kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

XX. mendeko poesia kaierak / J.A. Artze / Susa, 2000

Besapeko kaiera Arantza Etxebarria / Idatz & Mintz, 2001-11

Lehenengoz natortzue poesia liburu bategaz, izan be —aitortuko dot—, poesiaren bildur naz, adituko ez ete dodan bildur. Halan da be, idazle entzutetsu baten liburua topau eta aurrera jo dot. Eta ez jata damutu, ez horixe, XX. mendeko poesia kaierak irakurtzea. XXI. mendearen atarian XX. mendeko poesi lanak bilduta jatorkuz, J. A. Artzek idatziko liburuetako hautaketa ederrean. Nik besapeko kaiera dala dinot, eta ez batetik bestera eroateko txikerra dalako bakarrik, poemok edonon gozetako modukoak direalako baino. Liburu hau apurka-apurka irakurtekoa dala uste dot, ez dala hasi eta amaitu irakurri behar, egiatan, epe eta estilo askotako poemak biltzen ditualako. 36 lan guztira, Koldo Izagirreren sarrera eta bibliografia eta diskografia alde batera utzita. Hori guztiori kontuan hartuta, liburua, txikitasunean handi dala ohartuko zara, poemarik ezagunenetakoak batzeaz aparte, bestetariko informazino asko be emoten dau eta.

Kaiera honetara epe eta estilo askotako poemak biltzen direala esan dot. Ia poema guztien oinean, zein urtetakoak direan ageri da eta, batzutan, nork abestu dauzen. Sano ezagunak dira, berbarako, “Txoriak txori” eta “Maite ditut maite”, biak be Mikel Laboak lau haizetara zabalduak. 36 poema horietatik gehienak, Ortzia lurrez, lurra izarrez (1994) liburukoak dira, eta nire eretxian, hori ez da kasualidadea.

Literatur ibilbidea

Isturitzetik Tolosan barru… (1969) liburuan, J. A. Artzek bide barriak irekitzen dauz. Juan San Martinen berbetan, “konkrezioa, plastizidade, fonetika, ritmoa erabiltzen ditu adierazpen osoagoa lortzearren”. Liburu horretako poema esanguratsuak sartu dira kaiera honetan, hain justu be, “Lanalanalana” eta “Makinatalana”: makinak gizakia murrizten dauala agertzen da hoskidetasuna, hitzen hurrenkera… kontuan hartuta.

…Laino guzien azpitik… (1973) eta …eta sasi guztien gainetik… (1973), liburu biak, Zumetaren irudiakaz batera argitaratu ziran, eta testua eta irudia estu-estutik lotuta dagoz. Horrexegaitik ez dira sartu kaiera honetan poema banaka batzuk baino, irudiak alde batera utzi direalako, eta poema gehienak koxo lotuko zirealako irudien faltan.

…Bide bazterrean hi eta ni kantari… (1979) bene-benetako esperimentazinoa da. Liburu honen erakusgarri, esku artean dogun honetan, hiru poema ageri jakuz. Irakurleari lan egitea eskatzen deutsoe, berak osatu behar dauz-eta poemotan falta direan testuak. Zenbakiakaz be esperimetazinoak egiten dauz Artzek, zenbakioi be musikalidadea atara gura deutselako. Berben eta zenbakien irudiak dira.

Ortzia lorez lurra izarrez (1987) liburukoak dira hemengo testu gehienak. Eta lehen be esan dot, nire eretxian, hori ez dala kasualidadea. Liburu mardula da hori eta danerik jasoten dau: sententzia laburrak, poema luzeak… Liburu honetan berbaz baliatzen da irudiaz baino gehiago, aldea deko aurreko liburuakaz alderatu ezkero. Horrexegaitik emoten dau joko gehien holango bilduma bat egiteko. Liburu honetakoak dira, ulerbidez, “Bi punturen artean” sententzia laburra eta “Gauero itzaltzen da” aurkakoen arteko olgetea.

Le monde est un un grand homme et l’homme un petit monde (1994) eta Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat (1998) liburukoak dira beste poemak, aurrekoen haritik doazenak baina barritzaileak honeek be, esaterako: pertsona batzuek alkarregaz berba egiten dabe eta bakotxaren berbetea hizkera modu bategaz markatuta dator (“Bat gara guztiok, ez larrumintzez, bai bihotzez”).

Horrenbestez, esango dot liburu fina dala hau, gustu handikoa, dotorea. Erritmoa, soinua, ikusmena uztartzen dauz, baina irudimena da jaun eta jabe. Poesia esperimentalaz gozetako aukera ezin hobea. J. A. Artzeren berbak erabiliko dodaz amaitzeko, esku arteko hau hobeto aditzen lagunduko deuskuelakoan: “Poesiak ederra izan behar du azalez eta barruan edukia, esanahia gorde (…)”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak