kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Hau mundu arrano hau / Juan Bautista Bilbao "Batxi" / Susa, 1997

Hau mundu arrano hau Adolfo Arejita / Idatz & Mintz, 1997-12

Zemendiaren erdiruntz aurkeztu dabe Iñigo Aranharri eta Koldo Izagirre idazleek, mende honen bigarren hamarkadako kronikagile arratzuar baten kazeta-lanekin osoturiko liburu bat, Arratzun bertan halan be. Kronika-bildumari izena emoteko, idazleak sarri darabilen berba bat, arranoa, hautatu dabe, gaurko munduari dautsan esakera baten barnean: Han mundo arrano hau (Susa 27, Zarauz 1997).

Behin banan berba egin eben batak eta besteak, bateko egilea nor zan eta zelan heldu diran haren nonzeharriak ezagutzera, eta besteko edukiaren guna azaldu eta lanen meritu eta balioak garantzen ebezala.

Osteko azalean zorrotz zigortzen gaitue batzuek eta besteok. Batxi horren aztarrenik orain artean ez izateagaitik. Haror guri be egotzi deuskuen zirikadea: “Bizkaitarra zen, eta Labayruk ez daki”. Eta euskal literaturaren aztertzaileoi emoten deuskuen epai astuna: “Zer edo zer larri egin zuen Batxik, gure literaturaren historia tristean lekurik lortu ez izateko”. Horretan arrazoi santua dabe.

Zeozer badeuskue zor horratino Labayrutarroi liburuorren atontzaileek. Gure Ikastegiak Sutondoan bilduman argitara emoniko Kirikiñoren bildumen bidez hartu eutsen arrastoa Batxi horri, eurek autortu euskuenez. Izan be, Batxi gora eta Batxi behera dabil Kirikiño Euzkadi egunkarian 1914an, Zornotzan egitekotan diran euskal idazleen bazkaria dala-ta. Edo geuk edo iñok ez. Euskerearen alde izeneko biduma taiutu ebanean, alkarren jarraian ipini zituan Xabier Perea Labayrukide zuhurrak bazkari horren inguruko txatal guztiak, eta egiteko diran zorioneko bazkari horren inguruko ohar guztietan, txitean pitean darabil luma puntan Batxiren izena Kirikiñok. Bera itsasotik noiz etorriko dagoz eguna izendatzeko. Zertzelada horrek erne ipini zituan gure lagon giputzok: nor ete da Batxi hori, danak beraren pentzuan egoteko eta bera barik idazle bazkaririk egin ezin izateko?

Handik geroagogarrenera Kirikiñoren hirugarren bilduma, Guda Nagusia. 1914-1918 izenekoa atera genduan eta han dator jazorik, birritako aldiz be, “Bilbao eta Elgezabal’tar Batxi” deritxon hori Bordeleko itsasahotik hurrean galdu zalako barria, bera joian karga-untziak itsas lehergailu bat jo ondoren. Handik egun higarrenera, “Ez dira agertzen” izenekoan, Batxi euskalzale adiskidea bizirik egoteko itxaropen guztiak galdutzat emoten dituo nahigabe handiz kazetari mañariarrak.

Gudu aurreko egunkari eta aldizkarietan euskal literatura kritikako lanak arakatzen ebilzala, Euzkadi egunkarian hara barriren barri non egiten daben topo Batxi horren izenpeaz: 1913ko abenduan hasi eta 1916ko urtarrilerarteko epe laburrean eginak dira guztiak, heriotzeak eroan eban arte, jakina. Baina hain denbora gitxirako, ugariak eta ernegarriak dira. Haren albista-kronikak irakurri ahala, jakingurea eta harridura.gehituz joan jaken gure ikertzaileoi. Beronen idazlan guztien kopiak atera eta idazlearen zidurrien bila hasi ziran. Hasieran inondik jakiten ez “Batxi” horren aztarrenik: Gernikaldekoa zana bai, baina ezin igarri urikoa bertakoa ala alboherriren batekoa. Akabuan, Gernikako epaitegira itaunez joan ziranean, hango behargin neskatila batek askatu eutsen korapiloa: neure aitita zan. Hatatik hornidu ahal izan dabe gero hobeto haren biografia, liburu-azaleko argazki dotorea eta guzti.

Batxiren kronika-moltso guztitik irakurleontzat interesgarrienak hautatu ditue: erBestetik bialdurikoak, zama-untzia porturatzen zan lekutik Gibraltar, Rotterdam, Savona, Sagunto, Newcastle, Cardiff, Venezia, Sfax, Genova, Durban, Lisboa, Anberes, Errumania eta beste.

Zer dala-ta Batxiren kronikei liburu bat eskaini? itandu lei nok edo nok. Horren ona ete da ba idazle hori? Nik esan neiana da neuri eretxi ona emon deustala: erraz eta atsegin handiz irakurri dot guztia. Telebista-pantaila aurrean eukitea legez izan da hak irudikatzen dituan gizarte-koadruak irakurtea. Jendea —ingelesak, flandiarrak, italiarrak dirala, gizonak, emakumeak, gazteak, umeak dirala— zer moduzkoa dan, behargin edo alperrak, zintzo edo malmutzak, armeniarrak euskaldunen antzekoak ete diran eta antzeko gauzei erreparatzen deutse; gizarteko hartuemonak, salerosteak, barriketak, nahasteak, ohiturak zelakoak diran herrialde bakotxean, gerra giroa zelan abietan dan lurralde bakotxean, jendearen sentierak zeintzuk diran, leku batzutako abertzale giroa… Ikusten dituan parajeak deskribatzen be maisu dogu: kaleak, etxeak, ibaiak, mendi-ibarrak. Paisaije biziak dira eskeintzen deuskuzanak, gizakiak gizaturiko inguruak, ez hilak. Holakoak dira Batxik paperean isurtzen deuskuzan kontuak. Tokian tokiko egunkariak izango ditu, besteak beste, informazio iturri. Hizkuntza batzuk be baekizan horretarako, ingelesa eta italiera euren artean. Zan gaztea izateko ezta gitxi.

Batxi, euskalzale eta abertzale sutsua izatez batera, munduzale handi lez agertzen jaku. Itsasgizona izanik, ezin bestetara izan. Jose Manuel Etxeita, Josetxo eta Jaioterri maitia elaberrien egilea be halakoa zan. Ez ete zituan irakurri izango Batxik haren lanak edota Tx. Agirrerenak, edota Azkueren zerbait? Ze ezin ukatu ginai, badakiala idazten. Baleiteke beraren idatziak Kirikiñok berak Euzkadi-ko idazkaritzan zertxobait orraztu izana. Baina estiloa bere-berea da: berez-berezkoa; ez dago alde handirik ahozkotik idatzira haren berbaldietan: berbak ahozko antzera kateatzen ditu eta aurreretxi gitxigaz eta bildur barik sartzen ditu berbaz darabilzan esakera eta berbeta-moduak. Horrexegaitik jaku hain begiko haren idaztankera. Eta inon antzik izatekotan, Kirikiñorena berarena dau idazten: tankera beretsua dabe batak eta besteak kontaketan diharduenean. Esango neuke, bera dauala maisurik zuzenena.

Aranbarri eta Izagirreri zor deutsegu, ezaguna ez genduan idazle trebe hau ezaguarazotea. Ez edozelakoa barriz, oraindino hogeita sei-zortzi urteko gizon gazte zala kontuan izan ezkero. Alperrik da orain gogoeta hastea, zer neurritako idazlea izan zeitekean, hondamendi lazgarri hatatik onik urten balen. Joanari ez dago atzera eragiterik. “Emonagaz kontenta hadi” dino errefrauaren atzenak, eta hatatik epaitu behar dogu Batxi, ze gainera kasu honetan emona ez da gitxi.

Zan denborako idazlea izateko, eta inguruan ze idazle modu egoan euskeraz ikusita, dauan estilo eta freskotasunagaitik, gorengoen artean behar dau aulki bat Batxik, behinik behin kazetaritza landu dabenen artean. Hain gaztea izateko, heldutasun handia darakuslanetan.Lekukoek dinoe irakurten eta idazten emoten zituala itsas ibilietan ordu luzeak. Gogoa eta sena eukan horretarako. Gure aburuz, ez zan idazle bihurtu aberriaren alde zer edo zer egiteko bakarrik; lumatik berez dario berbea, idazteko jasa eta sena dauka, edo nahi bada, bokazioa. Eta danaren gainetik, dohai egokiz horniduta dago horretarako: zentzun handia, begi zolia obserbaziorako, gizonak ezagutzeko ahalmena, giza taldeen nondik norakoak begiz joteko zuhurtasuna. Bestetik ez dogu eleizgizon moralista bat be. Ezta serioegia be. Umorea, ironia eta alaitasuna dario alde guztietatik. Batez be giza kuadroak marrazten dituanean, endemas alkarrizketetan.

Hizkeraren gaurkotzeaz

Eskertzekoa da ediziogileek autorearen euskalkia jagon izana. Begirune handiagoz jokatu dabe horretan beste batzuk egin daben haino. Zintzoago jokatu dabe Kirikiñoren Abarrak eta Bigarrengo abarrak edota Domingo Agirreren Kresala jatorrizkoa ez dan euskera-eredu baten, zein da berea balitz legez, saldu deuskuenak baino. Egilearen hizkerea gaurkotu bai, baina horratino bizkai euskera ereduari eutsi deutse.

Irakurle gazteak gogoan dirala eginiko gaurkotzea danezkero, erruki barik labainea sartu dabe deritxoen guztian, aranatar neologismoetarik hasita. Halako edizio baten arrazoizko dirudi bakaldun barik errege erabilteak, edo txindi, txadona edo donoki berbak baztertzea. Aditz jokoan erabili dituezan erizpideak be gehien baten ontzat emon leitekez. Menderagailuen kasuan tradizinoz ditugun -an / -ala formen lekuan -en /-ela hautatzeak be badau bere untzea, batez be nor / zer aniztunen kasuan: dagozan adizkiaren atzean dagoz(a) dago, bokal zaharra a da hor. Bestetik, mendeko aditzetan gogortxo egiten da bizkai ereduan helduz gero irakurtea, ekanduz (h)eldu ezkero edo (h)elduezkero beti ikusi izan dogunean.

Deklinabidean zer dala-ta baztertu da gaitik zahar eta jatorra, eta ordez -gatik erdi-ekialdekoa sartu? Bizkai euskerearen ezaugarri tinkoetarikoa dogu –gaitik / –agaitik / –akaitik. euskalki honek bereizgarririk izatekotan. Bestetik, zer dala-ta baten taiuzkoa batean bihurtu, mendebaldekook aurkaritza baten / beste baten edota batean / bestean egiten dogunean?

Hiztegian hautatu diran aldaera batzuk be ausartiegiak begitandu jataz. Txadon ez darabilen Bizkaiko idazle batek eleiza idatziko leuke beti, eliza barik. Era berean guztia/-ak ez erabiltekotan, dana/-ak erabiliko leuke, baina nekez dena, eta hitz horren jatorria den / dan adizki erlatiboa izateak ez dau kentzen, behin lexikoturiko berba horri itxurea aldatzea, bizkai euskerearen itxura-ezaugarrietarikoa dalako hori. Beste hainbeste esango neuke testu gaurkotuan agiri diran utzi (itxi), elkar (alkar), aitortu (autortu) eta beste batzukaitik.

Amaitzeko, Hau mundu arrano hau irakurtea gomendatu irakurleei, bizkaitar eta enparadu guztiei. Zor deutsagu orain artean ahazturik euki dogun Batxiri eta zor deutsegu edizioa atontzen ordu luzeak emon dituezan adiskideei. Goitik behera irakurri dateke izkribatzaile bati egin gineion omenaldirik onena. Eta kasu honetan behintzat ez dozu alperrekoa izango.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak