kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak / Jon Lariz / Gero, 1977

Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak Ibon Sarasola / Jakin, 1977-09

Mario Onaindia “Brumaireren hamazortzia”-ren itzultzaile bezala ezaguna bagenuen ere, ez nuen espero Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak bezalako nobela irakurgarri batez birplazaratuko zenik. Eta sorpresa ona izan dela aitortu behar dut aldez aurretik.

Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak elaberri lineal bat da, egituraz ia klasikoa. Burutik eginik dagoela dirudien gizon bat bere bizitzako zenbait une funtsezko oroitzen eta taxutzen saiatzen da bi lagunen aurrean. Gauzak horrela, psikoanalisi-ihardukietan bezala, kontakizunaren haria guztiz inkoherentki ematen da, eta hortik datorke hainbat irakurlerentzat nobelak izan dezakeen zailtasun bakarra. Baina horretan datza halaber obraren lehen parteen balio nagusienetatik bat: errepikazio partzial horien bidez, musik lan batetan obstinato-aren bidez bezala, lortzen den erritmo berezi erakargarrian.

Nobela osotasun bat bezala hartuz, zenbait parte desberdin bereiz daitezke. Lehen parteen ondoren, niretzat nobelako onenak, kontakizunaren haria aurreratuz doa 134 orrialdea arte. Ondorengo 60 orrialdeetan, Jon bihurtzen da pertsonaia nagusia, nire ustez nobelaren kaltetan, eta ez kontatzen zaigunak literatur baliorik ez duelako, kontakizunaren hari hura hausten duelako baizik. Dibagaketa zilegiztatzeko ematen zaigun arrazoia (191 or.: Erabat ahantzirik zituen gauza haiek, Lenek kontatzen zizkion gauzek berriz piztu arte…”) ez dirudi pisukoa. Tartekatzen den zati horretan adierazten dena bi ipuin independientetan (lehena Jonen enplegu-bilatzeaz, bigarrena Ana Marirekin dituen harremanez) taxutu izan balitz, nobela irabaziz atera zatekeen (nire ustez, noski).

Estiloari dagokionez, egilea aise moldatzen da Len-en hizketaldi luzeetan. Bati baino gehiagori artifizialegia irudituko zaio, baina alde batetik, autorea, Len urdazubitarra dela adierazteko bezain azkarra izan da, eta bestetik, euskal kontaketa-prosa gaurregun dabilen bide estuegietatik ateratzeko saio aski interesgarria iruditzen zait. Elkarrizketa laburra da, beharbada, Onaindiaren estiloaren punturik ahulena.

Hitz batez, Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak, nobela interesgarri eta irakurgarri bat iruditzen zait. Onaindia agian ez da oraindik nobelagile guztiz heldu bat, baina bai, dudarik gabe, hainbeste eskertzen diren detaileak arretaz zaintzen eta oparo eskaintzen dituen narratzaile fin eta baliabidez bete bat.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak