kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Septentrio / Aurelia Arkotxa / Alberdania, 2001

XXI. mendean nabigatzeko Itxaro Borda / Hegats, 2002-12

Iparraldean, gero eta euskaldun gehiagok onomastika-zatiketa hori onartzen ez duen arren, iparraldean beraz, hburu baten ateratzea besta bat da, edo frankotan argitalpenak aipamen izpirik gabe plazaratzen baitira, izan behar luke, bere urritasunean, literaturaren historia harroaren haria ez dela osoki moztua sinestarazten baitu. Eta gainera Sarako eskola famatuarekin lotzen gaituen obra bat eskuartean dugunean, besta are handiagoa dela nola ez altor. Horixe da Aurelia Arkotxak Alberdania argitaletxean eskaini digun Septentrio izeneko bigarren lanarekin agitzen. Lapurdi eta lapurtarra entzuten da prosazko olerki luze honetan zehar, Lapurdi, arras bekan (gora) aipatzen duen bere itsasoan beha, so, itsasoarekin liluratua, zoratua. Itsasoa munduaren lau haize-hegaletara abiatzeko portu eta lehor. Itzultzeko halaber, bidaiako gertakariz aldatua bezain aberastua.

Aurelia Arkotxa 1953ko urriaren 3an sortu da Baigorrin, itsasotik hain urrun. Hamar urte zituela Hendaiara etortzean ur berdezko eremua lehen aldiz ikusi zuen kolpe poetikoaz ari zaigu testuz testu, izan Maiatz aldizkarian, izan Atari Ahantziak deitu bere lehen poema-bilduman, izan Septentrio honetan. Idazten duelarik, segitzen dugu guk irakurle, hainbeste maisutasunen aitzinean mutu, itsasoari dagozkien hitzen erroak bilatzen, hitzak berak ahanzturaren hauts petik jalgitzen banaka, hiztegi berriak osatzeko. Etxeberri eta Pouvreau-ren ildoetarik ibilki Hendaiatik Ternuaraino. Bakoitzak bereber galdetzeraino zeren izenean galdu diren ele gazi horiek, zergatik hondarrean asmatu eta amestu den Euskal Herria artzain eta mendi mende. Erantzun zenbait bagenituzke eiki, hemen esplikazio soziologikotan hedatzeko lekua balitz. Baina Septentrio narrazio poetikoaren orrialdeetarik nabigatzea aski zaigu gaurkoz.

Kenneth White eskoziar poeta ibiltariaren hitzak irentsiz abiatzen gara. Poeta ezagun horren hatza, eta Basho japoniar haiku egilearena nola ez, kausitzen genuen jadanik, Jon Casenave Lehuntzarra duela urte parrasta bat Elkarren publikatu zuen bere Ordu Alferren Segidan deituriko lanean. Natura, oinez partitzea eta poesia sortzea uztartzen zituen poema-bilduma hark, baina aldion lurra baino, itsasoa da fikzio hauen oinarkaitz, hala erran baldin badezaket. Eta gomita ikaragarria da, Auxelia Arkotxaren eta Kenneth Whiten bide maritimoak, liburutegietan eta lekuan lekuko artxiboetan gurutzatzen direlako. Ipar munduetako hormak, haizeak, uhin latzak eta baleazaleen oihuak lagun.

Septentrio hiru zatitan harilkatzen da. Galerna literarioa bailitzan. Hasieran hitzez enbata ilunbez nola, hala hantua, bere zurrunbiloetan gero ontzia harrapatzen eta azkenik itsasoa jabaltzen dela, baretzen, ez-ohizko lasaitasun antsiatsuaz betetzen. Guztiz idazlan gehienak euskara batu normatiboaz irensten ditugun aro hanpuros hauetan, Lapurdiko euskalkiak tenpesta aire hotza sartzen digu zainetan, garai baten gustu bortitza aho zokoetan josten, eta bizitza uhinez uhin jostatzen zeneko izuaren izua gatza sabaietan itsasten. Liburu honen irakurtzea ez da bakezko bidaia; alderantziz. Inarrosiak gabiltza, elerik ele nahasiak, ontzi ahulen zubi gainetako burdinak ahurrez tinkatuz itsas-minez botatzear. Alta Marko Poloren narrazioarekin, Mandebilla gidari dugula, orienteko mirakulu eta edertasun batzuetan ankerrak azaltzen zaizkigula, bidaia plantan hasten dela iruditzen zaigu. Hitza bela erraldoiaren antzera zabaltzen da, aurkitzeko daukagun munduaren errateko. Ez luzerako ordea.

Bigarren zatian itsasoz eta denboraz daramagun pelegrinazioak Quebec eta Temua aldera eroaten gaitu. Eta hor, ama-lurrarekiko, hala diote abertzaleek, gure ikusmoldearen zalantzan jartzera behartzen gaituen Emile indio ikaragarriaren ezagutza egiten dugu. Ezinbesteko esperientzia literarioa. Hirugarren partean aldiz, olerkiz olerki eta testuz testu Aurelia Arkotxak ipar hotz hartako lurretan berak eraman urratsak jarraitzen ditugu, tenpestaren bihotzetik urruntzen bagina bezala. Egutegi intimoaren irakurketatik ez gara salbu ateratzen hargatik. Alabaina, orientetik septentriorako bidaian, karta zehatz eta ederrak edukiagatik, hautsirik gaude, idazlearen plantan, ezpainetarik hitza banaka desagertzen zaigula, isiltasunaren tentazioak tirriatuak. Bildumako azken poemak itsasoa izenondoa errepikatuz, larrantz jaukitzen dira omalde zurian.

Irudi luke idazleak bere trebezia galtzen edo behintzat galtzera uzten duela, behiala deitzen genuen isiltasuna heda dadin bazterretan, ur eremuetan, gure kasko-zokoetan, pentsatzeko premiazkoa dugun isiltasunaren harramantza galernatsua hain zuzen entzun dezagun. Bakardadearen haizea behar bada. Edo denboraren zein herrialdeen arteko elkartasunaren ekaitzak bete-betean harrapa gaitzan eta hondar olerkitik hara, gure gogoetak alda daitezen. Septentriok ohizkoan pentsatzeko, eta badakigu alor horretan bederen ohitura hilgarria dela, erabiltzen ditugun sareak desegiten dizkigu.

Aurelia Arkotxaren azken lana berezia da. Itsasoaren inguruko eleak eta mitologiak berriz biltzen laguntzen digu, pentsamenduari Euskal Herriak jasaten eta jasan arazten dituen urtedi beltz hauetan, ezin bestekoa duen ibaien antzera isurtzeko aukera emanez. Narrazio eta olerki hauen hitz laxoen bidez.

Poesia jendeen, aditzen eta mendeen bitartekari ezin hobea ez ote da?

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak