kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Dordokak eta elurrak / Iñigo Aranbarri / Susa, 1989

Dordokak elurretan Jose Luis Otamendi / Hegats, 1994-03

“Zergatik beldurra izan heriotzari
Herioak ez dio inori beldur”

B. Moloise

1. Argiketa paperak memoria bezala ez dira gertaera eta sentimentu elkarri lotuak baino. Denboraren etorriak borobildu, lausotu, edo zorroztu egin ditzakeenak. Ezina zait Dordokak eta Elurrak-i nahibeste alderditatik oratzea, ez naiz gauza, eta hain da trokazulo zabala. Kontuak kontu, liburu hau zer esatera datorren azaltzen saiatuko naiz hemen. Konfesio goiztiarrak —torturaren igurtzirik gabekoak— ematen duen arinduarekin guritu ditzagun hortik eta hemendik bildutakoak.

Hau baino lehen poeta azaldu zitzaigun Aranbarri “Jonas Poisson” izeneko liburuan. Gutxik bezala bilduma baino poesia liburua burutzeko lain ezpalarekin gainera. Ez da eboluzioaren katea berehalakoan erratzen: arraina lehen, narraztia gero. Ematen du grina berdinak dantzatu duela orain artekoan Aranbarriren ihardun poetikoa. Estrainekoan nola bigarren liburuan balore humano berdinen defentsa ageri da, motibo asko berritu egiten da Dordokak eta Elurrak-en (gutunak, animaliak…), ardatz narratibo bati lotuak irakur litezke, elkarren segida moduan ere bai neurri batean. Nago alde nagusia planteamentuaren erradikaltasunean dagoela, espresabideen doitasun eta arraildubako zehatzean. Harunzkaldekoan ironiak kilipa gintzakeen, honakoan larriak arnasa berotzen digu. Testamentu baten aurrean gara, urte sasoien segida errea gorpuztutako memoria eta ahaztearen lehia. Horrezaz gain baina, Dordokak eta Elurrak printzipio aitortze poetikoa da, emaitza ezohizko eta, neretzat, ederra. Biblia txipi bat, apokalipza eta kantiken kantikaz.

Modu batera Benjamin Moloise militante hegoafrikarra jo liteke protagonista, ez ahaztu Moloise poeta dela, bere oinaze, heriotza eta piztuera poeta izatearekin lotuta doaz hertsiki. Bestera, memoria jokoan duen kolektiboa da protagonista. Ez dira bereizten erraz. Baina ezin konforma gintezke irakurpide motz batekin. Poesiak bizia du zorretan, eusteko adorea du zorretan, esparru kolektiboa da segurrik. Beti da alegato bortitza.

Horra heltzeko eklektizismoaren bidetik jo du Aranbarrik itxura aldetik, eduki aldetik aldiz muzin egiten dio ezein anbiguotasun lorratzi. Ez dugu ukatuko liburu zaila denik: elurraren metaforak zientoka dira itxaropen behartuarenak hainbeste. Hermetismoaren baitan gordetzen dena aratza da. Hautapen formalean dago gakoa, zailtasuna dakarrena hizkera poetiko propial batez jabetzeko ekina da. Askok, Mitxelenak, Kortazarrek esana dute lehenago. Hortik liburuaren bitxia. Ezohizko batura dago bertan, modernotasun osteko joera formalak eta eman zaharragoko elkartasun printzipioekiko atxikimenduaren artean. Besteren aipu eta erreferentzia usuak sormenerako bide dira, ez petatxu joste distirantetarako; aurrera jo nahi da, hot dago aldea, trinkotasun horrek erakusten digu zein urrun dabilen fragmentarismo haizeak menera errazetarik. Mundu batek hasi eta buka egiten du Dordokak eta Elurrak-en, sartzen denak jakin badaki mundualdi horrek bide-sari karua duena demandan. Inork gogoan izango du agian literaturaren autonomiarena. Baliteke gehiegi eskatzea ere izatea gauden gaudenean. Komunikazioa giharrak erasateko neurriraino behartu da, horregatik zaintiratuak. Paleolitoko harripotorrek betetzen digute bihotza.

2. Europan nahiz etxean izan ditugun joera estetiko eraginkorrenek utzi dute seinalea hemen. Espresionismoarenganakoa ez da mirespen hutsa, hein handi batean hari zor diogu idazkera bitarteko errealitatea dinamitatzeko amorrua. Soka beretik surrealismoaren uretara isuriko gara, eta umoagoa da hizpide dugun delitua. Dordokak eta Elurrak-en surrealismoaren koartada aise balia liteke, oker dabil ordea hermetismo lazorik zuritzeko darabilena; ismoetan nabariena izango da lerrootan, beti ere konzeptuei motzean lotua, errazkeriari propio itzuri egiten diona. Aitortzen diogu maitasunari ulertu ezinetik duena, baina horrek ez digu ematen barrugabetua behar duela esateko estakururik, sentimentuak ditu gordean, nondikak, norak.

Aranbarriren poesian sintaxia azpikozgora eta lehertua ere kausituko dugu, sinbolo asko sarritan kuku eginez azalduko zaizkigunak, metafora harrigarriak ederrean, sinestesia eta hiperboleak, lexiko hautapen jasoa… Ez dugu kritiko bihurtzeko beste ikasi. Ez dut ez polborarik asmatu: mugak haustera egiten duena izanik ere, euskal poesia garaikidea baino ez da.

Lotsarik galdu ez duen idazlea da Aranbarri, eskuzabal eskaintzen zaigun durundio nahi du bere hitzak, ez da nitasunaren azpildurak harrotzen nekatuko nahiz eta “ni”a hor egon, besteren ahotan jarria, izenordain eta paraje urrunagoetan gorde-antzean inoiz. Ispilu baino ikustailu den poesia, bere ederrean etsitzeko sortua ez dena behintzat. Lau haizeetarik egurra datorkigun arren ez gaitu derrotaren erotikak liluratzen. Gehienetan zerbait narratzen abiatzen dira poemak. Negua lobelarra da, ahazmena, mendearen oldarra, kartzela, denbora; denbora, eustea, adiskidetasuna, plazerra, idaztea eta besterekin edo besterena sufritzea dordoken suertea. Deskripzioak dinamikoak dira.

Dordoken eta elurren oinarrizko sinbologia ezezik bada munta handiko elementu franko ordea. Geografia europarraren nagusigoa —gizaldiaren hasierako Erteuropa—, bestiario taxidermiko eta gehienetan defentsibo baten eraketa, elurraren, ahazmenaren, urtzearen, samurtasunaren eta oroitze setatiaren metafora nola sinbolo ugariak. Ez dago betegarririk, doitasuna mingarria da, keinuak anitz eta eusgarriak. Poeta aurretik dabil, beti hoska ari mintzen gaituzten leloez. Esperantza derriortuaren aitzi tonua bezala mudatzen dira pertsonaiak: gutunak idazten dituztenak inoiz margolariak dira eta inoiz kondenatua, poema batzuetan doinu bixi jauzkariak eta hurrena elezaharren moldean emandako mendeku eta jazarpenezko ipuin harrigarriak aurkitzen ditugu. Eskaintzak, aipuak, erreferentzia literarioak eta plastikari dagozkionak koska bat estutzera datoz, tesi nagusia indartzera. Irudi baten pindarrak poema osoa argi liezaguke, prosazko atalak sufrimentuaren aktak begitantzen zaizkigu; nahi den adarrari helduta ere gozatzeko aukera bat badago beti. Iritsi ala ez gutunak trabesa dira kamino bazterrean harriak bezala, izan badirela dakigulako loa kamusten digutenak, begibista motzeko Kupido arloteak gara, horregatik edo egin bide gaituzte banpiro.

Kaspar Hauserrekin nahi dugu hanka egin puten beso artera negutik, edo bapatean berriz ez garela hilko sinesten dugu. Koloreak garrantzitsuak dira, zenbakiak ere bai, koadroak memoriaren tresabi dira eta bakardadearenak. Apoarmatuen nominan sartu ditugu Bosch, Brueghel Zaharra, Dürer, Munch, Giacometti… Eta eroak. Eta maite ditugun idazle-dordokak.

3. Bihotza espazio kolektiboa da, hizkuntza eta bizitza bezala. Hieronimus Bosch-ek arima zapuztuak eta zoomorfoak margotzen ditu eusteko. Banpirismo molde bat da poesia, biziko bada lagun hurkoa kutsatu behar du, klubean sartzeak bakerikbako hilezkortasuna esan nahi du. Baina aurrera nahi dugu irudimenaren, hitzaren indarrarekin, eta munduak ez du gurekin ibili gura. Irenduak, ezinduak gaude neguaren kontra. Maitasuna ageri da, badakigu amodioaren ostean bakartzera goazena atzera, hortxe bilatzen dugu ordea adorea. Askotan maitasunean unean unekoa gozatu baino oritzapen aurreratzen, aurrezten ari garelakoa barruntatzen dugu; gerora baliatzeko kemena metatzen.

Behin-behinekoak dira garaipenak, bizitza apelaezina. Udazkenean neguaren alde jokatzen du denborak, ahazmenari amore emateko tentatzen gaitu, libertatea zabal eta franko eskaintzen zaigu baina etsipenaren morroi erabil dezagun. Haurtzaroa galtzera eman behar da elurtearen zurrunbiloan murgilean sartzeko. Zuloak, segadak, traizioak zailak dira ikusten. Nostalgiak hilduratu egiten gaitu, ez da memoriaren alderdiko. Jaioko direla berriak? Jakina, eta jaiotako inor ez diogu utziko guztiz berri izaten. Latza da burruka, eroetxea dakar dordokentzat, isolamentua, espetxea, deserria, hondamenaren laginak. Hala ere, tartean tartean eskas ditugunen gutunak jasoko ditugu eta kantak eskaintzen dizkiegu ostatuean. Geografia kolektibo horren bindikatze errimeaz ezin duten hainbeste eta hainbesteri gurekin direla dakarkiegu gogora. Gotor izateko manerak asko dira, eta dordokak, funtsean, itxaropen zaurituak.

(Dordokak entzuten dira gela honetan / Basurde urdin zaurituak, tukanak / Biblioteka zaharreko azken argiak / Prahatik inoiz / Zure gutunak datorren neguan joanen naiz / Ordea joan dira neguak, eta gutunak / Eta botila baten begitik oroitzea da / Gelditzen zaidan ohe bakarra / Bezperako soinekoz, ibisak kausi nahian / Lagun hilak ditut gogoan zurekin nagoenean)

Urrian gogor jotzen gaitu lehenbiziko hotzak. Elurrak fidakaitz bilakatzen gaitu, terneziaren defizitak ugertzen barrena. Elkortasuna urkamendia jasotzen ari da. Noizbehinka arnasa hartzeko pausagune bat jartzen digu eskura liburuak, noraino iritsi edo galdu garen gogoratzekoa; ohi baino hizkera xeheagoan idazten digu preso dagoen urkagaiak, oso urrunetik beti. Guritik mehera eta mehetik gurira ibiltze horretan erasoek haina garrantzi dute itxaropena berotzera datozen lirismozko eztenkadek.

Bihotzera doa negua, beltzera, ahazmenaren oturuntzan heriotzaz erditzen gara, amapolak —lo belarrak— loratzen dira den-denok daukagun aluan. Idaztea eta irudimena dateke elurteak harrapatuentzat itxaropen eta libertatea. Antza denez maite dugun guztia desegin artean bakerik ez du neguak. Zaila da hitzekin adieraztea.

Defentsarako armak ditugu bihotzeko isilpoltsan gerizatuak dauzkagun urre-txikiak; gatibuaren heriotza guri ematen zaigun oparia ere bada. Inondik ere elkar hartzeak urtuko ditu elurrak.

Beraz ez da hain zaila inmortala izatea. Plaza ez den hitza aldiz, espetxe itsugarri bihur lekioke hiztunari, orduan memoria bakardade potina da. Mintzokiderik ezean iragana baino ez dugun estatua lanturosak, negarjoleak gara. Egimaiteari atontzen ari zaizkio urkabea. Gerra egon denontzat dagoen arren begibista lausotzen du elur jasak, askok ez du ikusten. Bien bitartean Moloise loreak persekutatzen, Fleury-ko lore gatibuen atzetik hilko da. Ezinezkoa da ihesa, bueltarik ez du heriotzak, horregatik,behar bada, ahotan ibili behar etengabe hori. Poeta hiltzeaz bat estrainekoz lurmena ageri dela dirudi. Poesia. Gomutatzea zor dugu. Odolezko latsetan bainatzen direnek, Kaietenian GALekoen elausoak eramandakoak edota erresuma bertikaletan —diamante formako gartzeletan— ahazmenaren ukaldiz maiztutakoek jarri digute bedatsa eskura.

(Harri urdin baten kolpeaz lehertzen zareten arrebok / Gaua ez da armiarma bat baino, handia eta herabea / Nurenberg-eko errinozeroa, deskrizio urrunez egina/Gauagatik hartu zuten erleek Erroma, Zuberoa. // Rubizko latsetan bainatzen zareten lagunok / Zer da bada gorrotoa, denbora bera hainbestetan /Kaietenian sartu eta harritxintxorrak egoztea malkotan / Otarantzaz beteriko egunsentietan, ilunabarretan. // Bedatseko ihintzetan maitatzen duzuen arrebok / Orenen samurtasunez genituen bedeinkatu etxeak / Holderlin berridatziz hogen gureak garbi zitezen /Izotzezko amodioak bezain arin, kolpe hotz batez. //Memoria urdinska bat zor dizuet, iragangaitza.)

Gu hemendik ari gara, distantziak lotzen gaitu. Negu iragangaitzak dauzkagu. Memoria liburua aletuz doa, azkena hurbil dago. Bada elkar bana litekeen bakardade babestu bat, kaleak konparti litezke, elkarren gorputzak, gorrotoak, hitza. Zerrenda ditzagun sufrimentuak berriz, eta osabideei ekin. Apirila —behar ez zuen hilaheldu da. Gainean dugu ejekuzioaren egunsentia.

(Kanela landareak /deskubritu nituen zure begietan. /Euri asko jausi zen gau hartan, / eta zin egin nizun: Enaiz berriro hilgo / Adaska alaien artean lo zen / ibaiak eraman zintuen egunsentian)

Lurpetik mintzo da Moloise —Kalparsoro bezala—, eta galegoz; beti dago gogoak nora luzatua. Beteago dateke gure maitasuna urkatuari esker. Lagunak gogoan, zurekin nago baina bakarrik. Lirikotasun problematiko eta eskuzabala konstante bat da liburu osoan. Birritan esango dugu: banpiro solidarioak gara.

Ondoren apoarmatuak bataila osteko munduari erreparatzen dio. Ez dago behin-betiko garaitzarik, ordea derrota eta izuari karela topatzen diegu. Lurraren esneak hildakoak elikatzen ditu eta gu suspertzen. Hala ere lantzurdak bihotzak kristalduko ditu gerezi sasoian. Ez ginen seguru bizitzeko sortu. Zeozer bada elkarri apartenitzea. Mundua finitzera balihoakigu legezko larriarekin margotu ditu Bosch-ek arimak eta zoomorfoak. Munch-en oihuek usoak hiltzen dituzte parkean. Ez dago lainezteko arrazoirik, ez harrotzekorik. Dordoken lana eustea da.

4. Bakarreko bidea hautatu zuen Aranbarrik poesiarako. Ez dio inor askok jarraitu. Akaso ezinezko langintza izango da, xendra itsua zelako, karkaba zulo bat. Neretzat, hala ere, ez du azken hamar-hamabost urteotako euskal poesiak behar haina aintzakotzat hartu Dordokak eta Elurrak liburua. Nere iritzira neurri handiko den poesigintza honetara merkezurrean hurbildu gara.

Lauaxetak bere garaian bezala Aranbarrik Europako poesiarik honratuenaren —autonomoena?— oldera ekarri nahi izan du gurea. Azken hamarkadetan eraginkorren izan diren euskal poeten errainua somatzen da liburu honetan ere. Anitzago da ordea erreferentzi mundua: garai bateko Atxaga, Sarrionandiak edo Izagirrek haina pisu izan lezake Dylan Thomas eta Marcel Schowb-ek; zenbaitetan giro aldetik eta hizkuntzaren kezkari erantzuteko garaian Itxaro Bordarekin ahaidetasunak ikusten dizkiot, Luis Berrizbeitiarekin ere bai. Dena dela modu orijinalean oretzen du bere poesia Aranbarrik. Askotan eskutik helduta azaltzen dira berrizaletasuna eta tradizioa halabeharrez, bai lexikoan, bai irudietan (hegazkin eroriak-zitroi doratuak…), bai erreferentzietan (Oihenart-Panero…).

Argiketa paperak hildakoen liburu izatera ere jartzen dira. Herioren amarruak gainditzeko bademekuma da poesia, duintasunaren labana eta harria. Hermetismoak ate beste maratil du baina, atekak ateka berez da itxia, paperok kode ezkutu anitz dute gordean. Eta begiak ulertzeko eta ikusteko gose dira, arrain urduriak dirudite begizuloetan. Poesiaren metafora ere badelakoan nago Dordokak eta Elurrak, izan ere mezu zifratua, poesiaren handia, urtu beharreko itxuraren elurrarenpean dagoen apoarmatu urreztatua da. Bihurri mintzo da bihotza, itotakoaren ahotsez, Ascoliko brontzean mintzo da bihotza, dordoka zaildu hori.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak