kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Tigre ehizan / Aingeru Epaltza / Elkar, 1996

Tigre ehizan J. F. Azkona / Hegats, 1997-12

Araitz haraneko belaze batean suertatu zitzaidan artzain harekin solastatzea, eta baita haren mintzoaz gozatzea ere. Ameriketan ibilia zen luzaro, ardiak zaintzen, eta biziki antzematen zitzaion han ikusi eta sentitutakoa oso barrenean zeramala oraindik. Izan ere, Balerdiren magaletik Pampara joandako artzain hura apartekoa zen hizketarako eta, bere jiteagatik —grinatsua zen gizaseme hura!—, Argentinara jo genuen eleen poderioz, eguzkia iluntze aldera makurtzen den ordu horretan. Berriketaren une batean, behin arditan zebilela tigre bat atera zitzaiola esan zidan, berari eraso egiteko asmoz, gainera. Bai to!, pentsatu nuen nire baitan. Nirekiko, Martin Fierroren zelai eta oihan zabaletan ez zen halako animaliarik; niretzat, tigrearen barrutia Asia besterik ez baitzen. Esan ere esan zidan, gorriak pasatu zituela tigrea uxatzeko ahaleginean, eskopeta erabili behar izan zuela, eta, finean, tiro hotsak uxatu zuela haren fortunarako. Artzainaren harropuzkeriak sesiorako gogoa piztu zidan: zirika ari zen nirekin, dudarik gabe. Akaso, puma edo beste piztiren bat izan zitekeela ihardetsi nion nik. Baina, ezetz!, hura tigrea zela, bere begiekin aurrez aurre ikusitakoa, alegia,. Gogoan dut oraindik solasaldi samur eta esanguratsu hura, besteak beste, tigrearen kokapenari buruzko nire ustea, erdia ustel zela konturatzerakoan: “Kontxo, eta benetan balego tigrerik Ameriketan?”.

Ez dut esanen Tigre ehizan liburua osatzen duten hogei ataletatik zeinetan argitu didan Aingeruk artzain harek nigan sortutako zalantza. Baina esan nahi dut, ozen gainera, zalantzarik gabe honakoan, kontaketa landu, ondo girotu eta tentsioz betea idatzi duela Epaltzak. Aingeruren Tigre ehizan azken liburuaren hizkera aurrekoen bide beretik doa, zorrotz eta joria. Zertxobait kamustu duela esango nuke, beti ere, berak zuzen jorratutako ildotik aldendu gabe eta, irakurlearen onerako. Idazten duelarik, exigitu egiten dio bere buruari. Bere lexiko, aditz-joskera, mintzamolde ezberdinen erabilerak… frogatzen dute ongi. Haren lanak ez dira arian irakurri behar, astiro baizik. Bere liburuak —Ur uherrak nahi dut gogora ekarri— lehenengo begi kolpetik aise sartzen ez direlako. Dagoeneko sei liburu argitaraturik dituen egilea estuki lotzen zaio baita lan honetan ere, oso berezkoa duen idazkerari: bai forma bai mamiari buruzkoak espreski ihes egiten baitu errazkeria guztietatik. Hizkuntz erregistro aldetik, kasu, artista bat da Aingeru. Martin eta Martintxoren istorioen berri ematen digu egileak. Martin, 36ko gerra galdu dutenetako bat da. Muga gainditu ondoren Venezuelako oihanetara doa, halabeharrak bulkatua. Zergatikoa zehatz jakin gabe, ehiztari-lanetan jardun behar du, beti ere, gogoetatsu. Martintxo —Martinen semea, zortzi urtekoa— ama, arreba eta beste senideekin batera —guztiak erbesteratuak— bizitzera behartuta dago Lapurdiko Larresoro erdian, botxeak (alemanak) Frantziatik erretiratzen ari diren une historikoan. Bost urte daramatza aita ikusi gabe.

Beraz, bi espazio ezberdinetan garatzen den nobela baten aurrean gaude, non espazio bakoitzak —Venezuelako oihanak eta Ipar Euskal Herriak— bere ezaugarri propioak eskaintzen dizkion idazleari —ingurune fisikoa, pertsonaiak, lexikoa, ikusmoldeak…— bi istorio kontatuz eleberri bakarra egin dezan.

Kontakizunaren denbora berebizikoa da bestalde, eleberriaren nondik-norakoa ongi ulertuko bada, bereziki, Martintxoren atalari dagokionez. Balio historikoa ere badu horratio, eleberri honek, batez ere, Frantzia okupatuan zeuden euskaldun anitzen pentsaera hobeto ezagu ahal izateko: haien giroa, haien itxaropena noizbait aliatuak —amerikarrak— militarki Espainiaratu eta Franko pikotara bidaliko zutelakoan, naziekin izan zituzten harremanak… Puntu honi dagokionez, Martintxoren aitona da, nire aburuz, idazlearen asmoak ederkien betetzen dituena. Esperientziaren ahotsa izanen zen, bada. Baina aitona ez da Latsagain baserrian eta beronen inguruan bilakatzen den istorioaren protagonista nagusia. Izan ere, aitonari kontrastea eginez, zortzi urteko mutiko baten komeriak kontatzen dizkigu Aingeruk, jende larriaren pentsakizunen ondora inozentziaren ikuspegiak eraman nahian. Aitak bezala, Martintxok ere bere gora-beherak izanen ditu 1944ko agorrilaren 7an —egun bakar horretan gertatzen baitira paraleloki doazen bi istoriook—, hagitz bestelako tigre bati, metalezkoa berau, aurre eginen ote dion izuturik baitabil. Eleberriaren atal honi batere meriturik kendu gabe, Venezuelako gertaerak —Martinek protagonizatzen dituenak— iruditu zaizkit interesgarrienak.

Oihaneko girotze lanaz merezi du, bai, aipu bat egitea: ederki mugitzen da Epaltza hango piztia eta landaretzaren artean, eta, are ederkiago deskribatzen ditu oraindik ere, pertsonaien arteko harremanak. Martin euskalduna eta Francisco (oihaneko bizilaguna) elkarrizketan ari direnean, hitzen gainetik badira, nik uste, bi pentsaera mota —arrazionala eta mitikoa— elkarren lehian ari direnak. Tentsio edo liskar horretatik erdietsiko ditu Epaltzak etekinik hoberenak. Errealismo magikoaren eragina ote?… Nolanahi den, ongi asmatzen du egileak indiarrari geroz eta protagonismo gehiago ematerakoan, neurri handi batean, bera baita giltza euskaldun ehiztariaren ezinegona askatzeko orduan. Tigreak norberaren buruarengan habia paratzen duenean, ez dago ez balarik eta tiro hotsik uxatuko duenik. Halakoetan, indiarra bezalako psikologo baten lan fina erabakiorra litzateke barne-piztiaz libratzeko.

Ezin uka bestetik, egokia dela bi istorioak lotzeko Epaltzak darabilen lokarria. Izan ere, aita-semeek badute antzeko amesgaiztoa gau berean, eta, euren artean milaka kilometroko distantzia izan arren, parekaturik joanen dira euren ikarak, eta tigreak dakarkeen heriotz izuari beldur beraz erantzunen diote biek, adorez beteak, baina. Seguruenik, Sabanitak eginen zuen gisa. Gainerakoa, Adurraren kontura
doa.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak