kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Txokolatezko dinamita / Mikel Taberna / Susa, 2001

Leherketa txikien amarauna Oier Guillan / Gara, 2001-12-08

Mikel Taberna idazle nafarrak ipuinetik edo narrazio soiletik harantz doan lana burutu du Susak kaleratu berri duen Txokolatezko dinamita liburuan; bertan unibertso oso bat eskaintzen du, bere txikitasunean zabala, neurri batean magikoa eta osoki gizatiarra.

Narrazioetako pertsonaiak Alkasoro herriaren inguruan bizi dira liburuko kontakizun gehienetan, Lizarra eta Bidasoaldea arteko koordenaden testuinguruan. Kronologikoki, bi garairen arteko mugan: baserriari estuki loturik dagoen garaiaren amaieran eta Gerra Zibilak markatuko duen garai berrian. Narraziootako pertsonaiek bi garaien artean ezagutuko dituzte hamaika gertakari xume. Eraldatzear dauden bizi ezaugarrietan murgildurik daude, baina beren unibertso propioan jada ez ohiko gauzak gertatzen hasiak dira: soldaduen presentzia, fusilamenduak, erdara, Bidasoaldeako mugan bizitzearen eragina… Hala ere ez dute protagonismo nagusia hauek eramango, pertsonaiei gertatzen zaizkienetan eragin bai baina albotik pasatzen baitira gehienetan.

Liburu honetan autoreak xehetasun handiz josiriko unibertsoa atontzen du, zeinean Alkasoro herria eta bertako bizimodua bera diren narrazioen arteko lotura. Alkasoro herrian itxirik den haizearen gisa, txoko batetik bestera ibiliko da autorea, isilik baina guztia ikusten eta entzuten. Testuinguru bera duten pertsonaiak dira hauek eta, horren ondorioz, narrazio batean protagonista dena hurrengoan bigarren edo hirugarren mailako pertsonaia gisa ager daiteke. Are gehiago, unibertso horren amaraunaren zabaltze sentsazioa areagotzen da protagonistek bere jardueretan printzipioz narraziorako funtsezkoak ez diren pertsonaiak gurutzatu eta autoreak lau lerrotan azken hauen istorioa kontatzen digunean. Narrazioaren haizea batzuengan luze gelditzen da eta besteengan segundo batzuetan, baina gehien-gehienetan Alkasoro eta bere inguruetan barreiatuz.

Herriari txiki antza harturik ere, protagonisten sentimenduei esker ez da batere mugatua suertatuko. Sarritan borrokan ikusten ahal dira, dagoenaren aurrean errebelatzen, ez ohiko ikuspegi bat eskaintzen gertakarien aurrean (haurraren ikuspegia, ijitoaren ikuspegia, jaio berriarena…) maitatzen ikusten ahal dira, eta une oro presente dagoen maitatzeko grina horrekin nola aldatzen diren egoera anitz. Lizarratik Irun bitartera mugitzen diren pertsonaiak bizirik daude oso, horri esker txikia iruditu daitekeen unibertsoaren ikuspegia sentimenduek eta haien ondorengo akzioek zabaltzen dute.

Tarteka pertsonaien bizitzetan natura eta bestelako elementu magikoak agertzen dira, lehen begiratu batean erabakigarriak izan gabe baina eragin nabarmenez. Ilargi beteak, esaterako, pertsonaia askorengan izan ohi du eragina; haren argipean keinurik odolberoenak izanen dituzte pertsonaia askok. Narrazio zenbaitetan agertuko den Sadabak, esaterako, ogi opil handi bat ikusiko du uraren ispiluan eta jauzi egingo da, bihotza borborka duela, hura harrapatu nahian. Ilargi betearekin Hontxa osabak arropak galdu eta gaua zeharkatzen du larrugorritan. Ostera, horrelaxe dagoela askatzen du fusilamendutik Sadaba bera. Ilargiarekin batera aurkitzen ahal ditugu hego haizea, tupustean momenturik aproposenean agertzen den uholdea… Narraziootan pertsonen berezitasuna goraipatzen da zeharka, errealismo magikoaren kutsu urrunaz sarri.

Horrelako egoerak nagusi ez izan arren, zenbait momentutan narrazioek kutsu surrealista hartzen dute, idealik altuenak kolpea jasatear dauden garaian pertsonaiok beren bizimolde eta sentimenduetan murgildurik jokamolde xume zein esanguratsuetan poetikotasun handiaz jokatuko dute.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak