kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Consummatum est / Joan Mari Irigoien / Elkar, 1993

Yin-Yang nobelatua Patxi Zubizarreta / Hegats, 1994-01

Eternitatearen bila dabiltzan guztiak
dira Abdul printzea. Eta eternitatea
bereganatzeko, Abdul printze bakoitzak
bere zaldia du.
J.M.I.

1. Grand National

Iazko Grand National zaldi lasterketan gertatu zen. Epailearen tiro hotsera, tarrapataka, zaldiak arrapalada bizian abiatu ziren. Lehendabiziko ehun, berrehun, hirurehun metroak eginak zituztelarik, lasterketa buruan zihoanak behako azkarra luzatu zuen atzerantza. Halaber, bizpahiru metrotara zihoan bigarren jockeyak, lepoa okertu eta hirugarren zaldia hamar bat metrotara bistatu zuen. Hirugarrenak ere gibelera begiratu eta laugarren zein bostgarren zaldiak urrunsko ikusi zituen.

Galapa bizian, zeingehiagoka irrikatua irabazi nahirik, zaldunek beren zamariei belarrira mezu sekretuak xuxurlatzen zizkieten, alpapa sari goxoak agintzen. Eta orain aurrera eginez orain atzean geratuz, animaliek jo eta su jarraitu zuten harik eta helmugara heldu ziren arte.

Hara iritsirik, beren onera etorri eta, zamaldunen —batipat irabazlearen— bozkarioa hutsa gertatu zen. Inork ez zekien zer esan, eta nola are guttiago… Alboetara begiraturik, zaldun akituek lasterketa korritua ez zuten zenbait zaldi ikusi zituzten. Antza, irteera zuzena izan ez eta lasterketa ospetsuak behingoz bertan behera geratu beharra zeukan. Zaldi abailduak, zaldi leher eginak ezin ziren berriro tarrapataka hasi eta besteekin, abiatu ere egin ez zirenekin lehiatu.

Bada zaldi lasterketa horretatik Joan Mari Irigoienen poetikaren (seh)askara urrats ttipi bat baino ez dagoela iruditzen zait. Idazleak berak aitortu izan du bere baitan bortizkeriaren, banitatearen, gorrotoaren zaldiak nahi baino aurrerago ikusi izan dituela behin baino gehiagotan, berak aurrean nahiko lituzkeenak helmugan geratu direlarik. “Ez ote dugu idazten banitateagatik? Nik behintzat, hori dela eta, badaukat edo bizi dut barne borroka bat. Adibidez, munduan asko ikusten da, gremio berekoak izanik, batek besteak baino hobeto egitea gauzak, eta azken honek inbidiaren antzeko zerbait sentitzea… “Hi, horrek hik baino hobeto idazten dik”, eta beno, hor barruan zerbait, garbia ez den zerbait sentitzea. Baina nik ere zerbait esan behar dizuet, gizona bi aldeetatik azter daitekeela: alde batetik bere instintua, bere bapateko erreakzioak, borondatearen gainetik daudenak; baina gizona egin ere egin daiteke, egiten da… eta nik, behintzat, badaukat horren aurkako armarik: sublimazioa. Nirea baino hobea den beste idazle baten liburua irakurri… eta lehenengo bekaitzaren ondoren, barruan beste ahots bat sentitu, sublimazioaren suak ezereztutako inbidiaren gainetik bake handiz eta pozez mintzo den ahotsa: “Hi, bihotzez, zorionak”” (Hegats, 4).

Bere azken nobelaz mintzo zaigularik ere, hona hemen gai honetaz zer dioskun: “Faxista bat deskribatzerakoan, batzuetan galderak egiten dizkiot neure buruari eta ikusten dut nere baitan horren presentzia, nahi baldin baduzu itzal bat da, baina itzal horrek edozein momentutan gorputza har dezake.” (Egunkaria, 93-XII-3)

Beste maila batean, Irigoienek ikusten du Mendebaldeko Herri “aurreratuak” lasterketa zoro batean ari direla, zein baino zein, irteera baliogabetua izan dela ohartu ere egin gabe; ez dira ohartu zenbait zaldi (Herri) abiatu gabe daudela, eta munduko zeingehiagoka zoro honek ez duela balio. Are okerrago: ez dira ohartu Herri “atzeratuen” zaldiak gosez amikatuak direla eta egoera horretan inondik ere ezin direla besteekin lehiatu. “Are gehiago, nire kezkarik nagusiena une honetan politikoa eta soziala dela esango nuke, lehen aipatu dizuedan metafisikarako joerak ez baitu bestea kentzen, nire inguruarekiko kezka alegia.” (Hegats, 4)

Huts handiegirik egin gabe, Irigoienenean bai maila pertsonala bai soziala uztarturik, herstuki uztarturik daudela esan daiteke. Alabaina, alde soziala nabariagoa da Udazkenaren Balkoitik (berriki atera den Gizona bere bakardadean nobelaren preludioa, arras desberdina, baina gisa guztiz preludioa) edo hain entzutetsua egin den Babilonia nobeletan; eta aldiz, Consummatum est barnekoiagoa edo dela konkludi genezake.

Aurreko lanetan bezala, bere azken nobelan ere Joan Mari infinitominez idazten ikusiko dugu, gozo, etorkizunarekiko nostalgiaz; edota, bere larrea hesitzen duen alanbrea (latza ez, baina elektrikoa) ukitu eta haren ziztada bere haragitan nozitu duen muxalaren gisa, bortitz, tximistak aidean. Eta azken nobela honetan ere pegaso hegalari baten gisa abiatu zaigu orrialdeen (giza paisaiaren) hegi, amildegi eta basamortuetan gaindi…

Ene bihotza forma guztietara moldatzeko gai da:
gazelen larre-belarra da
eta kristauen mojeen komentua,
idoloen tenplua
eta erromesen Kaaba,
Legearen Taulak
eta Koran liburua,
maitasunaren erlijioan militatzen baitut nik…

Ibn AI-Arabi

2. Consummatum est

Nondik hasi dena amaiturik baldin badago? Beharbada hobe liteke orrialde hau bere horretan uztea, zuri, huts eta mortu, Irigoienen aspaldiko protagonista batek egin zuen bezala…

Irakurtzale amorratua izaki, emazteak zerbait idaztera gogoberotu nahi izan zuen senarra, eta baita hark ahalegina egin ere. Eseri da orrialde hutsaren aitzinean eta hastapeneko bozkarioa errausten dihoakiolarik, zer esanik ez duela ohartzen delarik, orria zuri uztera deliberatzen da… Zuri eskaintzen dio, beraz, orria emazteari, eta honek, papera batera eta bestera jiraturik, deus ere ez dakarrela ohartarazten dio:

“— Bizitza horixe dun, idatzi gabeko orri zuri bat.

— Tira. Ez zegok gaizki. Orain arte beti esaten huen beltza zela —eta papera tolesten hasi zen.

— Eeee! —protestatu zuen Imanolek, paperarekin batera azala zimurtu balio bezala.

— Zer…?

— Baina zakarrontzira bota nahi al dun ene bizia? —Erotu egingo haiz, Imanol.

Papera destolestu zuen eta karpeta batean sartu. Gordeta gero zerbait falta zitzaiola konturatu zen. Karpetatik orria atera eta puntu bat jarri zion behe-eskuineko erpinean, biziaren orri zuri hartan heriotza gauza seguru bakarra bailitzan.” (Udazkenaren Balkoitik, 60.or.)

Alabaina literatura azken euskarri gertatu ohi da sarritan (“eta zinez, luma bezalako salbamen oholik ez dago”, Carmen Martin Gaite), eta Joan Marirenean ere puntu hori beti puntu eta segi gertatu izan da. Testuinguru horretan kokatu behar da eskaini berria digun eta nabarmentzeko modukoa den Consummatum est nobela.

Babilonia baino unibertsalagoa (erromantikoak, penintsula…), nobela honek yin eta yang-aren arteko oreka hautsi eta mingots hori lerrokatzen digu. Egileak, ausart, gizarte sekularizatu honetan monotema izatetik kasik tabu izatera iragan diren zenbait gal aurkezten dizkigu: eternitatea, mistika, barkamena… Orain arte erlijio desberdinek berenganatu nahi izan dituzten esparruak alegia. Baina adierazten hain arriskutsu diren gaiok egokitasunez, neurrira eginiko jantziez ematen dizkigula esango nuke.

Irigoienek berak halaxe esana zuen orain urte batzuk: “Nobela jenero literarioen emagaldua da, bere buruaz gain beste jenero literarioez elikatzen dena”; hots, bere baitan denetik bar dezake: politika, erlijioa, filosofia… “kontua da nobelaren testuinguru orokorrean nola sartzen diren”. Eta oso kontuan hartu behar da egile honen sakon-sakoneko testuingurua, nola nobela honetan hala orain artekoetan ere, funtsean, edertasunarena eta beronen bilaketarena dela.

Nobelan aipatzen direnak egia ala gezurra diren, zuri ala beltz, argi ala ilun diren, hon gutxienekoa da, berak edertasuna bilatu baitu oroz gain, egile erromantikoekin bat eginik, egiatik hain hur dagoen edertasuna: “Lehen urrats haietan nik ez nekien egiazkoak ala gezurrezkoak ote ziren zirkunstantziarik latz eta gordinenetan garatutako historia haren euskarriak, baina axola ere ez zitzaidan gehiegi axola, bere hartan ederrak iruditzen zitzaizkidalako, eta edertasuna betidanik izan baita niretzat egiaren gradu bat, egiazko egiaren adierazgarri… ondo landutako lorategietan ezezik, eremurik lehorrenetan ere sor baitaiteke ederra, ezinezko lore baten agonian… edo behi-gorotzik itsusienaren gainean ere bai, basatxanpinoi miragarri baten forman.” (Consummatum est, 11. or.)

Bestalde, edertasun horren bestaldean halako sintesi bat antzematen da, halako ekumenismo zabala, halako “maitasunaren erlijio” estetikoa; eta arestian esan bezala, edertasun hori egileak hain berea duen prosa poetikoz janzten du, prosa poetiko izanagatik hagitz labainkor gertatzen zaiguna.

Eta ederra da, zinez, Altzako frankotiradore honek eskaini digun lana, gure baitako Argiaren hazkurri dena. Edota beste molde batez esateko: “Nola izaki guztietan hala gauza orotan ere Argia eta Ilunpeak nahasi egiten dira. Datil bat jaten duzuelarik, mamiak janaritu egiten du zuen gorputza; haren gozagarria, haren lurrina eta koloreak, ostera, zuen izpiritua elikatzen dute. Zuengan dagoen Argia edertasun eta ezagueraz elikatzen da, etengabe janaritu beharra daukazue, ez baita aski zuen gorputza leporaino betetzearekin. Zuen zentzumenak edertasunari erreparatzeko sortuak dira, hura ikusteko, arnasteko, ahogozatzeko, aditzeko, miresteko. Bai, senideok, zuen bost zentzumenak Argi destilatzaileak dira. Eskain iezazkiezue lurrinak, musikak, koloreak. Ekidin iezazkiezue kiratsa, oihu lakarrak eta zikinkeria.” (A. Maalouf, Los jardines de Luz)

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak