kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gabeko atorra / Jose Basterretxea "Oskillaso" / Ibaizabal, 1988

Oskillasoren nobela barria Adolfo Arejita / Idatz & Mintz, 1991-12

Irakurri barri nago Jose Basterretxea “Oskillaso”-k idatziriko eta 1988-ko Durangoko Azokara aurkeztu zan nobela bat: Gabeko atorra daroa izenburutzat.

Argitalkuntzak —Ika-Ibaizabal argitaletxearen eskutik jatorku liburua—, baditu akats parkatu ezineko batzuk, beharbada azken orduan eta presaz atera izanagaitik edo sortu diranak. Esaterako, azalean ez daroa idazlearen izenik; anonimoa dirudi. Barruko azalera begira behar da, egilea Jose Basterretxea “Oskillaso” dala jakiteko. Inprenta hutsez josita dago, eta horrek be, zetan ukatu, edizioari duintasuna urritzen deutso. Eta azkenez, azaleko eta barruko irudiei begiratu ezkero, pentsau leiteke eskola-umeentzat edo gaztetxoentzat sorturiko irakur-liburua dala. Letra tipoa, diseinua, mantxaren formatoa eta abar ez ditugu aitatuko, atsegingarri ez jakuz egin baina.

Baina heldu deiogun gaiari. Pozarren ozta irakurri dot Oskillaso-ren lana. Oraintsu oraindino irakurri neutsazan inglesetik laburturik euskertu ebazan obra eder bi: Charles Dickens-en David Copperfield, eta Mark Twain-en Erregegaia ta eskekoa, eta bitzutan erabilen hizkerea asko gustatu jatan. Lehenengoa itzulpeneko saioetan nerabilelarik, ikasle batek esan eustan: “Neure amamak be ondo ulertuko leuke euskera hau”. Eritxi baliokoa Oskillaso-ren hizkuntz estiloa adierazteko.

Baina gatozan “Gabeko atorra” nobelara. Zer nabarmendu leiteke Oskillasoren nobela honetan? Lehenengo, erregistro ugaritasuna. Hau ez da beragan gauza barria. Hau ez da beragan gauza barria. Kurloiak idatzi ebanean be solaskideak bakotxa bere euskeran mintzatzen ziran, nor bere dialektuan. Harrezkeroko nobelaren baten be bardin ikusi deutsat, jakina, pertsonaiak euskaldunak ziranetan. Oraingoan be beste hainbeste. Mariño protagonistea bizkaitarra da, Gernikaldekoa dirudienez. Begoña, kiputza, Donostiatik hurreko herri edo uri hazi batekoa. Lantzean behin agertzen diran beste batzuk be kiputzak: Gallastegi, Epelde, Olaizola, etab. Solaskideok darabilen berbaikuneagaitik, eta baita euron esakera eta berbaldietatik, berezko sundea darioe alkarrizketei, benetako antza dabe, sinesgarriak dira. Narratzaileak, ostera, hizkera landua darabil, bizkaiera literarioa edo. Halandabe, korapilo handi bakoa, ahozkotik asko aldendu bakoa, morfologia gorabehera.

Dana dala, ulerterreza eta adierazkorra, aldi berean. Etorrialako jarduna, baina gure herrietan entzuten dan moduko bizitasunaz betea.

Oskillaso-ren beste birtuteetariko bat, deskripziorako gaitasuna da. Beronen deskripzioa ia etnografikoa bihurtzen jaku. Franco-ren (azken?) denporako gizartearen espilu dotorea izan leiteke nobela hau. Ez beharbada aldi horretako politika prolematikaren aldetik, eguneroko bizitza xehearen aldetik baino. Estudiante giroa, jai eta erromeriak, jatetxeak eta eurotako menuak, kafetegiak, ezkontza eta ezteguak, kaleko jendearen joan-etorriak, kaleko pisuak eta euron barruak, lana eta oporraldiak, adiskide eta lagun arteko giroa, e.a.

Euskeraz erabili bako edo behintzat gitxi landuriko hainbat gizarte gertaera deskribitzen ditu zertzeladarik txikienaz, ia-ia zinematografiaren xehetasunaz. Gaurko uri kulturako hainbat tresna, objetu, jokaera eta arazo euskeraz darabilz. Euskeraren bidez interpretatzen ditu gaurko giroko bizimodu eta gizarte harremanak. Euskeraz bizi dau gaurko bizitza urbanoa.

Euskera hori, beste alde batetik, “nahastaua” da, baina zentzurik onenean. Bildur barik sartzen ditu erderatiko berbak, euskaldunon ezpanetan arruntak badira behintzat. Lexiko aldetik nasai jokatze hori dala-ta be, errez iruntsi eta sinestekoa bihurtzen da obra.

Oskillaso-ren umorea be atsegin bihurtzen jako irakurle euskaldunari. Mariñok nmazteari emoten deutsazan azalpen h eta arrazoiak, soilak baina indartsuak, errez aitzekoak baina logika handikoak, imoretsuak ohi dira askotan. Nobelako eskena batzuk bardin: Bordelera sartu ezinda bikoteak dituen atzera-aurrerak eta gendarmeagazko hartuemona; autobideko atsedenlekuan Begoña bertan behera gelditzen danekoak eta beste hainbat, barre gozatsu egitekoak dira. Euskal idazleetan gitxitan ikusten dan umore modua, berezkoa eta benetakoa.

Gai eta argudioa soilak ditu nobeleak. Gutariko edonoren bizimodua nobelaturik. Arrunta da hango ia dana. Beharbada, soiltasun horretan dagoke obraren alderdi makala ere. Arazo astunik ez dau astintzen, ekintza gertatzen daneko garaian Euskalerriak bizi izan eban giro mingotsak eta euskal jende askoren kezka larriak ez daukie leku handirik nobelan. Giza alderditik be ez problematika mardulik.

Denboraren aldetik lineala da, baina eten handiak dagoz gertaera batetik bestera. Jarraiko kontaera baino zatika harturiko bizialdiak dira irakurten ditugunak. Gertaeren denborea, dana dala, ez da horren luzea be; neurri onekoa neure aburuz.

Irakurtea maite dauanari, euskeraz irakurtea berariaz, nobela honi astialditxo bat eskeini degion eskatuko neuskio. Igarri be barik joango jako denborea eta ez jako damutuko hain irakurgai atseginaz asetua.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak