kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Egunero hasten delako / Ramon Saizarbitoria / Lur, 1969

Egunero hasten delako Juan Garzia / Hegats, 1994-01

Ezinbestean, kontu terminologikoekin hasi behar du nire honek. Euskaraz, narrazio motak sailkatzerakoan ipuina/nobelaren bereizkuntza dugu eskurakoena (edo sinonimoak: istorio/eleberri…). Berezko xehetasun faltaz gain, hainbestetan bezala, gaztelaniaren ikusmoldea errotu zaigu, eta ez gara gauza (edo bost axola zaigu) beste albo-erdaretara ere begiratzeko. (Gure eleberri hori gaztelaniazkoaren frantses jatorriaren kalko aski aldrebesa dugu, frantsesez nouvellek ipuin luze edo nobela laburra (“elelabur”?) esan nahi baitu, romanekiko oposaketaz (“eleluze”?); euskara zuzenez, bestetik, berriele edo litzateke kasik egokiagoa, “berri” hitza “albiste” zentzuan uler dadin, eta ez “fresko, zahar ez dena”.) Mereziko luke luzexeago mintzatzea horretaz, baina gure honetarako aski izan bedi ingelesezko bereizkuntza interesgarri bati heltzea (ingelesak, beste hizkuntza batzuek ez bezala, kontzeptuak eskuarki zehatz mugaturik edukitzeaz aparte, edozein hiztegitan azaltzen ditu soil bezain garbi). Izan ere, luze-laburraren eta xedeen araberako oposaketak gora-behera, bada hizkuntza horretan beste sailkapen bat estiloari zuzenean dagokiona: novel eta romance bereizten dituena, hain zuzen.

Ingeles hiztegiak: romance: imaginative story; literature of this kind novel: book-length story in prose about either imaginary or historical characters. Novel, beraz, historia da, Historiatik oso hurbil dagoen kontzeptua, kronika moduko bat (luzera ere Denboraren, kronologiaren adierazpenak behartzen du), nahiz batzuetan Historiaren itxura baizik ez Man (imaginary). Erreparatu, bestetik —ez dezagun egokiera gal— “pertsonaia” (character) horien aniztasunari, hori ohi baitu beste bereizgarri bat.

Romance, berriz, gure istoriotik hurbilago dago; hain zuzen ere, imaginative da, eta ez soilik imaginary. Ez da, alegia, errealtasunaren konbentzio arruntera errenditzen. Nik baino hobeto, eta askoz lehenago azaldu zuen kontua N. Hawthornek, geroztik askotan aipatu izan den pasarte batean. Hona libre samar euskaraturik:

“Idazle batek bere obrari Romance izena ematen dionean, horrenbestez garbi utzi nahi du nolabaiteko askatasunez jokatzeko lizentzia hartu duela, hala moldeari nola gaiari dagokionez, Novel bat idazterakoan hartzen ausartuko ez litzatekeena. Novela fideltasun zehatz-mehatzez (very minute fidelity) atxiki behar litzaioke gizakiaren esperientzian ez bakarrik posible baizik problable eta ohizkoa denari. Romanceak, berriz —arte lana den aldetik lege zorrotzek arautua bada ere, eta giza bihotzeko egiatik saihestuz gero bekatu larria egiten badu ere— egia hori hein handi batean idazleak aukeraturiko edo asmaturiko non-zertasunez jantzirik agertzeko lizentzia du nolabait…”

Arriskutsua litzateke, hala ere, ohizkoetatik ihesi sinplekeria berri batean erortzea, polaritate horrek dena esplikatuko balu bezala. Nik uste, garai bateko dialekto kontzeptu esentzialistarekin hizkuntzalari modernoek egin dutenaren antzekoa egin beharko genuke: baliagarri den neurrian erabiltzen jarraitu, baina zehaztasunetan sartu behar denean isoglosa direlakoetara jo, banakako bereizkuntza xeheagoetara, alegia (kasu honetan isoprosa edo dei genitzake). Bestetara gabe, Hawthornek berak egiten du pasarte berean sailkapen horren eta estilo historikoen (edo paradigmatiko/dialektikoen) arteko lotura, bere romancea “under the Romantic definition), ezarriz, romance eta Romantic hitzen kidetasunetik harago doan baieztapen batean.

Hona bururatzen zaizkidan beste isoprosa batzuk: gaia, estilizazioa, aniztasuna (pertsonaiena, ikuspuntuarena, ahotsena…), denboraren tratamendua (historikoa/zikliko-mitikoa), tonua, narratzailearen eskuhartzea… (Ahozkotasunarekiko erlazioaz eta bestez, guztiz interesgarria da W. Benjaminen saiakera labur bat, nik gaztelaniazko bertsioan ezagutzen dudana: “Narratzailea”, in Iluminaciones IV, Taurus Humanidades).

Gauzak horrela, guztiz bigarren mailako kontuak dirudite luzelaburrarenek, nahiz —aipatu ditugun arrazoiak eta hemen garatzerik ez daukagun beste zenbait tarteko— romanceak formato txikiak eta novelak zabalagoak dituzten gogoko (kontuz frantsesarekin: terminologia justu kontrakoa da: “nouvelle”= romance, “roman”= novel). Zehatzago esateko, novelak gutxieneko luze-zabala behar du izateko, bere denbora eta aniztasuna garatzeko, eta romanceak berez ez. Posible dira, ordea, romance luzeak (besteak beste, Don Quixote bera)…

Honaino iritsi denak, R. Saizarbitoriaren irakurle bada, garbi edukiko du zein aldetara lerratzen den haren narrazio lana. Izan ere, euskal novelgile bakanetakoa dugu. Ez dakit ahozko tradizioari loturik dagoen romancerako gure joera, edota talde-sikologia berezi bati, edo beste moldearen erdeinuari, edo idazle bakoitzaren nagitasun amestiari, edota hizkuntza eta literature arazo tekniko objetibo jakin batzuei; kontua da gure eskasia orokorraren erlatibotasunean ere urriak direla, oso, noveltzat har daitezkeen obrak. Jenero eta estilo aukera horren oinarrian idazlearen izakerak zenbaterainoko eragina duen ere, alegia, idazlea zenbateraino kondenaturik dagoen batera ala bestera, hori ere ez dakit, baina trazak badirudi.

Geure kasura mugaturik (alderantziz are errazago bila daitezke adibideak, luzean ere erremedio gabe romance diren obrak, alegia), Saizarbitoriaren hiru nobeletan ez dut uste eztabaida luzerik behar litzatekeenik sailkatzeko orduan; hori baino adierazgarriago da, ordea, merezi baino ahantziago geratu den aspaldiko ipuin labur baten kasua (Kapitaina): pertsonai-aniztasunik eza eta efektuaren bapatekotasuna alde batera utziz gero, bete-betean atzeman liteke hartan ere idazlearen novelgile kasta, lauzpabost orrialdetan ia nobela errealista baten molde eta tenpusa soma baitaiteke, beste zenbait idazleren eleberri osoetan baino areago. (Aurrera baino lehen, ohar bat, badaezpada: ez dago nire asmoetan molde baten ala bestearen hobetasunik ezartzerik noski.)

Saizarbitoriaren beste bereizgarri bat, idazle askoren aldean, bere lehen nobelatik bertatik zuzeneko edo zeharkako autobiografiatik aparte ibili izana dugu, eta hori ere ez da, nik uste, gorago egin dugun bereizkuntzarekiko guztiz zerikusirik gabeko gauza. Kanpotik ari zaigu (teknikak teknika), historia puskak jasoz: abortatzera beharturiko neska batek munduaren soraiotasunarekin duen auzia, pistolen arteko korrikalari pistoladunaren lasterketa laburra, linbo solipsista batetik irten ezinik dabilen akaberako gizakiaren abentura minimalak… Pena handiz, baina beren patura utzi behar ditugu azken biak, arrakastaren olde engainagarriak eta ezinulertuaren estalki isilak utzi zituzten leku berean, zein bere nobelako Sisifo, lastergile etsia eta paralitiko adoretsua. Neskarengana goaz, beraz.

Neska estazioan da. Trenaren zain, bere maletarekin, bakarrik. Gero zabaldu egingo da, baina hasieratik dugu sinbologia guztia. Egileak, ordea, ez digu sinbolismorako pistarik eman. Estazioaren deskribapen fisikoan, geometrikoan, aritu da, eta gure errua da Durkheim-eko tren-geltokiaren eta neskaren bakartasunaren kontraste horrek halakorik iradoki badigu. Estazioko isiltasun eta tren ibili anonimoaren bestekaldean, berriz, kantinako jende artean, txortxor etengabean ari da gizonezko bat, ihardun beharraren beharrez filosofiatik arrunkeriarainoko hitzjario atsedenik gabean, harrapatzen duen edonori bere monologo tarteka inpudiko samarra entzunarazten. Irakurleok —baina hori, berriro ere, geure erantzunkizunpean dago— susma genezake berritsu horren ahotsa ez dela soilik bere ahots pertsonala, bitxikeria hutsa, zerbait zabalagoaren ahotsa baizik; denborapasako arinkeria loturarik gabe hori ez ote den, hain zuzen, munduaren lotura astunaren zurrunburruna, bere alferrikakotasuna eta zeruen isiltasuna ahal duen ondoen estaltzen saiatzen den gizakiaren beltxarga kantua, asperdura gordinaren eta Hutsaren izu metafisikoaren artean harrapaturik betirako isiltasun beltzera errenditu nahi ez duen gizabere patetikoaren zalaparta…

Hark ihardun dihardu, eta guk, zentzua eman nahi diogu haren ihardunari, munduari berari ere eman nahi diogun modu eta arrakasta berdinez. Berritsuak ere gureen antzeko katramilak darabiltza, hala ere, zentzua eman nahi baitie estazioetan bakarrik aurkitzen (edo bilatzen) dituen neskatoei. Nora ote daramatza trenak? Zergatik daude bakarrik? Eta aurki bere galderei berak erantzunik: salba ote nitzake nik beren destino beltzetik? Eta guk berari orduan: salba ote hazake horrek hi? Hori ote da amesten duan heroikotasun dekadentea? Ala akaso neskatoengana hurbiltzeko heure buruari bilatu dioan koartada besterik ez da?

Eta salbaziorik ez dela etsi behar izanez gero, enkontru iheskor kilikagarriaren lilura bederen sentitu nahi luke berritsuak, eta hartarako zigarro bat luzatzearen zeremonia behar bezala prestaturik eduki behar du, xehetasunik txikienean huts eginez gero dena zapuztu bailiteke, aukera galduaren usain errea besterik utzi gabe. Liluraren kea.

Neskatoak Gisele du izena. Bakardadeko bere zain egotean (ala itxarotean?… Ehun metroko korrikalari pistoladuna ere bere azken itxaropen mugatuan ezagutuko dugu; Ene Jesuseko buruelbarriak luze ausnartuko ditu zain egotearen eta itxarotearen arteko aldeak), kantinako arrabots denborabetegarrien —eta gero telefonoetxeko Babeltxoaren— kontrapuntuan, Giselen iragan eta geroaren trenak joan-etorrian pasako dira gure aurretik. Ezer berezirik ez: amodioote labur bat, abortatu behar eta ingurukoen erreakzioa, medikuen jarrera, gizarte gatazka, Giselen barneminak… Ezer berezirik ez: bizitza bezain arrunta. Bizitzan askotan bezala, ordea, zoroentzat jotzen den lekutik etor liteke zuhurtzia, liburuaren azken esaldian itxuraz berriketa hutsean aritu den tipoak garbi adierazten duenez: “Ezin egin daitekeena zera da, prolemak sinplifikatu, prolemak.” Eta horixe da, ezer izatekotan, nobelagile baten konpromezua: bizitza puska ezinbestean mugatu baina sinplifikatu gabe bat agertzea.

Nobela honen aitzakian egin diren iruzkinetan, eta hitzaurreetan bertan, hutsik gabe seinalatzen da lehen nobela baten akatsak dituela; eta zehazten den kasuan pertsonaien eta egoera narratiboen gehiegizko eskematismoa leporatzen zaio. Nik neuk akats arruntagorik ikusten diot: tipografikorik, ortografikorik, espresiozkorik, luze-laburkeriaren bat… Guztiarekin, badu —oraindik ere, argitara zenetik ia mende laurdena joan den honetan ere— halako zinezkotasun eta freskura berezi bat, hutsak oro ia txikikeria bilakarazten dituena. (Hala ere, liburu hau edizio behinbetirako txukun batean ez badugu, alde guztietatik egiten du kale gure literatur gurpilak.) Hain zuzen ere, literatura zahar eta berriak eskura jartzen dizkion teknika askotarikoak lotsagabe, eklektizismo sano batez, erabiltzen eta berera egokitzen ditu Saizarbitoriak, batzuetan paragrafo berean hainbat nahastuz (ez naiz luzatuko alderdi formal honetan, aski jorratua baita aspaldian), subjetibismo poetikotik hasi eta objetibismorik behavioristeneraino, kontrapuntu, collage eta bestelako montaia berezietatik linealtasun arrunteraino, zatien arteko era guztietako loturak iradokiz nahiz erabateko eten eta elipsiak eginez… halako moldez non forma-aniztasun horrek kontakizunaren beharrizan bat dirudien, ezinbeste bat, ekonomia hutsa, eta ez idaztearen abenturazale heldugabe baten demasakeria. Pertsonaiak eta —batez ere— egoerak, berriz, nire iritziz, desorekaren bat izatekotan, estilizazio maila orokorretik zehaztasun gehiegietara lerratzen direnekoa dute, eta ez alderantziz (berritsua Huxleyren glosagile bihurtzen denean, Giseleren ibilera eta pentsamentuak denbora errealean eta xehetasun guztiekin eman behar besterik gabea nabarmentzen den pasarteren bat…). Ala akaso nabardurei dagokie delako eskematismoa (Miller doktorearen erabateko krudeltasuna; “Dutxetan sartzen dira”) eta antzeko tartekatze soilegiak; merkekeria solteren bat…)? Ez dakit.

Horregatik, kantinako berritsua gazfea (idazlearen adin berekoa?) dela ebidentzia guztien kontra atera zuen kritikoak berak eskematismoaren hori botatzen duenean, burutik pasatzen zaio bati ez ote den harena arazoa, alegia, besteak beste, bere aurriritziena ez ote den gehiago eskematismo hori. Zehazkiago esateko, eskematismo konplexu bat, adarbikoitza gutxienez: kontatzearen abentura modernoa abenturaren kontaketarekin kontrajarririk dena —edo gehiena— esplikatu nahi duen eta aldi berean gorputzak errealismo jatorra eskatzen dionaren eskematismo gatazkatsua, hain zuzen.

Kontuak kontu, hortxe dago, noiznahi berriketan ekiteko pronto, deklamazioaren eta lirikokeriaren artean modorroturik zegoen euskal literatur saloiaren erdira abisatu gabe sartu zen ihardunkatilu kontraesantsu hori, “Arrazoi duzu” hasi, eta pixkanaka bere (bere?) arrazoi eta desarrazoien zurrunbiloan dena nahastu eta airean uzteko; eta hortxe destino beltz batera puntualki abiatzen diren tren itsuak, estazioan maleta batekin bakarrik dagoen neskato baten oihu isilari got: “Zergatik?”; eta hortxe Maurice eta Jean Louisen bikoa irteteko prest… eta euskal literaturako sardina-latarik ospetsuena ere hortxe dago, mutilek, Giseleren auzia erabakitzen duten bitartean, eskuekin jan eta leihotik jaurti dezaten zain… Egunero hasten delako mundu bat, okerrenean ere, “itxaropena itxaroten”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak