kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gerraondoko poesiaren historia / Josu Landa / Elkar, 1983

“Gerraondoko poesiaren historia” Joxe Azurmendi / Jakin, 1983-12

Polita da, gustora irakurtzen da. Baina honez gero arazo hauek, hala esango nuke, ez lukete gusto kontuan geratu behar.

Liburutto hau seguruenik ispilu egokia da, transmisioa nola egin dugun ikusteko. Zalantza gabe horrelakotsua da belaunaldi gazteak daukan irudia. Gure atzoko jokabideen gaurko emaitza hori baldin bada, ordea, liburu hau, errebotean, geuri egiten zaigun salaketa bat da: gustora irakurtzen ari nintzen artean sentitu dudan disgustoa aitortzen dut honekin. Egon den gerraondoko poesiatik eta kultur berriztapenetik, zer da, ondorengoei transmititzea lortu duguna? Nola funtzionatzen du gaur euskal kulturaren transmisioak?

Izan ere, guk —nire belaunaldiak— ez eskolarik eta ez Unibertsitaterik izan dugu euskal kultura ezagutzeko. Eta geure kasa, taldeka edo bakarka, beti zatika, geureganatu ahal izaten genuentxoa, zuloz eta hutsunez beteta geratzen zen. Guk, edozein autore, “deskubritu” bezala egiten genuen, deskubrimenduon ezinbestezko alderdikortasun eta alderdikeriaz, emozio —eta subjektibismo— guztiez. Ez dakit aitzakiak ateratzea tokatzen ote zaigun, baina nire belaunaldiak ezinbesteantsu izan dituela akats horiek esango nuke. Ez nituzke beste gabe gaitzetsi egingo (inork ez omen du egiten ahal duen baino gehiago), baina are gutxiago ikusi nahi nituzke metodo bihurtuta. 1960-1980 artean zerbait egin bada, eta orain ikastolak eta Unibertsitatea zerbaitetarako baldin badauzkagu, ha, berriro lehengo falta berberak ez egiteko gutxienez, balo beharko ligukete.

Ezer gabe geratu denaren errekuperazio urgente batzuk egiteko ahaleginak bezala, orain arteko historigileek eta historigintzak beren moduak izan dituzte, beren eginkizuna (dibulgaziozkoa gehienbat) bete dute. Horrela idatzi da garai bateko saioa. Eta horra nire lehenengo oharra: Landaren historia hau ere saio bat da, saio gisa egina, ez azterketa gisa. Apropos dago saio gisa egina: inon ez zaigu agertzen zein erizpiderekin jokatu den, ez zein alderdi poetiko bereziki kontsideratzen edo deskontsideratzen den historia honetan, etc. Guzti horretan Landak oso libre jokatzen du. Saio batetako libertatearekin. Eta, nire kontzientziarako, lehenagoko gure saio-moduaren antzekoegia da, saio haren alderdi positiboenak ez ziren alderdi askotan. Beldur naiz, beraz, saio honek, besterik nahi bazuen ere, topiko batzuen konfirmazioa gehiago eragingo duela, haien berrikusketa baino (Lizardi eta besteren baten kasua salbu); hutsune batzuk areagotu egingo dituela, betetzen lagundu baino.

Jakina, hemen, harrapatuta nago: hitzaurrean bertan esaten bait zait, falta diren izen batzuk, esate baterako, ez direla falta zabarkeriaz edo olbidoz, Landak halaxe eritzi diolako baino. Eta honelako garbitasun bat poeta bakoitzaren alderdi edo baliapide poetikoei berdin aplikatzen badiet, galduta nago, kritikarik egiteko orduan. Triku honi ez dago nondik heldu.

Halere, nik ere neure inpresio orokor batzuk autorearen inpresioen truke emateko, zerbait konkretuago izaten ausartuko naiz. Ez dut isilduko Lizardiri emandako tratuak eman didan sustoa. Lizardiren arrakasta Orixerenagoa da nonbait, Lizardirena baino. Oso Lizardi gutxi utzi digu Landak. Hasieran gaude eta, “martxa honetan ez dakit zeinek salbatu behar duen”, pentsatzen duzu. Salbatzen dira batzuk, bai, eta ez doi-doi zuk uste zenituenak. Pott eta, igoal inportanteagoak dira Lizardi baino… Lehenengo salbatua Lauaxeta da. Hau, konpentsazio-moduan edo, “errekuperatu” egiten da. Lizardiri kontrajarria dator (azken aldian joera dagoen bezala, ez dakit zergatik), eta justizia berriaren arabera, Lizardi behera ekartzen den tokian Lauaxeta gora eramaten da. Ni neu ez naiz ikaragarri Lauaxetazalea (aukeran Lizardizaleago behintzat), baina hasieran gaude. Dena dela, bat poeta laureatu eta bestea kasi poeta maldito bezala tratatzeko eta kontrastatzeko eskema hori ez zait gustatzen eta ez dakit zertara datorren. Ez dut uste historikoa denik ere, askoz geroagoko gorabeheren projekzioa baino historian barrena.

Autore bakoitzaren balorazioetan sartzeak ez du merezi: egileak berak ezin egin izan duenean sartu beharko genuke (datuak eman, interpretazioak arrazonatu, etab.).

Liburuaren gaia poesia da, eta historia da (ez autore batzuk edo poesi liburu batzuk). Baina, poesia hutsa baino zabalago, gerraondoko historia literario guzia biltzen da nolabait poesiaren inguruan, bai historia honen eta bai poesia haren irudi elkartu bat sorluz. Neure gustorako, hau da liburutto honen problema okerrenetako bat. Euzko Gogoa-ren eta Egan-en historiaren esplikazioan, esate baterako (eta kontuz: ez da egia, adibidez, A. Arruek Euzko Gogoa-n ez zuela sekula santa idatzi; beraz, hortik aurrerako esplikazioak ere oker doaz): edozeinek esango luke aldizkarion bizitza eta gorabeherak poesiak eta poetek determinatu zituztela… Edo, era berean, Orixek Euzko Gogoa-tik aldenarazi eta “berrikuntz saio” batetarako lekurik gabe utzi zituela gazteak, Egan-era jo beharrean…

Poesiaren historiari lotzen zaizkion historia literario edo kulturaleko beste datuokin, historiaren irudia deformatzeraino doa sarri Landa bere rekonstrukzio historikoetan. Aipaturiko bi aldizkariekin baino ere okerrago gertatzen da hori 60. urteetako arazoekin, garai/mordoilo, batu/euskalki borroken azalpenetan alegia, edo modernotasunaren hasi nahietan. Gorabehera hauetan poesiak eta poetek jokatzen duten protagonista ia bakarren papera, nire ustean, ez da benetako datu historikoei dagokiena. Niretzat ez dago gerra ondoko kultur berrikuntzaz hitzegiterik (euskara kaletarra, modernoa, etab., tematika ere kaletarra, modernoa), inoren gainetik eta aurretik K. Mitxelena eta Txillardegi eta biokin ireki zen mugimendua aipatu gabe. Berrikuntza ez zen poesian abiatu, edo ez zuen han indar hartu: beste eremuetan indartu eta gero eman zuen fruitu poesian, efekto bezalago agertuz kausa bezala baino. Poesiaren dependentzia hauek gehiago azaldu behar ziren nire ustez. Zergatik bukatu zuen Arestik azkenean hiztegiak egiten; Poesiaren bararen barne kondizionamenduak bilatu behar dira hor. Adibide hutsa da.

Guzti honetan ondo garbitu gabeko arazo metodologiko bat susmatzen dut. Gerra ondoko poesiaren historia egin daiteke aldian aldiko esijentzia edo kontzientzia poetikoaren desarrollo-moduen eta eremuen azterketa gisa: tema eta forma poetikoen desarroilo hutsetara mugatuko litzateke, gehien-gehienbat azterketa formal batetara. Gurean, ordea, eta batez ere lehen, poetak ez dira “poeta hutsak” izaten: borroka sozio-linguistikoetan, politikoetan, ideologikoetan sartuta ibili izan dira. Gure kultur eremutxoan elkar dependentziak oso gogorrak dira. Eta batez ere kulturan dominanteak horrelakoxe borrokak zirenean, borroka haien eragina poesiaren gainean inportantea zen. Borroka haietan, aldiz, oso modu desberdinetan egon dira “poetak” inplikatuta. Gorabehera horiek azaltzera sartzen bagara, haien gakoa poesian aurkitzeko edo borroka haiek azkenean poesia-tik esplikatzeko arriskua dago, lehenengo. Eta, gero, poetaren eta eragile kulturalaren paperak nahastekoa, biok oso bi gauza bait dira. Har dezadan hiru autore. Arestik, zer duda, merezimendu asko zuen, bai poeta bezala eta bai bestela. Baina, oraingoan, bere merezimenduez gain, besteren batzuenak ere jaso ez ote dituen geratu naiz. Batez ere beste autore batzuekin proportzioan (desproportzioan). Gero, Krutwigen egiazko inportantzia (historikoa), poesiaren historia batetan, zertan datza: haren poesian, edo izandako eragin poetikoan, ala askoz geroago, eta beste eremu batzuetan, beharbada ezta euskaraz ere, izandako haren partean? Hirugarren autore bat: Joan San Martin. Landak ez du bere azalpena egilez-egile jarraituz egin nahi, hari historiko bati jarraituz baizik. Baina horrelaxe jokatzekotan, bain zuzen, iruditzen zait zaila, une historiko batetan behintzat San Martinek jokatu zuen papera ez aintzakotzat hartzea, poeta bezala (Otsalar) zein kritiko bezala, nahiz itzultzaile bezala, edo animatzaile bezala ere (Xanti Onaindia, cte., berdintsu). Alde batetik poetak eta hauen obra dago, bestetik historia, desarroiloa: biok kointziditzen ez dutenean, uste dut, Landak azkenean egilez-egile diharduela, desarrollo baten eta haren baldintzapenen historigile gisa baino gehiago. Horrela, uste dut autore-poeta batzuen paper historikoa gehiegitxo jaso duela; poeta gisa agian pisu gutxiago duten beste batzuen paper historikoa, aldiz, ez duela behar adina gogoratzen. Historian, alabaina, poeta hoberena ez da derrigor eragile azkarrena gertatzen, Aitzolek erakutsi zuenez.

Kronologiari kontu egiteak ere ez dio kalterik egiten historiari. Arestirekin hasi eta bertan ateratzen zaizkigu haren abertzale izatearen ala ez izatearen, proletaritzaren ala ezaren istiluak. Baina horiek askoz geroagoko kontuak dira, haren poesigintza apenas ukitu zuten inoiz (poesigintza honen sorrera gutxien-gutxienik), beharbada gero haren (nahiko beranduko) irakurleren batzuentzat horiek datu inportanteak izan arren. Denbora, hain zuzen, lehen eta geroko linea baten terminoetan definitzen da eta historia denboraren arabera lerratzen da.

Aresti ondoko guztia deskontzertantea egin zaidala, aitortu beharko dut azkenik. Benetan, Panpina Ustela edo Pott, eta kito: horiek ote dira azkeneko hamar/hamabost urte honetako datu poetiko historiko inportanteenak? Datuak, esaten dut, eta poetikoak, ez dut esaten asmoak edo projektuak; eta historikoak, esaten dut, fruitu determinatu bat utzi dutenak, ez autore bestela inportante batentzako biografikoak (agian harentzat ere gehiago erreferentzia biografiko edo anekdotiko bat, obra batetan egiaz plasmatu den errealitaterik baino).

Ez da liburu honetako arazoa bakarrik, baina kezkatzen nauena da, periodizazioak egiteko erabiltzen den sisteman, behin eta berriro, periodorik erakutsi baino gehiago, autore batzuei aldi osoa eman, egiten dela. Lizardi, Aresti… Jarraipen edo oposizio pertsonal batzuk. Pertsonaia bakan batzuk alegra, historiarik baino gehiago. Orduan, bigarren mailakoak irrealtasunera eta isiltasunera kondenatuta uzten ditugu, existentzia autonomorik ere gabe. Modu honetan gure haunditxo bakarrak beharbada hobeto nabarmentzen ditugu, baina gure historiatxo pobreak lehen den baino ere monokultibisten baratza pobreagoa dirudi.

Gaur-gaurkoz, historiarik idazteko, problema haundia daukagu: azterketa monografikoen falta. Bestela derrigor geure inpresioen pean gabiltza, onenean ere geure memoria koxkorraren hegaletan. Azterketa monografiko zehatzik ez dagoen artean, oso zaila izango da behialako saiotik egiazko historigintzara salto egitea. Baina, bitartean denborak ere piska bat aldatu egin dira eta, berriro salo historikoa idatzi nahi baldin bada, haundia da arriskua, gaur ere salo inpresionista bat idaztekoa, atzoko salo bat gaur berriro bain zuzen.

Natorren berriro hasierakora: nola egiten dugun transmisioa. Landaren liburutto hau, dagoen kolekzioagatik ere, eta horren gisako besterik parean ez dagoelako bereziki, informazio-transmisore garrantzizko bat izateko dago. Eta horrek preokupatzen nau. Irakurlea, nik uste, beste mila bidetatik eramanda dagoen autore berberengana orientatzen da berriro eta ez zaio laguntzarik ematen ezezagunago, baina galdu ezinezko, batzuk deskubritzeko. Irakurleari batez ere erakusten ez zaiona, zera da: gure literaturak, lau protagonista galdu ezezik, bere historiatxoa ere baduela.

Azkenean Unibertsitateko irakas- eta ikerketaren modua da, liburutto honek auzitan jartzera behartzen gaituena. Badirudi ez dagoela egun-eguneko problema larrienei begiratu eta erantzuteko, baizik bere kristalezko kanpaian ikerketa mikroskopiko guztiz formal eta neutralak egiteko, hots, antzuak. Harritzekoa ere ez da, euskal kulturaren dinamika tradizionaletik eta militantziatik aparte sortua izanik, ez haren jarraipen goititua bait da, ez harekin eta haren lanarekin loturaren bat bilatzen saiatzen bait da. Bistan dago, azterketa akademikoaren desarroiloak, gutxi-gorabehera lehendik bagenekiena hobeto jakiteko mila xehetasun argitu arren (onenean ere gehienak filologiko hutsak, zertarako gabeak halere asko eta asko), oso gutxi aportatu digula ikuspegi berririk irekitzeko. Gure belaunaldiak lehenago eta orain Landak bezalaxe, hurrengoak ere, martxa honetan, bere aldetik egin beharko ditu deskubrimenduak, inork irakatsi zionaren laguntza haundirik gabe.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak