kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Guardasola ahantzia / Koldo Izagirre / Ustela, 1978

Guardasola ahantzia: poema bat Josu Landa / Jakin, 1979-09

Iazko abuztuan agertutako liburua dugu “Guardasola ahantzia” Koldo Izagirreren hirugarren liburua. Interesgarria iruditu zait honen azterketa, alde batetik bere iluntasunak, eta bestetik bere “arruntasunak” eraginik. Azterketa honen helburua poemaren esanahia aurkitzea da —edo aurkitzen saiatzea behintzat— eta esanahi hori nola eta zernolako elementuen bidez lortzen duen aztertzea. Horretarako, azaleko maila batetik abiatzea iruditu zait logikoena; eta hortik aurrera barruko maila batetarantz jotzea, zenbait elementuren azterketaren bidez

1. Adierazte maila

1.1. Poemaren egitura

1.1.1. Azaleko egitura: Bostehun bat bertsotako poema izanik, azaleko egitura garbi agertzen zaigula uste dut. Hiru zatitan banatuak datozkigu bertsoak; lehenengoa besteak baino piska bat handiagoa (204, 160, 145 b.). Zatiketa hau da testuan aurki dezakegun separazio-marka bakarra. Hau kenduta, ez dago inon beste markarik; ez punturik, ez kakotxik. Hala ere badira, noski, egitura orokor honen azpian dauden beste unitate txikiagoak, bai esanahi aldetik, bai forma aldetik. Ikus dezagun, beraz, hiru zati horien barruko egitura:

I
– guardasolaren deskribapena eta ohar historikoak
– guardasola motak
– guardasolaren erabilerak

II
– barruko gogoetak
– kanpoko adierazpenak – egilearen pentsakizunak

III
– Casa Paulista (Garibay kalea) – burutapenak
– irrati anuntzioa – burutapenak
– gaiaren adierazpena

Nahiz eta oso garbi ez egon —lehen zatian batez ere—, azaleko egitura nahiko nabarmen azaltzen zaigula esan dezakegu. Azken bertsoetan adierazten zaigun gaiaren inguruan (“Jose Mari tabernan ahantzitako guardasola”, hain zuzen) jarritako bertso multzoa da “Guardasola ahantzia” poema, azken finean. Jarrai dezagun, bada, poema honen azterketarekin.

1.1.2. Barruko egitura: Behin eta berriro irakurri ondoren, poema honen barruko egitura aski nahasia dela esan behar dugu. Badugu gai nagusi bat —bukaeran ematen zaiguna—, eta honen inguruan egiten du poemak bere egitura; “zirizko egitura” (estructura de cuña) izango litzateke, beraz, alde honetatik begiratuz.

Barruko egitura aztertuz, bi planotan ematen dela esatera ausartuko nintzateke Bata, egilearen barruko gogoetak; eta bestea, gertakizun anekdotiko edo kanpokoak. Ikus dezagun nolako desarroiloa ematen zaion piano bakoitzari:

I
– pentsakizun gutxi
– deskribapen ugari; anekdotak ere bai

II
– pentsamenduak ugaritu egiten dira
– kanpoko elementu gutxi

III
– egilearen pentsamenduak dira garrantzitsuenak
– kanpoko elementu bat bakarra

Aski garbi dago lehen mailan progresio bat gertatzen dela; bigarrenean, ordea, digresio bat. Nahiko esplikaturik geldituko litzatekeela poemaren barruko egitura uste dut tratamenduaren aldaketa honekin: lehen zatia, egileagandik kanpo gelditzen diren gauzen zatia izango litzateke, eta bigarren zatia, egilearen barruko gogoeten zatia. Barruko egiturak bi zati izango lituzke, beraz, nire ustez.

1.1.3. Bi egituren arteko harremana: Ikusi dugu orain arte nolakoak diren poemaren bi egiturak; aztertu beharko dugu orain nolakoak diren bien arteko harremanak. Aurretik esan behar dugu nahiko logikoki lotuak daudela; nahiz eta batek bi zati eta besteak hiru zati ukan. (Lehen aipatu ditudan planoen digresio eta progresioan oinarritzen naiz hori esateko). Lehen kapituluan gertakizun anekdotikoak eta kanpoko gauzak nagusitzen dira. Bigarrenean, anekdotak urritu egiten dira eta barruko pentsamenduak ugaritu; bi planoen ekilibrio bat ematen da. Hirugarren zatian, barruko gogoetak nagusitzen direla esan dezakegu, kanpoko gertakizunak bigarren maila batetan gelditzen direlarik. Beraz, bi egituren arteko harremanak horrela deskriba genitzake:

azaleko egitura: -> I ZATIA -> II ZATIA -> III ZATIA

barruko egitura: -> anekdotak -> barruko gogoetak

Bigarren kapitulua lehenaren eta hirugarrenaren arteko erdiko pausu bat izango litzateke.

1.2. Azterketa lexiko-semantikoa

Sail honetan esanahia aztertuko dugu bainan denotazio mailan bakarrik; beraz, ez gara azpiko esanahia aurkitzen saiatuko atal honetan, hori gerorako uzten bait dugu.

1.2.1. Arlo semantikoak: Ez ditugu hemen aipatuko, noski, poeman azaltzen diren arlo semantiko guztiak, pertinenteak direnak baizik. Ikus ditzagun zenbait arlo semantiko:

GUARDASOLA -> TRESNA

– aterkia ->- gailu

– euritako -> – tramankulu

– parasola -> – hatxamarta

– eguzkitakoa -> – traste

– itzalkia -> – herraminta

– parakaidas – paraxuta

jauzigailu

– guardakolpe hostiakoa

EURIA -> (GOGO – EGOERA)

– itukin -> – hamorru mugagabea

– tantaka busti -> – madarikatzen dut neure fortuna

– euripean

– zaparradaka -> – hamorratzen ari naiz

– eraso -> – bakarrik bainago, bakarrik, bakardaderik ere gabe

– ekaitzpean

– burutik oinetaraino blai -> – aspertu nintzen

eginda -> – tristea da bizitza

– eurijasa

Hauek dira, nire iritziz, arlo semantikorik garrantzitsuenak. Hauen arteko harremanak geroxeago ikusiko ditugu. Tratamendu berezi bat merezi du adjetiboen arlo semantikoak (gaurdasolari dagozkionenak, noski):

orokorki: leial -> gizonezkoak: -> beltzak

noble -> emakumezkoak: -> arroxak

praktiko -> loradunak

erabilkor -> marraztuak

mesedegarri -> arinak

zabalkorra -> funtsik gabekoak

tinko

gogor

fermu

sendo

gotor

Argi eta garbi dago guardasola eta honen inguruko hitzek osatzen dutela ia-ia poemaren lexikoa. Badago baita euri hitzaren arlo semantikoa. Interesgarria da ikustea zein erlazio dagoen eguraldi-egoeraren eta gogo-egoeraren artean. Azter dezagun hori sakonkiago.

1.2.2. Elkarte semantikoak: Bai intuizioz, bai positiboki, garbi azaltzen zaigu lehen aipatu dugun erlazioa: eguraldi eta gogo-egoeren artekoa. Honetaz gainera, badirudi guardasola ahazteak eragiten diola baita gogoaren egoerari. EURIA/TRISTURA, BAKARDADEA bikote horren frogatzat honako testu hau aurkezten dugu:

“euri hotz honek
euri zikin honek busti nazan
izorra nazan” (49 or.)

“euri zikin” / “euri hotz” eta “buzti” / “izorra” oposizioen bidez bi arloen paralelismo eta kontrastea garbi gelditzen da.

1.2.3. Paralelismoak. Kontraezarketa semantikoak: Oso ugari ez azaldu arren, batzutan agertzen dira horrelako paralelismoak, eta nire ustez, garrantzitsuak dira espresio poetikoa aztertzerakoan. Ikus ditzagun bi bakarrik, adibide gisara. Batean, kontraezarketa bertsoaren beraren barruan gertatzen da:

“hitz bitan erran dezadan
zurezkoa edo bost kilokoa
metalezkoa edo zibilizatua
lonazkoa edo apaizena
nylonezkoa edo andregaiak
erregalatutakoa” (21 or.)

“Edo” partikula loturazko elementu bezala agertzen zaigula, lehen elementua beti guardasola mota objetibo bat besterik ez dugu. Lehenaren eta bigarrenaren arteko ezberdintasuna, azkena da. Bigarren elementua lehenengoak eragindako konnotazio bat lehena baino subjetiboagoa izatean datza; bigarrena lehenaren ebokazio bat bait da. Beste adibide bat ikus dezagun:

“gezur hutsa
erran dukezu
egia borobila
erran dizuket
ez didazu untsa ulertu
egia dela
gezurra dela” (44 or.)

Guztiz nabaria da bertso hauen paralelismoa:

– gezur hutsa erran dukezu gezurra dela

– egia borobila erran dizuket egia dela

“Gezur” / “egia” oposizioaren inguruan eraikitzen da paralelismo hori, eta honekin batera, horren indar espresiboa.

2. Errekurtsu literarioak. Ereduaren haustura

Sail honetan adierazte mailatik esanahi sakonera nola pasatzen den aztertuko dugu. Hizkuntza arruntak ematen duen eredua hizkuntza literarioak nola hausten duen aztertuko dugu, beraz. Beharbada, hemen bilatu beharko genuke testu baten literaturtasuna.

2.1. Morfofonologi mailan

Euskalkien eta erdararen kutsua: Oso garrantzitsua deritzot euskalkien erabilerari poema honetan. Sarritan erabiltzen ditu, eta indar handia ematen dio honek espresioaren aldetik. Ikus ditzagun adibide batzu:

“zeinak eguraldiarekilan
egin behar zukeen
eguraldiagaz
zehazkiago erran
konfunditu edo tronpatu” (15 or.)

Hizkuntza normalizatuan “eguraldiarekin” dena; Koldok euskalkiz ematen digu (eguraldiarekilan, eguraldiagaz). Hala ere, erabilera hau askoz garbiago agertzen zaigu euri hitzarekin. Lau forma ezberdinetan azaltzen zaigu hitz hori, alegia: euria (25 or.), eudia (33 or.), eurixe (34 or.) eta ebia (36 or.). Badira beste zenbait kasu ere baina garrantzi gutxikoak (“züzün”, e.a.).

17gn orrialdean kasu oso bitxi bat ikus dezakegu. Bertso gutxitan, nahasten ditu erderazko hitzak eta euskalkien hitzak:

“hots
osea
c’est a dire
beltza izatea
beltxa
zure larrua bezala
baltza” (17-18 or.)

Interesgarria litzateke testu hau ondo aztertzea: bi hitz, esanahi berdinekoak baina forma ezberdinekoak beste hitzetan jartzen ditu:

hots – osea – c’est a dire
beltza – beltxa- baltza

Hitz-kategorien erabilera: Ez da erraza puntu honen azterketa. Badirudi izenak eta adjetiboak direla gehienbat erabiltzen direnak; aditzak oso gutxitan. Askotan azaltzen direnak toki eta pertsonaia historikoen izenak dira. Pertsonaia historikoen izenak badirudi bi ardatzetan ematen direla: bata izen unibertsalena (Hegel, Louis XIV, Marx anaiak, Jesus Krist), eta bestea euskal literaturakoena (Fernando Amezketarra, Txirrita, Joanes artzaina, Lautreaumont küntia). Beste aldetik, toki-izenak Donostiaren ingurukoak dira (Parte zaharra, Paseo Nuevo, Urgull, Bulebar, Elkano kalea, Garibay kalea —Casa Paulista—, Fermin Calbeton kalea —Jose Mari taberna—). Honekin garbi gelditzen da zein girotan ezartzen dituen bere bertsoak poema honek.

2.2. Sintaxi mailan

Oso nahasia gertatzen da poema sintaxiaren aldetik. Hasieratik, ez dago batere garbi askotan non hasten diren eta non bukatzen esaldiak. Bertsoen sintetismoak batzutan ez du garbi uzten puntu hau, nahiz eta gehienetan erraz bereizi esaldien sintaxia.

Nabaritzen da baita joera bat izen edo adjetiboen zerrenda huts hutsik, loturarik gabe ematekoa: tresna gailu hatxamarta tramankulu edo traste” (11-12 or.), “praktiko, erabilkor eta mesedegarri” (12 or.), “arroxak, loradunak, marraztuak, arinak eta funtsik gabekoak” (18 or.), “tinko gogor fermu sendo gogor” (29 or.), eta abar. Enumerazio hauek asko laguntzen diote poemari, erritmoaren aldetik batez ere.

2.3. Errekurtsu erretorikoak

Ikuspuntu honetatik, interesgarriak iruditzen zaizkit, batez ere, gonbarazioak eta metaforak. Gehienak guardasolari dagozkio, eta denak batera irudi-mundu bat lortzen saiatzen dira; eta, nire ustez, lortzen dute beren asmoa. Gonbarazioen aldetik, bi adibide nahiko erakusgarri gertatzen dira azterketa honen helbururako:

“baltza unibertsitarien gibela bezala” (18 or.) “haritz gogorra bezain sendo” (30 or.)

Gonbarazio konbentzional hauek aparte, badira beste kasu asko gonbarazio-markarik ez dutenak, metafora eta gonbarazio arteko erdiko pausu bat. Adibidez, guardasola “parakaidas, paraxuta edo jauzigailu” batekin gonbaratzen duenean, Bada, noski, metafora ugaririk testuan zehar.

“konkupiszenziaren kupula beltza” (10 or.) “ibilaldi erromantikoen aterpea” (10 or.) (?) “lore beltza” (13 or.)

Nahiz eta gauza batzu aztertu gabeak izan, azterketaren zati hau bukatua bezala ematen dut, metafora eta gonbarazioen azterketa honekin.

3. Esanahi maila

Lehenbizi, ondo ulertu behar dugu esanahia esaten dugunean zer esan nahi dugun. Lehen esanahia aztertu dugu baina adierazte mailan; esanahiaren forma aztertu dugu. Grain esanahiaren mamia aztertuko dugu, idazian literario semiotika konnotatibo bezala hartuz. Beraz, esanahiaren zenbait maila ezberdin bereizi beharko ditugu. Bereizketa horretan sartu baino lehen gauza bat zehaztu nahiko nuke; hemen egingo dugun esanahiaren irakurketa, irakurtzeko modu bat izango da, interpretazio bat, beraz. Honek esan nahi du —idazlen literarioak esanahi asko eta irakurketa ezberdinak izan ditzakeela kontutan hartuz— nire interpretazioak ez duela bakarra izan beharrik, askoren arteko bat baizik.

3.1. Lehen maila: guardasola ahantzia

Lehen maila hau guztiz nabariki agertzen zaigu poeman. Aski dugu azkeneko bertsoak irakurtzea:

“Donostiako
Parte Zaharrean
Fermin Calbeton kaleko
Joxe Mari tabernan
ahantzi nuen
ahantzi ezin nuen
guardasola” (49 or.)

Beraz, maila honetan gaiarekin batera azalduko litzaiguke esanahia. Askotan azaltzen da “guardasola ahantzia”ren aipamena testuan:

“hor nunbait ahantzia” (20 or.) edo
“zeinahi tabernatan zintzilikatua ahazteko” (20 or.)
“zergatio gaur prezisamentean
ahantzi behar nuen
guardasola (26 or.)
“ea ahantzirik ote duen
aterki transportagarria” (35 or.)
“guardasola bat galdu da” (42 or.)

Adibide hauetan ikus dezakegunez, gai bezala “guardasola ahantzia” hartzeak badu esanahirik —nahiz eta denotazio mailan eman.

3.2. Bigarren maila: gauza ahantzi guztien maila

Nire iritziz, hau da interpretaziorik eztabaidagarriena, gauza batengatik; ez da agertzen honen frogarik testuan. Bainan lehen esan dugun bezala, hau interpretazioen arteko interpretazio bat besterik ez da.

Zertan oinarritu naiz maila hau aurkitzeko? Bada zati bat interesgarria, nire ustez, esanahiaren maila honetarako: liburuaren eskaintza. “Anjel, Gabino, Jakue, Josetxo, Joamari, Xarra eta Irungo eta Groseko Joxanei, guardasola ahantzia bilatzen eskeini zidaten laguntza mugagabeagatik, esker onez” (7 or.). Ez dut uste guardasola arrunt bat bilatzeko hainbeste pertsonen laguntzarik behat denik. Agian bai, baina ez dut uste. Dudarik gabe, eskaintza horrek badu azpiko esanahi bat ere. Horregatik, nire ustez, gauza ahantzi guztien maila batetaz hitzegin daiteke. Beharbada zalantza egongo litzateke ikusterakoan ea non sartu beharko litzatekeen azpiko esanahi hori, orain aztertzen ari garen maila honetan, ala beste maila abstraktuago batetan. Sar gaitezen, beraz, maila abstraktuago batetan.

3.3. Hirugarren maila: gauza arrunt guztien maila

“Un tren a toda velocidad es más hermoso que la Victoria de Samotracia”. Futuristen esaldi famatu hau da, nire iritziz, poema honen azpiko esanahiaren giltzarria. Erramun Etxezarretak esan duen bezala, “egungo beste poema guztien desmitifikatzaile izan nahi du guardasolak”. Baina desmitifikazio hau, ez du “ironia”ren bidez lortzen (Etxezarretak dioen bezala), esanahiaren maila honen bidez baizik. Orain arte, poesiaren gai nagusiak denok dakigu zeintzu izan diren, bai lirikan eta bai epikan. Gai guzti hauekin hausteko sortzen da “guardasola ahantzia”. Haustura lortzeko ez da gaiaz bakarrik baliatzen, hizkuntza erabiltzeko formaz ere bai.

Beraz, hirugarren maila hau garbi dago neretzat, gauza arrunt guztien maila dela. Lehen ikusi dugu zer balio desmitifikatzaile daukan gai hain arrunt bat hartzeak. Badago testuan aipamen bat poesiaren ezpraktikotasuna salatzen duena:

“gorringoetaraino baikaude
opari praktikoz
nire hamorrua mugagabea da
kontuz
mugagabea nahiz eta
gure irudimen poetiko
harrigarriak
praktikotasunarekin zer ikusirik
ez duen” (21-22 or.)

Hau da, nire ustez, poemaren azken esanahia: gauza arruntez poemak egitea, eta gauza arruntei buruz poetika berri bat egitea.

4. Konklusioak

4.1. Poema honen baliorik nabarmenena, nire iritziz, beste aurreko poema guztiekin hautsi nahi izatea da. Lehen aipatu dugun desmitifikazioa, beraz. Honen froga bezala, ikus dezagun zenbait testu, “Itsaso ahantzia” eta “Guardasola ahantzia”ren arteko ezberdintasunak konparaturik.

“zuek ez dakizue zer den —> bakarrik bainago
bakarrik egotea —> bakarrik
bakarrik —> bakardaderik ere gabe
bakardaderik ere gabe” —> zuk ez dakizu zer den” (36 or.)
“anaien ausentzia —> “anaien ausentzia
kanilaren jario hauskorretik —> betiko itukin oportunoa
urtzen —> urtzen
etengabean —> etengabean
madarikatzen dut —> madarikatzen dut
giroa —> burua
orroz berdeagotu duen —> tantaka bustitzen didan
itsaso ahantziaren —> guardasola zaharraren
kresala —> zuloa
hitzok beteko balute —> hitzok beteko balute (13 or.)

Bada beste adibide bat baina beste baterako utziko dugu, azterketa hau ez dadin gehiegi luza. Garbi dago bi liburuen artean badagoela nolabaiteko erlazio bat. Nolako erlazioa da? Ikus dezagun. Batean “kanilaren jario” dena bestean “itukin oportunoa” da; batean “giroa” dena bestean “burua” da; batean “orroz berdeagotu” dena bestean “tantaka busti” da; eta berdin gertatzen da aldatzen diren elementu guztiekin (“itsaso ahantzia” eta “guardasola zaharra”; “kresala” eta “zuloa). Argi eta garbi agertzen da arlo semantikoen aldaketa bat eta hauekin batera desmitifikazio tematika bat.

4.2. Desmitifikazio horren arabera, datozkigu beste elementu nabarmen guztiak “Guardasola ahantzia” poeman. Sintaxiaren erabilerak, aipaturik daukagun arlo semantikoen aldaketak, errekurtsu literarioen urritasunak, eta abarrek, honen indarra handitzen laguntzen dute.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak