kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ni ez naiz hemengoa / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 1986

Euskal literatura eta gizartea edo Sarrionaindia-ren “Ni ez naiz hemengoa” Anjel Zelaieta / Jakin, 1985-06

AEK erakunde atipiko eta heroikoak, heroe txiki gisa igorten gaitu euskal hiriburuetan zehar, goian ezarritakoa objektiba dezagun: ez dakigu zein sari lort dezakegun, helburu gaitz hori jadestekotan, baina horrexen esperoan dihardugu.

1. Irteera klasiko bat: zertarako literatura?

Lehen aldiz euskararen primiziak inprentatukeran, hauxe zioskun euron egileak, Etxeparek: “… duten bere lengoagian scribuz cerbait doctrina eta plazer harceco solaz eguiteco cantatzeco eta denbora iragaiteco” (Bilbo, 1980, 6-8). Dakusagunez, Etxeparek, Ernazimenduan badihardu ere, ez du, honetan behintzat, joera ernazentistarik: plazeraren eta irakastearen oreka, lehenaren alde ateratzen da, ingenuoki.

Mogel bizkaitarrak —bizkaitar hizkuntzaz—, aldiz, berak sorturiko elkarrizketez ari delarik, “atractivo que trae de sí el diálogo” dio, alde batetik. Eta, bestetik: “Estos diálogos no se dirigen a la instrucción de la juventud bascongada, sino á la de los que son tenidos por muy literatos” (Durango, 1881, 6-7). Hots, “instruitzeko” ere badira.

Ikusten denez, zein batak zein besteak ezagutzen zuten Horatioren honako hau: “Aut prodesse volunt aut detectare poetae”.

Zein jarrera du Josebak guzti honen aurrean? Ikus dezagun astiro-astiro.

2. Josebaren egunkari ezkutua

“Kalendarioari begira” dagoenean (38), hark “1984, otsailak 2” markatzen du: Kandelario eguna da. Hasi, Urtarrilaren 17an egiten du: San Antonio Urkiolakoaren egunean. Bukatu, berriz, Ekainaren 22an, Euskal Foruak galerazi zizkiguteneko egunean. Idaztankera honek, mugaketa-modu bat eskaintzen dio: testuak laburrak eta hertsiak ematekoa, alegia. Gau-egunen erritmoan, testu autonomoak burutzen ditu, zeintzuk atzekoz aurrera, erdialdetik edo burutik hasirik irakur ditzakegun.

3. Funtzio apelatiboa

Testuan barrena, lirikotasuna, epikotasuna eta dramatikotasuna tartekatzen dira: edozein pasartetan, baina, ager daitezke funtzio apelatiboa sendotzen duten bigarren pertsonako, eta “zukako”, aginterak: “begira ezazu” (83, 209, 218); “imagina ezazu” (111, 128, 131, 150, 236). Edo “komunikazioa eta ezagumeria” deiturikoko hauek: “etxetik irteten zaren bakoitzean”, “iragaiten zara”, “ohar zaitez”…

Interesgarriago oraindik, ildo honi atxekiz, bereziki hasiera samarrean egiten zaizkigunak: “Ene gogoetak paper batean lotzen ditut eta, aldiberean, aske uzten. Ene gisara ordenatu ditut letrak, baina letra arteak zeuk antola ditzazula eskatzera nator” (18). Edota “Kukuak Erromako zubian” izenburuko hauek: “Ene abotsak oihartzuna eskatzen du irakurlearen espazio lausotik. Ene galdera zure erantzunaren zain geratzen da, hemen, iraganaren ondoan” (68).

Zein da “apelatua”? Sarrio-k Gartzela barruan eraiki duen Ikaslego Unibertsitarioa? Geu? Nire irudiko, aurrena bere ikasleak, gartzelakoak; orain, liburu barruan, errekurtso literario bihurtu du “entzulegoa”: Lausberg-ek liokeen communicatio-a hain era samur eta apalezko kontestuan ematen zaigu, non irakurleok Sarrio-ren deiari jaramonik plazentena egiten bait diogu.

4. Gartzela-Eskola maisu

Didaktikotasuna —ez didaktismoa— barra-barra dario egunkariari.

4.1. Ustegabeko aipuak

Sarrionaindiak gehiago dirudi Borges-en ipuinetako liburu-jagolea, ezen ez Gobernu Zentralaren prisionerua. Casenavek zioen Bilbon, Lhande eta Azkueren hiztegiak buruz zekizkiela gure mutilak. Ez ginateke, agian, harrituko, dela Axular, dela Azkue, dela Beaudelaire… aipatzearekin. Ustegabean atseginago egiten zaigu, ordea, mundu zabaleko informazio xarmantenekin topo egitea: Cervantes-en Los habladores entremesa (35), Albret Dürer grabadorea (43), Glastombury aldeko harria (54), Pariseko Moniteur Universal egunkaria (91), M. Erdozaini-Etxart-en Gauaren atzekaldean nobela (163), Johan Huizinga jakintsua (210), eta… Inocentius III.aren De contemptu mundi liburua (211), etab.

4.2. Literaturaz ihardunaldiak

Espero zitekeenez, eskritore baten egunkarian, eskriturazko eta literaturazko usteak eta eritziak agertzen dira: literatur komentarioak edo, pitin bat harresia estutuz gero, poetika.

4.2.1. Apur ditzagun kateak!

Ez dago “euskal” literaturarik: edo badago literatura edo ez dago: “kuadro fantastiko eta koloretsu” baten aurrean daudelarik, “hori ez da pintura euskalduna” entzutean, zera dio: “Guti izanda, euskaldunok, geu geure burua mugatzen, geu gutiagotzen…” (161).

4.2.2. “Imagina ezazu”

Gorago aipatu izan dugun legez, “imagina ezazu” exortazioa usu entzuten dugu: literatura ezertan oinarritzen bada, irudimenean oinarritzen da. “Euskal literaturaren historian ere, pinturan bezala, harrigarria da zer sentsualitate eta imajinazio guti agertzen den” (161). Kafka-z ari delarik, “Intsektua ez da marraztu behar. Ez da hurrundik ere ikusi behar. (…) Marraztu gabe utzi behar da, ez bada norbere imajinazioaren marra gardenez, marra izugarriez” (110) esaten digu. Hona hemen beste zenbait pasarte, laburtuz: “mundu imajinatiboa” (30), “ehuntzen ari garen imajinazioaren oihala” (56). Eta, bukatzeko, kritika borobil eta garratz hauxe: “Euskalduna ez da sekula izan imajinazioaren aldekoa, imajinaziorantza etorria. Euskaldunak ez du imajinazioa habitatzen. Euskal artea eta euskal literatura, pentsamendua bera bezala, abstrakto eta laburrak dira” (160).

4.2.3. Poesia soziala edo urgentziazkoa

Teorikoki, argi eta garbi, eta garrazkiro, mozten du auzia: “poesiari buruz ihardutean, artearen funtzio soziala eta intelektualaren konpromezua agertzen da beti kereila gaitzat (…) gauza desberdinak dira arazo honetan politika, etika eta idazkera. Politika mailan, poetari, gizarteko partaide denez, zapalketaren aurkako eta askatasunaren aldeko konpromezua dagokiola argi dago. Euskal poetak, euskal torneroak (…) bezala, Euskal Herriaren askatasunaren alde ekiteko eginbidea du (…) baina ez poeta delako”.

Dioenaren arrazoia ere teorikoa da: “poesiak ez du gizarte egiturak aldatzeko haina indar. Poesiak aspaldi galdu zuen bere kulturizazio ahalmena, eta urritu egin zen bere funtzio soziala”.

Eta, dioenak dioelarik, interesgarri iruditzen zaigu, oso-osoan, Josebaren ohar hau: “sarritan fiskalizatzen da literaturaren funtzio sozialaren inguruan, fiskalizazio egoera satanizazio argudioak bihurtzen direla. Beraz, horrelako epaiketek ez dute literatura aurreritziz betetzea besterik egiten” (Satanizazioaz ari denean, “manikeismoa” delakoaz dihardu).

Mira egin diguna, zera izan da: gartzelako, eta kanpo-bizitzako pasadizuak kontatzan, bukaera metaforikoekin errematatzen dituela. Hona hemen zenbait adibide. Gartzela-mutilek spray-z igurtzi dituzteneko pasartea, honela bukatzen du: “gaua zerratzen ari dela, ez da hemen saguen hotsa besterik aditzen, hormak zulatzen ari diren saguena” (234). “Vaya desnudándose” izenekoa, beste era honekin: “Betiko barroteak, harpa bat dirudite, inork jo ditzan zain” (143). GALekoek egindako sarraskiez oroitu ondoren: “Leihotik begiratuez gero, patioa zaramaz eta ur butzuz beterik dago. Butzuetan zapaburuak ikusten dira, buztankada urduri eta laburretan dabiltzala” (94). Eta honelaxe besteak ere. Metaforizazio honek salbatzen du testua informazio hutsa izatetik.

5. “Imago mundi”

Gizaki guztiok daukagu geure “mundubisioa” (nahikoa Jainkotiarra, oro har); munduarekiko uste honetatik, guk uste, jaiotzen da poetika.

Ezer argi badago, ditugun usteak, direla zientifikoak direla filosofikoak, guztiz ahul direla da. Abraham Moles kultur soziologoak dioenez, “kultura fragmentario, desordenatu eta badaezpadakoan bizi gara, pentsamendu tradizionaleko ordena eta hierarkia deseginik” (105). Hainbatetan aipatzen du poetak azken ideia hau. “Astronomo zaharrentzat —esaten du “Mundearen imajina” atalean— errealitatea kosmos zen. Baina egungo zientifikoentzat ez dago sosegu eta orekarik unibertsoan, ez dago kosmos ordenaturik, baizik kaos oinarri finkorik gabea” (129). Atertu gabe irakurtzen sakontzen ari den Josebak, Ludwig Wittgenstein filosofoa aipatzen du guzti honen sostengutzat: “Egia deitzen duguna hipotesirik egokiena besterik ez da” (131).

Lehen esperientzia garratz honetaz fabulatzea ere maite-maite du Josebak. Laket zaio horretaz ari diren mito klasikoak berresatea eta berrasmatzea: “Giza bizitzan eta gizarte historian beti dago rehen errakuntza bat, errakuntza tipia, la oharkabean gertatua, une batetako irristaera, baina lehen errakuntza horrek beste batzu sortzen ditu, eta errakuntzak ugalduaz doaz, apurka bata bestearen gainean gehituz. (…) imajina ezazu beste errakuntza tipi bat, tren konduktoreak, inora insten ez direnez, berandu doazelako ustez edo, belozidadea gehitzen duela”… (128).

6. “Furor poeticus”

Kosmosa ulertezina den heinean, eder den horretan, gertatzen da poesia.

6.1. Poesia, ezagutza

“Kaos” honen mende, “ezagumen poetikoa batbateko argia izanen da” (232). Intuizio sakon bat daukagu: “poesiak psikiatriak baino errealitatearen ezagumen handiagoa ematen du, nahiz eta informazio gutiago, esperientzia zientzia baino egiatiagoa delako, imajinazioa zientzia baino ahaltsuagoa delako” (141). Etorkizunaren jaun ez zirela, bazekiten Grezia zaharrekoek: “fatuen menpeko” ginela uste zuten: honegatik “laketago zitzaien amaiera tragikoa, gizona fatuaren biktima dela erakusten zuelako, katarsis delakoaren bidez beren munduko sufrimenduak arintzen bait ziren, arindu eta sublimatu” (116).

6.2. Malenkonia, heroizitatea da

Egoera kaotiko eta domeinaezin honek, misteriora garamatza. “Izan ere, malenkonia, suizidióa bezala, ingurukoarekiko errebeldia ere bada, eta errebeldia da batipat. Malenkonia bizitzarekiko errebeldia orokorra da” (173). Horixe litzateke “egiazkoa” izatea: uste hau gordetzeko ahalegina da Jon Miranderena ere: “Jon Mirande, bizitzaren zentrora ailegatzeko eta bere perfekzio burrukan, heroea da, aktore txar eta dendariz beterikako gure herrian” (178).

6.3. Josebaren filiak

“Edward Lear” izenburukoan hauxe irakur daiteke: “learzaleok”, “carrolzaleok”. (Ez du atzizki hau Arestiz, Mirandez… ihardutean erabiliko, ezta “plural hurbil” hori ere). Sarrio-k fabula politak irakurtzea, berrapaintzea eta birsortzea maite du: honetan diharduenean da liluragarrien. Ikus, esaterako, “Poema epiko bat izkiriatzen”, “Miletuko dontzeilak”, “Tuez-les tous! Dieu reconnaîtra les siens!”… Ipuin, fabula edo antzekoak aipatzen dituenean, -garri atzizkia ateratzen zaio: “argumendu miresgarriko ipuin tipi bat” (77), “ipuin miresgarrien egilea” (86), “pertsonaia interesgarri batetan” (107), “gertaera harrigarri hori” (108), “istorio izugarrien artean” (112)…

Beste filietariko bat, ezkutatzea du. Zeldan santzionaturik, badio: “inori obeditu behar ezak halako libertate bat ematen du, libertate tipi tipia, esku barruan kabitzen baita” (57). Ber-bera Otsailaren 24ean ere: “guardiako funtzionarioak ez ikustearren, hobe egun osoan ere ez bada aterik zabaltzen” (60).

Poema-liburua, Izuen gordelekuetan barrena titulatu zuen: “hitza gordelekua da sarritan, harreman bidea ezezik” (158), dio. “Mintzaira gordelekua denean” titulatzen du, Maiatzak 7an.

Hitzaren gordelekutasun hori, isiltasunarekin lot daiteke: “Poesiaren territorioa bazter territorioa da berez” (230), diosku. Zertarako? Isiltasunean, bazterrean, hitzaren bidez, “experimentatu, esploratu eta ezagumenean” sendotu egiten da (231). Edo, modu apalagoz esanik, zenbaitetan, hitzak “isiltasun zuri hori estaltzeko” (235) ditu. “Hitz goardasolak behar ditugu. Eta bizitzarako hitzak. Zer zaila den isiltasuna, harik eta hezurrak zuritzeko etzan arte” (112).

7. Pamiela soinua, igorle

Nafarroako Erresuma zaharreko, Nafarroako Gorteetako 7-4etik igorri digu Pamiela etxeak Sarrio heroea konkista gaitzak lort litzan.

7.1. Arerioak

Heroeak Lizarra Inprimategian aurkitu ditu lehen oztopo iheskorrak. Destinatariongana ailegatu ezinik, edo bruit irristakorrez bidaltzen digute: “Erraten inguruan” Josebak ihardunagatik, ikus honako hauek: “hurrietara” (47), “hurrutietara” ordez; “krudelnat” (49), “krudelena” ordez; “leindako” (132), “leiendako” ordez; “bi” (133), “bai” ordez; “lobari” (184), “laborari” ordez; “aberazainak” (184), “aberezainak” ordez…

Eta errakuntza funtzional hauek: “eta, alderantziz, “guziz itsua da” esate da inkontzientzia da” (79). “Hobeto esanda, idazlea hizkuntzaren eta kontzientzia kolektiboaren arteko mediazioa egiten du” (221).

7.2. Objektua

“Bere panpina galdu duelako negarrez” (23) dagoena kontsolatzea da Heroeari Pamielak agindu diona. Mundua kaosaren pean dagoelarik, panpina galdu dugunok (paradisu galduok!), geu gara.

7.3. Heroearen lanabesa

Negarrez aurkitu zuen “hume” hura gozagarritzeko, urrutietara joan beharra izan duen panpinak bidalitako gutunak dira (22): gutunak, noski, Kafka-k/Sarrio-k bidaltzen dizkigute: “Mezularia, Franz Kafka, kalean gora doa bere traxe beltz eta geldoaz, mezularirik misteriosuenaren gisan kale kantoian galtzeko.

Humeak, hurrengo asteetan, panpinaren gutunak laso zituen, bidaia harrigarri bat kondatzen, geroago eta hurrinagotik” (23).

Sarrio gero eta urrutietarago doakigu (Ni ez naiz hemengoa) isiltasunean, gordelekuetan, jantziagotuz, guretzat “oihala ehunduz”, “bizitzak egiten dizkigun kalteen aurkako babesa” (31) eskainiz.

“Letrarik gabeko liburua zirudien munduak, elurragatik” (52), diosku. Hortxe idazteko, hitzak dauzka, hauetarik “sortzen da alegrantzia” (62); “gauzak edertasunez azaltzeko ahalmena” (162) da heroearen lanabesa. Ez dauka, bestalde, batere bide ezagun edo munduan zehar ibiltzeko “bitakora kaiera”rik. “Orain, jadanik ez dago gramatika poetikorik, poeta bakoitzak asmatu eta moldatu behar du bere poetika, poeta bakoitzak bere bakardade lekutik, bere abots zoroa behar du, bere kantu derrigorrez diferentea eta patologikoa” (186).

Ezaugarri bi, bederen, badauzka lanabes modu honek: lexikoa —eta perpausak kateatzea— oso hautatua da: “(…) ez da sendimenduok poetak sakonkiago bizi dituelako edo (…) ideia berririk otu zaiolako izango, baizik eta forma poetiko egokia hautatu eta hitz aproposak josi dituelako” (187). (Pasarte honetan Josebaren ahotsa inoiz baino zitalagoa zaigu: “(…) barru barruko sendimenduok (…) ez dira berez poesia. (…) Tristura deskribatze hutsa (…) ez da beste inorentzat interesgarria. (…) Tristuratik bakarrik ez da poema onik sortzen, ez eta amodio hutsetik” (187).

Bestea, iharduna modu apalez egitea da: “Ahaleginduko naiz (…) abots apalez esaten, ia zurumurrua bezala, ene hitzok ere zarataren munduan gal ez daitezen” (235).

Forma dela poesia eta lirikotasuna gauza ororen muinean jartze honek janzten du, benetan, Josebaren poesigintza.

8. Konklusio gisa

Eritzirik eskatuko balitzaigu, ondoko hauexek emango genituzke.

8.1. Ageri-agerian agertzen zaigu ikerle-irakasle alderdia: sakontzen dihardu, “hurrutietara bidaiatzen”, eta aurkikuntzak modu dotorez eskaintzen dizkigu. (Maisuek legez, latinaldiak ere esan daroaz: Deus Otiosus, furor poeticus, imago mundi…).

8.2. Orain arte bezala, Sarrio-k barruti maiteena eta hoberena fabulatzearena du: modu orekatsuz tartekatzen ditu leiendak funtzio errepresentatiboagoa dutenen artean, pasarte urgenteenak metaforaz eteten ditu, paiaz paia apaltasuna, diskrezioa eta oreka zaintzen dira, eta, azkenik, “egunkariaren fikzio”pean atontzen zaigu guztia.

8.3. Norbaitek esan lezake-Euskaltzaindiko bati entzuna diot behin- Josebaren testuak topikoz beterik datozela. Gai hau, Sarrio-k argi uzten du berriz ere (berriz ere, lehenago ere esana bait zeukan,): “adierazbide izoztuak ahaztu eta gauzei eta lengoaiari batez ere beste zentzu bat aurkitzen entseiatu” (29). Irteera, gure irudiko, Sarrio-k aukeratua da: formak dira poetikoak, eta lirikotasuna da literatur gailurra.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak