kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Abuztuaren 15eko bazkalondoa / Joxe Austin Arrieta / GAC, 1979

Abuztuaren 15eko bazkalondoa Jon Kortazar / Jakin, 1980-06

Sarrera

Abuztuaren 15eko bazkalondoa nobela aztertzen hasterakoan, ohartxo bi azpimarkatuko nituzke:

– Lehendabizikoa, haren konplexutasuna. Nobela ez da eskema batzuren barnean xinpletzen, nahiz eta, gaurko euskal nobelan gertatzen denez, teknikak bere garrantzia izan.

– Eta bigarrena, haren luzeera. Eta ez haren kalitatea pisura neurtu nahi nukeelako. Euskal Herrian, eta batez ere azken garai honetako literaturgintzan, ez da normala izaten liburu luzeak idaztea. Liburu luze batek asko esijitzen du: kontinuitatearen arazoa, monotonian ez jausteko teknikak, etab.

Beste datu bat ere agertu zait ikuspegi orokor hau ondo betetzeko: lana klasikoa iruditu zait. Klasikoa, helburua ez bait da gauzak teknika alderditik berriztatzea, ezagutzen genituenak sakon erabiltzea baizik.

Gaiaren aldetik ere ez dago sorpresa handirik; ez da sentsazionalismoan jausi. Frankoren Azor barkuari buruzko aipamenak izango dira, zihur aski, nobela guztian topikotasun karga gehiena dutenak.

Klasikoa, baita, kontatzerakoan joera errealista hartu delako; eta estiloaz, hizkuntza azpimarkatu bait da gaiaren eta teknikaren aurrean. Honekin ez dugu esan nahi erabiliriko teknika modernoa ez denik. Izan, modernoa da, baina estridentziarik bage. Garrantzia ez zaio teknikak eraberritzeari eman, gaztaroko bizipen batzu kontatzeari baino. Gehiagorik ez; ezta gutiagorik ere: kontatzea.

1. – Gaia

Gaia ala gaiak? Gaia eta gaiak. Gai nagusia: apaizgai gazte baten bizitza. Baina zentzu hertsian, nobelak bazkalondo bat kontatzen du. “Arratsalde hasberri”an (10. or.) hasi eta zazpirak eta laurdenak arte. Horrekin lotuta, edo arratsaldea aurrera doala, Seminarioko oroitzapenak, erlijio obsesioak, eta geroago zehaztuko ditugun gaiak agertzen dira.

Ere aldizkariaren titular batetan, gai nagusia denbora iraganaren bereganatze, gaurkotze bat zela esaten zen. Esaldi honi, beste afirmazio hau erantsi behar diogu: denbora iragan horrekin batera, espazioak ere errekuperatzen dira. Denborak eta espazioak oso loturik daude nobelan; eta, agian, nobelaren egituraren giltza bat dugu espazioa.

Gai nagusi honetan, Joxe Agustinen beraren bizitzako elementu autobiografiko asko batzen dira, duda bage. Bera bait da ni-ka ari den pertsonaia. Bera dugu erlijioaren sublimazioaz larritzen den apaizgaia.

Gai nagusi honen inguruan, beste gai batzu dauzkagu: umetako jokuak, aitonarekin egin pasioak, aitari gerratean gertatua, ahizparen ezkontza (sinbolikoa?), meza bi gutienez (San Bizente parrokian, bazko egunez bata eta Seminario egunean bigarrena), aitortza bat Saturraranen, eta Paseo Berria zeharko ibilaldia, nobela osoan guti aipatzen den maitasun baten aitorpena egiteko.

Bide bi erabiltzen dira gai guztiok batzeko: protagonistak bere oroitzapenak kontatuz, edo beste pertsonaia baten oroitzapenak transkribatuz. V. kapitulura arte batera irauten dute biek. Hemendik aurrera, lehendabizikoa bakarrik erabiltzen da.

Argumentua azaltzea argibide handikoa dela eta, ahalik laburren ematen saiatuko gara. Hamasei urteko apaizgai batek bere haurtzaroa, haurtzaroko jokoak, aitona, Seminarioko bizitza, mezak eta aitortzak gogoratzen ditu; artean, bere aitak gudako oroitzapenei ekiten die: arrebek harrikoa egin ondoren, dantza eta kanta sortzen den famili giroa kontatzen zaigu batera.

Eskema horretan kronologia eta espazio nagusiak jartzen saiatu gara, gai nagusiez gainera; baina gaiok konplexuak direnez, eta batzu nobela osoan agertu eta desagertu dabiltzanez, ez ditugu kapituluka azaldu.

Ondorio gisa, ohartxo bat: gaien arteko erlazioa konplexua da, eta hauxe dugu nobelaren ezaugarrietarik bat. 120 bat nukleo, atal ezberdin ditu. Gaiak zehaztea ez da batere erraza; azken aldean, ordea, erlijio gaietara jotzen da obsesioaren progresio batetan, klimax bat lortu nahirik, azken kapituluan bapatean apurtzeko giro berezi, obsesibo hori.

2. – Egitura

Nobela honetan ez dago egitura sistematizaturik. Gaien artean, jauziak daude (Ehun metro nobelan ematen ziren bezala). Baina Saizarbitoriaren nobelarekin badu ezberdintasun bat. Ehun metro nobelan, jauziak ordenamendu logiko eta gogor baten menpean zeuden. Kontzientziaren jarioa, isuria, askoz ere benetakoagoa da hemen, aurre-ordenamendurik bagea.

Eta honek, nobelaren egitura ordenatzerakoan, problemak gehitu egingo dizkio irakurleari; baina nobelak irabazi egin duenez ez dugu zalantzarik batere.

Nobelaren sistematizazio osorik ezin dezakegu egin honelako artikulu orokor batetan. Dena dela, egitura aldetik ikusi ditugun konstante batzu azpimarka ditzakegu. Batzu begi-bistakoak dira, eta beste batzuk nobelaren egitura nagusia markatzen dute.

1. Sinpleenetatik has gaitezen. Kapituluen hasierek konstante batekin irauten dute nobela osoan. Hasiera guztiak Abuztuaren l5eko bazkalondo horretan kokatzen dira, beste oroitzapenen iturri izanik.

ABUZTUAK 15 -> ORAIN ALDIA
beste gaiak -> orain-/lehen aldiak

2. Bigarren egitura, egitura nagusitzat jo dezakegu. Lurdes Oñaederrak esaten zuenez, liburuan alde nagusi bi nabari dira. Lehen aldea, I-V kapituluek osatzen dute; eta bigarrena, VI-X kapituluek.

Zatiketa hau egiteko badira arrazoiak. Lehenik, aitaren guda oroitzapenak bostgarren kapituluan bukatzen dira, eta, batera, pertsonaia bien kontaketen arteko kontrastea (hizkuntz amilan ere agertzen zen kontrastea) desagertu egiten da.

Bigarren egitura orekatua ikusten dut nik behintzat lehen alde honetan. Lehen eta hirugarren kapituluetan, orohar, pertsonaia bihurtzen da kontalari bakar; bigarren eta laugarrenetan, berriz, beste pertsonaia bati zuzentzen dio bere kontaketa:

“Bai, Jon: hantxe edifizio berde itsusi hartan” (26 or.) “Ramontxo, zer iruditzen zaik?” (54 or.)

Eta bostgarrenak itxi egiten du zikloa. Niretzat, agian, kapitulurik onena, geroago azalduko dudan arrazoi bategatik, aitari egindako omenaldi sentikor horrekin.

Kontaketa -> Joni
Kontaketa -> Ramontxori
Aitarena

Baina bigarren aldean, kontraste hori ere (bigarren pertsona erabiltzera bultzatzen duen pertsonaia bati mintzatzea, alegia) desagertu egiten da, eta monotonia gehituz joango da.

Egia esan, bigarren alde honetan ere erabiltzen da bigarren pertsonari hitzegiteko teknika, baina beranduegi, X. kapituluan: “ederra izango litzateke, eh Kintxo?” (127 or.).

Alde bi ikusteko hirugarren arrazoi bat ere badago. Bigarren aldean Erlijio gaiek, Seminarioak, aitortzat eta bokazioaren gaiak askoz ere pisu handiagoa dute. Gai abstraktuok, nolabait esateko, ez dute lortzen lehen aldean haurtzaroko espazioa eta denbora beraganatzeak zuen lilura, majia. Askoz ere lehorragoak dira.

Laugarren arrazoi bezala, zera aipa dezakegu: bazkalondoko giroa bera ere epeldutzen doala; VI. kapituluaren hasierako esaldi hau ez da eritzi honen irudia baino: “Nik ez dakit nola baina gertatu egin da. Goibeltzen hasia zen bazkalondoko tertulia” (72. or.). Eta tertuliarekin batera, nobela bera ere ez ote da goibelduko?

Denbora aldetik ere, jaitsi egiten da bigarren aldeko erritmoa. Lehen aldean 13 urte gogoratzen dira, bigarrenean 3 bakarrik. Astiroago kontatzen zaigu oraingotan.

3. Hirugarren egituraren diseinuak badu zerikusirik teknikarekin. Nobelaren eskema nagusia kontrastean oinarritua dago. Gain-gainetik, jo dezagun sinplifikazio batera. Kontatzen zaizkigun oroitzapenak era bitakoak dira: herri eta famili egoerarekin lotuak batzuk eta Seminario eta erlijio giroarekin lotuak besteak. Lehenak alai eta liluragarriak; besteak bortitz eta lehorrak. Nobela zehar, bata bestearen ondoren agertzen dira era bietako gaiak, kontrastea sortuz. Identifikazio hori, agian, sinpleegia da, eta egitura hori erabiltzen ez duen kapitulu bakarra, V.a hain zuzen, indartua agertzen da. Hemen, momentu zoriontsuak aitaren lanari lotuak daude, eta zorigaiztoa, aita sofritzen ari den egoera larriari, langabeziari. Kontraste bibentziala da hau; ez pentsamenduzkoa, familia seminarioa hartan bezala hark bai bait du oinarri logiko bat.

Kontrasteok kapituluz kapitulu jarrai ditzakegu. Ekintza nagusia lekutzen deneko espazioa maiuskulaz emango dugu; ezker aldean, maitasunez ukitutako gaiak, pertsonaia-kontalariarentzat zoriontsuak; eta eskuinean, beste eratakoak.

I. ETXEA
Hilerriko jokoak / Klaseak

II. ETXEA
Aitona / Seminarista nagusia
Jon / Seminarista nagusia
Urgull / Eskola
Auzoa / Seminarioa

III. ETXEA
Aita / Meza: D. Bernardo
Aitona / Aitortza: D. Fernando

IV. ETXEA
Ramon / Los Angeles kolejioa
Jokoak-Gernika / Kolejioa, klaseak

V. ETXEA
Aita lanarekin / Aita: lan gabezia

VI. ETXEA
Kantak / Saturraran
Hotsa / Meza hotsa

VII. ETXEA
Dantzak / Rodil-go dantzak
Konstituzio Plaza / Konstituzio Plazan borroka: Emigrazioa

VIII. ETXEA
Etxean hautsa / Meza: intzentsua
Rodil-go giroa / Joan beharra: bokazioa

IX. PASEO BERRIA
Paseoa / Bisita
Oporrak / Aitortza

X. PASEO BERRIA
Paseoak / Bisita
Kintxo / Seminario eguneko ospakizuna
Azken erabakia / Bisitarik eza
Marisa

Kontraste guztiak adieraztea gaitza da, baina hiruzpalau jarri nahi nituzke, adibide bezala. Bostgarren kapituluko kontrastea komentatu dugu, eta ez, gara hari buruz gehiago luzatuko.

IV. kapituluan, Ramontxorekiko adiskidetasunaren eta Fraile Kolejioaren arteko kontrastea argia dela uste dut. Sinpleagoak dira besteak: amaren eskuak / Abadearen eskuak, VI. kapituluan: arrebaren izaera naturala (96 or.) eta aitortzan egiten den muntaia obsesiboa ere (100 or.) kontraste argian daude.

Kontraste joku honetan, puntu batzu (agian, seminarista nagusia eta Txeburgoko goardasolen oroitzapenak) pixka bat solte agertzen dira, nobelaren egituran.

3. – Teknikak

Gauzak ez dira linealki kontatzen; baina gai batetik besterako jauzia egiten denean, momentua ondo azpimarkatzen saiatu da idazlea, lerro huts bat jarriaz, edo elementu bat, zubi elementu bihurtuaz: hau da, elementu bat, jauziaren alde bietan jarririk.

Adibide bezala, eman dezagun hau: lehen kapituluan, (14-15 or.) protagonistaren kalea aipatzen da. Zein kale? Jauzi bat, eta Seminarioko histori klasean gaude, eta ban 1813. urteko Aguztuaren 31a azaltzen zaigu. Horra ere kalearen izena. Bigarren adibidea, Oñaederraren artikulutik hartzen dugu: Aitonaren heriotza kontatu aurretik, Luzero zaldiaren heriotza kontatzen zaigu, aitonaren heriotzari sarrera gisa.

Fernando Irigoyenek Zeruko Argia-n (Cfr. artikulu osteko bibliografia txikia) Saizarbitoriaren Ehun metro nobelaren eta honen arteko kidetasuna seinalatzen du. Egia da. Ehun metro-ren influentzia gaien aberastasunean eta gaien konbinaketan agertzen bazaigu ere, nabaria dugu, Saizarbitoriak ez duela kasu gutitan baizik erabiltzen gaien arteko zubi den elementurik.

Kontaketaren teknika honek erreztu egiten du irakurketa. Baina ez dugu hau gaiak elkartzeko erabiltzen den teknika bakarra. Eta txikitan gertatutako akzidentearen kontaketa (ermitaren teilatutik jaustea) askoz ere ausartagoa dugu. Kontakizun bat bigarren kapituluan ematen zaigu, 20. or. hasita. Gertaeraren narrazioa, jausi ondoren hasten da, besoetan kotxe batera daramatela; eta Gazteluko goardiak dioen “Pero chaval, chaval” esaldia leit-motiv, estribilo bezala erabiliko da gaia azaltzen den bakoitzean (20, 26, 29, 31 or.). Beste kasu batetan, txokolatea erostera doanean (32), kronologiaren apurketa bat ematen da. Beraz, kronologia osoa daukagu etena nobelan; baina kasu honen berezitasuna, ingurutik ateratzean datza, jauzia aurrerantz egitean.

Egituraren eskeman ikusi dugunez, oso ondo erabili da kontrajarpen teknika. Denboraren etenak garrantzizkoak ditugu, nobelaren teknika azaltzeko orduan.

Sarreran aipatzen genuenez, idazleak ez dirudi gauzak zeharo aldatzera datozenetako bat. Aldatua zegoena sakontzen saiatu dela dirudi. Nobela ez da teknikari begira egin.

Aditz pertsonen aldaketa, nobelan asko erabiltzen teknika dugu. Lurdes Oñaederrak horrela azpimarkatu zuen. Pertsonen aidaketak eragin handia izan du gaiaren erritmoan, baina areago nobelaren kontzeptzioan.

Bigarren pertsonaren jokuak duela uste dut garrantzirik handiena. “Hi” pertsona, garrantzizko pertsonaiei hitz egiteko erabiltzen du narradoreak, “zu” maite diren pertsonaientzat utzirik, edo pertsonaia bera denean kontalari ere erabiltzen dena. Hiru posibilitate. Baina ez dituzte beti muga herstuak, “hi” Ramontxoren kasuan erabiltzen bait da (49, 52 or.).

Kontatzeko era bat dugu hau, baina idaztankeraren ezaugarri ere badenez, goazen estiloa aztertzera.

4. – Estiloa

Estiloari buruz aritzerakoan, ezaugarri nagusi bi ohartuko nituzke: lehenbizikoa, errealismoaranzko joera. Ez dago irudimenaren aldetik joku ausartegirik, metafora handirik, ez eta kontakizuna barrokotzen duen espresabiderik, aditzen jokua eta nobeiaren egitura izan ezik. Ez da irudimena hemen nagusitzen; gehiago nabari da errealitatea deskribatzeko zehaztasuna. Helburu horrek nahitaez bultzatzen duelarik sinonimia erabiltzera, eta izenondokoak ugaltzera. Horrela errealismora hurbildu da nobela. Eta ez dut kasualitatez aipatzen hemen errealismo hitza. Arrietaren estiloa, gaia bezala, errealitatean oinarrituta iruditzen zait. Datu bi aipatuko ditut hau arrazoitzeko:

1) Aitaren narrazioaren transkripzioa indar handiko hizkeraz emana dago. Zeruko Argia-ko artikuluan aipatzen zenez, euskalkietako hitzak erabiltzeko joera nabari zaio Arrietari. Egia dela uste dut. Eta aitaren kontaketa osatzeko erabili da, azertuz nik uste. Elipsi espresabidean oinarritutako hizkera dugu “Ziskarren historia”.

2) Estilo errealistak ez du ukatzen deskripzioa, eta T. Agirreren deskripzio puntilosoetatik hurbil egon ez arren, zehaztasun bilaketa bat badago nobela honetan.

Bigarren oharra: estiloaren zehaztasunak batzutan oparotasunera darama idazlea: “beso biluzia, esku biluzia, painelu zuri-zuria, eskuak bihurritzen duen painelu zuria, aurki zimurtua, izerdiz loitu, gatz-isurkiz lakartu, hondatu, zikindu” (96 or.). Progresio gabeko sintagmak, hitzen lehertze bat diren pasarteak badira, ugariak izan ez arren (97, 101 or.).

Baina, Vargas Llosaren influentziaz edo, Arrietaren estiloaren ezaugarririk nabariena zehar estiloa zuzenean ematean datza: “ukalondokada bat damaiok hire alboan dagoen Joni: “zer-zer?” galdegiten ditek haren begi logaletuek, “nere kalea dela hori, to”, “ah!” eta boligrafoa hartzen du” (15 or.). Elkarrizketa, estilo zuzenean emana dago, zeharrekoa behar zukeenean parrafoaren barruan dagoenez. Baina zehar estiloak (“nire kalea dela esan diot”, adibidez) moteldu egiten du erritmoa, eta zuzenekoak, aipatu dugun pasartean ikusten denez, arintasuna emateaz aparte, elkarrizketa/narrazioen arteko kontrasteak markatzen ditu.

5. – Iturriak

Nobela honek baditu, gure ustetan, influentzia nabari batzuk, eta jadanik seinalatu ditugu batzu. Baina besterik ere badelakoan, influentzi zerrenda txiki bat egin dugu.

Saizarbitoriarena ezaguna dugu dagoeneko. Influentzi puntuok aipa ditzakegu: gaien ugaritzea eta konbinaketa, sinonimoen jokoa, erdararen erabilera, eta, agian, aditzaren bigarren pertsona “hika” agertzea.

Vargas Llosa dugu bigarren iturria. Peruarraren influentziak, eta bereziki Conversación en la Catedral liburuarenak, kontrasteetan eta estiloaren kontzepzioan utzi du bere aztarna. Estiloaren influentzia gorago azaldu dugu. Aipatu nobelan, Vargas Llosak korrupzioa/korrupziotik ihes egitea kontrastea planteatzen du. Horrelako kontzepzio bikoitza daukagu nobela honetan.

Hirugarrenek, James Joyce-ren Ulysses nobelaren aztarna ere nabari da, nobela kontzientziaren jario moduan ematerakoan. Pertsonaien introspekzioan duke nobela honek irlandarren influentzia.

Bukatzeko B611-en forma expresionisten eragina ere sentitu dugu nobela irakurkeran

6. – Laburpen gisa

Jose Agustin Arrietaren nobelak euskal nobelagintza berrian ahaztuta zeuden ohitura batzu bergogoratzen dizkigu. Euskal nobelagintza berriak, teknika berriak aplikatzean definitu izan du bere burua. Nobela honek luzeera, berri ez den zerbaiten aplikazioa, eta, agian, klasizismoaren bideak aukeratzen ditu.

Baina bada, horregatik, zenbait arlo kritikagarri. Lasagabasterrek aipatu duenez, pasarte batzu justifikazio bagerik agertzen dira, narrazioaren haritik deslekuratuak. Baina, niretzat, hutsik handiena monotonia da, eta lehen eta bigarren aldeen arteko desoreka.

Bestalde, nik uste, nobelaren errealismo joerak sinbolizazioen bideak hertsi egin ditu hainbat pasartetan, ezkontzarenean kasurako.

Eta, irakurle ikuspegitik (hutsik ez bada ere), ekintzak introspekzioaren aldean duen toki urriaz konturatzen naiz. Badakit hori nobelagilearen aukera dena eta ez nirea, baina nik eskas ikusten dut ekintza.

Ororen gainetik, ordea, maila on batetan dagoela uste dut nobela, eta irakurtzea eskatuko nizuke, irakurle.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak