kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Iparraren bila / Jean Louis Davant / Elkar, 1986

Iparraren bila Igone Etxebarria / Idatz & Mintz, 1987-12

Elkar argitaletxeak 1986an Donostian argitaratua da Jean Louis Davant idazle zuberotarraren nobela hau.

Jean Louis Davantek orain artean hainbat lan egin izan ditu aldizkari ezbardinetan, eta baita gai guztiz ezbardinetaz. Idazle moduan olerkari zein prosalari dogu.

Oraingo honetan nobela da landu dauan generoa. Dana dala originaltasunerako ahalegin bat igartzen jako batez be nobelaren antolaketan.

Nobela irakurten hasiaz batera ikusten dogu zeozer gertatu dala, ekintza baten amaiera dala suposatu geinke. Eta holan da izan be, hori hartzen bait dau idazleak aitzakitzat aurretik gertutako guztia azaltzeko. Beraz, amaiera aipatu eta hasierara jotzen dau horri dagokion azalpena emon guran. Hortik aurrera denbora aldetik orden kronologikoari jarraitzen jako barriro amaierara arte, hasieran aipatukoagaz lotuz. Baina liburua amaitzen dan arren, ez da bardin gertatzen ekintzagaz. Azkena interrogante moduan gelditzen da.

Johañe Rekalte dogu nobelaren protagonista, eta hariari lotura emoten deutsona. Baina bere inguruan gai asko azaltzen dira, bai zuzen bai zeharkako bidez. Johañe Zubernoarra izanik, Zubernoa Iparraldean dagoan beste herri bategaz, Hibernia deritxona, gerran hasten danean, Johañe bere herriko soldadu moduan doa Hiberniarantz. Baina gerra hau dala ta gauza asko salatu eta kuestionatzen dira narrazioan zehar: germen zentzua bera, etsaien izakera, soldaduen arteko harremanak, maitasuna. Gai guzti honeek Johañek egunero idazten dauan egunkarian azaltzen dira.

Zubernoa eta Hibernia artean zelai zabal bat dago inork ez dakiala batarena ala bestearena dan. Zelai horretaz jabetzea izango da herrialde biak gerrara bultzatuko dauzan arrazoia. Baina liburuaren hasieratik argi dago planteamentu horrek ez daukala ezetako oinarri ez susterrik. Zer esan bez, hortik aurrera gerra bera kontatzen danean. Zubernoako soldaduak etsaiengandik ihes egiten dabilz behin eta barriro, baina inoiz ikusten ez dan etsaia dogu.

Maitasunari buruz, era bitara ikusi daitekela esan daikegu. Alde batetik, soldaduen artean sortzen diran adiskidetasun eta harremanak. Bestetik, Johañek Irenagaz daukan harremana. Adiskidetasun edo maitasun sentimenduak zintzoak dirala pentsatu daiteke, baina beti dagoz beste arazo batzuen menpean. Soldaduen kasuan, euren arteko adiskidetasunaren gainetik dago gerra. Irenaren kasuan ostera, Johañe ta bera banatzen dauzan gerra, eta baita herri, gizarte mailan hartuta dituan konpromisoak. Hain zuzen be, Irena sindikatuan sartuta dago buru belarri, eta horrek dakarzan ardurak bere arazo pertsonalen gainetik dagoz.

Herri eta gizarteagazko konpromisua argi argia da bai Irenaren partetik sindikatuan egiten dauan lanaren bitartez, bai Johañeren partetik. Hau dala ta Prokuradoreak Johañe bilatu eta atxilotzeko agindua emoten dau, probokatzaile, eragile eta herri mogimentuetan aitzindari izateagaitik. Nobelan zehar ostera, badirudi guzti hau ezereztu egiten dala. Baina azkenean, Johañek kargu honeetatik askatzea lortu ta gero ihes egitean, dudarako atea zabaldu egiten da, eta zalantza horren planteamentua da izan be, liburuari amaiera emoten deutsona: “Gizon lanjerosa ote den Johañe Rekalte, ala nahasia gure herri hau… Dena dela, gertakari bitxia, agian egun batez argituko dena”.

Narratzeko moduari buruz be zeozer esango dogu.

Narratzaile bakarra dogu liburu osoan: Johañe Rekalte bera, lehenengo pertsonan idatziz. Nobelaren hasiera eta amaiera kenduta, beste guztia berak egindako narrazioa da, bertan egoerak deskribatu, alkarrizketak, eta burutazioak tartekatzen dituala. Narrazio honen zati bat diario moduan eginda dago.

Baina bai hasieran bai amaieran era objetibo batez emoten jakun informazioa ere badago. Objetibotasun hau lortzeko idazlea errekurtso ezbardinetaz baliatzen da: eskutitzak alde batetik eta aldizkarietako barri eta erreportaietaz bestetik. Biok transkribitu egiten ditu narratzailearen zeregina ezabatuz.

Beraz, era ezbardinetako txatalak tartekatu egiten ditu idazleak beti ere hari berari jarraituaz.

Hasieran esan dogu Jean Louis Davant Zuberotarra dala. Hau kontutan hartu beharreko oharra dogu liburua irakurtzerakoan, bai agertzen diran tokiak dirala ta, baita hizkeraren arloan. Berak darabilen euskera batua dala esan badaiteke ere ez da guztiz zehatza, edo ez da nahikoa behintzat hori esatea zubereraren ezaugarri asko tartekatzen ditualako, hiztegi, aditz, morfologia eta joskeran ikusi daitekenez. Baina hala ere, testuaren ulermenak ez dau alde honetatik eragozpen handirik eta, jakina, irakurleontzat guztiz aberasgarri gertatzen da liburuaren alde hau.

Ez gara hemen hasiko nobelaren esanahi sakona zein dan asmatzen, hori irakurle bakoitzaren esku dago, baina bai ohartu erealitateagaz zerikusi nahiko handia euki leikela, bai orokorrean bai egiten dituan salakuntza puntualetan.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak