kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Guardasola ahantzia / Koldo Izagirre / Ustela, 1978

Guardasola ahantzia Erramun Etxazarreta / Jakin, 1978-12

Koldo Izagirre berriro bide berriak urratzen, baliozkoak diren ala ez gerora jakin beharko badugu ere. Baina bide berria azken finean, berri berria, Dorotearena bezalakoa, alajainkoa! estrainatu gabea.

Koldorengan fedea, fede fedea, beti izan dut eta oso handia gainera, eta bide berrietan beti sinetsi izan dut, oraingoan ere bai noski, itsu itsuan, nahiz eta jende askori onik ez egin, azken obra hau polemikoa izango baita, eta polemika batetan beti irteera bi, albotik begira egon edo erabat saltsara sartu, eta ni, izan saltseroa, muturrez aurrera saltsara (“Saitsara, saltsara, saltsara euskaldun idazle eta irakurleok saltsara / Saitsara, saltsara, saltsara, literaturaren geroa baikara ANTXOA eta PEOIA Antiantiak” ).

Dagoenekoz iritzi asko eman da obra honetaz, denak desberdinak, eta kontrakoak, kontrakoak edo kontrako bezala, aldekoak ez behintzat, eta hemen nerea (Nerea, Nereaaaaaaa! nerea behar zuen halako guardasolak, ez beste inorena) alde, erabat alde, ez debalde, alde! alde! alde hemendik inbiriosoak! Guardasolarena ez baita intelijentziaren problema talentoarena baizik, eta denok ezker (tiar) garenean antirik ez dago, eta hemen anti bat azaldu zaigu, anti bat, entzun? Anti bat, antipoema bat idatzi duen antipoeta bat. Eta zer da antipoeta bat? Hori beste gauza bat da, orain heldu diozu zezenari behar den lekutik, buztanetik, adarrak prakazorroan ez sartzeko moduan.

Ba, antipoeta bat ez da eguneroko baba zaharra, ezta bi hilabetetan garbitu gabeko belarri zuloetako erdokari panegiriko bat egiten diona ere, ezta osaba Bartolo ilobaren eztaietan bertsotan ere. Nire ustez Euskal Herrian antipoetak ugari dira, baina hauen testimonio idatzirik ez dugu, orain azaldu zaigu lehen aldiz antipoeta baten testimonio idatzia, antipoeta konszientearena. Koldo eta “Guardasola ahantzia” ditugu gure herriko lehen antipoeta eta antipoema.

Hasiera hasieratik nabarmentzen da antipoemaren urratsa, antimusak baitira eskaintza jasaten dutenek. Antimusa horiek musoak dira, bat neu naizelarik, muso halabeharrez, nere burua, nere antiparren kristalen pisua eta hanka planoak, gainerantzekoak gainerantzeko, ez direlako musatzako dohainik egokienak. Zertarainoko antimusak garen jakiteko pentsa pixka bat gutako batek esan zuenaz: “Nere izena inprimatuta behin ikusiko, eta bertan halako txapuza batetan”. Komaidios damutuko zaiola oraindik.

Obra honen eta antipoemaren beraren naturaren printzipioa zera da, poesian dena balekoa dela adieraztea, guztiak balio duela, dena esan daitekeela. Eta honek badu bere funtzioa, surrealismoa bere alferrikako artifizioetatik askatuz hondratzea, sasiunibertsaltasun usaina baztertuz, toki jakin batetan kokatzen den gizon baten esperientzia errealari eta eguneroko hizkuntza bati lotuz. Hortarako poetak eguneroko milaka pertsonaietan sakabanatu behar du. Guardasolaren erabilketak aztertzen baditugu garbi ikusten da poetak pertsonaia asko asimilatzen duela. Guardasola urbanoa eta rurala, bizkarretik zintzilik darabilenarena eta gentleman batena, etab. Eta antipoemak duen fatalismo filosofikoaren adierazgarri bezala guardasola beltzera mugatzen da besterik gabe, beste asko alde batetara utzita.

Koldorentzat dena problematiko bihurtzen da, hizkuntza bera ere bai, ezinezko garaietan poeta zertarako den bere buruari galdetuz. Honen irtenbidea poema desmitifikatzaile hau da, antipoema hau. Eta kontutan izan behar dugu beti antipoema hau antipoema dela besteak poemak diren neurrian, diximuloz baina haiek mantentzen baitute. Gogoan izan “Itsaso ahantzia” eta “Oinaze zaharrera“. Hauen eta egungo beste poema guztien desmitifikatzaile izan nahi du guardasolak.

Desmitifikazioa behar bezala lortzeko ironia hartzen du tresna bezala, lehengo beste bi obra poetikoak eta haien ingurua eta mundua ongi asimilatuz nolabait gainditzeko. Ongi asimilatuak behar dute, bestela beraiek menperatzaile izateko arriskua dago, horregatik ironia desmitifikatzaile hori, poeta, bere emozio, eta espresabideen artean tarte farragarri baten sortzaile. Kasu honetan aski nabarmena da asimilazio hori eta baita beste bat ere, zenbait esaldi, lokuzio, euskalki eta beste poeta askoren rekursoena.

Guardasolaren mundu honek badu baita bere subersio lana ere, gure heredentzi filosofiko, kultural eta politiko konbentzional guztiak erabat nahaspilatzen ditu. Betiko ordenari eta burjesaren paradisoari eusten dion hitzegitura apurtu nahi du. Iraultzaz hizkera heredatu batetan, hizkera burjes batetan, mintzatzea ez da aski, lehengo konbentzio zaharrak, ordenu euskarri diren konbentzioak berak indartzen baititu. Guardasola ez da iraultzaz mintzo, baina poesian iraultza egiten du, estruktura poetiko eta hizkera konbentzionalei erasotzen dien neurrian, lehengoarekin loturak galdu gabe baina osoki transformazio bide batetan.

Lehenengo begirada batetan ikus dezakegun katxondeoa eta arlotekeria sakonki aztertuz gero, etsipenaren aurreko negarra eta irtenbide bakarra dira, hilzorian dagoen gizarte oaten transformazio beharra adierazi nahia, humore larria da.

Beste aldetik laudagarria da poeta bat behin betirako, eta ez dadila aurrena izan, metafora, metonimia eta sinekdokeak noizpait ahaztea, eta elemendu formalen ekonomiaz arduratzea; izan ere horiek oso debaluatuak daude. Honek erraza dirudi, eta benetan zaila hori da, erraza ematea eta hain erraza ez izatea.

Egitan uste dugu Koldo egunetik egunera bide hobeagotik doala. Gaurtik aurrena honen poesia, indar bizi baten deskarga askeak beharko dute izan; eta beronen lana, horiek idaztea baino gehiago jasotzea izango da, eguneroko bizitzan jasotzea eta detektatzea. Poesia ez da poemetan egongo, ezta antipoemetan ere, hizkuntzaren basatasunean baizik. Hizlariak pretentsio literariorik ez badu gutxien uste duenean botako du perpausa poetiko bat.

Eta azken azkenik, begira nola gauza berezi eta lokal bat, barrendik ongi asimilatzen denean ez den beregan ixten, izakera unibertsaletara irekitzen da. Literatura nazional bat egin daiteke txobinismo eta arlotekeriarik gabe.

Hau duk hau marka, orain ere nik kaka betiko orinalean, antipoema bati zegokion antikritika bat egin nahian hasi, eta erarik ortodoxoenean akabo. Iraultza nere maiorazkoak egin beharko dik, motiboak ez zaizkiok ez faltako, nik utziko diodan herentzia… Zerbait berria asmatuko al dik, bestela akabo gure arraza.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak