordiña dela sinisteko gertu naukazu.
Guziarekin ere, liburuaren egillea naizen ezkero, ezin dezaket ontzat eman zuk esan duzun guzia. Zure ustez “esistenzialista joerako nobelari asko irakurritako baten saioak iruditu zaizkidak ire burutapenak” .

Esistentzalisten zerbait irakurria dudala ez dizut ukatuko. Lotsagarria al da bada? Bañan onek ez du ezer adierazten. Gaur Sartre, Unamuno edo Heidegger beñere ezagutu ez dituzten gazteak ere, gertuago daude alaz ere berengandik edozeñengandik baiño. Mendearen guraso dira esistentzalistak, bai; baña seme ere ez gutxiago.

Picasso’k, Prokoffief’ek eta Unamuno’k munduan aurkitu duten gauza berbera azaldu dute, nork bere erara; artearen modura artistak, filosofiaren modura filosofoak. Baña, nola edo ala, gauza berari lotu dira denak; eta alde batetik eragille izan badira, eragiñak izan dira bestetik.

Orregatik “Leturia” ez da, izan ere, nere asmakari bat, zearo beiñepein. Egiazko den neurrian kopia bat da: nik nere inguruan ikusi uste dudanaren irudia ain zuzen. Nere liburua eta ni, biok kuadroa eta bere pintatzailea gera. Eta au ez ba gera, alperrik saiatu naiz.

Ortaz, eta ziñez esan dezaket au, nik ez diot iñori zorrik. “Bragilleen” kutsu ori, ezta besteen kutsua, ezta kopiarik, besteakiko topo eta egokiera utsa baizik. Gaurko geran guziok bazter eta paisaje berberak ikusten ditugu -ta. Erdipurdi edo zearo gaizki atera zaidala saioa? Besterik da au. Eta egia baldin bada ere, ezta arritzekoa. Baña sinistuta egon: kopiatu bear izan banu, EZ NUKEAN LUMA ARTUKO. Kopiatzalle geiegi izan ditugu euskal literaturan, gaur ni ere alakoai jarrai natzaien.

Gero, zure eskutitzera itzuliaz, eta Dostoiewsky’rekin alderatu ezkero oso kaskar geldituko nintzakeala zuk esan ondoren (eta nork uka?) au diozu: “Ba-zegok gure errian bertan ikutu-gabeko naiko eleberri-gai ederrik asko. Nork bilduko eta eleberrituko zizkiguk?”. Ona emen zure eskutitzean aurkitu uste dudan beste uts bat. “Onetzaz besterik ez oraingoz”, diozu

Ez dut dena kopiatu nai. Zure ustez “Euskalerriko gaiak” ukitu bear dira bakarrik. Izan ere, Euskalerriko bizieran edo kondairan badira, noski, idazki mamitsu asko. Baña zer da “gure erriaren barne-arazoetan” aipatu duzun ori? Zure ustez, oker ez banago, ezpaitzera zu leenengo xinplekeri oietan, euskeraz idazteko “emengo” zerbaitez egin bear da. Zertara joko “kanpora”?

Baña, zer da “emen”? Zer da Euskalerria zure ustez? Badakit. Diferente dena: izkuntza dena, lamiñen ipuiak, basojauna, baserria, korrika apostuak, aitonen semeen istorioak eta abar. Auetxek osatzen dute, zure ustez, besta anitzen ustez bezela, euskalduntasuna; eta eskualdun literatura egiten asi geran ezkero, oietzaz mintzatu bear dugu idazleok, eta ez beste ezertaz ere. Auetzaz kanpo… utikan!

Zurekin nentorke alde batetik: Euskalerriko ATAL BAT baitira, zalantzarik gabe, gure erresuma-nortasuna osatzen duten ezaugarri oiek, gure naziotasuna mamitzen duten bereizgarriak ain zuzen.

Baña, onatx korapilloa: gauza oiek Euskalerria erritzat BEREIZTEN ba dute ere, ez gaituzte gu euskaldunok presunatzat OSATZEN. Zuk opa duzun
literatura ori ez litzake euskaldun presunena izango, Euskalerriko tipismoarena baizik. Etzera bakarra iritzi ontan. Baña zuri, kasorik egingo bagenizu etxetiar literatura egingo genuke, etxekoentzako literatura utsa, ots, literatura motxa. Edo, obeto esan, sasi-literatura

Euskaldunok, nere Leturia bezela, gizon gera guziz, baiña euskaldun erara. Gaurko gaztediaren katramillez mintzatzen da nere Leturia, baiñan euskeraz.

Presuna unibersala da Leturia; bere mintzaira, guziarekin ere, gure izkuntza. Mamia eta azala ez ditugu naasi bear.

Auxe da, joera bezela beintzat, bear dana. Euskalduna izateko bizieratik kanpo jokatu bear badugu, oraintxe jo dezakegu euskalduntasuna ildakotzat. Eta berdin deritzat euskal literaturaz.

Idazleon eginkizuna gure etxeko istorio-mordoa moldatu eta ugaritzea besterik ez bada, zokora dezagun euskera, eta erauz bizieratik. Eta orduntxe izango litzake onen azkena. Zu, Bastarrika, euskeraren eriotzaren bidetik ari zera.

Egiazko bizian sartu bear dugu euskal literatura. Gure bizimoduari dagokionez, bai;
bana presunari ditxezkon auziak azaldu bear ditugu ere. Gu ez gera, zorionez, Auñemendian dantzan ari den erria. Ezta gutxiagorik ere.

Auxe pentsatu nuen nik nere “Leturia” sortzean. Bestalde, nere liburu au euskeraz izkiriatu ez banu ere, erderaz egingo nukean; eta berdin diot irakurtzen ari zeran gutun onetzaz. Esan BEARRAK eragiten bai nau. Askoren ustez, euskeraz izkiriatzerakoan, izkuntza landutzeko idatzi bear omen da. Alderantziz diot nik: zerbait esateko idatzi bear dela. Eta zerbait esan BEAR duten idazleak ez dute beti bere etxeaz itzegiten. Arimaren kezka ezta berez ez toki-garri ez esi-garri. Ondo zion orain dela 400 urte gure Detxepare’k, oraindik gor askok entzun ez badiote ere:

“Heuskara, jalgi hadi kanpora”.

GAÑERAKO NERE IDAZ-LANEZ

Zeatz segi dituzu nere urratsak, eta au pozgarri zait. Baño, berriz ere, ez nator zurekin iñola.

Ikusten danez, nere artikuluetako mamiaz kanpora, nazkagarri zaizkizu oso euskeraren arloari buruzko nere iritziak oro. Ondikotz! Auzi auek “anpatu” bear ez ditudala diozu, “filolojian” sartu bear ez dudala (noiz sartu ote naiz?) eta abar. Gaiñera ni, “idazletxo tentel bat” naizen ezkero “gizon erdi-landu bat” naizen ezkero, obe nukean etxean sartu. Bapo!

Auzi ontan ez dut nik neronek itzegin bearko. Ikusiko duzun bezela zerorren izkribuek salatuko zaituzte, eta ondoreak atereaz joango naiz ni.

Arras kaltegarri deritzazu euskerari buruzko nere joerari; eta bikaiña berriz, zureari. Zure ustez, konparazio batera, zoragarriak dira 1900 ezkerozko “garako” idazleak, eta berai zarraizkiete dudarik gahe.

Eta onelakoak entzuteko nazkaturik nagoen ezkero, enaiz gaur ontatik pasako.
Zu -eta zu bezelako guziak- euskera il nai duzute, zuen laguntzarik gabe ere arriskuan ez balego bezela; eta asmo gaiztoz eta apropos ari zeratela pentsa liteke, euskera akabatzekotan, noski!. Ezjakin utsak bakarrik eutsi ditzake zuen txorakeriak.

Zuk ez dakizu oraindik, gezurra badirudi ere, izkuntza bat ez dela jeometria. Gañera, egia esan, ez dakizu jeometria agiten. Zure “dirakurt” ori (98 gn. orrialdean) ezta EZER, ezpaita beiñere BIZI IZAN euskeran. Gañera, teoriaz, “darakurt” izan bearko luke. “Derama” berriz darama da; eta “deragio”, jeometria egiten asi ezkero, daragio.

Zure “damaigu”(59) , “dagerki “(60) , ”dagerkigu” (57), eta beste asko ere, ,jeometria dira, bañan ez euskera.

Orrenbestetan aipatzen duzun Orixe’k egoki erabilli du beti ikakoa. Zuk berriz zearo
gaizki. Zuk ez duzu Orixe maixutzat, zeure burua baizik. Alde batetik, zure “zesaidakekan”, “zekuskat”, “zekikat”, “baditekek”,”zerizkiokat” (99), “zidakekan” (99, aurrekoa bezela gaizki, “zidakan”baita), “zitzaidakekan”(100, zitzaidakan, noski), eta olako asko ere, eztira beiñere erabilli orrela euskeraz, eta jeometria txarra dira. Beraz, ez dira EZER, zure tema bat besterik. Zer irudituko litzaizuke erdarazko auek: “ofrezo”, “tene”, eta “veniria”?

Gañera, eta au da larriena agian, ika itzegiten denean ez dira orrelako forma guziak ika jartzen. “Egiña zegokala zirudik”,”aztertu bear dizkagulat”, “nork eleberrituko zizkiguk”, “onako au ziagokanean”, eta abar, aldrebestuak daude arras. Tokirik banu, zergatik dauden gaizki azalduko nizuke. Bañan arrazoirik ez dudala uste ba duzu, galdegiozu Orixe’ri, Villasante’ri, edo euskera dakien beste edozeiñi; eta berak azalduko dizute nik baño obeto, zertan eta zergatik zauden pikuan.

Zure “dit” ori ez da literaturako forma. Zure “zaizuke” dakizuke da, noski; eta “guzi oek”, oiek guziak. Ez bide-dakizu oraindik itzen atzetik dijoazen “a” guziak, ez dirala nai-ta-naiez artikulu. Zure “ausardi”,”premi”,”famili”,”egi”,”neskatil”, eta abar, ausardia, premia, familia, egia, neskatilla eta abar dira. Alderantziz, zure “arrunta xamarra”, arrunt xamarra da. “Oitura eza”, “sentidu-eza”, “etortasun-eza onek” (100), eta abar, ez dira zure asmazio bat besterik. “Sentidurik ez”, eta abar, paso.

“Filosofo-elergille”(100), “erri-errian”, eta abar, ez dira ezer. Modaz dago gaur “garako” idazle askotan, berboai, bear ez denean, “tu” kentzea. Ba al dakizu zergatik? Batzutan kendu BEAR delako. Berboaren egintza oraindik betekizun edo egin gabe dagoeneta (erderaz subjuntivo, potencial eta imperativo moduetan), kendu egiten da euskeraz “tu” ori, edo azkeneko “i”a. Bañan au ez dakizatenok nolanai kentzen dituzute, euskeraren giarra ondatuz: “asma ta antola zuela” (97), “ezkuta nai” (55), “gerta ziran” (53), eta beste asko ta asko. Alderantziz orain ere, kendu ditekeanetan ez duzu kentze: “barkatu zak” (100), “suntsitu ez dezake (98), eta abar.

“Erail” (58) diozu, illerazi bearrean; edo “eran” arkaikoaren ordez. “Sartre berak” diozu (57), Sartrek berak esan bearrean. “Suezia’ko Akademi berak” diozu ere (52). Ez dakizu oraindik “ak” eta “ek” sufijoak bereizten: “guziek bide berdintsutik zijoaztek” (102). Ez dituzu “diteke” eta “dateke” bereizten. Axular’ek ez dakizula uste al duzu apika? Beste askotan, “k” uzten duzu, erderaz jator pentsatzen duzulako, eta itzez itz diozu: “zalla dirudi… zindo itsastea”, itsasteak esan bearrean; eta “suizidioa dirudi egokiena” (60), berriz ere utsa egiñaz. “Indeterminado” deritzan ori dagoenik ere ote dakizun ez dakit: “zerbaiteri” (57) diozu, zerbaiti esan bearrean; eta “beste aunitzei” ere, aunitzi bearrean. Sufijoak erabat gaizki erabiltzen dituzu: “pentsalari” (55), “abeslari” (60). Noiztanik erabiltzen da “lari” berboakin? (ikus zazu faborez Azkue’eren “Morfologia”, 78 gn. orr.) . Emakumezko ille bat” zer den ez dakit. Eta “gazte asmotsu” esatean Txirritak entzun ba lizu, gazte gaisto eta biurri bat naizela ni pentsako zuen… Eta orrela jarraituko nuke.

Baña naikoa delakoan moztuko dut. Orra “garako”en arnaria! Itzetik ortzera ondatzen ari zera euskeraren giarra. Zuk, Bastarrika, euskeraren eriotza nai duzu oarkabean, eta bere galeraren bidean barrena zoaz.

Zein da zarrari eta euakeraren biziari kasorik egin nai ez diena? Ni aal naiz, ala zuek “garako” idazleok? Noiz ikusi dira emen olako gauzak 1900 baño leenago? Noiz arbuiatzen dituzuten oietan? Beren utsak ez dira ezer zuek ezagututa gero… Eta, orrela, “garako” askok idatzitako euskera ta zeurea noski atzerako pausu dirala ZALANTZAN ere jartzea, ezjakin utsaren siñua iruditzen zait, Eta zerok zerate atzeratze onen aintzindariak. Gañera auldura ori normala da. Gure buruaz osoro jabetu ez balitz astakeria, argi eta garbi ikusiko genukean dagoeneko. Atzera baitijoa euskera aozkoa begi-bistan; eta erdaldunok bultzatu baitituzute apriorismoak, garbikeriak, mordollokeriak, eta ola nazkagarrikeriak oro.

Ni beintzat, Bastarrika ori, esnai nago oraindik; eta OSO GUTXI dakidala dakit. Eta edozein basarritarrekin itzegiten dudan guzietan, asko ikasten dut; eta Axular, Mendiburu, edo Joanes Etxeberri irakurtzean berdin. Zu, berriz, eta zu bezela andigurakoak, eskemakeskuan eta erdal-etorria buru-munean, ez bide daukazute ezer ikasterik; eta onetxek ondatzen zaituzte. Eta orrela erditzen dituzute gero geiegi ezagutzen ditugun zuen mamutzar otz eta iguingarri oiek.

Gaur gaurkoz beraz, bi joera dira: euskera egiazkoarena bat, eta “garako” idazle batzuen asmazio egoskaitzetakoa bestea. Eta bi gauza gerta ditezke: edo euskera il auek, edo alderantziz. Zuk, ortaz, euskera egiazkoaren garaipena opa ba duzu, zeure mordollo orren akabera eskatu bearrean zera. Nik nerekiko auxe eskatzen dut, jakiña…

Euskera iltzen ez ba da denborak berak ilko ditu “garako” idazle geienok. Ez zuk aipatzen dituzun guziak, noski. Orixe’ren etorria eta jakinduria, esate baterako, artuko nituzke nik. Ez uste izan, gañera, Orixe eta zu bide beretik ari zeratenik. Ezta pentsatu ere. Jakiñaren gañean aldrebestu du Orixe’k; zuk, ordea, ez dakizulako.

Nun aurreratu du zuen mordollokeria orrek? Erdaldunen artean. Nun ez, ordea? Euskaldunen artean. Bilbotarrai traga-arazi dizaiekezutena, bermearrai ezin. Zergatik? Ez aal duzute beñere pentsatuko? Bada garaia, alajainkoa! Euskera biziago ba lego, ez lirake gauza auek gertatuko. Iltzear delako gerta litezke.

Axular “egungo gaietan barna” ikusi naiko zenukeala diozu. Baita nik ere! Eta bide egoki ori esateko, “lau aizetara barreiatzekc” esaten didazu. Bai, Jauna; Lartzabal’ena esate baterako. Donicane Garazi ‘n egondu naiz aurtemein, eta “Hiru ziren” bere komedia ikusi. Eta gauza bat esango dizut: gaurko idazleen artean (Euskalerriko alde ontakoez ari naiz), ARTUKO GENUKEALA olako bat. Jakiña: bere jatortasuna izateko, jatorriz ez daukagun guziok beintzat, ikasi egin bear dugu. Eta auxe da, dirudienez, zuk gogoko ez duzuna. Askoz ere errexago baitzaizu komentuko gelan sartu, eta asmazio erotan astea. Noski!

Bañan euskera, zoritxarrez, gure asabak galtzera utzi zutelako, sakabanaturik dago an eta emen, edonun zarpil, eta edozeiñen aotan urri.

Eta zuzpertzeko, piztutzeko, indartzeko, puskak jasota osatzeko, IKASI egin bear da, eten gabe ikasi, geure odol beroa biirtu arte; eta EZ ASMATU. Auxe da bide bakarra, eta nik beintzat artua dudana: euskera biziaren iturri guzietan edan.

Iru gauza bear dira euskera salbatzeko: ikasi, ikasi eta ikasi. Eta beste iru baztertu bear: asmatu, asmatu eta asmatu (izkuntza biaren eta jatorraren arabera ez ba da).

Bapatean gure burua euskaldun jator biurtzeko, euskeraren jabekunde orren jauzia edo ziztada Bergson”ek dioen bezela “ziplo” aentitzeko, IKASI egin bear da, erruz pasa bear da denbora euskera bizi ori atzitu naiean, emendik eta andik ikasi bear da; eta, itz bitan esateko, gogor artu bear da; eta zintzo, umil, esaneko eta beñere gelditu gabe izkuntzaren mamia osatuz joan bear da. Eta KANPOTIK BARRURA, ez alderantziz.

Edan egin bear da euskera goxoa .Euskal-Erritik. Eta ez ahantz au: Axular, Mendiburu, Lartzabal, Xenpelar, eta gaurko baserritarrak lerro berean laude: euskera biziaren lerroan ain zuzen. Zuek berriz sasi-euskerarenean. Zerok baztertu zerate bidetik; ez gu. Zuen euskera ezpaita zuen barrunbeari nekez egositako ondakiña besterik. Eta nik beintzat, emendik aurrera bigunkeria eta sasidiplomazia guziau utzirik naspil iguingarri orri
EZ DIOI EUSKERA DEITUKO.

Zuek lurjotzen ba dezute, euskera salbatu dela esan dezakegu; zuek garaituko ba zenute, berriz, egingo luke euskerarenak…

Tamala da, gañerantzean, nahasi dauden egia garden auek bein eta berriz esan bear izatea. Bañan azkenean bide zuzenetik abia gaitezen esperantza aundia badut. Eta onengatik idatzi dizut .

Gogor artu zaitut, badakit. Eta pena ematen dit euskaltzaleon artean onela ibilli bearrak. Bañan onelaxe egingo ez banu, eta egin dudan bezin zakar gañera, neure buruari egingo nioke saldukeria. Eta euskerari azkenik.

“Yakin”en nere au ikusi arte,agur. Eta zentza gaitezen , arren, Bastarrika ori.

Donostian, 1.958 Otsaillak 26

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak