kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Jon Gurea, Parisen hatzana / Karlos del Olmo Serna / Euskaltzaindia-BBK, 1999

Literatur balioa antzezpenaren gainetik Ritxi Lizartza / Idatz & Mintz, 1999-05

Euskal antzerkigintzan, sarietara aurkezten diren antzezlan gutxi taularatzen dira. Eta muntatzen diren apur horrek gehienetan aktoreek berek idatzitakoak izaten dira. Izan ere, beti iruditu izan zait badagoela alderik antzezlanak literaturaren ikuspegitik idazten dutenen eta aktoreen zein antzerki-taldeen beharren artean. Bestalde, literatur balioa omen duen antzezlan batean erabili ohi den euskara maila, literarioa, sarritan urrun geratzen da gaur egun aktoreek esan eta interpretatu eta ikusleek bereganatu dezaketen mailatik. Komunikazio prozesua ez da betetzen eta obra horrek ez du arrakastarik izaten. Maiz gertatzen da egileek ez dituztela ezagutzen aktoreen beharrak, ezta testu bat esana izateak dituen aurrebaldintzak ere. Disoziazio hau ez da gertatzen aktoreen erosotasunagatik edota errazkeriagatik, edo ikusleen ulergarritasuna bideratze hutsagatik. Aitzitik, gure hizkuntzaren arto asko ez dagoelako inguratzen gaituzten beste hizkuntzetan bezain garatuak (erregistro estandarizatuak, konbentzioak, eta abar), eta gure hiztun-entzuleen konpetentzia maila ez delako gaur egun beste hizkuntzetako hiztunen parekoa.

Beraz, kasu askotan sarietara aurkezten diren antzezlanak ez dira izaten, bere horretan, antzezteko modukoak. Batetik, lan asko eta asko irakurriak izateko direlako —eta ozenki irakurriak izateko ere ez dira egokiak gertatzen—, jendaurrean esanak izateko baino. Eta, horretan oinarrituta, lantzen den helburu literarioa ere irakurketatik gertuago dagoelako testu hori entzuna izatetik baino. Ez da planteatzen dramaturgiari bidea eman behar diotela eta antzerkigintzaren hainbat teknika erabili behar direla (progresioak, denbora-jauziak, mugimentua, eszenografia egokia, interpretazioa bera…). Eta emaitza, gehienetan, aspergarria izaten da, luzea, hitzak du garrantzia beste ezeren gainetik.

Era honetako antzezlan literarioei, antzeztuak izango badira, hainbat aldaketa egin ohi zaie: testua arindu, literatura idatziaren kutsua kendu, eta, gainera, berez behar lituzkeen beste hainbat osagarri gehitu, lan hori taula gainean irudikatu ahal izateko. Agian epaimahaikideek, literatur balioez gain, besterik ere bilatu beharko lukete. Are gehiago, kontuan hartzen badugu euskaraz argitaratzen diren antzezIan bakarrak sariak irabazten dituztenak direla.

Ez zait iruditzen egungo merkatuak —euskaldunon hizkuntz gabeziak direla eta— obra errazak edo entretenigarriak bakarrik eskaini behar dituenik. Baina hainbat urrats eman beharra dago lehendabizi, beste hizkuntzetan hizkera kulto eta aberatsean ematen diren antzezlanak euskaraz, eta hizkerari gagozkiola, maila berean eman daitezen.

Juan Karlos del Olmok sekulako sorkuntza-lana egin du. Ederki ezagutzen ditu Miranderen nondik norakoak. Informazio ugari erabili du eta, planteamendu original batetik abiatuta, Jon Miranderen bizitzaren azken orduak errekreatu ditu: monologoak, ustezko elkarrizketak… Haur besoetakoa laneko Theresa mintzakide bihurtu du egileak. Hainbat hizketa-modu ere jorratu ditu: batuan ari dela, Miranderen hitzak zubereratik abiatuta ematen saiatu da, agertzen diren beste pertsonaiak hizkeraren bidez ere berezi ditu: apaiza, pentsalaria, sikiatra.. era neutroago batean ari dira. Tratamendu-mailak ere oso egoki daude aukeraturik pertsonaien arabera.

Agian protagonista-antagonista banaketa lantzeko orduan topiko errazetara jo du pertsonaiak edo, hobe esan, pentsaerak deskribatzeko, karakterizatzeko.

Egilea ausartu ere egin da Miranderen azken une horietako burutazioak, pentsaera eta bere huruaz beste egitera eraman zuten arrazoiak planteatzera. Eta proposamen interesgarria da.

Baina ezin pentsa daiteke antzezlan hau sortua izan denik taula gainean ikusia izateko. Izan ere, erritmoari loturik gaudela, irakurketan ez bezala, monologo luzeek, pertsonaien pentsaera kontrajarriek —Mirandek irudikatzen dituenak— eta batez ere hasieratik agertzen diren poesia pasarteek erabat moteltzen dute haria.

Beraz, pentsa liteke idazteko garaian egileak garrantzi handiagoa eman ziola literatur balioa izateari, antzezteko egokia izateari baino. Poesia bat edo elaberri bat idazten denean bezalaxe, badirudi irakurlea bilatzen duela Juan Karlos del Olmok, ez entzulea. Eta alde horretatik aipatu beharra dago izugarrizko lana egin duela Barakaldoko idazleak Jon Mirande heriotzara eraman zuten bumtazioak asmatzen, ordenatzen eta asmaturiko gainerako pertsonaien bidez bilakaera bat ematen. Eta irakurketa atsegina gertatzen da, pertsonaiak berak duen erakargarritasun ia mitikoak bultzatzen gaitu egileak sortu duen hausnarketabidean murgiltzera.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak