kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Olagarroa / Mario Onaindia / Elkar, 1987

Sinboloen mundutik Jon Kortazar / Eguna, 1987-09-17

Mario Onaindiak argitara eman duen azken nobela bere literatur-ahalegin eta asmoen berri handiak ematen dizkigu. Onaindiak beti izan ditu bere literaturarako ideiak argi, eta ezaugarri biren inguruan moldatu du kontakizun-lana. Batetik, kutsu xaharkitua ematen dio estiloari, euskal klasikoak izan dituelako maisu. Bestetik, historian zehar euskal narratibagintzak dituen hutsuneak kezkatuta ikusten dugu, batzutan hutsuneok betetzen saiatzen delarik. Ahalegintze alper xamarra nire eritziz, kulturan bait dagoenak eta ez egon beharko lukeenak, izan denak eta ez beharko genukeenak markatzen bait du bidea. XV. mendeko kabaleri-literaturarik gabe geratu baginen, betirako izan da, eta balizkeriak eta digu egoera hori hobetzen lagunduko. Atzo egin ez genuena konpontzen aritzea, igarotako ura sarez biltzea liteke.

Olagarroa, nobelak, ostera, ahaztuxea utzi du azkeneko hau eta Mario Onaindiaren lana irakurlegoaren arrangurei hurbiltzen zaien neurrian, interesean irabazten doala esango nuke.

Nobela hau sail sinbolistan sartuko nuke. Errealitateari sakonki atxikia, dudarik ez, baina errealitatearen interpretazioa ematen saiatzen dena. Pertsona bezala, eta idazle bezala, munduaren ikuspegia argi izatea, zer esan nahi duen aurrez ongi jakitea, Marioren birtuterik handienetarikoa dela esango nuke; gero bere ideiekin batera etorriko garen ala ez beste kontu bat izanik.

Tinkoa da nobela, psikologikoa. Peter Handke eta ironiarik gabeko Waugh gogora arazten dizkit. Giroa estua da, pisutsua, lodia. Elkarrizketa justuak, mamitsuak, arinkeriarik gabekoak. Sakonetik hausnarturiko kontakizuna. Behar bada, garbiago eta zuzenago lehen aldean, eta ez hain justifikatua trama poliziakoa hasten denean.

Estilo aldetik; esaldien luzerak kontakizuna eta erritmoa moteltzen ditu zenbait pasartetan. Suposatzen dut hainbat orrialde ez direla entzutekoak… Gogorako eta ez horrenbeste belarrirako idatziak izanik ere, esaldien kostunbrismotik egiten duen ihes aproposak bere prosa balio espresiboz osatzen du. Bi dira behin behineko espresabideak prosa honetan: transposizioa (esanahiaren aldetiko hedapena) eta konparaketa.

Euskal literaturak euki litzakeen hutsuneak ahazten dituenean idazleak, eta errealitatearekin literatur jokoak egiten hasi, Onaindiaren prosak punturik altuena lortzen du. Konparaketa asko eguneroko bizitzatik hartuak dira, eta harrigarriak gertatzen. Deskripzioaren ondoren ematen dituen abstrakzio eta gogoetak ere aipagarriak dira, berebiziko indarra ematen diotelako prosa honi. Englandeko literaturan ikasitako estiko kontuak, dudarik gabe.

Ez da nobela hau erraz irakurtzekoa baino, hausnarketarako aproposagoa. Zail xamarra egingo zaio irakurleari, baina sinboloen taiukeragatik eta pentsakizunaren sendotasunagatik irakurtzea merezi duen horretakoa dugu.

Eguna, 87-09-17



www.susa-literatura.eus



Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak