kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Poema bilduma / Mikel Lasa / Irakur Sail, 1971

Mikel Lasa: Arakatzaile Tere Irastortza / Hegats, 1995-11

si, fugitiu de la faisó estrangera,
arromancés en dura nit, dolent,
l’amor del Tot i del Res,
sense esment del fosc i el rar

J.V. Foix, Sol, i de dol

Poema bilduma, nire artean

Poemak bildu aurrena eta gero memoria hustutzearekin DANA eta NADAren zirkuluan barrena segitu du Mikel Lasak. Bitartean denboraren mataza korapilatu egin zaigu idazleari bezala irakurleoi ere, eta ziurrenera ez dira alferrik joanak izango hogeita bi urte Poema bilduma (1971) hartatik, 1993ko Memory Dump bitarte. Modernitatearen aldarrikapenetik posmodernitatearen askiuste aroaren garaira iritsi gara, bidenabar, guztiok, eta 1971an modernotasunaren tankera guztiekin irakurri izan zena, egun posmodernitatearen erreferentziez betetzen da. Bi irakurkerak zilegi egiten ditu denboraren joanak, denboraren joanak eta, kuanto, idazleak, errealitatea isladatzea baino bortizkiago errealitateak asaldatu, aztoratu egiten duelako idazlea.

Nik neronek ere irakurkera batzuren berri eman dezaket. Izan eta, Hegatserako Mikel Lasari buruzko artikulu hau idazteko eskatu izan zaidanean, aurretikako nire beste bi lanez gogoratu bainaiz. Hala ere, paper artean ondoegi gordeta dauzkadanak aurkitzeak emango dizkidan lanak atzera eraginda, neuk ere ene memoriaren hustuketa (ustiaketak jakinduria erraustera eraman ohi du) egin behar dut Mikel Lasaz berriz aritzeko; idatz-saio hau ezberdina izango da, baiki, gure memoria osatzen duten oroitzapen eta hutsuneak, toki argitxoren batean utzitako negatibo ajatuak ez bailiran. Idatz-saio hau ezberdina izango da, bien bitarte honetan J. Green, Baudelaire edo M. Schowb, Faulkner eta Rimbauden itzalean Mikel Lasaren poesia bakarrik idazterik eta irakurtzerik ez dagoenetakoa delako. Ezberdina, halaber, 1971n, idazleak berak ordaindu zuen Poema bilduma hartan igerri eta esan nahi zirenak zerbait errezago irakurtzen direlako egileak, aurretik, orduan eta harrez gerokoan idatzi eta argitara eman dituenekin alderatuta. Oraingoan, saiatuko naiz, beraz, Lasaren lana nola ulertu dudan erakusten (eta ziurrenik saioak erakutsi, erakutsiko du, Poema Bildumak ulertzen nola lagundu didan erakusten.)

Mikel Lasa GIZAKI eta JAINKOEN ARTEAN: NADAtik urrundu nahi

1971 an Mikel Lasak bere arreba Amaiarekin poemak liburu batean argitara eman zituenerako, argitaratuak zeuzkan poema gehienak Olerti eta Eganen, baina baita beste zenbait tokitan ere, horien artean itzulita erakutsi zituen Papeles de Son Armadans delarik sona haundiena duena.

Baina Poema bilduma hura argitara eman arte Mikel Lasa ezagunago zen, edo behintzat poeta bezain ezagun zen artikulugile gisara, gaur egun aipatu ere egiten ez den alderdia, berau. Artikulu haietan bi ardatz antzeman daitezke. Bata, literaturaz, eta batipat Frantziako literaturari buruzkoak (G. Bernanos, Camus, Malraux, baina baita Baroja, G. Grass edo Epikuro); horren hildoan 1972an argitara eman zuen Novela berria Hego Amerikan. Eta bestea ekonomia eta nazio arteko politikazko artikuluak, Zeruko Argian argitara emanak literaturari buruzko beste asko bezala. Ondorengo urtetan, 1976az geroztik gutxi gora-behera, etorri ziren euskara eta euskal irakaskuntzari buruzko lanak, nahiz eta aurretik aritua zen R. Arregirekin alfabetatze lanetan. Bere itzulpen lanak, bestalde, 1984tik aurrera eman izan ditu argitara.

Literatura eta bizia uztai beraren bi muturrak direla ziurtatzeak ematen du, bai, lanik franko. Eta Mikel Lasak bere poemak argitara eman zituenean bere alderdi bereizgarriari bakarrik erreparatu zitzaion, G. Arestiren itzalean abororik bilatzen ez zuen poetaren adigarriei. Eta guzti hori egia izanagatik, geure errainu propioari begira jartzen garenean eguzkiaren menpe gaudela egia den bezalaxe, uste dut gehiegi alderatu nahi izan dela Mikel Lasaren lana garaiko joeretatik, aldentze hori nola gauzatzen den esplikatu gabe.

Izan ere, Mikel Lasa eta bere garai modutsuan aritu ziren beste zenbait poetari begiratu ezkero (Amaia Lasa, Xabier Lete, Arantxa Urretavizcaya eta Ibon Sarasola, batzuren batzuk aipatzearren) aise antzematen da 1970ko hamarkadan G. Arestiren aldamenean bestelako hildorik zabaltzeko asmorik.

Apropos utziko ditut albora, erabiltzeke, belaunaldi-hazaldi edo talde kontzpetuak. Batetik honetaz luzeen ihardun dutenek ere (Dilthey, Pinder, Ortega y Gasset, Petersen, K. Manheim, R. Escarpit) aztertutako belaunaldietatik gertuegi daudelako iritziei balio orokorragoa eskeintzeko, eta bestetik, inolaz ere, uste dudalako, L. Goldmannek bezala, kontzeptu eta errealitate horiek ezin dituztela berez obraren inguruko elementu batzuk baino esplikatu, eta inolaz ere ez bere egitura sakonena. Hala eta guztiz ere Mikel Lasaren poesiagintzaren garrantzia ulertuko bada uste dut behar beharrezkoa dela bere garaiean kokatzea Poema Bilduma eta Mikel Lasaren ordura arteko lana.

G. Arestik zabaldutako hildoaz bereizten hasten diren poetok —horrek ez du esan nahi gauza guztietan bereizirik zebiltzanik—, herriaren egunerokotasuna baino gehiago gizakiarena hartzen dute oinarri. Hala ere, oraindik kontra-eredu gisara izanik ere, ideia funtsezko berriak eman nahi dituzte sarri: demagun bere sekulartasuna aldarrikatuz, bere arreba Amaia Lasak Poema bilduma hartan bertan egin zuenez Jaungoiko guztiak ukatzen dituen /emakume bat naiz zionean, Ibon Sarasolak “Artzai ona”ren antiparabola aurkeztean, edo A. Urretavizcayak ulertzen duenean ez duela mendirik mugituko, / itsasorik erdibituko/ eguzkirik itzaliko.

Bestalde, ez da batere ahaztekoa, zertaraino diren 1966 inguru horretan eta 1970ean oso sartu arte, garai hartako idazleen iritziartikuluak G. Aresti erakusle nabarmenetarikoa izan duten iritzikoak, bai euskara batuaren gaiean, bai modernotasun eta sekulartasunaren gaiean, besteak beste. Mikel Zaratek ere sekulartasun horren defentsa eta euskarazko eredu berriaren hautapenarekin bereizten zituen garai hartan “Belaunaldi errekoak”. Nolanahi, lehen aipatutako poeta horiek, bere erlijioaren aurkako joera aldarrikatu beharrean sentitzen ziren eta badute Arestiren antzerkian egindako aitorpen anti klerikalarekin antzik franko.

Mikel Lasak ere antiklerikaltasun horretan kokatzen zuen bere burua. Hala frogatzen da Memory Dump-en, Beloken 1961an Iratzederrekin izandako elkarrizketaren berri ematen duenean. Hiru urte beranduago, 1964ean EGANen idatzi zuen gure badaezpadako kristautasunaren anbiguitatea, nobiziaduen aszetika dudakoaren aurka. Baina, haatik, Mikel Lasaren poesiara ez da halako zorroztasunik iritzi. Mikel Lasak ez du sekulartasuna erlijioaren aurkako iritziz defendituko; zehatzago aritzeko, ez du defendituko, eta poesietako errealismoaren baitan kokatu du, errealitatearen konstatazio sentsual hori bihurtuz, orainaldia orainaldiaz garaitzeko leiha, beste atal batean erakusten saiatuko naizenez.

Alde horretatik Jainkoaren esperientzia ere ez erlijiozkoa da eta uste dut Felipe Juaristik aipatzen duen Jangoikotasun hori zertxobait argitu beharreko geratzen dela batipat garai hartakoak izanagatik poema asko eta asko ez zituelako bere liburura bildu. Erabaki horrekin, PB garai hartako G. Aresti baten bideetatik kanpo kokatu beharreko gertatzen zen. Baina baita bere lirismoaren kariagatik, Elorri batekin lot zezaketen erreferentzietatik ere. Dudarik gabe, MDn “Osagarriak” izenekoan lan argitaratu gabeen kaleraketak Mikel Lasaren nondik-norakoak ulertzeko aukera ezin hobea ematen du, baina garai hartan PB1ean Jainkoaz ez gaitzat hartzea, bere poesiak garaiko eztabaida ideologikoen parametroetatik uzteko borondatea erakuts dezake.

Dudarik gabe 1971n bere poemak bildu zituenean, eta aldez aurretik argitara emandako lanetan ere, beti oso argi utzi izan zuen bere mesfidantza izpiritualitatea gandutzen duen erlijioaz. Hori bai, Poema Bildumako poesia errepasatuta ikusten da ez zuela batere kredo berririk aldarrikatu eta horren ordez izpiritualtasunari kutsu paganoa lotu ziola. Hara nola, liburu hartako lehen poemaren buruan jartzen dituen AXULARek jasotzen dituen hitzok Goiz heltzen diren pikuak maite ditu nere arimak irakurkera profanatzailea erakusten duten testuinguru honetan, zeren eta Geroko testuinguru hartatik kanpo (non goiztar/ berandutarrari kontrajartzen zaion), fruta heldu berriaren, eta gainera pikuaren irakurkera arras sentsuala bideratzen baitu, aurrez argitara emandako beste poema batean bezala gorputz-arima kontzeptuen kontrajartzea hautsiz. Beste horrenbeste esan daiteke egiten dituen erlijio munduko aipamen guztietan Kalbario mendia eliz zaharreko paret bazterrean izorkerian egiten ari direnak deskribatzen dituenean, edo bere kredoa hirugarren egunik gabeko Kristo batena dela dionean, poema horretan bertan. “Poeta berria” lanean, aldiz, Testamentu Zaharreko Jainkoak bezala mundua populatzeaz eta berhatzeaz ari delarik, esapidea modu honetan zehazten du

ene animaren bakardadea
gizonaren irriz ta neskatxen musuz

Lehen aldiz 1961ean argitara eman zituen poema haietaz landa, lau urtez beranduago kaleratu zuen “Gaur ideki diet itsasoari eta haizeari leihoa” hartako alleluya eta letanien, edo aurrerago dagien errosarioko formulen erabilera bortitzak modu berekoak dira, inolaz

birjina bortxatua, agur erregina, oi
biotzbera, oi errukiorra

“Salamanca II”ren bukaerakoak bezalaxe

giza birrinduen gaua, ama gurea, arreba
pakea, zuengan, pakea zuengan, pakea zuengan

Inolaz ere, joera hau oso ondo uztartu daiteke A. Camusek zionarekin, alegia, ez da, ziurrenera, errebelatu metafisikoa ateo, uste izan daitekeen bezala, baina derrigorrez biraolaria da. Hala ere, ez dut uste A. Camusek errebeldeen Jainkoaz diona beti xuxen-xuxenean aldera dakiokeenik Lasari, zeren eta PBn ez baita Jainkoarekin adiskide batekin bezala mintzo, garai modutsu hartan B. de Otero edo beranduxeago eta nabarmenki J. Zulaikak egin zuenez. Esan berri dudanez, onartu beharra da joera hori presente dagoela MDn agertu diren garaiko beste poema batzuetan. Baina hori ez da PBn gertatzen, ene iritzian, liburu honetako funtsezko galdera delako ideologia eta sinesmen orojakile horietatik landa, atzokoa eta biharkoa lot dezaketenez landa, non aurkitu behar duen gizakiak neurria. Eta ene ustez, A. Camusek aipatu arren gehitxo garatzen ez duen puntu honek bultzatzen du M. Lasaren poemagintza.

Ideologiak, sinesmenak, hitz eta mito haundiz baliatzen dira. Paradisua, Adan, beti denboraren joku eta amarruaren aurrean jartzen gaituzten hitzak, hain zuzen ere paradisua galerazten dutenak, hain zuzen ere Jainkoa, pekatua, zerua eta infernuari esanahi hantuak damaizkiotenak Jainkoaz, Paradisuaz, zeruaz eta Infernuaz aritzeko memoria jarri behar izaten du gizakiak, eta, hala ere, PBan adierazten zaigunez, tamariza eta pikondoa paradisu haietan kokatuak izan ez balira, inork ez zituzkeen irudikatu ahal izango. Poesia sozialak ez bezala, zeinek, Jainkozko etorkizunari gizabidezko etorkizuna alderatu nahi baitzion, Mikel Lasak, Manheimek anabaptisten qualismoaz zion moduan, orainaldia alderatu nahi izan dio lehenaldi eta etorkizunaren artean pentsatutako orainaldiaren iruzurrari. Egun-egunerokoarekin egin behar du bat gizakiak, etorkizun eta iraganaren deialdiak gauzatzerik permititzen ez duten koordenadak hausteko. Hitzetan eta kontakizunean oinarritutako memoria orosuntsitzaileari, gorputzaren azterbideak alderatu behar zaizkio. Horregatik ez da oroitzen PBko gizakia Jainkoak gizona tankeratu zuen egunez, / bizirako arnasa ixuri zioenaz/(…)/ paradisuko azken egun hartan.

Beste batzuekin alderatuta, PBko gizakia, Adan izatera, ez litzateke gauzei izenak eman beharrean aurkituko, J. Zulaikak bere poeman jarri zuenez. Izenak kendu egingo lizkioke, piku hostoa bezalaxe, biluzteko, Kristo profanatu hura bezalakoa gertatzeko, hain zuzen ere, gertu daukan Kristo hirugarren egunik gabekoa baita.

PBko gizakia, errebelde batekin alderatuta,ez da gizaki matxinatua Eguzki berritan dagoenean ere. Hizpideak L’homme revoltéra ekarri nauenez, ene ustez sarri aipatu izan den arren, oso ondo ulertua izan ez dena da Poema Bildumako gizona. Argi dago bere sekulartasuna ez dela besoak Jainkoaren aurka altxatu eta ahotsa gizakien artean ideia berriak aldarrikatzeko erabiltzen duena. Mundutartasun hori gizatasuna bada, sentsazio eta bikizunen azalpenetik abiatzen denarena da, ez beraz gizaki indartsu eta heroiko batena. Gaizki ulertu hau, ene iritzian, Mikel Lasak aipatu dituen egileen artean bat hartu eta hari buruzko iritzi orokor bat PBren esplikazio gisan ezartzetik dator. L’ homme revoltéren gaztelerazko itzulpenaren izenburu hutsarekin geratu ezkero, gazt. “rebelde“k, etimologikoki fr. “revolté“k ez duen adiera bat ezartzen dio. Ezin ukatu da Camus-entzat errebeldia positiboa dela matxinatzeak gizakiaren solipsismoa apurtzen duelako. Eta hala ere, fr. “revolté” erabili zuen, ez beraz “re-bellare”-tik datorrena, (gudu egitearekin lotua), “re-volvere”-tik datorrena baizik (arean, jira-biran, nahasirik, atzera-aurrera dabilena adierazten duena). Nire ustez, Poema Bildumako gizona ez da betere errebeldea, hartaz hartzen badugu zerbaiten aurka ari dena, baizik eta kontra dagoena, ezen eta errebeldearentzako irteera bere ekintza da, eta ekintza horrek bideratzen du etorkizuna, orainaldiko atakatik irteteko. Aldiz, errebelatuarentzat ekintza ez da irtenbidea. Nahastua dabilenak beste neurri bat behar du, eta neurri horren bila egiten da garrantzizkoa Mikel Lasarentzat FORMA.

Forma da segurantzia bakarra, bestelako segurantziarik ez duenarentzat, orainaldi suntsikorraren gainean; profetak ez bezala, horregatik, ez duelako etorkizunaren zuhurtzia; sazerdoteak ez bezala, horregatik, ez duelako iraganaldiari buruzko jakitate onartua. Formen artean aurkitu ahal izango du, beharbada, irteera, NADA eta DANAren bitasunetik irtetzerik bada, ez inola ere lehenaz, orainaz edo geroaz beste ideia estalgarri batzuk eraikiz.

Alde horretatik, eta nahiz eta bere iritzi eta kritika artikuluetan ideien munduan murgildu, Mikel Lasa, konparazio batera, G. Arestiren bost kopla zuhurrak ulertuta, lau zoroen zain geratu zen, eta bere poesietan inor baino gaurkoago egin zen ideien mundutik gauzen mundura etorriz; eredu teorikoen mundua baztertu eta gauzen errainu propialaren bidean. Esan daiteke, beraz, aldeak alde, Mikel Lasak bat egiten du bere garaikideekin, ideien mundu teorikoan ari den neurrian. Aldiz ez da bere poesietan ideia, kontzeptu bidez argitzen; eta honetan datza Mikel Lasaren indarra, horretan, izatekotan, bere errebeldiaren aztarna.

POEMA BILDUMA GAUZEN ARTEAN: DANAruntz

Ideien mundu hartatik lekoratua, presentea da presentzia, edo eguna da egona (eta ezer ez da horren errez definitzeko modukoa). Beti bereizten zail diren denbora-espazioak zailago gertatzen dira oraindik ere liburu honen kasuan. Mikel Lasa bere aurren-aurreneko testuetatik agertzen da denboraren kontrazepzioaren inplikazioei adi, eta gaur gaurko poeta da, kristau, burges eta iraultzaileak ez bezala, denboraren ardatz ekoizle-sortzaileari uko egiten diolako. alde batetik haurtzaro/gaztaroa dira gizakiaren aro pribilejiatuak, M. Lasarentzat eta presenteak iraganeko xarma galdua erakusten du, bestetik etorkizunerako apustuak ditugu eta

Bizitza bi memoria
galduen arteko
leize bat dela dirudi

Baina iragan eta etorkizun horiek ez dute berezko garrantziarik. Orain gogoratu edo asmatu izanak egiten ditu benetako, gogoratu edo asmatu izanaren lekukotasuna bakarrik da egiaztagarri (ez ezertarako froga), zeren eta gaurkotasun hori formatan egiten da presente. Liburuan leku izan nahi dutenak formaren datuak dira, baina zer da forma, poetarentzat, ez bada bizitza ahalbideratzeko manera bakarra, jakinaren, topikoaren, iraute hutsaren, beraz, heriotzaren aurrean paratzeko modua baizik?

PBk, horrenbesteko iritzi aldaketa eta bizikera molde apurtu izan den garaiean, argitaratu izan zenean baino oihartzun haundiago lortu badu, ezer adierazi baino gehiago zerbait esan nahi duelako izan da, arean, euskarria adierazi/adierazlea kontrajartzea edo bateratzea gabe, zerbait esan nahi izatea, esanezinari aurre egitea izan baitu.

Ezin esanarekin abiatuta, sentsazioei sinetsi eta amore eman behar izan die. Horn deitzen diot Mikel Lasaren liburu honen kasuan errealismo. Sekulartasuna, mundutartasuna, ez da honenbestez, defendatu beharreko ideia bat, baizik eta sentsualtasunaren konstatazioa, neurri baten premia nahi izanez gero. Gizaki nahastuak, l’homme revolté honek, garden asko adierazi du poemaotan: “Bien artean” eta “Neurkinak”:

(…)
Baina egungo ta biarko egunaren artean
bitarte izugarriak ezarriko ditut
eta goizalba soilean izanen naiz.

Zentzuzko gauzetaruntz
abiatuko zara zuzenean.

Ederrena izanen zara, garbiena, egokiena,
zeure neurri justuan.

Belarri bi zituen aditzeko
munduko doinu berrienak.
Eta esku bi laztantzeko
hondartzek dituzten harri gorrienak
Eta aho bat neurtzeko
nesken bular borobilenak.

Formarekin teman eta orainaren prestutasuna gauzatzeko bere bereak egin ditu zenbait esapide, zenbait literatur-baliapide. Horien artean, consecutio temporem famatu hori inondik inora hausteko joera Poema askotan jorratzen den bidea da hau, “Amorio galduak” PB1eko lehenengo poeman hasi, eta edizio hartako azken poemara bitarte; itzulpenean ere erabili du, eta hartara Rimbauden Sensation datorkit gogora, zeren eta poema hura itzultzean lehen lerroan orainaldiaz ematen duen jatorrizkoan etorkizunean zetorrena.

Ezpairik gabe, urte batzuk beranduago ondo asmatu zuen gure ikusmoldearen linealtasunaren zentzugabekeria azaltzen, harriturik zenbait jakitunen aurrean

xehetasunak xehetasun, luxu ugariekin, euren ideiak adierazten, alabaina osotasunaren ulermen osotik gero eta urrunago. (…) Hauek inolako zalantza izpirik gabe beti dakite arazo baten bi muturrak atzamar puntan soilki hartzen, hots, arazo baten hasiera, desarroiloa eta bukaera argi eta garbi adieratzen. Hain zuzen neuri zailena iruditzen zaidan hori bera. Hasiera eta bukaera konbentzionalismo kontu bat da ene ustez.

Hasiera eta bukaeraren konbentzionalismotik askatu nahi du Mikel Lasak bere jarduna. Kontakizun eta historiaren ardatz hori hautsi alde ere bere sintaxia ahozkotasunera hurbiltzen du Sintaxiazko baliapideak berebiziko garrantzia dute, adiera-bide guztiak lexiko hautapenaren mende jarri ziren batuaren aldarrikapen garaiean. Alde horretatik, gogoratu beharreko dira hitz hauek, Gabriel Arestiren Harri eta Herriz ari delarik.

Sintaxia gora-bera (ez dut onetan deus ere ulertzen, ezpada jaiotzetik ikasi nuena ), Aresti da lenen ausartu dena, euskerarekin esperientzi apur auek egitera, eta zorionez ez du utsik egin. Arestik euskera bortxatu egiten du eta agian zenbaitetan min eman, ikusi baitu euskeraren gorputza gogorturik dagoela.

Alde batetik, Mikel Lasa izango da euskal poesia modernoan aurrenekoetakoa, aurrena ez bada, menpeko esaldi luzeak erabiltzen, euskal prosaren tradizioari eusteko, baina bestalde bere euskararen normal izaziorako borondatea ez zaio bere espresiobideari gailenduko. Menpeko esaldiak ardatz gramatikalik gabe geratzen dira, nahiz eta oso ondo ulertu; sintaxiaren desordena ez doa, haatik, idazkera automatikoaren mugetaraino eta surrealismotik ihes egiten du, Tzara, Aragon aipatu arren, agian, bertan inkonszientziaren haria sarriegi kontakizunaren haria delako.

Gainera, egiaztagarriak bildu nahi dituenak bezala ematen ditu Mikelek ordu eta tokien zehaztapenak. Sarri bere garaiaren lekukotasuna eman nahi izan duten poetek ez bezala, liburu honen kasuan konstatazio bat dela esan daiteke. Bere konstatazioa, nire ustez, pintore batena da, edo hobe azterketari, arakatzaile, arrastreadore batena. Denboraren markak, aztarnak bakarrik interesatzen zaizkio. Markak atxeman egin behar dira. Arakatzailea da, denbora eta espazioari batera begiratzen duena, honela daiteke presentzia presente. Maiz iruditu izan zait Mikel Lasari ematen zaizkion epitetoak ezkutatu bezala egiten dutela bere ahalegina. Larregi maite izan ez dudan geometria erakusten zigutenean bezala, noiz eta karratu, borobil eta halako figuraren bat edo beste kenduta iruditzen zitzaidan gezurretan ari zela irakaslea. Irudi geometriko haiek zeri zegozkion asma ezinik eduki ninduten, eta halaxe Mikel Lasari buruz esaten diren orokorkeriekin

Aldiz, bere marrazkietan, bere poema gehienen espazializazioan bertan ez da lerro zuzenik, bolumenak atxeman nahi dira, bere iheskortasunak ukatu arte, bederen. Idazleak errealitatea den espazioaren zabal-gizena edo estu-mehiarrak ukitu nahi ditu. Forma hutsak dira. Forma huts gara. Zehazten zail den zerbaiten bila abiatzen denak segitu nahi dituen aztarranak, ideien mundu kontzeptualegian, abastrakzioaren lerro artean, bertsoa eta arima urratuko bazaio ere, zeren eta hildakoak bakarrik ditu lagun, erromantikoak bere baitan aurkitu uste duen ugartean; eta horrekin batera PBn agertzen diren poeta eta idazle izanak ez zaizkit iruditu bere burua modernitatearen baitan erakutsi nahi duenaren erronka, baizik eta gorputzaren datuetatik atera ez daitekeenean, babesten duten lagunak, arima-erratuak, une eta gune guztietatik bidaliak.

Eta formaren atxikimendu hori nabarmen gertatzen da bere poesia politikoenetan ere “Gerrate ondorena”, “TX.E-ri” poemek ez da mezu politikorik agertzen, eta ez da oso errez jakiten zein den izan memoriaren eginkizuna, (ez baita inondik errebeldiaren oroimena, zorrotza eta barkatzen ez duenetarikoa), izandakoaren aztarnarik gelditzen ez denean, eta hala ere, poesia politiko hauetan bezala poeta berriaren eginkizunaz eta ari denetan markatzen da berriro FORMAren garrantzia. FORMA da poesian presentzia, presente egin duena. Forma da gauzei zentzua damaiena, forma da errealitatea, datua eta poesia haietan ere mezu erredentore baten ordez espazioa da esapidea, gerrate ondorengo ixil-unean, no man’s land bihurtua, eta paisaje pasarte laino urratu gisa, mueble gabeko etxea, Etxebarrietari dedikatutako poesian. Izan ere, C. Vallejorenaren antzera, PBko gizakiak irudikatutako errebeldia imintzio eta espanturik gabekoa zen, jatorrizko kulturaren barne-sostenguak galdu dituen herriarena bezalakoa, amildegi ertzean hutsuneari zuzendutako marmarra laua.

Baina jarrera honen berri argiago ikusten da, oraindik, “Ghetto”an

Lekunea ikaragarri zabali zen
lau aldetara argizko hutsuneak
bortxa egiten ziola mundu hertsiari

Ene bihotza katibu zegoen baina
lau ideia hertsiagoen jira-birazko
mugimendu amaigabeko zorabioan.

Baina ikusi dut ikusi
zuhaitza soila
hornidura guztiez biluztua
ilunabar gorian
zeru argiaren kontra islatua
soila
bakarra
bakana
marra hutsa

Ene arimaren atxikidura bakarra

Poema honen bukaerak ondo adierazten du azterketari honen poesiaren sinbologia espazioan errotzen, eta espazioa forma arruntetan, konkretuetan: itsaso eta hondartzan urpeko herri eta deshern; gauzena: itsasontziak; naturarena: pikondoa tamariza… Espazioak ereduen mundutik errealitatera ekartzen dituen heinean, presente egiten dituen heinean lortzen da memoria ez artxibo bihurtzea, eta oroitzapen, gertakizun eta kontakizunen gordeleku gabe, bere adierarik literalenean, aztarnategia, inpresioa, dagerrotipo batena itxurako pausabidea izatea.

Gorputzaren zentzuetan geratzen dira zantzuak, sentsazioetan dago neurria, eta horretan behar genuke abereetatik gertuago, katuak nola, nola itsaspeko herriko arrainak. Kontakizunean dago, berriz, zentzabidea eta zentzabide hori ez da historia, fantasia edo asmamena baizik

Konkretutasun honekin bidera daiteke poesien sentsualtasuna, zeren eta Mikel Lasaren poesietan agertzen den zama sexuala, erotikoa, gorputzaren ahalegin jakin batean koka daitekeen: gorputzaren ahalegina bestearen arimara iristeko, (bestearen gorputzetik norbere bakartateraino baino asmatzen ez badu ere, sarri). Mikel Lasa ez da, agian horregatixe, maitasunaren kantugilea, desioarena, amorioarena baizik. Izatekotan, maitasun arrastoa aurki daiteke biziaren ertzean, eta hori ere itsasoak plaian berehala ezabatzen dituen arrastoen laburtasunean, presenteak berehala ematen baitu amore, ez baitu desioa eta gozamena heda arteko iraupiderik baizik. Gorputzak uztartu egiten dira, itsaso ertzean, eta nahi bada diruaz lotzen dira; maitasuna ez da desioa baizik, bakartateari ihes egiteko isia. Mikel Lasaren amorioak galduak dira beti, orain-oraingoan bakarrik bizi daitezkeelako, gorputzetan.

Bitartean ametsa da /zuk erran didazuna maitea: maite nauzula enia zarela. Hara nola begiak, ezpainak, diren errealitatea eta maitearen besoetan ez den ilargirik ez izarrik. Eta gorputza neurri bakartzat harturik espero du sosegua poetak, eta Baudelairen omenez idatzitako poeman dionaz hire gorputza nire animaren truke. Gorputza daiteke azterketariaren bide bakarra, jakingo badu zer den bilatu nahi duen, zeren eta norbere baitatik irteteko ez baitu aski Jainkoa, Descartesen gisara; ez ideologia, iraultzaileek aldarrikatu dutenez; eta ezta errebeldiari Camusek damaion zentzu positiboa ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak