kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Beste izakia, Euskal elerti 69 / Xabier Kintana / Lur, 1972

Amets egiteko idatzitako lerroak Ana Urkiza / Hegats, 2003-10

70. hamarkadaren hasiera hausturaren irudi dugu, ezbairik gabe. Aurreko hamarkadakoak ditugu, besteak beste, 68ko maiatza, gizakiaren ilargiratzea, askatasun ororen aldarrikapena, eta azken hauekin batera, nazioen (txikiak izanik ere) kontzientzia-hartze filosofiko, moral eta, nola ez, politikoa.

Gurean, aipatu hamarkada, erbesteko mugimenduak ezagutzen hasi zirenekoa izan zen; erbestearen aurkikundeak liluratuta, teoria ezberdinei leku egin zitzaieneko tenorea arnastu zen hemen. Ondorioz, errealitateak eta amets irudikatuek elkarren kontra talka egin eta oraindik korritzeke bide gehiegi zuen Euskal Herria kontraesankor bat ezagutu genuen.

Xabier Kintanaren zientzia-fikziozko lanek, bai Beste izakia eleberriak, zein Ukronia ipuinak, Euskal Herriak 1970 inguruan behar zuen definizioaz, eta batez ere, idealizazio graduaz dihardute.

1. Xabier Kintana. 1969. “Beste izakia”, Euskal Elerti 69. Donostia: Lur.

Xabier Kintanaren Beste izakia eleberria, Lur argitaletxeak EuskalElerti 69 izeneko liburuan argitaratutako lana da. Liburukote honek, saiakera, eleberria, antzerkia, poesia eta ipuinak jasotzen ditu eta Gabriel Arestiren ardurapean, honako hauek parte hartu zuten: Juan San Martin, Xabier Kintana, Xalbador Garmendia, Santamaria/ Zumalabe/Eizmendi, Gabriel Aresti bera, Ramon Saizarbitoria eta Patri Urkizuk, besteak beste.

1.1. “Ezin da boterearen kontra joan”

Ideia hauxe da, preseski, Xabier Kintana Beste izakia eleberriarekin esatera datorkiguna: “Ezin da boterearen kontra joan”. Zientzia garatuko badugu ere edo eta gure herriaren izaera zehaztuko, ezin da aldez aurretik ezarritako botere estatusaren kontra joan, gizakia baita gaizkiaren esentzia.

Emaitza honetara heltzeko eta irakurleari horren berri emateko, egileak, “a priori” bere egindako ideia hau, bi plano ezberdinetan taxututako eleberrian txertatzen du. Irakurleak, ostera, emaitza horretara heltzeko edo emaitza horren berri emateko, Kintanak zientziafikzioa idatzi behar ote zuen galdetuko du.

Zientzia-fikzioa, fantasiazko kontaera-generoa da, zeinak, garapen zientifiko edo teknikoa suposatzen duen. Garapen honek, beraz, gaur egun ezagutzen duguna baino garatuagoa dagoen egoera politiko eta soziala suposatzen du baita. Xabier Kintanak, eleberri hau idatzi zuen garaian, garapen politiko eta soziala zuen amets. Eta horretarako, fantasiaz baliatzen da, hau da, iragana edo etorkizuna idealizatzeko ahalmenaz batetik, eta itxaropenaz bestetik. Fantasia eta ametsa uztartuz, hortaz, bi planotan banatutako mundu dikotomikoa azaltzen digu Kintanak.

1.2. Beste adimen bat sortu guran

Eleberriaren bilbea edo eleberriari hasieratik amaieraraino eutsiko dion hari nagusia, Joxeren hilketa da. Joxeren hilketarekin hasten baita eleberria eta, 5. kapitulutik aurrera bigarren planora pasatuko bada ere, Joxeren hilketa argituz bukatzen baita. 5. kapitulutik aurrera, ordea, plano nagusira pasatuko den gaia Nestor Peillorena medikuaren ikerketa egitasmoa izanen da, zeinak, 2000 erreginetik gorako erlauntza erraldoia eraiki duen, gizakiarekin komunikatzeko gai izango den “beste izaki” edo “beste adimen” bat sortu asmoz. Horratx, beraz, eleberriaren argudioa.

12 kapitulutan banatutako eleberri honek, zientzia-fikzioaren kanonetatik baino areago edaten du antzerki tradizionalaren egituretatik. Kapituluen hasierak oso deskribatzaileak dira, irudi bukoliko baten antzekoak, eta berauetan, gertakizunak kokatuko direneko giroa azaltzen da, ikuslea (kasu honetan irakurlea) leku jakin batean kokatzen duelarik, ekintza nagusiak, koadrotik kanpo gertatzen badira ere. Antzerki tradizionalaren egitura iturri duten hasiera-kapitulu hauek, arnasa ematen diote, hala ere, eleberriari. Eleberriaren kadentziari eusten diote, eta 7. kapituluaren ondoren azalduko diren ideia guztientzako korpusa egituratuko dute.

Baserri-ingurua, Joxeren bizimodua, eta zientzia-ikerketa, Nestor Peillorena mediku eta ikertzailearen mundua, kontrajarriko dizkigu Kintanak, tradizioaren eta aurrerakuntzaren balioak, edo eta pentsamendu kontserbadore eta aurrerakoiaren arteko jauziaz hausnar dezagun. Mundu kontrajarri bi horien erakusgarri, adibidez, baserrimundu kontserbadoreak dituen balore ohiko eta aldaezinak eta Nestorrek bere etxera ekarriko duen Klaudi izeneko amorantearen gorabeherak ditugu, edo eta Klaudi honek Hans izeneko ikerlari alemanarekin izango duen maitasun-afera.

1.3. Euskal Herriaren nortasun oinarriez: ametsez zein utopiez.

7. kapitulua gakoa da Beste izakia eleberrian; eleberriak orain artean zekarren erritmoa eta gaia zeharo aldatzen du eta aldaketa formalak, edukiz ere aldatzeko parada eskaintzen dio Kintanari. Idazleak, kapitulu honetatik aurrera, eleberria idaztera bultzatu duen gaia azaleratzen du. Hementxe sartzen gara beraz liburuaren muinean, kapitulu honetantxe aurkezten zaizkigularik, Kintanaren benetako buruhausteak:

1. Euskararen indarra Euskal Herrian: ikerlari errusiarraren ahotan Kintanak zera dio, komunismoak ez liokeela kapitalismo-inperialistari bere herri hizkuntza zapaltzen utziko.

2. Euskal Herriaren edertasun berezkoa. Paisaiaz ari da, orohar, Kintana, geografiaz. Euskal Herriko biztanle oro harro egoteko gai bezala aurkezten du egileak.

3. Euskal Herriaren aberastasun ekonomikoa edo industria, eta honi lotuta, ekimen industrialak Euskal Herriari lekarkiokeen nortasun-galera.

Buruhauste hauen aurrean, zientzia-fikziora jotzen du Kintanak, arestian aipatu bezala, zientziaren garapenak garapen politiko eta soziala suposatuko duelakoan, edo bederen, hori amets eginez. 70. hamarkadako
literaturak zientzia-fikzioaz egiten duen erabilera, ametsarekin edo nahikundearekin lot genezakeela esan dezakegu, edo are gehiago, utopiaren formulazioarekin.

1.4. Erbestearen tipifikazioa eta marxismoaren ekarpenak

Arestian aipatzen genuen bezala, 70. hamarkada, Euskal Herria bere mugez landa begiratu eta mugitzen hasi zeneko garaia izan zen. Eta kanpotik jasotzen zuen berritasun guztiaren aurrean bere burua kokatu alde, erbestea tipifikatzen saiatu zen. Horren adierazgarri dugu, Xabier Kintanak Nestor Peillorena medikuaren lau lagun ikerlariak (alemana, errusiarra, frantsesa eta amerikarra) deskribatzen dituen modua. Erbestearren izakeraren tipifikazioa egiten du lehenik, eta Euskal Herriko izaerarekin bat ez datozen neurrian, kritikatu egiten ditu: eta hemen, euskal izaera kontserbatzailearen defentsa egiten duela esan genezake (amerikarrak, adibidez, ezkondu gabe oheratzen dira, dibortzioa onartzen dute eta diruaren menpe bizi dira). Komunismoaren alde, ostera, errusiarrak ditu eredu: herriaren izaera errespetatzen duen sistema baten aldekoak dira, eta ideiak sustatzeko lan egiten dute; ez dira diruaren mirabe.

Ideia marxistak ere aipagai ditu Kintanak, erleen artean “langileak” bereizten dituenean batetik, eta “kasta” berri baten jaiotza iragartzen duenean, bestetik. Espezializazioan oinarrituko du Kintanak bereizketa eta aipatuko duen kasta berria, “gudari” kasta izango da. Estatuaren presentzia ere ez da nolanahikoa izanen eleberrian, zeinetan, erleek, ZIUXSS planeta aipatzen duten. Eleberriaren hondarkapituluetan azalduko denez, ZIUXSS planeta lurraren gainetik dagoen makroegitura bat da, gizakiak ezagutzen ez duena. Makro-egitura ezezagun honen menpe dago eta egon da lurra, betidanik.

1.5. Boterearen eskerra

Nestor Peillorena harrapatua sentitzen da hondar-kapitulu hauetan: batetik, erleek “beste izakia” edo “beste adimena” sortu dute, baina bitartekaria bera eta bere lagun ikerlariak izan direla ulertzen du. Erleek erabili egin dituztela, nolabait. Erabiltze horretan, ikusi du baita, gizakiaren botere-goseak saldu dituela, zein baino zein boteretsuago izateko asmoz edo gogoz, lantaldeko ikerlari guztiak erleei formula zientifikoak pasatzen aritu baitira.

Erleek, ikerlariei, beren herrialdeetara joan eta nork bere etxean, Nestorrek eraiki bezalako erlauntza erraldoi bana egiteko agindu diete. Erlauntza horiexek izango dira, etorkizuneko ZIUXSS makroegituraren oinarriak, lurra eta gizakia berenganatzeko eta menperatzeko erabiliko duten egitura oinarrizkoa (betidanik izan den bezala). Eleberriaren azkena esperogabea ezezik, beldurgarria ere bada. Zientzia-fikziozko filmeek ohituta gauzkaten bezala, kontakizunaren hari bati bai ematen zaio amaiera, kasu honetan, Joxeren hilketari (erleek, “beste adimen” horrekin, Nestor Peillorenari badakitela nor den Joxeren hiltzailea aditzera ematen diote, Nestor bera, alegia), baina beste bat irekitzen da, zeinak irakurleari zer pentsatua emanen dion, eta erreakzionatzera bultzatuko duen. Gizakia zapalduko duen espeziea abian da. Hazten ari da. Gizakiak, bada, beste izaki bat sortu nahi izan du, bera baino adimentsuagoa (ahal izanez gero) bere kezka eta buruhausteei irtenbidea eman ahal izateko. Baina argi dago, botereak, zientzia-fikzioaren barruan zein kanpoan, fantasiari dei eginez edo ametsetarako tresna izanda, ez duela esker onik. Ez eta gizakiaren handinahikeriak ere.

2. Xabier Kintana. 1972. “Ukronia”, Behin batean. Donostia: Lur, 1972.

Beste izakia idatzi eta hiru urte beranduago, 1972an hain zuzen, Xabier Kintanak zientzia-fikzkiozko beste ipuin bat idatzi zuen eta Lur argitaletxearen Behin batean ipuin bilduman argitaratu. Ipuinaren titulua: “Ukronia”.

Xabier Kintanaren zientzia-fikziozko lehenengo liburua argitaratzetik 10 urtera, 1979an, Mikel Zaratek bere Utopiaren fantasian liburuan, Behin batean ipuin bilduma desutopia bat izan zela adierazi zuen:

“amets gaizto bat. Zenbaitek burlaz hartu zuena, haserre gehienek. Baina nolanahi ere, amets bat zen hura ere. Geroztik, euskal letretan haren bidea ez du inork hartu”.

Utopiaren fantasia-n liburuaren sarreran, Luis Haranburu-Altunak egindako hitzaurrean, Mikel Zarate, Euskal Herriak utopiaz duen beharraz ari zela dio. Altunak berak dioenez, “historiaren abiada, utopiaren egarria da”, eta Monzonek, ostera, liburu berean jasota dagoenez, “Euskadi utopiaren lurra da, utopiaren seme gara gu!”.

Utopia (edo ametsa, edo fantasia, edo zientzia-fikzioa bera), gurean, iraultza aldarrikatzera omen datorkigu:

“Gure Euskal Herria txikia da, zapaldua. Eta inondik itxaropenik izan ahal badu utopiatik izanen du”.

Guzti honi, beste era batera, bai Kintanak 1969-72an, eta baita Zaratek ere 1979an, “ilusioa” deituko diote. Eta beren lanak, ilusioaren bidea zapuzten duten ideiologia eta egoerak kritikatzeko osatuko dituzte.

2.1. Ilusioaren bidea zapuzten dutenen kontra

Ideia hauexetan oinarritutakoa da Xabier Kintanaren Ukronia ipuina. Ipuin hau, Behin batean izeneko ipuin-bilduman agertu zen beste 6 kontakizunekin batera: Sisyfo, Amore maite, Giza aldaketa, Indiarren istorio bat, Ukronia, Gorenkariak, eta Tresnak.

Ukronia, erresuma hipotetiko bat da. Kintanaren ustez, “etortzeko dagoen denbora da fruitakorrena”, hau da, etorkizuna bakarrik menpera dezakegu, “han, denetik gerta baitaiteke; han, dena baita posible”. Ukronia, beraz, egon ez dagoen denbora da. Horrela bada, Kintanak, 36ko guda, II. Errepublika, eta beste hainbat pasarte historiko aipatzen ditu, eta gertakizun guzti hauek agitu ez balira posible zatekeen denbora bat deskribatzen du. Ukroniara joateko makina sortzen du eta, bolaluma eskuan hartuz, idazten hasten da.

2.2. Euskal Herria ametsetakoaren mugak gaindiezinak ote?

Ukroniara heltzen denean, Kintanak, aurrekari historikorik gabeko Euskal Herria deskribatzen du: Bilboko kale eta dendetako izenak bi hizkuntzatan jarrita daude, lau egunkari aurki daitezke kioskoetan (Euzkadi, Euzkal-erria, Iparraldeko kazeta eta Euzkal egunkaria), Sabino Aranaren estatua bat ageri da Bilbo erdian, umeak eskolara kaikua eta txapela jantzita doaz, hizkuntza garbizalea nabari da nonahi (orlegia, izparringia, txaidea)…

Euskaltzaindiara doa lehenengo, eta lehen Euskaltzaindia zegoen egoitzan, orain, putetxe bat dagoela konturatzen da. Handik helbide berrira zuzentzen dute, eta han, ostera, egundoko ilara ikusten du, jendea, nor bere izen-abizenak euskaraz nola diren jakin nahian… Hortik aurrera, Euskaltzaindiaren eta EAJren hainbat jokabide kritikatzeko darabil Kintanak bere ibilbidea, bi direlarik, nagusiki, jorratu nahi dituen gaiak: euskara eta abertzaletasuna. Edo hobeki esanda: euskarak eta abertzaletasunak izan beharko luketenaren interpretazioa.

Ukronian, bi mundu bereizten edo deskribatzen ditu Kintanak:

1. Euskera batua eta literatur euskara noblearen aldekoak: hauei mordoilozaleak deitzen zaie eta erdaltzale, zikin eta euskera aldrebesa darabiltenak dira.

2. Abertzaleak eta “garbiyak” direnak: “euzkera” herritar eta aberatsa dutenak.

Honekin batera, “arraza”ren kontzeptua ere jorratzen du Kintanak, Beste izakia eleberrian ere (“mutillarentzat bekatua ez zegoan jokoan, ariar arrazako ez zan batekin egiteaz baiño”, Beste izakia, 9. kap., 187. orr.) eginen zukeen bezala. Sabino Aranak bere egunean egingo zuen bereizketaren menpe ote dauden galdetzen du, euskararen erabilera ezberdina egiten duten euskaldunak ere.

2.3. Zientzia-fikzioa helburu ideiologikoen mirabe

Esan daiteke, Kintanak ez duela ipuin hau tentuz bukatzen. Bukatzeko presa daukala dirudi. Zientzia-fikzioaren generoa, oraingoan, kritika bideratzeko lurra ontzeko satsa du. Hala ere, idazlea bera desenkusatzen da bidaiaren laburraz: “Pixka batekin nahikoa da. Droga bezala, bi gramo, bi gramo aski izaten da!”.

Ukroniak, hiru atal ditu: sarrerakoa (zeinetan Ukroniaren aurkezpena egiten den), Ukronian ikusten duena (menpera daitekeen denbora, alegia), eta makina puskatzen zaionekoa (bukaera). Baina egitura ez da justifikatzen egileak helarazi nahi digun mezuarekin. Forma eta edukiaren arteko erabilpena desegokia dela esan genezake. Azken atarian ordea, Kintana kalera ateratzen da eta abertzale batekin topo egiten du. Abertzaleak gazteen kontra dihardu…

— Bai, zuek gazteok —esan daut.

— Zer gertatzen zaiku gazteoi ba?

— Zoratuta zaudete, h-ak eta horrelako gauzak… et et et. Eta burua eragin du jestu urrikalgarri batez. Guk gerra galdu ukan ez bagenu…!

Ai! Zer litzateke orain…

— Ukronia —erantzun diot. Ukronia; bai, Estepan, gaur Ukronia litzateke. Eta barrezka, sorbaldan kolpetxo bat eman ondoren, barrezka joan natzaio.

Kintanaren Ukronian ez dago kontraesanik, ez dago borrokarik. 70. hamarkadan edo ondoren jaio garenok ere kontraesan edo borroka hori Ukronia bezalako leku batean ezagutu dugu.

Joko oso polita da egileak bukaera honetan egiten duena. Ipuina gaurkotzen duen puntua da. Hain zuzen ere, gaurko irakurleak antzeman dezakeena horixe berori baita: Ukronia!

3. Hamar urte beranduago (1979)

Mikel Zaratek bere Utopiaren fantasian saiakera-iburuan, euskal literatura kaiolan dagoen txoriño bat dela dio. Gure herria bezala, bere izate osoan “bera” izan nahirik kaiolan dagoen txori destxoritua. Eta etorkizuna, utopia edo amets bilakatzea izan omen da 80. hamarkadararteko literaturgileen egitekoa.

Mikel Zarateren buruhausteak, gai honen inguruan, honela zerrenda litezke:

— Herriaren etsipena batetik, eta ametsaren formulazioa, bestetik.

— Itxaropena batetik, eta askatasunaren ametsa, bestetik.

— Euskararen purutasuna

— Herriaren desesperoa eta kontzientzia-hartzea

— Hiriaren gauzatzeak Euskal Herriari dakarkiokeen nortasun-galera

— Euskaltzaindiaren jarduna

— Ametsen indarra (ekintza zuzenetara gidatzeko duten indarra)

— Boterearen indarra (eta euskaldunaren ahalmena)

— “Herri” izan nahi duen nortasunaren aldarrikapena

— Zio zapaltzaileen identifikazioa eta herri zapalduen arteko lotura

Bi polo edo planotan kokatuko ditu bere azalpenak Mikel Zaratek. Polo kontrajarriak hauek lirateke:

Iraun, gogoa, iraultza <-> utopiaren fantasia

Larritasuna, etsipena, tristura, ezina <-> ametsa, bozkario, ero, egina

Luzatuz, eskubide zapalduak <-> sustraiak, utopiaren fantasia sustraitua

Lekukotasuna <-> betikotasuna

10 urte ondoren (1979an), zientzia-fikzioa baino haratago formulatzen dira kezkak eta beldurrak, eta Kintanak irtenbidetzat ikus zezakeen garapena, arrisku bezala dakusa Zaratek (errobotez diharduenean, adibidez: “zementozko kaiolan dago haurra. Bere bihotz bigun eta negarretan barre egin diote. Robotño kuttuna!”. Utopiaren fantasia-n, 4. Kapitulua).

Gaur egun AMIA bezala ezagutzen dugun azterketa baten emaitzak argiago erakusten ditu Zaratek (alferrik ez baitira igaro Kintanak idatzitakoarengandik 10 urte), baina bera ere txori destxoritua den neurrian, ez da Euskal Herriak korritzeke dituen bideak zeintzuk diren zehazteko gai.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak