kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Euskaldunak matxino (Matxinadak ulertzeko gida) / Mikel Zabala / Gaiak, 2001

Historiazko irakaspen zenbait Tere Irastorza / Hegats, 2002-07

Bakeaz gehitxo dihardugu, gauza onerako. Euskal Herrian hilabetean eta urtebetean eta batean baino gehiagotan ere bakarren batek prentsa irakurriko ez balu, berriz irakurtzen hasi orduko iritziko lioke edozein egunkari irakurrita komunikabideen errotari odol berberak eragiten diola.

Batzuetan nahiago nuke gerraz gehiago hitz egingo bagenu, Euskal Herrian izan diren gudu, mutin eta gatazkez ariko bagina. Uste dut ez dela ariketa txarra eta gure oraingo konponezinetan jende anonimoaren sentimenduak eta jende ezagunaren jokaerak errazago ulertzen baitira gureak ez diren garai batzuei begira. Gai honekin lotuta ekingo diot, bada, GAIAK argitaletxeak plazaratu duen liburu baten aipamenari. Nahiago nuke iruzkin akademikotzat barik, liburu batek sor ditzakeen burutapenen adierazpidetzat hartuko balu irakurleak, izan ere, gogora dezadan, liburu baten eginkizunetako bat gauzak ulertzen eta bizitzen laguntzea izan baitaiteke.

Euskaldunak matxino: bi hitzetan.

Esku artean darabilkidan liburua Mikel Zabalaren Euskaldunak Matxino (Matxinadak ulertzeko gida) duzue. Liburuak XVII. eta XVIII. mendean Euskal Herrian jasan eta eragin diren gatazken errepasoa egiten du. Horretarako, Hitzaurre eta Ondorioen atal hagitz laburren artean, lau ataletan banatzen ditu gatazken aurrekari, garapen eta zertzeladen berri ematea, testuinguru teoriko eta mendekotasunaren adierazpideekin batera.

Aurreneko atala, “Testuinguru teorikoa” izenekoan konspirazio, errebolta eta gerra zibilaren arteko mugak, gutxi-asko berezi eta kausalitatea eta aurrekariei buruzko teorien berri eman ondoren, 500 urteetan barrena Europako mugimenduei erreparatzen die, nahiko modu laburre a n . B i g a r ren eta hiru g a r ren ataletan, Euskal Herriko matxinadak hartzen ditu hizpide, eta haien artean, Bizkaia eta Gipuzkoakoak sailkatzen ditu alde batean, eta bestean, Baionako mutina, Iturbid e ren konspirazioa eta Zuberoako erre b o l t a ren berri ematen du. Laugarren atalean, berriz, mendetasunaren bestelako adierazpideen gaia jorratzen du, mendekotasun ideologikoa, ekonomikoa, politikoa eta familiarekikoa aztertuz. Atal hau geratzen da lehen atalaz geroztik landutako eskematik urrunen, nahiz eta XVII-XVIII. mendeko eguneroko bizimodutik gertuago daudenenak argitzeak ez duen interes gutxiago sortzen.

Zabalkundeaz, edizioaz, arretaz eta arteaz: zenbait iritzi.

Dakigula, Bilboko historialari gazte honen lehen euskal liburua dugu hau. Aurretik, liburu honetan aipatzen den aroan Bizkaian bizi izandako gatazken azterketatan aritu izan da, hala ere. Mikel Zabalak idatzi eta GAIAK-en argitaratu den liburua garrantzizko liburua delakoan nago, ez baita gatazka bakoitzaren xehetasunean sartuz testuingurua kontutan hartzen ez duenetarikoa, baizik eta Euskal Herrian Aro Modernoan gertatu diren gatazka garrantzizkoenen errepasoa egin eta irakurlea hausnarketarako bidean jartzen duenetarikoa.

Orokorrean, erraz irakurtzen den liburua dugu, erreferentziak egiteko aukeratu duen bideak ez baitu irakurketa oztopatzen. Hala ere, eta zabalkunde-lana izaki, ondorio edo hitzaurre orokorrago baten beharra sumatzen zaio, edo agian, eguneroko bizimodu eta matxinaden artean lotura gehiago eragin beharra. Horren ordez, ematen dituen teorien azalpenak, sarri, gaia argitu eta harilkatzeko baino pentsatuago dirudite unibertsitate-mailako lan baten egituratze teoriko baten aurreko erreferentzia-errepasorako pentsatuak, hainbestetan gerta daitekeenez, zabalkundeko liburu baten irakurlea ondo begitantzen ez denean.

Egia da, berrehun urteren bueltan gertatutakoak berrehun orritan biltzen badituela lanak. Eta lanik hartu du Mikel Zabalak gertaerak labur adierazten. Oso interesgarri dira, alde horretatik, labur-labur adierazten diren akordio, matxinoen amore-emateen ond o ren ezarritako araudiak….. Oso interesgarri dira, orokorrean , garaian jarritako paskin eta txartelen transkribaketak ere, nahiz eta h o r retan argitaletxeak zaindu beharko zukeen gehixeago lauki grisetan agertzen diren hizki-tipoak.

Liburu honek GAIAK argitaletxea burutzen ari den behar-beharrezko lan-ildoan sakontzen laguntzen du. Alde batetik, zabalkunde-lan duin izateko beharrezko erreferentziez horniturik dator, eta inork gaia sakondu nahi badu, erreferentzia bibliografiko ederra dakar. Beste alde batetik, alor zabal batetarako langa irekitzen du, aspaldian MURGILtaldeak Gordailu sailean egin zenbait gairekin egin zuen bezala. Alde horretatik, liburu honek eta orokorrean GAIAK argitaletxea egiten ari den saiakera bikainak merezi du jasotzen duen oihartzuna baino zabalagoa. Hala ere, liburu honetan antzematen dira zenbait gaitz edo aje aski zabalduak, ez direnak, inolaz ere, zuzenean liburuaren egileari egoztekoak. Bata, argitalpenari dagokiona. Liburua irudiz ondo hornitua dago, baina irudi horien jatorririk ez da inon agertzen. Bestalde, irudien oinetan ez bada, ia beti letra tipo berbera darama, eta kurtsibak eta espazioak arreta pixka bat gehiago zainduz gero, bigarren edo hirugarren mailako irakurketak egiten lagunduko luke. Beste ajea euskal erreferentziarik eza.

Euskal erreferentziarik ez euskal historiari buruzko liburu askotan edo bakea eta gerra euskal letretan.

Neu ere liburua irakurtzen hasi aurretik, mila itzuli-mintzuli egiten dituenetarikoa naiz. Liburu honekin hasi aurretik, bada, bibliografiari eman nion begiratu bat. Liburua irakurri ondoren bibliografiari astindu bat ere eman nion, baina han ez zen euskarazko liburu-artikulurik aipatzen, bibliografiaren buruan agertzen zen J. Agirreazkuenagarena ez bazen. Beraz, jabetu nintzen oraindik historiazko gaiak sakon antzean tratatzerakoan euskarak zein aukera gutxi ematen dituen. Ez baitzen alferrik burlatzen Claveria bat Garibai eta Etxabez, euskal gaiei buruz aritzeko gaztelania zerabiltelako liburu honek aztertzen duen garai modutsu hartan.

Modu honetan, hizkuntzaren mendekotasunaren zirkulua erd i itxia dago: euskaldunei elebidun izatea eskatu zitzaien inoren ordezkari (eta euskaldunen ordezkari) izateko eta jada ez da euskaldunen ahotsik apenas, historialarien lerroartean. A u r reneko mendekotasun hari, egun, beste mendekotasunik ere gehitu behar zaio. Neurri handi batean, historiagileek ez dute ahozko eta idatzizko euskal testuetan erre f e rentziak bilatzen saio gehiegirik egiten, eta euskal liburuetan eta ahozko tradizioan (kantu eta bertsoetan) dagoenak ere ez du lekukotasun izatera iristeko biderik ere askotan. Alde horretatik eta inork euskaldunek ia belaunaldiz belaunaldi utzitako testigantzak irakurtzeko, apaletan eskuerara ditudan zenbait libururen berri eman nahi nuke.

Ezagunenak, inolaz ere, edozein kantutegitan aurki daitezke foruen galeren eta Frantziako Iraultzaz geroztikako bertso eta kantuak dira, eta horien artean, ezagunenak Iparragirre handiarenak. Baina XV. mendeaz geroztik sarri gertatzen dira, zuzenean ez bada saihetsetik guduaren eta gerraren ondorioak eguneroko bizimoduan —eta bizi-ezinean—, eguneroko nekea areagotuz. Hala, Erdi Aroaren amaierako eresiak, Alos-torrean esate batera, hala Mondragoeko erreketaren erromantzean, zein Mila-Lastur-ren eresia edo Bereterretxeren khantoria.

Beotibarko kantuan dioen bezala “Elur maluta ugaria /ugariago etsaia” eta modu batera edo bestera, euskal literatura, euskal liburugintzaren azterketak ere euskal gizartean bizi zen gatazkagiroaren berri ematen digu askotan, ahozko tradizioak bezalaxe. XVI. mendean aurreneko euskal liburuan Mosen Bernat Etxeparek preso dela deklaratzen duenean, Jean II. nafar erregearen garaian Gaztelako koroaren alde aritzeagatik, ziurrenera. Axular eta Sarako eskolaren garrantzia uler ote daiteke Ipar Euskal Herri osoan Leizarragaren garaiaz geroztik katolikoen higanoten kontra hasitako berkatekizatze eta Trentoko doktrina kontutan hartu gabe? Eta Etxeberriren bertsoak, zeinetan infernuko penak kontatzean, ez diren kasik Inkisizio garaiko torturak baino kontatzen uler ote daiteke gatazka haietaz fitsik esan gabe? Eta Oihenarten lanak Notitia Utriusque Vasconiae batekin batera Nafarroako erresumaren eskubideen alde egindako idatziak gatazka hori gabe uler ote daitezke? Bernat Gazteluzarren himnoak, Etxeberri Ziburukoarenak bezala hein batean, egun osoko eta kondizio guztietako jendeak bere lan-eguna santifikatu alde egindakoak uler ote daitezke elite erlijioso eta zibilak Erregimen Zaharraren ondorengo baloreen hastapenerako egindako ahaleginak kontutan hartu gabe?

Adibide andana honekin beste ezertan aritu aurretik gogoratu nahi nuke euskal gaiak tratatzerakoan hizkuntza-hausnarketak duen garrantzia, eta zein garrantzizkoa den euskaraz idaztearekin batera, euskal iturriak (zentzu linguistikoan) erabiltzea, zeren eta bestela historiaren berri ez dakien literaturzalearen bidea euskal testuak estimatzen ez dituen historialariarena bezain noragabe gera baitaiteke.

Historiako zenbait ikasgai

Eta finitzeko, Mikel Zabalak hautatu duen gaiaren gaurkotasunaz baino ez ninteke mintza. Eta horretarako, oinarrian dudan galdera ondorengo hau duzue: berdin kokatzen ote gara gure garaian galtzeko edo irabaztekoen aurrean? Mikel Zabalak liburuaren hasieran egiten duen testuinguru teorikoan adierazi nahi da “euskaldunok munduan badugula parerik!”, eta egiten den 500 urte horietako gatazken kontakizunean agertzen dira Euskal Herrikoetan bezala burgesiak edo goseak sortutako matxinadak edo bestelako mutin eta konspirazioen berri. Deigarria da Mikel Zabalak ez duela hitzaurre honetan teoria bat beste baten aurretik jarri, historiari inolako kutsu eskatologiko edo finalistarik eman nahi ezta, eta bestalde kezkagarri, zeren eta bai baitirudi gizarte batean gatazka eta konponezin batzuk nola hasi ziren adierazteko eta konprenitzeko gauza sentitzen garenean —bailirudike, diot— gizarte horrek bere gatazkak konpontzeko bideren bat urra dezakeenik uste izatea. Litekeena da borroka armatua hasi zen garaian pentsatu izatea euskaldunak guda guztiak galdu izanagatik geundela hondoa jota eta guda bat irabaziz gero beste gudarik beharko ez zela. Edonola, gizarte hartan sentitzen zen zer irabazirik bazegoela. Eta oraingoan ? Lizarrako Egiunearen garaian euskal gizarteak —komunikabideetan gehitxo manifestatzen ez den euskal gizarte horrek— uste zuen teoria politikoa eta praktika politikoa bat zetozkeela. Gehiengoak elkarrizketa nahi izatea aski zela elkarrizketa gauzatu ahal izateko. Demokrazia-elizateetan irudikatzen dugun batzar idiliko haietatik zetorrela. Demokraziaren bandera gehien astintzen dutenek demokraziaren gaineko interesik ezin izango dutela aldarrikatu, bakea nahi duela aldarrikatzen duten herritarraren aurrean.

Baina hara nola, Mikel Zabalak bere liburuan esplikatzen dituen 1766ko matxinadetan, konparazio batera, Peñafloridako Konde jaun txit ilustratua bera izan zen “milicia urbana” delakoa Donostian antolaturik, Azpeitiraino joan eta “matxinatuen garbitasunean” nabarmendu zena, bai eta Gipuzkoako probintzian laure h u n lagun inguru atxilotzearen arduradunetako bat ere. A!, eta gainera, orduko Diputazioak agindu zuen ez inolako Udal-bilkurarik egiteko, eta bertan ez onartzeko aitonen seme ez eta dirurik ez zuen inor. Eta hori bai, Frantzisko Xabier Munibe Idiakezek, Peñafloridako Konde txit goren horrek, bere ikasketak medio entziklopedisten eragina jaso zuen, eta euskal ilustrazioaren pertsonaia nagusia izan zen, edozein hiztegi entziklopedikotan euskaldunek antzemanen dutenez. Baina gosearen merkatuan, garauaren prezioen askatasuna hobesten zuen herritarren bizi-ahaleginaren aldean. Gaurko Europar Batasunean bezalaxe beraz, ilustratuagoa zen merkantzien askatasuna gizakiena baino, eta nahiago zuen probintziako aitonen seme eta jakituria handiko gizonekin bildu, literatura, zientzia, filosofia edo historiaz hitz egitera, gose garaian gari-alea banatzearen alde ekiten zioten herriko seme-alabekin horren gai arruntei buruz jardun baino. Kuanto, aurreneko euskarazko opera El borracho burlado (1764) deitutako hartan kantuak bakarrik ziren euskaraz. Baina Mikel Zabalak dioenagatik matxinada haren kontra bertako, Gipuzkoako jauntxoek egin nahi izan zuten justizia, Madrileko gortearen aurretik eta bortizkeria handiagoaz.

Matxinoen gida hau irakurtzean beste historia-irakaspenik ere atera dezakegu. Badirudi, momentu honetan, zenbait arduradun politikoren jokaera gogorretik ekitea dela, egon litezkeen irtenbide guztiak ataka bilakatzea. Badirudi, azpian dagoen galdera zera dela, zer dugu galtzeko?

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak