kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Narrazioak / Joseba Sarrionandia / Elkar, 1983

Narrazioak Aingeru Epaltza / Hegats, 1994-01

Biderik Ederrenak Poetarendako, finean, etxe bakarra idaztea da; gainerakoa pasadizoa da eta pasadizoak ez du deus esplikatzen, nahasten baizik. Idaztea ez baita bizi dugun munduaren luzapena, haren suntsidura metodiko, zehatza baizik.
G. Albiac

Hamar urte joan dira.

Artean gazte eta berde ginen eta gure bizi urriaren luzapen nahi genuen literatura. Ezjakin izan eta kolkoraturiko lau paradigms, irakurritako hiru liburu askiesten genituen gure lanen zimendutako. Hantuste izan eta errealitatea azaldu nahi genuen, Edertasuna eta Egia aurkitu, hizkuntza salbatu. Gazte eta berde ginen. Inuxente. Inozente.

Garaitsu berean belaunaldi bati idazten erakutsi ziguten bertze hainbat liburu baino areago —Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez, Joxeagustin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa, Joan Mari Irigoienen Poliedroaren hostoak, Bernardo Atxagaren Ziutateaz—, zaflako baten gisa bizi genuen Joseba Sarrionandiaren Narrazioen irakurketa. Ez dakit jakintsuago edo umilago bilakatu gintuen, ez dakit inuxentekeria apaldu zigun, baina bai aldiz gure gaitzak begi aitzinean jarriz inozentzia urratu. Hartan ikasi genuen ibiltzen ez diren bideak direla ibiltzeko ederrenak. Hartan ere, hasiera eta amaierarik ez duen errealitateari hasiera eta amaia bat imintzea dela literatura. Haren ondotik libro genuen beti hutsaren gain huts metatu, edo, Sonbreiru baten istoriaren protagonistak bezala, Kartoiharrizko hormak eraikitzen, eta aidezko panpinen artean urteak alferrik iragan baditugu, jakinaren gainean egin dugu.

Letren ferian, bertze esparru batzuetan bezala, gauza jakina da kalitatea eta arrakasta ez direla beti elkarrekin ezkontzen. Gorago aipatu lan horietarik, baten batek bildu duen isiltasuna lekuko. Ez da holakorik gertatu Sarrionandiaren Narrazioekin. Idazle militantearen figurak hainbertzerengan sortarazi zuen miresmenak badu, hain segur ere, ikustekorik liburu honetatik gaurdaino plazaratu diren bederatzi argitalpenekin. Halaber, aunitzen tituludun izan behar eta horretarako haren irakurketa nahitaezko gertatu izanak. Hainbertzenarekin ere, horiek denek, beren hutsean, ez dute idazlan honek euskal irakurleengan izan duen oihartzunaren norainokoa argitzen.

Oroitzea, itzultzeko gogoa da, dio Narrazioen idazleak. Nik, itzulbidea ezinezko izaki, berrirakurketari ekin diot, mesfidati, hamar urte lehenago bizi izan nuen sentipena berrituko ote nuen. Neretako harrigarri, orduko lilura bere horretan zegoen, bat ere apaldu gabe. Lilura, haren orrialdeek ageri duten kosmopolitismoak. Lilura, idazkera dotore nahastezinak, egilearen ama-hizkeraren eta gure klasikoen ekarpenak uztartzen dituenak. Lilura, esaldi zehatz neurtuen elkar josketak isurtzen duen manierismoak. Lilura, hasi eta buka, istorio bakoitza bideratzerakoan erakusten duen birtuosismoak.

Literatura hutseko gure lehen liburutzat jo izan da testu hau. Ez dut asmorik, lehenbiziko, bigarren ala hirugarren den arrazoitzen hasteko. Ezin, ordea, gisa berean egin literatura huts delako horrekin. Nire idurikoz, egilearen xedeez harata, Sarrionandiaren lan hau, deus bada eta, idaztearen zereginari buruzko eskuliburu bat da.

Iurretarraren Narrazioen barrenak arakatzeak badu abantail nabarmena bertze idazlan batzuen aldean. Egilea ez da gordekerietan aritzen. Argi eta garbi mintzo da. Artifizioari artifizio erraten dio eta ez du minik bere asmoak denen begibistan paratzeko.

Estazioko begiradetan, konparazione, geltoki huts bateko aulki bakartiak iradoki ditzakeen pertsonaia eta egoera guztiak agortu ondoan, baina ez. Ez da egia. Aulkian ez dago andererik, ez inor. Irudimena da guzia adieraziko dio irakurleari, eta horrekin bere aitorpena narrazioan berean txertatzen du, istorioaren atal bihurtzen. Erran liteke, idazterakoan, beretzat hartzen dituela Gaztainatzako agurearen hitzak: behar den moduko gizon batek ez du bere istorioa ezkutatzen (Mezurik gabeko heriotza).

Liburu honen aitzin, Pott eta Xaguxaharra aldizkarietan argitaraturiko lanak ezagutzen genizkion Sarrionandiari —horra Enperadore eroa eta Maggi, indazu kamamila! ipuin ahanztezinak, orain jorratzen ari garen idazlan honetan sortuko zuen unibertsoaren iragarle—. Lehentxeago, Izuen gordelekuetan barrena poesia lana plazaratua zuen. Narrazioak argitaratu arte igurikatu behar izan genuen, ordea, idazlearen xede eta nahien berri zehatza jakiteko. Hitz sotilak erabili zituen, apaindurarik gabeak, baina manifestu baten indarra dute: Ene asmoak honuntzagokoak dituk —diotso idazlearekin hika-mikan ari den bere itzalari— halako egoera baten testimonioa ematea, misterio eta posibilitateen eremuetara sartzea, euskallengoaia urri hau adierazbide egitea, gauzen nabardura poetiko ezkutuak azaltzen entseiatzea, eta honelakoak.

Esaldia, jakina, Itzalarekin solasa narraziokoa da, egiazko dekalogoa alderdi esplikatibo-didaktikoa hain garrantzitsua den idazlan honetan. Egileak liburuaren akabaila aldean erantsi zituen oharretan zioenez, puska horretan euskal literaturari buruzko elkarrizketa bat nahi zuen gauzatu, baina ezina egin zen, bidenabar. Hemengoaz ez, beharbada, baina bai izenondo ez izenlagunik gabeko literaturaz aritu zitzaigun pasarte hartan eta, horrez gero, bere literaturaz ere bai. Ipuin horrek dakarkigun izen zerrendak Sapho, Li-Po, Jonathan Swift, Cesare Pavese, TS. Elliot eta liburuan zehar, narrazio bakoitzeko sarrera aipuetan bereziki, agertzen direnekin batean ziklo arturikoa, Herman Melville, gure ahozko tradizioa (Atarrabio, kantutegi zaharra), egilearen erreferentzien konstelazioa gure begi aitzinera dakar, eta horrekin batean, idazle haundiek beren ondokoengan uzten dituen eraginez haratago, literatura literaturgai izan daitekeela erakutsi ere. Liburu hau plazaratu zenez geroztik gure artean hainbertzetan aipatu den zorioneko metaliteraturaren deskubrimendua dugu. Jadanik idatzitakoa, gu denen eskura, jolasgai eta idatzgai. Gu, Ramayana edo Iliadarekin bat egiten gaituen katea luzearen katabegi, eta han, Gaueko enkontruan Miren neska ilegorriari oroitarazten dioten Kavafisen poeman bezala, geure baitan, kondena baten gisa daramagun geure karrika, geure hiria…, geure gogoetak, geure semealabak, geure poema ulergaitzak, geure odoluzkiak itsasi. Adibide praktikoa: Shakespearen Macbethetik, Faulknerren Hotsa eta Ardailera, eta hartatik liburu honetako Mezurik gabeko heriotzera. Gehiago daude.

Borgesek omen zioen idatz litezkeen istorioak oro, funtsean, bitan baizik laburbiltzen ez zirela: gurutziltzaturik hiltzen den Jainkoarena eta itsasoratzen den bidaiariarena. Sarrionandia, nabarmen, bigarrenera biltzen da. Bidaia, gizabizitzaren metafora. Itsasoa, ezinbertzearena, literaturarena. Zer da, hondarrean, literatura, idazlearen ezinbertzea baizik?

Iduri horri loturik ageri zaigu transgresioaren ideia, gizonak istorioak imajinatzeari eman zionekoa bezain zaharra. Literatura, hizkuntz arauaren hausketa. Literatura, giza arauaren urradura. Arima naufrago bakartiak eta Marinel zaharra, itsasoa ezenariotzat duten bi narrazioetan garbiki azaltzen zaigu, haste bereko gaztigutik: deabruarekin itsasoratzen bahaiz, berarekin egin beharko duk bidaia. Gero, Jainkoen kolera sortarazi zuten marinel akeoei bezala, aski izanen da gure lemazainak, dei misteriotsu bati amore emanaz gure untzia zilar bidera gidatzea, bidaia itzulbiderik ez duen ameskaizto bilakatzeko. Aski kalatxori bat hiltzea, itsasoaren mendekua pairatzeko. Baina hori ezinbertzea da, zilar bidea hautatuko baitugu beti, edo kalatxoria hilko, eta hala ere berriz itsasoratuko gara, ezen Kalatxori bat hil duen marinelak itsasoak hiltzen du. Baina, emazteak itsasora ez irtetzeko esan eta ez doan marinela, orduan ez da marinela, ez da ezer

Bengadore batek eraginiko basoa. Asaldatu eta loak hartzen duen munstroa. Halakoa da itsasoa. Ez da, dena den, zorte hobeagorik lehorrez menturatzen direnendako: ibili nintzen ibarretan, mendietan eta ibaietan zehar. Oraindik ez dut izarrik irakurtzen ikasi, eta sarritan erratzen naiz, aldatz berberaz bi aldiz iraganez. diosku Kristalezko bihotzean agertzen den fraileak.

Hobe, hortaz, bidaiari uko egitea? Bistan da ezetz. Gaueko enkontruaren protagonistaren gisara, bitan pentsatu gabe pulunpatu behar, nahiz eta abenturak gau bakarra iraun, nahiz eta gogoan utziko dizkigun aztarna bakarrak korronteak daramatzan bilete puskak izan. Oroitu, bizitza kipula zuritzea dela, horregatik negar eginarazten du hainbeste (Estazioko begiradak). Oroitu, hartan zoriona eguzkiaren pareko dela, epeltzen gaituela batzutan, erretzengaituela aldizka, eta denboraren ia erdian abandonaturik gaduzkala, baina beti hurrin eta hatzeman ezinik dagoela (Ginebra erregina herbestean).

Izan ere, oraino ez ote genekien, Sarrionandiak oroitaraziko digu: dohakaizdun izatera kondenatuak gara, itxaropenari ihes egitera. Aipatutako azken ipuin horretan idazleak kasik kutsu profetiko batez adierazten digunez, hemen ere menturen haroa iragan eta herbestera joan dira heroeak, eta debaldekoa da haien itzulera etsipenaren eta esperantzaren aitzakia bilakatzea. Guk ere, Arthur erregeak bezala, Graal sainduaren mezulari behar lukeena ezpataz hil ondoan, haren andrearekin batean erranen diogu bere sabel hanpatuan umotzen den kreaturari: zertarako zatoz…, zertara zatoz zorigaiztokoa, ez baduzu zoriona munduko lurraldeotara zurekin ekarriko.

Herri gisa esperantzarik ez, beraz, eta gizakume gisa are guttiago. Bidaiaren muturrean heriotza, azken trena, baizik ez da gelditzen, burdinbide amaigabeetan galtzera doana eta haren ondoan olio zaharraren usainez nahasiriko isiltasuna bakarrik. Horixe bertzerik ez omen dugu utziko.

Ez da hori, alabaina, denen patua. Sarrionandiak, bederen, Narrazioen ondoan deus idatzi ez balu ere —eta, zorionez, ez da honela gertatu—, jadaneko bere katabegia paratua zukeen arestian aipatu katea horretan, bertze katabegi gehiagoren kider. Hari kontu nahi izan diot nik, eta nik bezala, bertze hainbertzek.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak