kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Elgeta / Joxean Agirre / Kutxa Fundazioa, 1998

Elgeta Juanjo Olasagarre / Hegats, 1999-10

Nola idatzi amodiozko historia bat tartean duen eleberria julioiglesiaskeriatan erori gabe? Nola idatzi antiheroi erromantiko baten bizitza erridikuluaren apurrik ere erakutsi gabe? Nola idatzi amodioari buruz, milaka liburu eta liburu bete dituen gaia, orain arte esandakoei ñabardura berriak erantsiz? Nola idatzi gure aiton-amonen Euskal Herriari buruz lilurarik gabe, idealizaziorik gabe, gutxiespenik gabe?

Bada enfasirik paratu gabe, urrunduz. Eleberri honetako balorerik nanbarmenena ez da kontatzen zaiguna, edo eleberriaren gaia, edo pertsonaien erabilkera, edo egitura, horiek guztiak ere bereziak baditu ere, eleberri honetako balorerik behinena zera da: hari narratzailearen alde kutsakorra nola hesien barnean gorde eta OULIPOren hertsadura bailitzen hesitu horri eta maitasunaren gai itsaskor, koipetsu eta zailari etekinak atera.

Eleberriak Elgeta, Jacinto Rivasen bizitza kontatuko digu, haren bizimodu gogorra, haren inongo ez izatea, haren deserrotzea eta haren bakardadea; honek hartzen du zati nagusia, amodio desgraziatua Teresarekin, Teresak, Teresa guztiek bezala, alde egin baitzuen Elgeta bakarrago utziz betiko.

Hau dena kontatzeko Joxean Agirrek hiru aldiz iragazi digu kontatzailearen ikuspuntua: eleberria iraganeko pasadizu behinenen ondoren ezagututako Elgetaren argazkilari lagun batek kontatuko digu. Lehendabiziko iragazialdian argazkilariak —ofizioaren aheak— argazki-makinaz iragaziko du errealitatea eta errealitate hori kontatzeko modua (bigarren iragazialdia); eleberriko zenbait pasadizu ez dira narratzaileari, argazkilariari berari gertatuak baizik eta beste norbaitek Elgetak gehienetan, hari kontatuak. Horretan kontatzaileak guri kontatuko dizkigu, entzundakoak direla azpimarratuz (hirugarren iragazialdia). Hitz batean esateko, narratzailea kontatzen ari zaigunarekiko sentimenduez diharduen eleberria izanik, urrundu egiten da, xentimentalkeria ekidinez. Horrela, narratzaileak Elgetaren bizimodua bergogoratzeari ekiten dionean, Joxean Agirrek iragazgailu sintaktiko anitzez matizatzen digu esanen diguna: eman dezagun adibide bat, ia ausaz aukeratutakoa:

Horrela ikusi zutenek diotenez, iheska bezala ibiltzen omen zen edo itzal-gaizka, bien mundura ustekabean agertu eta berriro itzultzeko bide bila dabilenaren tankeran, pentsatu nuen nik.

Paragrafoa iragazgailurik gabe horrelakoa zatekeen: horrela ikusi dutenek diote iheska ibiltzen zela, itzal-gaizka, bien mundura ustekabean agertu eta berriro bide bila dabilenaren tankeran. Baina Agirrek historia urruntzeko asmoz zerak sartzen dizkigu tartean: diotenez, omen, bezala (iheska ez da iheska bezala, zehazgabeagoa da bigarrena eta urrundu egiten du definizoa), pentsatu nuen nik (nolabaiteko zehaztasuna kenduz esaten ari denari). Eta horrela etengabean: Edoak aurkituko ditugu, omenak ugari, diotenezak maiz, ezezko osagarriak, beharbadak, agianak… nolabait testuan esaten ari zaiguna laugarren eskuko informazio balitz bezala erabiliz, lausotuz, urrunduz eta aldi berean istorio antzinako eta mitikoa sortuz.

Argudioaren haria kontatzeko orduan ere, Agirrek ez digu eleberri honetan hasierakoa hasieran eman eta bukaerakoa bukaeran, Saizarbitoariaren ildotik “ez da zertan historia bat hasieratik kontatu”. Lehendabiziko kapituluek argumentuaren bukaera kontatzen digute, Elgetaren ehorzketa eta hortik aurrera etengabe atzeraka-aurreraka dabilen argudioa osatuz joango zaio irakurleari. Pentsa daiteke, beharbada, eleberria argazkilariak Elgetaren hiletetan pentsaturikoak osatzen dutela, edo argazkilaria Donostian egurasten dabilen bitartean hausnartutakoak, edo lagun bati taberna batean kontatutakoak. Horren barnean argazkilariaren ibilerak daude: haren harremana emakumeekin, haren harremana balizko Teresa batekin, Elgetarekin, hark ikusten dituen eszenak (17. kapituluak esaterako beste maila bat emanen dio eleberriaren irakurketari ezen karrikan doan bikote mozkortu hori ez dira Teresa eta Elgeta, baina, izan izan zitezkeen, hala nola nornahi izan zitekeen moduan), joko dioten jipoia…

Eta horrekin batera izanen dugu Elgetaren bizitzarekikoak, Argazkilariaren ahotsaren bidez emanak. Adabakiz, oritzapenez eta oraineko gertakizunez emanen zaizkigun Elgeta eta Teresarekikoak: Alegia Elgeta deserrotzearen umea dela, umezurtz-etxekoa dela, guda galdu eta heriotzara kondenatutakoa, lagunak hiltzen ikusi dituena, galbidean den mundu bateko partaide baztertua, ofizioz trikitilari izanik festa kanpotik ikustera behartua dagoena, maitatu zuen emakumeak alde egin ziona, Donostiako Alde Zaharrean diru truk jotzen duen eskalea, ulertzen ez duen mundu batek bakardadera kondenatutako gizakia, eta azkenik lur saindua ehortzi nahi izanen ez duten hilotza. Bazterketa. Bazterketa da Elgetaren patua. Eta patua da, eleberrian esaten den bezala, ezen denok ez baikara patua izateko gauza (jende arruntok bizitza baino ez daukagu.) Bi plano horiek: argazkilariaren bizitzari dagokiona eta Elgetaren bizitzari dagokiona, bat egiten dute azkeneko eszenan non argazkilariak Elgeta hilaren lekua betez larrua joko duen Teresarekin ehorzketa bukatu ondoren, “Elgeta! Elgeta!” garrasien artean.

Elgetari dagokion pasadizuak, hainbeste bazterketa eta deserrotze, alegia, gehiegikeriak iruditu litzaizkidake beste mota bateko eleberri batean, zeren Elgeta pertsonaiak heroi erromantikoari dagozkion topiko guztiak betetzen baititu. Baina honetan ere, lehen estiloari buruz esandakoak berritu beharko genituzke, urruntasuna, enfasirik eza: Elgetari dagozkion desgrazia piloa ez daude batere azpimarraturik, esanik baino ez daude, argazkilariaren bidez esanik, sentimenduak ez daude, bolero txarretan gertatu bezala, pertsonaien ahotsetan baizik eta generalizazioz eta modu orokorrez emanak daude, ez daude NI baten menpe; modu horretan pertsonaiak zeharka bezala ukitzen dituzte. Une bakarra dago, nire ustetan, idazlearari eskua joan zaiona: Teresak, Madrildik hamar urteren buruan itzuli eta gero, Elgetari aspaldiko amodio haren izenean salba dezala eskatu ondoan Elgetak ezetza ematen dionean: Honela kontatuko zaigu:

Teresa abere zauritu bat bezala jauzi omen zen lurrera astiro baina dohakabeki, bere eskuekin gizonaren arropak atzamarkatuz eta Elgetaren orkatilei helduta geratu omen zen lurrean, kupidarik gabe negarrez, suspirioka, errukari.

Patetikokeria azpimarraturik dago, azpimarraturik dagoenez: Teresa lurreraino eroriarazi du idazleak, behin lurrean eginaraziko dio negar, eta negar gutxi balitz suspirio eta erruki. Zorionez mota honetako eszena bakarra dugu hauxe eta Jose Antonio Agirrek egindako lanaren tamaina ematen digu zeren erakusten baitigu zertan izan zitekeen gai honetako eleberria narratzailearen ikuspuntua, estiloaren urruntasuna, sentimenduen iragazketa honen estuki bridatu izan ez balitu. Esanahiaren aldetik esan beharra dut nik boleroak biziki maite ditudala, are gehiago bolero horiek enfasirik gabe kantaturik daudenean. Kontatzeko moduak argi berriz janzten ditu eleberrian zehar ageri diren ezpalak: deserrotzea, bakardadea patu gisa, amodioaren kondena, gure arbasoek bizi izandako munduaren galera, artearen balorea gizarte mota horretan, keinurik gabeko gizartearen mututasuna, Euskal Herria gartzela gisa, amodio-objektuaren definizioa, emakumeen kategorizazioa, gizakion gora nahia, amodiozko errenuntzia, gure aiton-amonen munduaren krudela, desioa, bazterketa, galtzaileen duintasuna, amodioaren esanahia eta abar eta abar…

Baina horiek irakurleak aurkitu beharko ditu, nik hona ailegaturik eleberriaren nire definizioa baino ez diot emanen: Joxan Agirrek idatzi eta Mikel Laboak kantaturiko bolero zoragarria.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak