kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Jaioko dira / Eusebio Erkiaga / Labayru, 1984

Jaioko dira Iñaki Sarriugarte / Idatz & Mintz, 1985-05

“Sutondoan” bildumako bostgarren liburua ez dogu arteragoko laurak legez, berrargitalpen edo artikulu-sorta. Gauza bik bereizten dabe liburu hau besteakandik: batetik, egilea gure arteko dogu, eta bestetik, liburua orijinala da, orain inon argitaratu bakoa.

22 urtetako isilaldiaren ostean indarbarrituta agertzen jaku Eusebio Erkiaga lekeitiarra euskal nobelagintzaren barrutira. Irakurleak dakikeenez, gaur esku artean darabilgun nobela hau, Erkiagak argitaraturikoetan laugarrena da, beste hirurak: “Arranegi” (1958), “Araibar Zalduna” (1962) eta “Batetik Bestera” (1962), “Kuliska Sorta”-n argitaratuta dituala. Oraingo honetan “Sutondora” hurreratzen jaku Erkiaga, euskal unibertsitate apala izan dan supazterrera.

“Jaioko Dira” liburuan, 1936.eko anai-arteko gerrateko kontuak dakarskuz lekeitiarrak. Denborari gagokiozala urrun, baina askoren gogo-bihotzetan bizirik diharduen jazoera latz-garratzak.

Batek baino gehiagok, halere, hauts zaharrak astintzeak onik ekarri leikigun itaundu leike. Zertarako? Ez ete dira holangoak bertan behera itxi eta ahaztu beharreko kontuak? Zaharren kontuak! Baina munduko nobelagintzari lotzen bagaiakoz, berehala ohartuko gara gerra-pasadizuek betetzen daben lekuaz. Euskal esparrura mugatuz, liburuan bertan Lino Akesolok egindako hitzaurre bikainean, gai hauxe ikutu izan daben liburu askoren aipamenak ikusi daikeguz, bertsoz zein prosaz. Hor dagoz Monzon, Orixe, Alkain, Ataño eta abarren jardunak. Hilda ez dagozanak, haginak bardindutakoak doguzala ezin ukatu. Halan eta guztiz ere, idazle gazteagoetara jorik, hor daukaguz, esate baterako, Joan Mari Irigoienen “Poliedroaren hostoak” edota Jose Austin Arrietaren “Abustuaren 1 5eko bazkalondoa” nobeletan agertzen diran azken gerrarekiko aipamen eta gogoetak. Gugandik hurrago oraindino, Erkiagarenaz batera Durangon 1984.eko “Liburu eta Diska Azoka”-n aurkezturiko beste nobela bat aipatu geinke, Koldo Izagirreren “Euzkadi merezi zuten” hain zuzen ere.

Nobela biok, teknikaz eta mamiz desberdinak diran arren, ba dirudi euskal historiako une garrantzitsu batenganako hurreratze-modu desberdinak dirala. Orduko gizartera hurbildu gura gaitue liburuok; gizartera dinogu, izenburuek eurek ere pluraltasuna agertzen dabe-ta.

Orain arteko joeraren kontra, ez da Erkiagaren nobelan gudaoineko, frenteko gertaerarik azalduko. Zelanbait, tirorik bagako gerranobela dogu lekeitiarrarena. Kasuon, idazlearen helburua, gerrak sortarazten dauan bake antzeko giro hits, Hun eta bildurgarria azaleratzea izan da. Horretarako bere jaioterria aukeratu dau idazleak; baina herritarren izakera eta bereiztasunak ez dira larregi nabarmenduko. Gertatzen danak dau garrantzia, ez gertatzen daneko herriak, lekuak; kokalekua, gerra bizi izandako edozein herri koskor izan daiteke-ta.

Jazoerak ez dira, sarri gertatu izan danez, idazleari berari gertaturikoak. Idazleak herri osoaren ikuspegia emon gura izan deusku. Pertsonaiaren batzuk nabarmentzen diran arren, ezin esan bata edo bestea zeharo naguhitzen danik. Jokabideetan ere, maltzurrak eta zitalak herritar zein okupatzaileen aldean agertu dakikeguz. Izan ere, Francoren sailean dabiltzan Garraldatarren jokabide zuzenak, gerratearen ikuspegi barri bat damosku, eskema manikeoak apurtuz. Familietan euretan ere ikusiko doguz kontrako jokabideak, Markos eta Ladis Eluatarrakaz gertatzen dan moduan. Maitasun-kontuak nobela guztian zehar agertzen dirala, azken partean gorago aipaturiko anaien bitartez gogo-grinak erakutsiko deuskuz idazleak: maitasuna eta maitakeria, lizunkeria, gorrotoa, ezin ikusiak eta abar.

Interesgarria izango litzateke M. Zarateren “Ekidazuko astasendia” ipuin antzeko alegi mingotsean agertzen diran pertsonaiak: astoak, akerrak, azeriak, erbiak eta piztiak, eta liburu honetakoak: Zumeldarrak, Txomin, don Zenon, Osiñe, Tadeo, Garraldatarrak… zelanbait erkatzea, antzekotasun eta diferentzien bidez egoera batekiko ikuspuntu desberdinak ikusteko.

Liburuko 33 kapituluak ezberdinak doguz, zelan luzeeraz halan edukinari dagokionez. Batzuek halakoxe eten bat suposatzen dabe eta eurotan egileak garrantzi gitxiko jazoerak edota pertsonaiaren bati buruzko zertzeladak emongo deuskuz. XII. kapituluan, egileak literaturaz dauan eritzia, Maribel karreradunaren ahotan jarriko dau, eta XX1.ean Santxoren bidez herri-literaturaren garrantzia azpimarratu.

Estiloari dagokionean, molde klasikoetatik urten barik, barrikuntza batzuk nabari geinkez oraingo honetan. Azaletik hasirik, ortografia gaurkoturik ikusten dogu, egoerak eskatzen dauan arauera. Idazleak kezka hori, hau da gaurkotasunarekikoa, aspaldi aldarrikatu eban:

“Zaar eta sasoiko, oiek euskeraz egiten dute. Gazte ta aurrak, eta emakume ta jende ikasi: oiek irabazi bear ditugu euskerarentzat. (… )

Tokiak, aidiak eta gizarteki bakoitzak eskatzen duan araura.” (EGAN, 1958, XI)

Jatortasunari eutsiz, aldian aldiko.

Nobela hirugarren pertsonan dago idatzita, komila artean agertzen diran bakarrizketa klasikoak izan ezik. Edozelan ere, nobela honetan narratzaileak ez dauka Erkiagaren beste nobeletan euki ohi dauan pisua. Kutsu didaktikoa ere, zeianbait, moteldurik ikusten dogu. Orojakile dagerkigun arren, objetibotasun handiagoz ikusten dogu narratzailea gainontzeko produkzioa kontutan harturik. Bestaldetik, beste nobeletan ikusten genduzan gauza jakinen errepikapenak nekez agertuko jakuz oraingo honetan. Guzti honek zelanbaiteko arintasuna damotso nobeiari.

Ohi baino helduago ikusten dogu prosagilea “Jaioko Dira” nobelan. Aberastasuna galdu barik, arindu, azkartu egin dau idazkera lekeitiarrak. Isuri poetikoa urrunago ikusten dogu, baita zenbait sintagma barroko samar eta hitz edota adjetibo zerrenda luzeak ere. Halakoxe estilizazio bat sumatu deutsagu oraingo nobela honi. Pasarte batzutan, azaipen astunak alde batera itxita gaurko joeren barria nabari dakikeo:

“Oles! zintzo zintzo zatoze, e? “Txuri”, ixilik! Arratsaldeon dakarrela. Ondo etorriak!.” (128.orr.)

Hizkuntzaren jatortasunari bagagokioz, euskera biziaren eraginaz hitzegitea ezinbestekoa da. Esamolde bizi eta egokiak txitean pitean darabiltza Erkiagak: “Euria da, sendo izan be” (37.orr.), “Tresnak egin dodaz, harrikoa” (84.orr.). Lokuzioak ere ugari ere ugariak dira: “mandotik astora” (33.orr.). “Honeek beste… aurresku batekoak dira” (56.orr.). Herri literaturari dagokionez, atsotitzak, ditxo, kopla eta bertsoak erabiltzea gogo-gogokoa dau Erkiagak, liburu guztian zehar ikusi daitekeenez Bizkaiko klasikoen aztarnak edonondik agertzen jakuz: “esan eroien” (29.orr.), “geuk egin daroagu” (35.orr.). “jarri daroaz” (50.orr.), “Eta… gerratea amaitu dadinean” (143.orr.), “gure uritxura gaitezenean” (34,orr)…

Betiko legez, lexiko aberatsa darabil Erkiagak. Halere, beste nobeletan baino orekatuago ikusten dogu. Egunokaz erabiltzen danaz, dogunaz adosago. Txokokeria eta hitz arkaiko eta bitxietatik urrunago. Guztion mesedetan, gehiengoarenera jo daualakoan gagoz.

Erkiagak bi iturritatik edaten dauala esan geinke, alde batetik literatur-tradiziotik eta bestetik berbeta bizitik, herri-hizkeratik. Bata landua, pentsatua, arretaz aukeratua. Bestea ostera, berezkoa, bapatekoa, freskoa. Gorago aipatzen genduan K. Izagirre ere, arlo biotaz baliatzearen alde agertzen da “Argia” (1984-XI-11, 1035.zenb.) aldizkarian eginiko alkarrizketa batean. Estiloak estilo eta helburuak helburu, antzekotasunok poztu egiten gaitue.

Sutondo askotara hurreratu dalarik, laratzu askok ezagutzen dau Erkiaga lekeitiarra, lapurterarenak, gipuzkerarenak, eta zer esanik ez etxekoak. Dana beharrean aurkitzen dan euskal literaturaren eraikuntzan laugarren zutabe sendoa jarri deusku idazle adoretsu honek.

Hizkuntza gaitz askok jota dagoan momentuon, ba daukagu zeri begiratua gure hutsuneak betetzeko. Urteak gora behera, ez da iturria agortu. Urte askotan iraungo al dau jario honek!

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak