kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Etiopia / Bernardo Atxaga / Pott, 1978

Etiopia Jon Kortazar / Jakin, 1979-06

Sarrera

Inoiz, etorri beharko dugu abangoardi literaturak gaurko euskal literaturan zein pisu duen aztertzera.

Badabil Euskal Herrian jenderik literatura berria, azken momentuko estiloagaz kontaktatu nahi duen literatu egiten: Ustela Saila eta Pott aldizkarikoak, B. Atxaga delarik talde honen buru eta bultzatzailea.

Horren azken liburua dugu Etiopia. Liburu honek izan du K. Izagirrek egindako kritika bat, aurrean dugu lan hau hasterakoan.

Liburua komentatzen hasi baino lehen, ohar batzu egin nahi nituzke. Etiopia ez da liburu erraza. Irakurle honek ez daki liburua ondo ulertu duen ala ez, azken baten liburua ez delako “ulertzen”: liburu hau sentitu eta barrutik dastatzeko egina dugulako.

1. Gaia

Liburuaren gaia, bidaia bat da eremuan zehar. Eremu latz batetatik Etiopiarantz. Herri hori sinbolo moduan erabilia dago, jakina. Bakartasuna, higuina, eta paradisu faltaren sinboloa.

Bestalde, eguzkiaren indarra (poesia?) watio eta voltiotan neurtzen duen hiri deshumanizatu (Bilbo?) baten sinboloa da Etiopia, nire ustez.

Bederatzi zirkulutan egiten da bidaia. Zirkulu bakoitza muga bat da, poesia galdu duen mundu batetarantz.

2. Estruktura

Ez nuke liburuaren aurkibidea bakarrik komentatu nahi, bederatzi zirkulutan ematen den bidean dagoen estruktura ere komentagarria bait da. Estruktura mota biak aipatuko ditugu orduan: liburu osoarena eta zirkuluena.

1) Izagirrek dioenez, liburua biribila da: prosaz lan bi, bederatzi zirkuluok eta, azkenik, beste lan bi: poema ipuin bana.

Lehen bietan, bidaiaren arrazoiak ematen dizkigu idazleak, bederatzi kapituluetan bidaia bera eta, azkenik, ondorioa.

Bederatzi zirkuluek, liburuaren barnean, osotasun apartekoa agertzen dute. Atariak eta azken ipuinek poesia eta poetaren izaera aztertzen dute.

2) Beste estruktura bere-berea dute bederatzi zirkuluek. Zirkulu bakoitza zita batekin hasten da. Zita horretan zati bakoitzaren gaia aurki dezakegu. Eta gai horiek gero eta hutsago, galduago, itxaropen gabeagoa den giza mundu batetara garamatzate.

Hiru-lau elementu daude, mugarri moduan bidaia honetan:

1. – Nigarra. Mundu horri eman ahal zaion erantzun bakarra.

2. – Haurtzaroko mundura itzultzea.

3. – Bizirik irautea, baina helburu eta itxaropenik gabe.

4. – Zorotasunean jaustea edo logika faltan erortzea.

5. – Azkena. Bidaiaren azken lerroek hiriaren (gogora Atxagaren Ziutateaz) amaiera iragartzen dute:

…desertuko ihizik eragitearren Ziutaterantz.

3. Etiopia

“ETIOPIA, lur anonimoaren bihotza, basamortuzko erresuma”.

Esan dugu ez dela erraza Etiopia liburua: sinboloz beterik, surrealismoa jarraituz askotan, inkoherentzi bila beti. Esana dago, baita, Etiopiak liluratua uzten duela irakurlea nahiz eta osorik ulertu ez. (“Liluratu” ez da, agian, hitzik zehatzena: harritua, bake faltaz geratzen da irakurlea; egia ezagun eta molesto bat, larritu egiten duen egia bat jarri diote begi aurrean).

Baina zeintzuk dira hori lortzen duten elementu literarioak?

1) Liburuaren hasierako lan bietan agertz en den motibaziorik ezak, erdi misteriotsu, erdi logika faltazko mundu batetan murgiltzen gaituzte: “Baina ez da argi ikusten mespresio horren zergatia” (7 or.). Indartu egiten da ziurtasun falta hori, Duvoisin kapitainaren aipamenagaz: nik ez dakit, dio idazleak; beste honek dio. Beste horren testigantza, gainera, ez da zehatza, ez da testigu. “Zerbait jakitea ez da batere erraza” (13. or.).

Motibazio ezak, nondik datorren ez dakigun mundu batetan jartzen gaitu: mundu, pixka bat misteriozko, arraro, eta, ororen gainetik, absurdo batetan.

2) Dramatikotasuna: “Edonon aurki genezake dramatikotasuna”(43. or.). Liburu osoan daukagu aurrean dramatikotasun hori. Kaini gertatutakoa dramatikoa da, dramatikoa Pioleten egoera; bizitzaren dramatikotasunetik bidaia bat egin ostean, poeta izateagatik, idazleak berak sofrituko du drama.

3) Baina ez dugu idazlearen tonoa ondo deskribatuko, baldin dramatikotasunaren alboan, samurtasuna jartzen badugu. Liburuan agertzen diren pertsonaiak, bakarrik eta maitasun bila dabiltzala dirudi. Babes bako pertsonaiak dira, errukarriak.

…ekia ez da 220-60W gorbatadun tigre funtzionala (51. or.)

Esaldiak duen ironia guztiaren gainetik, “tigre” sustantibo horrek ohore brilo bat ematen dio oraindik eguzkiari.

Samurtasun hau, hirugarren zirkuluan aurkitzen da batez ere. Horko Ainhoa izaera delikatu bat dugu, arratsaldeko giro epel fin batetan, hitz batetan errakuntza txiki bat nabari zaiolarik. Edo “KATYren heriotzea…” Ainhoak kontaturik, edo beste gauza asko kontaturik heriotza oroimen artean galduz.

3) Lirika eta errealitaterik tristeenak batzea:

*arrabita buldarren nostalgia kantoietan
eta haruntzago, mozkorrak
kalegarbitzaileren beilegi bizia
beste zubi bat, prostitutak* (52. or.)

5) Eta azkenik, tono ezberdinak nahastea azken tono baten bila: itxaropen falta. Gizonaren bizitzak gutxienez pelikula bat merezi du, irratian diska bat dedikatzea; baina pelikula hori ez da, zihur, onenetarikoa:

*Bide herriak bilatzen zebilen gizonaren kasoa
Ez da gai txarra filme batetarako
Baina zergatik, edo non, nor, no comment* (80 or.)

Desaliento hutsa ageri duen liburu honetan ez dago zorionik. Egon dagoena ere, gizarte kontsumistak ematen duena da, plastifikatua eta ondo enpaketatua:

*…Zorionak.
Yogurth fantastikoekin aurreratuko dugun diruagatik* (111. or.)

6) Aztertu gabe dugu oraindik, zein paper jokatzen duen poesiak mundu ustel horretan. Poesiak ez du lekurik: lagun batek egingo du poeta azken ipuinean, eta hau (“Gauza guztiak esanak zeuden jadanik” [111. or.]) dena esana duen mundu batetan aurkitzen da.

4. Estiloa: oharrak

Estiloa ez dugu inoiz ondorio zientifiko bihurtzen. Ezina da. Horregatik, ohar batzu egiten saiatuko gara.

1) Hasteko, alde batetik prosa eta bestetik olerkia bereizi behar dira. Alde bietan elementu berdinak egon arren: barre tristea, absurdoa azpimarkatzea (kausalitate faltaren ondorioa), hadituzte elementu ezberdinak ere.

Prosan, sintaxia nabarmentzen da. Esaldi luze eta matizatuak.

Olerkietan, hizkera ebokatzailea da. Liburuan agertzen diren elementuak ez dira arrotzak hirian (elektrizitatea, trenak, zinea, tximiniak), baina esaldi barruan daudenean berriztatu egiten dira, itxuraldatu. Forma askotan lortzen da sorpresa hori, nahiz eta inkoherentziaz josiak izan. Dena dela, nik joku horren ondorio bi ikusten ditut garbi-garbi:

a) Samurtasuna:

*Bidaia luzetan bihotza zartatzen zaie
kargako tree ilunei* (111. or.)

b) Lirika:

*masustak ixiltasuna brodatzen (63. or)
zinta multikoloreak ormetan
ixiltasuna kulunkatzen
tximinien loa zainduz* (51. or.)

2) Argi dago Atxagak aberastu egiten duela lana aipamenen bitartez. Ugariak dira liburuan zehar herri literaturako eta idazleen aipamenak.

5. Azken begirada

Ez nuke lana hitz batez mugatu nahi. Aberatsa dela uste dut; buruz baino gehiago, bihotzez irakurtzeko poema liburua. Punturik aipagarrienak aipatuak daude jadanik.

Akatsak?

Honelako lan literarioen aldekoa ez denak mila aurki ditzake. Izagirrek hauek aipatzen ditu bere artikuluan: “Itzulpenen alferrikotasuna eta agian landueza, zenbait prosazko pasarte eta “Eguneroko bizitza ikatza…” poema luzea beste nonbait hobe leudekeela ustea”.

Bestalde, amaiera baino hasiera hobea dute zirkuluek, nire ustez. Hale ere, zazpigarren zirkuluan dagoen “Harea lurrik anonimoena” (87. or.) poema liburukoetan onenetarikoa da, nik uste.

Azertuen artean, poema horren alboan jartzekoak dira “Kain, Abel”, “Begira egien berriro” (63. or.), “Jarri zara bidean. Ba zatoz Etxahun” (107. or.) “Francis Picabiak” (111. or.) eta azken ipuina (115. or).

Badakit, honelako liburuek ez dutela irakurle sutsurik izaten (irakurlea bankada berean arraunketan ez badabil behintzat); baina progresiak eta modak alde batetara utzirik, Etiopia-k badu, literatura on bat non dastatu. Abangoardiako euskal literaturaren hesparruan, fruitu gozo bat dugu dudarik gabe.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak