kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Aise eman zenidan eskua / Anjel Lertxundi / Erein, 1980

Aise eman zenidan eskua Jon Kortazar / Jakin, 1981-06

Literatura aldetik kalitatez urria izan dugun 1980. urtean Anjel Lertxundiren “Aise eman zenidan eskua” liburuak urteko “star” liburua bihurtzeko suertea izango duela dirudi. Izan ere, orain arte irakurri ditugun kritikek eta oharrek, ondo baino hobeto jartzen bait dute liburua: “Sería demasiado fácil afirmar que ‘Aise eman zenidan eskua’ es un magnífico libro de relatos, aunque lo sea. Precisamente porque lo es”.

Aldizkari literarioek liburuek behar zuketen tokia okupatu duten 1980. urte honetan, besteak beste, Aise eman zenidan eskua agorte honen fruiturik distiratsuena dugu, dudarik gabe.

Dena dela, bilakaera bat bihurtu zait liburua. Sakontzeko agindu bat. Eta hauxe azpimarra dezaket liburuaren ezaugarririk orokorrenak (eta, agian, nagusienak) aipatzen hasterakoan. Sakontzeko agindua. Konkreta dezagun: ez da lehen irakurketan husten den liburua, baina ezta golpean alde batera uzten den horietakoa ere. Azken punturaino, interpretazio pertsonaleraino, iristeko eskaintza egiten duela uste dut.

Bigarren, liburua tentsioz osatua iruditzen zait. Adi egon behar izango du beti irakurleak. Batzutan, hizno bat galtzea, ipuin osoa galtzea da (“Ongiro”, kasurako).

Beste alde batetik, eta nolabait esateko, austeroa dugu liburua. “Ez da hitzik soberan” esaten zaigu liburuaren aurkezpenean. Eta horixe dugu agian, gorago aipaturiko tentsioaren adierazpen linguistikoa. Austeritatea, aurkezpenean esaten zaigunez, ez da “hizkuntzaren erabilkerarik bakarrik, oreka nagusiena narratibo tekniken erabilkera aberatsetik bai datorkio. Bere generaltasunean, editoreak egiten duen ohartxo hau egia dela esan behar dugu: hitza eta teknika oso baturik daude liburuan.

Liburuari buruzko gure eritziak azaltzen hasi aurretik metodologiazko ohar bat egin behar dugu: azterketa egiteko, atal bitan zatitu dugu Aise eman zenidan eskua. Lehenengoan ipuin laburrei eutsiko diegu, eta bigarrenean liburuan dagoen ipuin nagusia (“Hausdurak”) aztertuko dugu, idazte mailan ere ezberdinak bait dira planteamenduak.

I. IPUIN LABURRAK

1. Gaiak

Giza komunikazio afektibo bezala labur dezakegu liburu honen gai nagusia, edo eta komunikazio afektiboa lortu nahi berezia bezala. Gurari hori, nahi hori ipuin guztietan agertzen delakoan gaude: pertsonaien arteko zereginak eta ibilerak ez dira beren artean dagoen komunikazio-nahia baino. Komunikazio-gurari hori afektiboa deitzen diogu, komunikazio maila konkretu horretan agertzen bait da batez ere. Pertsonaiak afektu bila dabiltza, eta afektibitate nahi hori ipuinen oinarria dela esan dezakegu. Baina, hala edo hola, desio horrek pertsonaiengan desoreka antzeko zerbait uzten du agerian, afektibitatea normalean ez bait da benetan lortzen, edo benetan apurtu egiten bait da. Apurtzeak eramango ditu pertsonaiak frustrazio eta etsipenera.

Puntu hau garrantzizkoa dela uste dugu, berton kokatzen bait dira Anjel Lertxundiren kontzepzio narratiboaren balio eta hutsak, komentario honetan zehar frogatzen saiatuko garenez.

Baina, Xabier Letek ikusi duenez (“la profunda intensidad con que cada tema es tratado”), gaiak pluralak dira. Guk, hurbilketa xinple bat baino ez bada ere, eskema hau osatu dugu:

Gai Afektiboak

1. Literatura -> “Ezpain amorratuak”

2. Haurtzaroa -> “Broma bat edo”, “Sargori”

3. Maitasuna -> “Ordulariaren orratz ttpienari…”, “Ongiro”, “Emaidazu eskua”, “Esan nekeak”, “Nik al dakit”

4. Adiskidetasuna -> “Zaude lasai”,”Goizeko lauretan”, “Probabilitate”

5. Humorea -> “Munduko gauzarik errezena duk hiltzea, hi”, “Hartu sentipenez”

Eskema guztien antzera, honek ere ohar eta azalpenak behar situ. Hasteko, afektibitatea eta humorea elkarrekin jarri ditugu, humorea ere afektiboa bait da. Ezberdintasuna, batak duen lirikotasuna besteak ez izatean datza. Bigarren, afektibitatearekin hiru talde egin ditugu: haurtzaroko gaiak, maitasun gaiak eta adiskidetasuna. Laster ikusiko dugunez, izen nagusi horren azpian forma desberdinak sartu ditugu. Bada arrazoirik. Lertxundiren ipuinetan komunikazio-nahia, tentsio joku bat dela medio, maitasunean zehazten da: erotismo hutsean nahiz maiteminean.

1. Literatura: Liburua “Ezpain amorratuak” ipuinarekin zabaltzen zaigu. Liburuan aurki dezakegun eskasena, agian. Ipuina literaturaren inguruan mugitzen zaigu. “Literatura irakurri egiten edo egin egiten da” (8. or.). Hona hemen ipuinaren mezu klabea.

2. Haurtzaroa: Goiko kale liburuan bagenuen haurtzaroaren bilaketa bat, eta “Broma bat edo” ipuinean ere berriro agertzen zaigu bilaketa hori. “Sargori”k ere giro bera hartzen du. Bukaera berdin xamarra dute biek: pertsonaien artean zerbait apurtzen da, konfiantza edo galdu dela ematen du.

3. Maitasuna: Gairik zabalena dugu liburuan. “Ordulariaren orratz ttipienari…”, “Nik al dakit” eta, beste era batez, “Esan nekeak” hiru ipuinok apurtu den maitasun bat dute gaitzat. Ikuspuntu desberdinez, gai bera. “Ongiro”, erotismoaren ezagupide dugu. “Goizeko lauretan” eta “Emaidazu eskua”, behin-behineko grinaren adierazpide. Honela bada, “maitasuna”k esanahi zabala du: haurtzaroaren liluratik hasi eta grinaren adierazpide izateraino.

4. Adiskidetasuna: gai honek ere ez du konkretutasun handirik. “Zaude lasai”, “Goizeko lauretan” eta “Probabilitate” sar ditzakegu berton. Ezin aurki daiteke ipuinotan adiskidetasunaren zentzu sakonik. “Goizeko lauretan” ipuinean adiskideak ez dira farra-lagunak baino. Lertxundik adierazten digun adiskidetasunean, ez dago betirakotasun handirik. Elkarrizketak hotz, harremanak gezurti.

5. Humorea: Azkenik, ipuin bi geratzen dira: “Munduko gauzarik errezena duk hiltzea, hi” eta “Harto sentipenez”. Bien tratamendua humoretsua da: “Munduko…” ipuinean aski argia, eta “Hartu sentipenez”en kritikoagoa, barre eragitea baino gehiago pentsaraztea lortu nahi lukeen humorea.

2. Egiturak

Egiturak direla eta, nahiz eta azalpena derrigor murriztua geldituko dela jakin, hiru egitura klase aipatuko nituzke nik.

1. Normalean egitura lineala jarraitzen dute ipuinek: hasiera, korapiloa, bukaera. “Nik al dakit” ipuinean, kasurako, izartxo batzuekin markatuko dira aldiok.

2. Gai biren arteko erlazioa adierazten duten ipuinak ere taldetxo dira. Ipuinetik ipuinera, desberdinak dira elementu biak. Adibidez, “Ordulariaren orratz ttipienari” ipuinean pertsonaiak esaten eta pentsatzen duenaren artean sortzen da bikoiztasuna. “Probabilitatean kalkuloa” ipuinean gereziaren oroimenak eta tabernatik joan nahiak errepikapen obsesiboa lagako dute textuan.

3. “Paradoxazko” egitura (“Broma bat edo”, “Esan nekeak”, “Ongiro”). Ez dakit izen hau ongi datorkionentz azaldu nahi dudanari. Ipuina presupostu batzurekin hasten da, erdi aldean zerbait gertatzen eta presupostuak aldatu egiten dira, Aldakuntza hau paradoxaren bitartez egiten da normalean. Argumentazio eskolastikoen trinkotasuna dute ipuinok.

Hobe izango delakoan, goazen puntu hau exenplu-bidez azaltzera, “Esan nekeak” erabiliaz.

A. Joan etxera heldu da.

B. Etxekoek ez dute nahi.

D. Mirenek ostera maite du.

E. Baina Joanek ez du jadanik Miren maite.

Antzeratsu jokatzen da “Ongiro” ipuinean ere. Giusepperen izena ezagutzea: “berehala menderako zaitu haren gorputz estuak ere” (32. or.). Kontalariak izena dakienez, menperatua da.

Ipuinok duten lotura, logikoa da, oso logikoa. Baina, Letek hain ongi ikusi duenez, sorpresa maila bat lagako du irakurlearengan.

3. Tratamendua

Liburu honi buruz idatzi den bakoitzean, teknikaren aberastasuna aipatu da. Gu ere horretan gaude. Eta ipuinotan erabilitako teknikak deskribatu nahi genituzke hirugarren puntu honetan.

I. Ipuin bakoitza, irakurlea harridura eta sugerentziaren artean kokatzen saiatuko da, Xabier Letek aipatzen digunez. Nahiz eta zita luze xamarra izan, ez digu kalterik egingo berton osorik kopiatzeak: “Hay en el libro relatos en los que el tema, apenas esbozado, brevisimamente trazado, como en ‘Broma bat edo’ nos deja absolutamente en suspenso por la sugestion de lo apenas entrevisto; como un delicado desvelar de algo que queda al mismo tiempo abierto y totalmente cerrado… En otros relatos tales como ‘Zaude lasai zeurean’, ‘Emaidazu eskua’, ‘Esan nekeak’ lo levemente entrevisto como motivo resulta precisamente el soporte impreciso, insinuante e inquietante de la tensión narrativa”.

Xabier Letek ipuinaren helburua zein den ikusi du: irakurlea sugerentziaren mugetan jartzea. Berak dioenez, oso loturik dator hau tentsio narratiboarekin; baina ez honekin bakarrik, planteamenduak ere zerikusi handia bait du, bukaerarekin batera. Bukaera ia beti kolpean ematen da, erromantze zeharretan bezala. Lertxundik ez du bukaera argirik sekula emango. Beti dager zabalik sugerentzi mundua. Bukaera, beraz, planteamenduaren eta tentsioaren irtenbide logikoa baino ez da.

2. Liburu honetako planteamendu teknikoa gaia aukeratzerakoan hasten da. Gogora dezagun gaiaz tratatzerakoan esandakoa. Gaiak giza komunikazioan oinarritu dira. Beraz, komunikazio hori ez da beti lortuko. Horrexegatik pertsonaien artean sorturiko tentsioa. Tentsioak petsonaienganako frustrazioan jarraitzen du.

Eskeman, hauxe dateke Lertxundik komunikatu nahi duena, ipuinon muina (gure interpretazioaren arabera, jakina).

Honelako planteamendu bat, desarroilo argi birekin aterako da aurrera.

Hasiera-hasieratik tentsioa egon dagoela adierazten zaigu. Hona adibide batzu:

“Broma bat edo”: “Ez omen zen bere emaztearekin ongi konpontzen, hala esaten zuen amak, bai, a ze arrazoia ahoratzen duzun, erantzuten zion parrez aitak” (9. or.).

“Zaude lasai zeurean”: “Ez da txantxetako gauza gertatu zaidana” (19. or.).

“Emaidazu eskua”: “Baiezkoa eman nuenean ez nekien ongi zein bidetara eramango ninduen…” (39, or.).

“Nik al dakit”: “Nahi duzuna esan. Alferrak zaizkit zure esplikazioak” (101. or.).

Ia liburu guztian ageri da era hau: “in media res” deituriko hasiera teknikoa behin eta berriro. Nolabait azaltzeko: irakurlea ipuina irakurtzen hasten denean, zerbait gertatua da (normalean ipuinak jarraitu-ala azalduko zaion “zerbait”), baina zerbait horrek kezkaturik, larri utzi ditu pertsonaiak. Eta irakurleari komunikatuko zaiona, tentsioa bera izango da. Hasieran ez zaio azalduko nola eta zergatik sortu den: tentsioaren aurrez aurre jarriko du idazleak irakurlea.

Maila apal batetan baino ez bada ere, Anjel Lertxundiren pertsonaiek edaten duten alkohol askotxoa izan daiteke tentsio horren adierazlea.

Beraz, tentsio hori da ipuinetan ardura duena. Eta ardura duen gauza bakarra ia. Eta tentsioa azpimarratzeko, austeritate batetara eraman dira ipuinak. Austeritatera edo erredukzio formalera.

Ipuinen planteamenduan ez dago pertsonaien deskribapen formalik, beren tentsioen bitartez deskribituko zaizkigu pertsonaiak. Ez dago espazio-deskribapenik, espazioa zirkunstantziala bait da: taberna bat, etxe bat… Denbora ere zirkunstantziala. “Ordulariaren orratz ttipienari…” ipuinean jakin badakigu bostak direna, baina horrek ez digu datu handirik ematen; denborari dagokionean, berdin zatekeen zazpirak edo bederatzirak izatea.

Nortasun ilunak, espazio arruntak eta denbora faltak ipuinaren tentsioaren alde jokatzen dute; era berean jokatzen du, baita, ipuinaren laburtasunak ere.

Hain murrizturik geratzen denez ipuina, ipuina bera ere murriztua agertzea oso logikoa iruditzen zait.

Guzti honek, nik uste, hertsiera inpresioa uzten du irakurlearengan, eta baita nolabaiteko larritasuna ere. Pertsonaien tentsioarekin bat dator hori, eta normala da irakurlea ere tentsio batekin aurkitzea.

Baina ezin dugu ahaztu honetatik sortzen den problema argia: ipuinaren kalitateak tentsioaren izaerarekin zerikusi handia du. Zenbat eta gogorragoak tentsioak, hainbat eta hobeak ipuinak, nik uste.

Muinera jotzea eta beste guztia alde batera uztea izan bada phinteamendua, argi dago tentsioa eta sugerentziak geratu direla ipuinaren sostengu bezala. Bi horiek funtzionatzen ez dutenean, bertan behera geratzen da ipuina. Eta inoiz gertatu da horrelakorik: “Ezpain amorratuak”en, adibidez.

4. Maila teknikoa

“Nere lanean nolabait perfekzio formal bat lortu dut nere iritzirako, nik nahi dudan mailarako, noski nolabait euskal liburuetan gutxi aurkitzen den maila formal bat”.

Liburuaren baliorik handiena honetan dagoela dirudi. Teknika aldetiko saiakera. Eta nahiz eta Xabier Letek honela pentsatu: “estilo y no técnica, pues esta última no es sino un artilugio instrumental al que ultimamente los jóvenes narradores euskéricos están pagando excesivo tributo”, guk geure aldetik itaun hau egingo genioke: Ez ote dio orain bere estiloari tributo berbera pagatu Anjel Lertxundik?

Has gaitezen maila teknikoa aztertzen, erantzuna geroxeago emateko. Maila teknikoa aberatsa dela ezin uka.

4.1. Hasiera eta amaierak etenak direna, gorago aztertu dugu.

4.2. Errealitatearen eta fikzioaren nahasketa. Ez da askotan erabilitako teknika, “Ezpain amorratuak” dugu adibidea. Irudimenaren bitartez osatzen du literatura pertsonaiak.

4.3. Pentsakizuna eta esana. Elementu bion paralelismoz osatzen da “Ordulariaren orratz ttipienari”. Azken teknika biok elementu biren alternantziaz osatzen dute ipuina.

4.4. Maila desberdinetakoak badira ere, ipuin bi osatzen ditu barne-bakarrizketaren hitz-jarioak. “Munduko gauzarik errezena…” ipuinak humorerantz jotzen du, eta “Harto sentipenez” ek bigarren pertsonaren klabe linguistikoa erabiltzen.

45. Bi pertsonari zuzendua balego bezala idazten da “Ongiro”, infideltasunaren kontaketak behar duenez.

4.6. Kontaketa lineala behin baino gehiagotan hartzen da kontuan.

Hauek ditugu ipuinak planteatzeko teknikarik inportanteenak. Tekniken azterketak, ordea, beste bide bat ere hartu behar du: textua adieraztekotan erabili diren teknikak, expresioaren formulak:

1. “Zuka” egitea da, nik uste, inportanteena. “Munduko gauzarik…” ipuinean, 2, pertsonaren “hika”ko erabilerak ematen duen bizi eta erraztasunean datza ipuinak duen graziarik handiena.

2. Zeharkako estilo librea.

3. Elkarrizketa, kontalariak esandakoaren baieztapen bihurtzea. Azal dezagun hau astiroago, “Esan nekeak” erabiliaz. Ipuina, kontalariaren ahotsez hasten da. Hark esanetik dakigu Joxe ez dela bere etxean onartua: “Eta Zendoiatarrok haren usainik ez zutela bihotzean erabaki” (89. or.). Ondoren datorren elkarrizketak kontalariak emandako eritzia baieztatzen du, pertsonaien ahoz orain: “-Hamabi urte dira eta gauza gehiegi gertatu da hemen, orain pakean gara esan eta beso zabalik hartzeko” (89. or.).

Sail hau bukatzeko, itzul gaitezen berriro Leteren hitzetara: “Realiza la apuesta de buscar en cada narración un climax intenso de manera tal que cada cuento culminará con una rapida fulguraci6n en la que se condensarán los elementos ambientales y emocionales que daban pie a cada episodio respectivo”.

5. Arriskuak

Argi ikusi du Xabier Letek liburuaren planteamenduaren muina. Baina muin hori era desberdinez konkretatzen dela esan behar. Ipuin batzutan intentsitate afektibo hori ongi lortua badago, beste batzutan giro eta emozio elementuok ez dira klimaxa sortzeko gai izan, eta, gutiago, gure ustez, pertsonaien tentsioaren indarra irakurlearengana helerazteko.

Esan beharra dago, beraz, ipuin guztiak ez direla maila berekoak, ez direla kalitate berekoak. Nahiz eta planteamendua guztietan berdina izan, adierazten duten sentimendua desberdina da. Hortxe dugu gakoa.

Gure ustez, gaiak gaitzak harturiko sentimenduak zerikusi handia du ipuinaren funtzionamenduarekin.

Kasurako, sentimendu horrek gizakien arteko maitasunaren tentsioak adierazten baldin baditu, sinesgarri eta baliozkoak dira. Adiskidetasunaren tentsioak, ostera, ez zaizkigu Anjel Lertxundiren eskutan besteak bezain borobil agertzen. Eta azkenik, elkar ikuste xinple bati buruz egindako ipuinak, zailak izateaz aparte, oso hotzak dira.

Badakit jakin, norberaren zaletasun literarioak zerikusi handia duela puntu honetan; dena dela, ez da benetako tentsioa sortzen, frustazioa baino; eta, gorago esan dugunez, giza komunikazioaren tentsioan datzake textuaren oinarria.

II. “HAUSDURAK” IPUINA

1. Gaia

Badago liburu honetan bere luzera dela eta oso berezia dugun ipuin bat: “Hausdurak”. Baina ez da luzera honen berezitasun bakarra. Teknika aldetik ere ipuinik konplexuena dugu.

Espetxetik irten berria den mutil baten lehen egunak badu, argumentu bezala, Anjel Lertxundiren intimismoarekin eta gizaki arteko komunikazioarekin zerikusirik; badu egilea zein modu artean dabilkigun ikusteko balioa. Hain zuzen ere, bere emaztegaiarekin eta lagunarekin dituen harremanetan ageri zaigu gartzelatik irten berriaren bizitza, lehen momentu batetan; gero arazo politikoetara (hobe, militanteetara) zabalduko da. Baina hasiera horrek zuzen-zuzenean eramango gaitu ipuinaren giltza izango diren elementu bi hauetara: 1. Intimismoa ipuin honen eta besteen oinarri bezala erabiltzea, 2. Intimismo/politika arteko bikoiztasuna.

Beraz, guk uste, pertsonaia baten eboluzioa da gaia. Eboluzio hori barnekoia da. Adiskideekiko gorrototik adiskidetasunera dugu gehien tratatzen den gaia. Baina, kontrastez, pertsonaiaren bizitzaren zenbait arazo azaltzen zaigu atzeko-aurrez, eta interpretazioaren bideetatik abiatuz, eboluzio ideologikoa agertzen zaigu argi eta garbi, ikuspegi kanporakoi bat dela medio.

Hala ere, ipuin-nobela labur honen gaia barne eboluzio honetan datza, hain zuzen ere. Gogora dezagun neska lagunari egindako opariak duen garrantzia.

Ikuspegi barnekoi hori, Anjel Lertxundiren betidaniko ezaugarria, textuaren desoreka batetan agertzen da honelako planteamendu bikoitzarekin. Desorekatua barik, batasuna lortu gabea, hobe. Bikoiztasun horrek, bikoitz jarraitzen du beti.

Eboluzioaren pausoak ondo jagonak daude, ordea. Pertsonaien artean tentsio-giroa apurka-apurka lortuz doanean, batez ere. Antton, Fermin eta Mayaren arteko erlazioak, lehen bien artekoak bereziki, gero eta bortitzagoak dira. Baina bukaera guztiz harrigarria ageri zaigu, sinestezina ia-ia. Anttonentzat irtenbide bakarra afektiboa zen, bere barnea apurtuaz, “hausdurak” hausteko. Ikuspegi literarioa kontutan harturik, Mayaren oparia erostea ustekabean egina da, eta irakurleak ez du hau logikotzat hartzen, nahiz eta irtenbide bakarra izan. Ipuin miresgarri, liluragarri batentzako ez da bat ere bukaera txarra: ondo amaitu eta denok pozik.

2. Egitura

“Es necesario conocer que aquel estilo, estilo y no técnica, pues esta última no es sino el artilugio instrumental al que ultimamente los jovenes narradores euskéricos están pagando excesivo tributo, fue un tanto abandonado por Lertxundi”.

Eta Lertxundiren estilo eta teknikari indar handiegia ematen ari zaion euskal nobelari berrien arteko desberdintasuna agertzea izan bada Xabier Leteren asmoa, “Hausdurak” ipuinak apurtu egiten du hipotesi hori.

Nobela labur honen kontakizuna hiru mailatan gertatzen da:

a) Lehen maila, eta, nolabait deitzekotan, “erreala”. Anttonen irteera itxarotera joan dira Maya eta Fermin, elkarrekin egun batzu pasatzeko asmotan. Egun t’erdi egongo dira elkarrekin.

b) Bigarren maila edo barne-maila. Kontzientziaren jarioaren bitartez, idazleak pertsonaien barne-pentsakizunak eskaintzen dizkigu.

c) Oroimen maila. Maila honek eszena-mota bi batzen ditu, pertsonaien arabera. Mayaren bidez, Anttonekin izandako erlazioak azaltzen zaizkigu; hobeto esateko, bien arteko ezagumenaren alderdirik intimoenak. Anttonen bitartez, ostera, alderdirik politikoena azaltzen zaigu; unibertsitate garaiko militantzia, poliziaren aurkako atentatua eta poliziaren gorrotoaren jarraipenaren obsesioa. Maila hau, narratzaileak berak kontatzen du. Hiru mailok, kontu handiarekin, kalkulatuarekin josiko dira elkarrekin.

Lertxundiren liburuaren irakurlea ohartuko zenez, “Hausdurak” bost ataletan banatua agertzen zaigu. Atal guztien planteamendua berdina da. Atal bakoitza zita batez hasten da. Zitok, atalean adieraziko zaigunaren aurreoihartzunak ditugu. Kontakizuna, lerrokaden arteko hutsuneen bitartez banandua dago. Eta Lertxundirengan ohizkoak diren hiru izartxoren ostean, atalari amaiera emanik, barne-ikuspegia dator, kontzientzi jarioaren teknikaz osaturiko ataltxoa.

Atal bakoitzeko egitura berdintsu hau ez da kointzidentzia bakarra. Atal bakoitzeko nukleoen zenbakia ere (textuaren aurrean dagoen zita kontatu gabe), erregulartasun arraro baten adierazgarri dugu:

Atalak -> I -> II -> III -> IV -> V

Nukleoak -> 7 -> 7 -> 10 -> 7 -> 10

Nukleoak banatzeko, kriterio objektibo bat jarraitu dugu, hots: textuko hutsuneak. Hiru maila desberdinok dira ipuin honen giltza. Maila bakoitzak bere teknika berezia du, bai ikuspuntuari eta bai iraupenari dagokienean.

Nukleo guztien laburpen bat ondoko eskemaz emateak puntu hau argitzen lagunduko digulakoan nago.

Eskema horren azterketa sakon batek, agerian lagako digu zenbait organizazio simetriko (lehen eta bigarren atalen artean dagoena edo laugarrenak haiekin duen berdintasuna), zenbait englobamendu (lehen kapituluan, kanpo-mailatik barne-mailara garamatza idazleak, barnekoitasunetik oroimenera iraganaz, berriro kanporatzeko; honek pertsonaiaren azken kontzientzi muineraino egindako bidaia gogoratzen digu), zenbait puntu indartu (pertsonaiaren barneak, zer esanik ez, garrantzi handiagoa hartzen do dagoen lekuan egonik: azken nukleoa bed bait dugu kontzientziaren jarioa).

Baina bada hainbat elementu tekniko, geometrismoa eta hoztasuna apurtzeko: elementu desorekatuak.

1. Gai mailan: berriro goaz gai mailan esandakoa gogoratzera. Lertxundik ez du problema irakurlearen maila historiko, sozial edo politikoetan jartzen, maila afektiboan baizik. Arazoa ez da Anttonen arrazoi edo planteamendu politikoen azterketa. Arazoa, adiskidetasuna berreskuratzea da. Bostgarren kapituluan, Ferminek behin eta berriz ohartaraziko du Anttonen lasaitasuna honen amorrua deuseztatzen denean: “Eta urte askoren ondoren oraintxe ikusi diat, Antton, lehendabiziko aldiz cara de problemarik gabeko aurpegia” (87. or.).

2. Maila teknikoan. Hala ere ezin bazter daiteke alderdi politiko hori. Ipuina hasterakoan irakurlearen kuriositatea ere pizten da: zergatik sartu ote dute Antton espetxean? Jakina denez, o in media res” hasiera-teknika erabili du Lertxundik. Eta galdera horren erantzuna dirateke III. eta V. kapituluak. Baina III. eta V. kapituluetako oroimenek tratamendu bera duten arren (kontalariak kontatzen digu jazorikoa), ezberdinak dira: V. kapitulua bukatzean esaten zaigu eta Anttonek kontatu egin duela, ez oroitu. Detaile txiki horrek textuaren zentzua osorik aldatzen du; azken batean, Anttonek bere amorrua desegin duela eta lasaitu dela frogatzen bait digu, IV. kapituluan Mayarentzat erregalia erostea gauza beraren adierazgarria zen bezala.

Ez da zaila zita aurkitzea: “— Ez nian ordu laurden bat igaro, nahiz ideiak txukuntzea zaila zitzaidan… Mayak ezin zuen sinetsi Anttonen aldaketa azkarra, eta harriturik zegoen elkarhizketa hartaz” (85. or.).

3. Beste arazo teknikoak. Gorago esan dugunez, “Hausdurak” ipuinean teknikarik aberatsenak erabiltzen dira. Kontalariaren aldetik, kontalari objektiboa erabiltzen da maila erreala deitu duguna kontatzeko; orojakilea, oroimenetan; eta pertsonaia bera da kontalaria, kontzientziaren jarioa erabiltzean.

Kronologiari lotzen bagatzaizkio, zenbait gauza nabarmen adierazren zaigu. Esan dugu, nobelak “in media res” teknika erabiltzen duela; nabaria denez, hainbat “flash back” tartekatzen dira kontakizunean. Baina garrantzitsuenak, ohituraz kanpokoak direnez, denbora-kointzidentziak dira: adibidez: “”Si dices la verdad…” zuen belarrietan, Mayak “lasai hartzen duzun neurrian lasaituko naiz neu ere” bota zionean”. Kopiatu dugun textua 65. orrialdean agertzen da eta esaldi hori 64.ean esaten du Mayak. Hain zuzen ere, une batetan gauza bi gertatzen dira, Anttonen oroimena eta Mayaren esaldia; baina, textua sintagmatikoa denez, ezin daitezke gauza biak batera konta, eta, horrela, errepikapen-expresabidea aukeratu da irakurleari denboraren bateratasuna, kointzidentzia adierazteko. Horrelako joko bat egiten da 46.orrialdean ere. Eta 73.ean, oraindik egin gabe dagoen itaun bat gogoratuko du Ferminek, itaun hori 74.era arte efektiboki egin ez arren.

Denborarekin egindako jokook dirudite interesgarrienak narrazioaren mailan.

Ez dira ez, ordea, bakarrak. Maila desberdinen arteko jauziak ere ematen dira nukleo bakoitzean. Batez ere, oroimenetik errealitatera doaz pertsonaiak: 72. orrialdean, Antton oroitzen ari da eta Mayaren agindua bete beharrak iratzarriko du: “— Leihoa irekiko al duzu mesedez? Hor tronpatzen zaizu sublimazioa, Mayak esan bezala leihoa ireki behar baita”.

Kontzientziaren jarioa jarraitzen denean, hiru pertsonaien pentsakizunak nahastu egiten dira behin baino sarriago.

Arazo teknikoak, bada, konplexuak eta aberatsak dira, eta adi dagoen irakurlea eskatzen dute.

Baina lehenago aztertu dugunez, gure ustez amaierak ez du funtzionatzen. Eta ez da gauza bakarra. Pertsonaiak ere ongi definitu gabe geratzen bait dira, eta haien arteko kontrastea ere ez bait da gauzatzen. Hau da, egitura aldetiko puzzle-kontzeptzioak bizirik dirau, lorpen oso bat iritsi gabe.

Azkenik, Aise eman zenidan eskua liburuaz hauxe esan dezakegu: intentu bat da. Saiakera serio bat. Zeren saiakera? Gizaki arteko tentsioen adierazgarri bilakatu nahi du textuak, eta, aszesi literario moduan, alde batera laga dira expresibitate diztiratsuak eta soinu argiak. Tentsioa bere biluztasunean adierazi nahi izan zaigu. Horretarako, era desberdinetako maitasun, adiskidetasun eta giza erlaziotako tentsioak aukeratu dira. Ez nituzke benetako azertuak ahaztu nahi, baina batzutan ez ote dira, tristuran bukatu beharrean, desolazio axolagabe batetan bukatzen? Eta ipuina bukatzean pertsonaiak agertzen duen hieratismoa, axolagabekeria ez ote doa tentsioaren aurka?

Liburuan bertan esaten zaigunez “ez da hitzik soberan”. Ez ote dago, ordea, pasio, grina apur baten faltan?

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak