kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ipuin arinak / Jabier Gorostiza / Labayru, 1989

Ipuin arinak Igone Etxebarria / Idatz & Mintz, 1991-12

Jabier Gorostiza gernikarraren lehenengo liburuaren argitarapena, eta, Urtarrilaren 25ean Gernikako Kultur Etxean egin genduan aurkezpena zala ta hurrengo lantxo hau prestatu neban, orain aldizkari honetarako egokitu dauana.

Jabier Gorostiza gernikarra da. Profesioz medikuntza aukeratu dau, baina ageri danez letretarako zaletasuna be badauka. Zaletasun hau arlo ezbardinetara bideratu dau bestalde. Labayru Ikastegiaren inguruan gabilzanok, Jabier Gorostiza, Goros, euskerazko irakasle ezagutu dogu lehenengo, edo hobeto esan, ikasle. Irakaskuntzan bai hizkuntza (joskera, aditza) bai literatura arloak landu ditu. Baina horrez ganera idazle lanetan agertu dau bere burua aspalditxotik, ipuin eta narrazio laburren alorrean batez be. Idazteak, ostera, aurreko beste lan bat eskatzen dau, irakurtea. Norberaren jakituriaz ganera, eredu egokiak, estilo aberasgarriak, teknika ezbardinak bereganatu behar ditu idazleak. Eta, jakina, hau amaigabeko lana da, inoiz ezin esan daiteke pertsona batek dana dakianik, asko dakienak badagozan arren.

Jabi Gorostizak izan dauz aurretikoak arlo guzti honeetan. Esaterako, Gernika herrian sortutako idazle, euskalzale eta literaturgileak hainbat izan dira. Hor daukaguz Gandara, Seber Altube, Luis Villasante, Jose Antonio Arana Martija…

Azkenerako itxi dot, (apropos), gure arteko beste idazle gernikar gazte bat: Laura Uruburu, hain zuzen be, Gorosen moduan, bere lanak Labayru Ikastegiaren inguruan atara dituena, eta lanik luzeena, Dalila nobela laburra, “Galburua” deritxon liburu sorta honetan atara dauana.

Beste alde batetik, Jabier medikua izanda, idazteko zaletasuna erakustea bati baino gehiagori arraro egingo bajako be, esan behar da, profesio, eta batez be ikasketa mota askotako jendea urreratzen dala literaturara. Izan ere, literatura beste edozein arteren moduan, gustu kontua da, eta ez dago, berez, beste ezeren kontra eta ez dau beste ezer baztertzen. Gure artean, guzti honen adibiderik argiena, akaso, Bernardo Atxaga litzateke. Ekonomia ikasi ostean idazle, eta ez edozelakoa barriz, bihurtuta.

Euskal literatura bera, orain urte gitxirarte, abade eta Eliza inguruko jendeagaz lotu izan da. Eta izan be halan izan da neurri handi baten. Baina beste arlo batzutako jendea be hurreratu izan da euskal letretara, ezagutzen ditugun lehenengo testu idatzietatik hasi eta gaur arte. Beste arlo honeetatik, esaterako, lege-gizonak aipatu daitekez: adibidez Lizardik legeak ikasi ebazan, Eizagirre (Ekaitzpean) lege gizona zan. Kirikiño bera fisika-matematikatan zan aditua eta irakasle, mende honetakoak aipatzearren. Eta lehenagokoen artean Oihenart legegizona eta historiadorea (XVIII), Eusebio M. Azkue Nautika irakaslea izan zan, Jose Manuel Etxeita itsasgizona.

Medikuak be izan dira, jakina. Joanes Etcheberri Sarakoa (XVIII) Ondarrabi eta Azkoitian mediku egon zana, edota Jean Etchepare mirikua (XIX-XX), Mogeldarrak be mediku familian sortuak dira, idazleak mediku izan ez ziran arren, batzuk aipatzearren. Eta, jakina, Jabier Gorostiza be talde honetan sartuko dogu aurrerantzean.

Baina gatozan Jabiren lanera, eta gaur hona batu gaituen gaira, hau da, IPUIN ARINAK izenburuagaz argitaratu barri dan idazle barri edo “nobel” honen lanera.

Liburu labur honetan 12 ipuin batu ditu. Batzuk lehendik ezagutzen genduzan, soltean eta urte ezbardinetan argitaratuta egozan eta. 1985-7 bitartean hemengo hiru ipuin argitaratu ebazan ldatz & Mintz aldizkarian. Baina horrez ganera “Re Minorrean, KV 626” ipuinagaz akzesita atara eban 1985eko ldatz & Mintz lehiaketan. Badakigu jakin, Jabik aspalditik euki dauala holako ipuin labur, edo izenburuak dinoanez “arinen” sorta bat egin eta liburutxo bat osotuteko gogoa. Eta, bai lehenago egindakoak, bai asmo honen emoitza diran beste honeek batuta, hona hemen liburua osotuta. Behar bada, ez ditu gogoan euki dauzan ideia guztiak burutu, baina, 12 ipuin ez da kopuru txarra, eta holan beste baterako aitzakia geldituko jako.

Berak IPUIN ARINAK deitu ditu. Ipuin edo narrazio laburren itxuran egituratuta dagoz, eta hortik izena. “Arinak” adjetiboa, batez be errez irakurtekoak diralako uste dogu jarriko eutsala.

Ipuinak berez ez dauke alkarregaz zerikusirik. Istoriak oso diferenteak dira batetik bestera, bakoitza leku ezbardin baten gertatzen da, pertsonaiak eta giroak be aldatu egiten dira.

Hala ere, badira danetan, edo orokorrean behintzat, ezaugarri bardintsu batzuk, nahiz eta detaileak ipuin bakotxean era batera edo bestera zehaztu.

Lehenengo ta behin generoa aitatuko dogu. Ez da erreza genero mota baten sartzea ipuinok, baina zeozelan sailkatzekotan genero poliziakoa eta nobela baltza jarriko neukez erreferentziatzat, ingles umorearen antzeko ironiazko tratamentuaz. Guzti hau apur bat argitzen ahaleginduko naz.

Narrazio guztiek egitura bateratsua dauke. Narratzaile batek istorioa kontatzen dau intriga sortuz. Badirudi hariari ondo jarraitzen deutsagula eta argi dagoala irakurten goazena. Baina amaierara heltzean, azken parrafoan, oso lerro gitxitan, istorio horren kontestua azaltzen da eta orduan irakurlea eskemak apurtuta itziko dau, normalean amaiera hori gitxien uste eban lekutik atara daualako. Azken parrafo honetan, narrazioan sortzen joan dan intrigari amaiera emongo jako, ekintza behar dan moduan girotu, kokatu eta argituz. Baina azalpen hori harrigarria egingo jako irakurleari, gitxien pentsatuko ebana dalako.

Intriga sortu eta askatzeko modu honi gehitu behar deutsagu, gehienak istorio Hun eta arraroak dirala, inoiz makabro be esango neuke.

Esaterako, heriotza asko dago liburuan zehar. Hala ere, ez da liburu gogorra, ez dago indarkeriarik. Heriotzak eta, ekintza orokorrean, fina da, apurka apurka, ekinez ekinez beteko dana.

Beste alde batetik, narrazio gehienak lehen pertsonan idatzita dagoz. Beraz, narratzaileak berak kontatuko dau bere heriotzaren barri, edo dana dalako istorioa.

Esan dogu istoriak arraro edo berezitxoak dirala, hau da, eguneroko bizitzan gertatzen ez diranetakoak. Horregaitik beharbada, idazleak Euskal Herritik kanpo kokatu ditu, beti hiri handiak edota pelikuletatik ezagutzen ditugun kontestuetan gertatzen dira ekintzak.

Honetaz askotan berba egin izan da lehenago be: ia istoria poliziakoak Euskal Herrian girotuta, eta ganera euskeraz idatzita, sinisgarriak diran. Egon badagoz holako nobelak euskeraz idatzita, esaterako, Kontrabandoa dala-ta legez kanpo jokatu, edo hilketak eta antzeko tramadunak. Gogoratu adibidez Amabost egun Urgainen, Andu Lertxundiren Kareletik. Gotzon Garateren nobelak be eredu honetakoak lirateke. Ez dira asko, egia esan, baina autortu daigun genero poliziakoa ez dala asko landu gure literatura barri eta gazte honetan.

Jabier Gorostizak nahiago izan dau kanpo lekuetara jotea bere lanen intrigak eta ekintzak sinisgarriagoak gertatuko diralakoan, Paris, Florencia, Alemania, Inglaterra… eta, zehatzago, giro berezia daukezan auzo eta aldeak izango dira ekintzen gertaleku. Honek bestalde, egokitze lana eskatzen dau: pertsonaien izenak, lekuak, giroak, etab. alkarreri lotuta egon beharko dabe, eta halan dagoz egon be.

“Bisitaldia” ipuinean, ekintza Edimburgon gertatzen da. Pertsonaiak Mrs. Sabinston, Mrs. Paris eta New Zeland-etik datorren Arnold lobea dira, eta Victoria estiloan eraikitako mansioan bizi dira.

“Florencia. 1457” ipuinean giroa italiarra da, jakina. Ludovico, Francisco Ercole eta antzeko izenekaz batera, Sforzzako dukearen jauregia, Rezzanako monastegi beneditarra eta abarrek, dagokon giroa emoten lagunduko dabe.

Sinisgarritasuna indartu egiten da pertsonaiak bere gogoetak lehen pertsonan kontatzeagaitik. Teknika honek pertsonaiaren barruko sentimentuak, gogoetak eta momentu guztietan zer uste dauan jakiteko bidea emoten dau.

Egoera sortzeko, edo norbaitek bere istoria kontatzeko aitzakia, ezbardina da ipuin bakotxean. Batean eskutitza da, beste batean diarioaren formula erabiliko dau, elkarrizketa baten laburpena beste batean… Honek denboraren ikuspegia be aldatu leike, segun eta narratzailea gertatuko dana aurreratu, gertatuta dagoena kontatu edo komeni dan abiapuntuan jartzen dan.

Ondorio moduan, labur-labur esango dogu, ipuinok errez eta arin irakurtekoak dirala. Irakurlearentzat atseginak dira, ipuinaren amaierararte heldu behar dalako azkena zelangoa izango dan jakin ahal izateko.

Eta amaitzeko, bakarrik falta dot lehenengo liburu honengaitik Jabiri zorionak emon, eta buruan gelditu jakozan beste ideakaz lan honetan jarraituteko animatu daiten esatea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak