kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Laino artean zelatari / Felipe Juaristi / Alberdania, 1993

Laino artean zelatari Juan Kruz Igerabide / Hegats, 1995-11

1. Malenkoniak begian du atseden

Grezia zaharrean malenkoniar sormen indarra aitortzen omen zitzaion. Malenkonia izan, nonbait, gizakiaren izpiritua sormentrenpuan jartzen duen barne egoeretako bat. Malenkonia eta nostalgia ziren erromantikoen inspirazio iturri nagusienetakoak. Eta erromantikoen gehiegikerien ondorioz malenkonia eta nostalgia izpirituaren gaisotasun bihurtu ziren: izaera epel, beraxka eta sustantziagabeen ezaugarri.

Malenkonia eta nostalgia, ordea, ez dira joandako denboren oroimin hutsak, ez dira izpiritu negarberaren aiene eta asperen biguinak. Barne-zuloak dira, batez ere: barne zulo ilunak, beren zakarkeria eta laztasun guztiekin. Zulo horiek borobil irudikatzen ditugu, baina ezin esan non daukaten ez zirkunferentzia, ez erdigunea. Zirkuluaren huts-min dira, eta izen bereko saiakeran ederki adierazi zituen Inaki Aldekoak kontzeptu horren inguruko gorabeherak.

Barne-zuloan nahasirik daude sentipenak, gurariak, ideiak… eta itsumustuan mintzo da hitza, iluneko mamu lausoak izendatu nahian.

Oinarrizko joera hori nabari zaio Felipe Juaristiri bere lehen bi poesia-liburuetan. Joera hori du inspirazio iturri. Eta joera horrekin hasi du poetak epe luzeko introspekzio lan neketsua. Azken batean, malenkonia eta nostalgia bere baitaratzeko aurreneko eskailera mailak besterik ez dira poetarentzat. Horrela, introspekzio lan horrek gero eta poesia gogoetatsuagoa egitera eraman du Felipe Juaristi. Bere baitan dago, laino artean, lausopean, baina zelatari; hots, gogoeta sakonaren lehen araua: zelatari egotea, esna egotea. Alegia: malenkoniak begian du atseden.

2. Zirkulua itxi ezin

Claudio Magris-ek bere Clarisse-ren eraztuna saiakeran aztertzen dituen idazle modernoengan, ezaugarri nagusi bat ikusten du: munduaren ikuspegi osatu edo borobilduaren falta. Nietzsche jotzen du zedarri jokabide intelektual horren sorreran: izadiko gauza guztiak bere indarrean agertzen dira, eta ez dago harmonia batean bilduko dituen ardatzik; bakoitza bere aldetik doa, besteekiko gatazkan eta ez adostasunean. Ikuspegi horretatik indibidualismoaren aldarrikapen gogorrera ez dago pauso txiki bat besterik.

Felipe Juaristiren poesigintza giro horretan kokatu behar dela iruditzen zait. Areago oraindik: indibidualtasuna bera ere arraildua eta zatitua, biderkatua, erakusten digu Felipek; ez dago erdigunerik, ez dago borobil ezagunaren babesik.

Felipe Juaristiren malenkonia eta nostalgia, zerbait izatekotan, falta den borobil horren, falta den erdigune horren oroimin eta bihozmin dira. Borobilak, nolabait, bizitzari zentzu garbi bat aurkitzea eta definitzea (zirkunferentzia definitzea) sinbolizatuko luke; erdiguneak, bestalde, nork bere izaera zirkulu horretan ongi kokaturik edukitzea esan nahiko luke.

Eta oinazea sortzen da hot; ezinaren oinazea. Hala ere, oinaze horri aurre egiten zaio; eta hori ironiaren bidez. Laino artean, eta galdurik, hala ere poetak barre (edo irribarre, hobeto esanda) egiten du; anabasaren barruan eta bere buruaren jabetza traszendeterik gabe, ironiaren bidez eskuratzen du jabetza galdu hori; eta, aldi berean, jabetza berreskuratze horri ere ironiaz begiratzen dio, bai baitaki garaipen pirrikoa dela erabat.

3. Paradoxa

Laino artean zelatari egotea paradoxa hutsa da. Laino artean ez da ezer ikusten. Hala ere, poetak pentsatzeari eta sortzeari ez dio uko egiten, nahiz eta jakin ez duela zirkulurik itxiko, ez duela erdigunerik aurkituko. Horrela, teoriak laino artean botatako Ariadnaren hart Teseogabeak izango lirateke; eta joko absurdo hort indartzeko teorien teoriak eskainiko zaizkigu; alegia, jokoa etengabe biderka daitekeela, teorien teorien teorien… teoriak asmatuz.

Adierazitako Ariadnaren hari horiek dira laino arteko begiradak, eta begia poeta da. Urrun dago Lizardiren bihotzetik igarotako begi hartatik. Felipe Juaristiren begia begi huts da; ez dago barne munduaren eta kanpo munduaren arteko orekarik, ez dago buruaren eta sentipenen arteko orekarik; gehiago da pilaketa lan bat: sentipenak, ideiak, grinak… denak biltzen ditu begiak, eta kanpo mundua eta barne mundua arrapaladan jartzen dira harremanetan, orekarik gabe. Nietzschek adierazitako bizi indar desordenatuen zirimola erakutsiz (ezta zirimola ere; honek, gutxienez, erdigune bat bai baitu).

Eta, hala ere, begia zoli, begia zelatari, bere begirada etengabean, bere azterketa etengabean, bere ezagutunahi etengabean, nahiz aldi berean bere buruari keinu ironikoa egin, ezagutu nahi horren eginahal hutsalaz jabeturik bezala.

4. Soinua eta begirada

Soinuak oihartzuna dakarkigu; hots, iraganaren oroipena biziarazten digu. Nolabait, gure erroen berri erakusten digu. Baina, zirkuluan sinesten ez duen poesia batek zer erro bilatuko du? Ez dago errorik; erroak ala adarrak diren ezin asma.

Ez da harritzekoa, beraz, poeta postnietzschearrak begia aukeratzea bere poetikaren motortzat. Begiak orainean murgiltzen gaitu, nonbait murgiltzekotan. Hala ere, bene-benetako orainik egotekotan oso une ttikia da, ta abstrakzio huts. Alegia, begiak denboraren zentzua bera ere nahastera bultzatzen du poeta. Une honetan ikusten ari naizena, une honetan bertan gertatzen ari ote da, ala iraganean gertatutakoaren errainu huts da, ala gero osatuko denaren kimu beti osagabea?

Begiak, gainera, ikusteaz gain begiratu egiten du; alegia, deformatu. Fisikoki gure begiak aurrena daukaguna islatzen digute; zelatariaren begiradak, ordea, enfokea aukeratu egiten du, beti errealitatearen ikuspegi iragazia eskaintzen. Ez dago errealitarearen ikuspegi objetiborik. Hori uste hutsala da. Objetuak ez dira objetu berez, norbaitek haiengan begiak jarri dituelako baizik; beraz, objetu oro objetu begiratua da, eta horregatik bihurtzen da errealitatearen zati; horregatik, ongi daki zelatariak bere zelata amaigabea dela, eta zelata egiten duen heinean sortzen eta desagertzen joango zaiola errealitatea, laino arteko mamu-irudien antzera.

5. Bizitzeko grina

Badirudi ezaugarri horiek dituen poesiak zeharo nihilista behar duela izan. Eta Felipe Juaristiren poesia osoan nihilismo itxurako joerak aski nabarmenak dira. Maiz aipatzen du Felipek Cioran; Ciorani asko zor omen dio. Eta Cioranekin batera, ordea, bizitzaganako kuttuntasun berezia erakusten digu. Horra hor beste paradoxa. Nihilismoak laino dira, eta laino horien artean poetak zelatari dirau, bizitzeko irrika berezia erakusten digu. Bere lekuan (begien aurrean zer agertuko) irautea da zelatariaren ezaugarria. Felipe Juaristik zelatari dirau bizitzaren aurrean, etsi gabe, bere zantzu nihilista eta guzti, Feliperen poesia ez dago etsipenak iota, zelatari segitzeko gogo batez baizik.

Bizitzeko grina hori bi haritan gauzatzen da nagusiki: alde batetik, bizitzari buruzko gogoeta etengabean, eta bestetik amodioaren indarrean. Felipe Juaristik ironiaz erabiltzen ditu bi indar horiek, traszendentzia handietatik ihesi; baina ironia horrek ez du kamusten irrikaren indarra.

6. Denborari buruzko gogoeta

Liburuan sail oso bat eskaintzen zaio Entropia kontzeptuari. Entropiaren legearen arabera, gauzen bilakaeran beti energia gutxiago sortzen da xahutzen dena baino. Horren ondorioz, kaosaren legea da Unibertsoaren bilakaeraren oinarri; gauzak autofagiara eta heterofagiara doaz; horri deitzen bide zion Nietzsche-k naturaren indar desorekatzailea.

Newtonek denborari buruz zuen ikuspegia hankaz gora joan da: ez dago denbora absoluturik, bere kabuz matematikoki aurrera doanik. Denbora ere, zerbait baldin bada, desordena besterik ez da: herrenka doa orain, lasterka geroxeago, luzaturik orain, laburturik geroxeago… desorekaz beterik

Felipe Juaristik denbora linealaren haustura erakutsi nahi du bere poemetan. Ez dago denbora bat, eta denbora horren baitan kokaturiko sujetu bat; sujetua ere denbora da, eta denbora sujetua. Sujetu hori, gainera, denborak biderkaturiko sujetu plurala da (Ni1, Ni2), baina sujetu horren lekukotzarik gabe ez dago denborarik; sujetu hori da, azken batean, poetaren erreferentzia bakarra, denboraz gogoeta egitera doanean.

Denbora lineala hautsi, eta zer? Neurririk gabeko denbora batera heldu? Baina, hori denbora ukatzea litzateke: nurririk ez, denborarik ez; edo infinitua orain eta hemen bizi nahi izatea (poeta idealisten ezaugarri nagusienetakoa, hain zuzen). Ez da bide hori agerian jartzen, ez da denbora borobil baten planteamendurik ere erakusten (behin eta berriro itzuli beharraren mitoa). Hot uzten da guztia; ironiak ez dio uzten poetari planteamendua borobiltzen. Zirkuluaren huts-minik badago, baina zirkulu hori ezin itxi; ezin baitu poetak horretan sinetsi.

7. Jakitunei barre

Laino artean zelatari dabilenak antza handia du linterna baten laguntzaz hiri ilunean liburua irakurtzen ari den gizonarekin; estoikoak ditu gogoan Felipe Juaristik: jakituna zoriontsu da: inori ez dio ezer zor. Hala ere, poetak barre egiten dio jakitun handietsiari (“zer uste duk; zirkulua ixteko gauza haizela, ala?”, esanez bezala).

Nola mihura sagarrondo abarretan,
halakoxea da jakitunen hitza.
Vain glory…
(Vanitas Vanitatis)

Jakitunek “badakite”. Poetak ez daki; eta ez dakienaz mintzatu nahi du. Eta badaki ez dakienaz mintzatzeak laino artean zelata egitera kondenatzen duela; baina ezin sinetsi argi eta garbi agertarazi nahi dizkiguten egia horietan. Azken batean, existentzia ez da egia horien bilduma; existentziaren ukazioa baizik; alde horretatik, Felipe Juaristiren poesia existentzialista dela esan genezake; existentziaren aurrean gogoeta egiten du, eta aldi berean existentziari buruzko gogoeta oro arralduraz eta balioaniztasunez betetzen du; ez iezadazue existentziarik itxi; leher dadila neure baitan, bere aniztasun eta desoreka osoan esan nahian bezala.

8. Homeostasia edo amodioa eta etika

Fisikari modernoak entropia kontzeptuaren alboan beste kontzeptu bat ere kaleratu dute: homeostasiarena. Entropia desorekatzailearen alboan homeostasia orekatzailea agertzen da. Energia urritzen duen indarraren aurrean, energia birsortzen duenarena.

Felipe Juaristiren poesian, lehen indarra formulazio ageriagoan agertzen dela esan genezake. Hala ere, hondoan badago indar homeostatikoaren zantzurik. Gorago aipatu dugu zelatariaren (begiralearen eta gogoeta egilearen) irudia. Orain beste bi arlo ukituko ditugu: amodioa eta etika.

Felipe Juaristiren poesiari amodioa eta sentsualitatea nonahitik dario, orain arte egin dituen hiru liburuetan. Erotismo fin batek (metaforapean lehertu beharrean ageri den indar batek) zeharkatzen du bere obra osoa. Felipe Juaristiren poesia, hein handi batean, emakumeari eginiko kantu luze bat da.

Indar homeostatiko gisa agertzen da Juaristirengan amodioa, zirkuluaren osatzea irudikatzeko azken aukera gisa (hala ere, aukera hori ironia pittin batekin irakurri behar dela iruditzen zait):

Zure begiak ikusten duenean nirea
irekitzen da bizitzaren zirkulua
(Erotika)

Eta beste indar homeostatikoa etika da Felipe Juaristiren poesian, nahiz eta ez duen onartzen indar orekatzaile hori oreka gozoan agertzerik. Poetak arriskuaren etika proposatzen du, ez erdibidekoa; galtzen eta irabazten dakienarena; hots: bizitzan bete-betean txertatzea, ihesbideari ezetza ematea; bizitzaren anabasaren barnean aurkitu nahi du jokabide etikoa, eta ez bizitzaz kanpoko orekan. “Modern Love 2″ poema adierazgarria da alde horretatik:

Min handia da neurriz kanpo sentitzea,
Gaitz larria, ordea, sentitzea ezer ez.
Beldurrez edo lotsaz atzean geratzen denak
Galtzen du adoretik falta zaiona.
Aitzitik, bulartsu arriskatzen denak
Irabaz dezake soberan izango duena.
Mugaz harantzago edo honantzago,
Erdiko bidetik inoiz ez.
Oso barkatzen zaio oso maitatu duenari.
Denbora iragaitean, eta oroitzean,
Gozoagoa da izan denaren nostalgia: hilkorragoa.
Horrek, hala ere, eredutzat baliorik ez.
Gizonak ez baititu biltzen
Hiru denborak dnbora bakarrean.
Iraganean zabal jokatu duenak
Ukituko du zentzumenekin geroa.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak