kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Neronek tirako nizkin / Sebastian Salaberria / Auspoa, 1994

Neronek tirako nizkin Maite Gonzalez Esnal / Hegats, 2003-10

Irudiak hitzetik begietara

Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin liburua, entzun egiten diren 179 orrialdeak dira; ahots gazi-gozo batek, irudiz gainezka, indartsu eta aberats mintzo zaiguna.

Adin arrazoiengatik gerrako ibilera franko entzuteko parada izan dugunok, beste ahots bat gehiago bezala har genezake Salaberriarena eta gertuko senide batena izan zitekeen; J. A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoan bezala, kafe-kikara eskuan oroitzapenen kanilari eragiten dion aita edo osabarena, adibidez. Beraz, iragana sentipen gordinez kontatua aurkituko dugu liburu honetan, eta sentipenekin nahasita, baita errepikatzearen errepikatzez dagoeneko higatu eta ezagunegiak zaizkigun baieztapen zenbait ere. Hala nola: “Nafarrak Gipuzkoan sartu zirenekoak, eskapularioa zintzilik eraman arren …; eta diziplinarik gabeko orriak…; eta anarkistak…, zer esanik ez. Eta euskotarren zera….

Sari-irabazle garai zailetan

Neronek tirako nizkin 1964an izan zen argitaratua, euskal literatura ikusezin eta inondik ere albiste ez zen garaian. Eta halere, Agora saria irabazi zuen. Nonbait S. Salaberriak 27 urte behar izan zituen adorea bildu, emozioen mataza askatu eta, Auspoa bildumako beste harribitxi bat osatzera pasatu zen bi anaien istorio hunkigarri hau idazteko. Kontaeraren subjektibotasuna tarteko izan arren, ezin esan dokumentu zoragarria ez denik. Izan ere, S. Salaberriaren bertsolari-niak, bertsolari onak bezala, fikzioaren osinetik edanez, hegan egin zuen istorioa kontatzean. Horri esker, dokumentu soil batek ezingo lukeen mailara eraman zuen bere testigantza. Badu kronikatik ere, irakurlearen gozamenerako esan behar da; kolorez eta usainez ondo atondutako kronika baita. Oiartzunen 1915ean jaio zenetik, gerrak elbarritua, Donostiako Oriamendi ur-deposituko zaindaritza lortu eta ezkondu arte deskribatzen duena.

Gerraren perbertsitatea familia barruan

1936-39ko gerran, bi anaia Salaberriatarrek kontrako bandoetan borrokatu zuten. Kaximiro, anaia zaharrena, euskotarrekin joan zen, lerratze ideologiko sutsurik adierazten ez duten hitzekin aitortua pasarte batean: “lagun batzuek esan zidatekeen euskotarrekin joan beargenduala Bilbora, eta alaxe joan giñun”. Atxikimendu epela izan arren, ez dago dudarik bere hautua izan zela. Sebastian, berriz, erroldak bidali zuen frontera: altxamendu-urtean hogeita bat urte zituelako nazionalekin joan behar izan zuen. Gerora, bi anaiak Iurreko frontean elkarri tiroka suertatuko ziren, elkarren berri izan gabe, eta Sebastianek oina galduko.

Anaiaren hiltzaile suertatzeko arrisku-sentsazioak kirio bat bezala zeharkatzen du narrazioa, eta Iruñeko lehen tiroketatik irakurlea bera ere harrapatzen du eta berarekin joango da Bitoria (Gasteiz), Otxandio, Gorbeia eta Iurretako borrokaldietan zehar. Sua amaitzean, armak artean bero zeudela errepikatutako sekuentzia batek, irakurlea ikusle bihurtzen du: tiroketen ondoren, hildakoen artean anaia Kaximiro ote dagoen kezkatuta, Sebastianek gorpuak banan-banan irauli, miatu, arakatu egingo ditu.

Hogeita seigarren kapituluan, Iruñeko Ospitalean bi anaien enkontrua gertatzen denean, gailurra jotzen du dramak. Sebastian zauritua gertatu zen borrokan Kaximirok parte hartu zuen eta damu da. Guztiarekin ere, irakurleak gerra nola bizi izan zuten ikus dezan, eta zaila iruditu arren, gorrotoa ez zela ez bataren eta ez bestearen bihotzean pausatu, ondoko pasartea irakurri behar da. Gerra gertatu egin zen, eta Salaberriatarrak han gertatu ziren. Ez dago ez Kain ez Abelik. Baliteke hogeita zazpi urte beranduago kontatua izatearen ondorio izatea hori. Denboraren ukendua. Kaximirok errudun sentimendurik izan ote zuen jakiteko bere narrazioa beharko genuke, zeren ondoko pasarteak ez baitigu horrelakorik pentsatzeko arrastorik ematen:

— Non zauritu iñuten? Zein egunetan?

— Orduan hire oina horiek jo zituzten balak, neronek tireak izango dituk!

— Etzak negarrik egin, motel! Nik etzeukat iretzako eta inorentzako inkurriorik! Bazekiagu gorrotoagatik ez garela ibili elkarren kontra!

— Neronek tireak izango dituk!

— Hau horrela etorri dek! Hau hola etorri dek eta hola artu behar! Zer egingo diagu ba? Bizi gaituk behintzat oraindik, eta makina bat badituk betiko beren oinak hoztuta gelditu direnak mendi alde horietan.

Tragediaren beztidura zuria

Badirudi bizitzaren unerik latzenetan tragedia beztidura zuriz mozorrotua azaltzen zaigula, bestela ezin da ulertu begi-bistakoaren aurrean gizakiok zein erraz egin dezakegun ez-ikusiarena. Entzuna nuen, eta Salaberriaren testigantzak baieztatzen du, zurrumurruei jaramonik egin gabe 1936ko uztailaren 6an gipuzkoar asko San Ferminetara joan zirela, eta tiro-hotsak Takoneraraino iritsi arren, ez-entzuna edo ez-sinetsiarena egin zutela. Geure burua engainatuz, alaitasunaren azken ttanttak ahitu arte lasai bizi gaitezen izango da, halabeharrak, gutaz errukituta, tragedia mozorrotua plantatzen digulako gehienetan; edo, indarrak biltzen joan gaitezen beztidura zuria gorri bilakatuko denerako, tarte bat eskaintzen digulako. Nolanahi ere, halabeharrak mozorro asko ditu, hain zuzen liburu hori irakurriz ikas dezakegu arnasaldia gutxien espero denean etor daitekeela. Salaberriak narratzen ditu tiroketa-aldien arteko tartetxo gogoangarri batzuk: ostiral santua, kasu, nola pasatu zuten fusilak behera begira jarrita; nola Gorbeiako lubakiaren barruan lo egin ondoren izan zuten aukera Dimako festetan, gizonak Bilboko frontera joanak zirelako, emakumeak eta haurrak bakarrik gelditutako Diman, ufaka eta zaku-lasterketetan ibiltzeko. Nola, metraila izan arren, mendian gelditzen ziren gorpu ezezagunak izan arren, hildakoen artean maiz ezagunen baten izena aditu behar zen arren, biziak berak bilatzen zuen atseden nola hartu.

Mende-hasierako gizartea

Neronek tirako nizkin liburuak industrializazio aurreko gizarteaz ere informazio baliotsua ematen digu: soldata dirutan nekez irabazten zen garai hartan, langileria nola bizi zen kontatzen du adibide zehatz askoren bidez. Soldatarik eza. Morroien morrontza. Nagusimaizterren arteko harremanak…, orduko gizartearen koordenatuen berri ematen baitigu oso modu atseginean, agian hogeita zazpi urte pasatu ondoren idatzia izateagatik, fikzioak apur bat desitxuratuta. Berdin dio. Lerro hauek idazten ari naizela, Sebastian Salaberria hil dela jakin dut. Tamalez, ezingo dut irakurketak piztu zidan desioa bete. Bestela, pozik joango nintzaiokeen istorio hau berriro entzutera. Eta seguru, bere bertsolari-etorria lagun, apaindurak zertxobait aldatuz, beste bertsio bat kontatuko zidakeela.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak