kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Euskal literaturaren historia / Ibon Sarasola / Lur, 1971

Euskal literaturaren historia Luis Haranburu Altuna / Anaitasuna, 1971-08-30

Aise irakurri dut, jarraialdi bakarrean. Ibon Sarasolaren liburuak, ohi ez den bezalako interesa erasten dio gaiari. Agian, pentsa daiteke, literaturaren kondaira batek astun eta irakurgaitz behar duela izan. Baina Sarasolak besterik frogatzen du. Serioski jardun du bere lanean; eta burutu ere, egoki eta berezko jatorraz burutu du. Beharbada, liburu honen interesa, lehena eta bere gisakoetan aintzindari izatetik datorkio.

Liburua lau partetan partitua eta bereizia emana zaiku:

1. Lehen partean (1545-1901) Erdi Harotik Euzko Alderdi Abertzalearen sorreraraino doan aldia aztertzen du. Hasieran, Sarasolak Erdi Haroko giroan murgiltzen gaitu. Ahaide nagusien eta klase merkatari berriaren arteko burrukak hautatuaz. Mendebaldeko Europan sasoi hartako aldakuntzaren, literaturarekiko, ondorioak aztertzen ditu. Eta, hasiera hasieratik, Sarasolak honetaz jabearazten gaitu: Euskal Literatura hildo berezian eta apartekoan abiatzen dela. Bernat Etxepare, Erdi Haroko poemagintzaren jarrailtzaile berant bat bezala dakusagu. Tenore hartan euskaldunek bizi zuten dualismo eta tentsioaren agerpide da Etxepare; eta berak hasi eta hertsi zuen literatur haro bat. Gero erlijioa dute, batik bat, gure idazle zaharrek beren lanetarako gala eta ardura. Axularren maisugoaz ezin daiteke dudarik izan. Sarako taldeak, Axularren lehendakaritzaren pean, Leizarragak hasi zuen lanari segida emanik, egituraz lapurtar den literatur hizkuntza bat eraikitzen du, lapurtar klasiko izenez ezagutzen dena.

2. Bigarren partean (1904-1964) ez dio Sarasolak gorespen handirik egiten zenbait korronte eta pentsakera atzerakoiri. Orixeren mitoa nolabait ere kolokan jartzen du Ibonek. Lizardi, literatur haro baten burutzaile bezala agertzen zaiku. Arana Goiriren zenbait pentsamoldek, nekez jasaten dute Sarasolaren kritika. Urte hauetan, literatura gaixo da. Eta tesiskeria eta ideologia orokor baten hesiak galbide zeraman gure literatura. Jenerazio honek huts egin zuen gure literatura zaharra eta emankorra. Gerraz gero nolabaiteko konponketari ekin gintzaizkion, eta, Sarasolak dioenez, 1964. urterarte euskal literaturak ez zuen hats berririk izan.

Gehien batean ados nator Ibonekin, aldi honetaz esaten dituen gauzekin. Baina zenbaitek ez dute harrera onez hartuko haren azterketa. Guztitara ere, liburuaren zati honi deritzat interesgarriena, zeren, besteak beste, aldi honen azterketan ikusten baita, ene ustez, autorearen azterketa zorrotz eta neurtuena.

3. Hirugarren parteak (1964-1971) egungo Euskal Literaturaren egoera aztertzen du. Nire aburuz, hirugarren parte honen hasierak 1960. urtemugan du bere hasiera. Zeren, Sarasola beraren azterketa-bide eta gisa beraz jarraituaz, 1960. urtean ausnar daiteke euskal literaturaren jatorri berria. Arestiren “Harri eta Herri” ez baita liburu soil bat; aitzitik, giro baten agerpide ere ba dugu. Eta denok dakigu giro hori zer nolatan, noiz eta non jaio zen.

Zuzena deritzat Sarasolaren eritziari. Leizarraga betirako hertsia izan zen ate zabal bat dela esaten duenean. Zeren, Leizarragaren esperientzia baztertua izatean, euskarak mendebaldeko zibilizazioaren korrontean sartzeko posibilitatea galdu baitzuen luzaroko. Euskal literatura Axularren bidetik abiatu zen, humilago, eta herrikoiago.

Axularren literatura oparoaz jardutean, sinonimoen arrazoia gogo bateratzaile batean dakusa Sarasolak. Hori horrela izanik, ene aburuz, sinonimo hoien izatea ahozko literaturaren eredu bezala ikuspegitu behar litzateke.

XVII. mendean sortzen da “Euskaldun fededun” perpausa. Eta esaera hau izanen da aurrerantzean eta ia egundaino euskal literaturaren gai eta muina. Klerikalismoa dugu gehienbatean geure literaturaren bereizkundea. Eta honi ekiten zaio ausart eta fierki Sarasola. Klerikalismo hori bera, oraindio ere finkatu eta tinkoago babestua agertzen zaiku Euzko Alderdi Abertzalearen sorketaren boladan. Euskara eta euskal literatura, indar berrien hesi eta topo bezala erabili omen zuen aldi hartako Elizak.

4. Laugarren partea eskematikoki taxutua du Sarasolak. Eta idazle eta liburuen zerrenda bat dakar. Oso klaroa da parte hau, eta motaz, eskolaz eta haroaz bereizia datza.

Hona hemen liburuaren aurkezpena. Baina goazen orain, zenbait xehetasun kritiko ematera.

Ibon Sarasolaren liburua, ohi ez den bezalako literaturaren kondaira dugu. Lehenik esan behar dut, liburu honek jarraipen bat eskatzen duela. Liburu honek azterketa-bide berri bat irakasten dauku euskaldunoi. Sarasola aintzindari dugu bere azterketan. Bare azterketa, literatur dato soilak gainduaz, areago doa. Bere aburuz, literaturaren kondaira ez da dato sorta soil bat; aitzitik, fenomeno orokor bat da.

Hitza keinua da eta gizonaren agerpide. Halaber literatura, gizarte baten keinu eta agerpide dugu. Ezin daiteke literaturaren historia bat idatz, aldi bakoitzeko kondizio ekonomiko, politiko eta soziologikoak aztertu barik. Behin eta berriro, Euskal Kondairaren xehetasunak ematen dauzkigu Sarasolak; eta, ikuspegi berri batez, xehetasun hoietan zehar dakusa gure literaturaren kondaira.

Bere hitzetan, “fenomeno literarioa bere osotasunean endelegatzeko (instrumento) bidezkoenetatik bat, literaturaren soziologia deritzan zientzia berria da”. Baina literatura bat ez da ekonomi edo sozial giro konkreto baten ondorio soila. Ezin uka daitekeena zera da: baldintza ekonomiko eta sozialek klarki eta funtsean kondizionatzen dutela literaturgintza. Marxista arrunt eta dogmatikoek diotenez, literatura infra-estrukturatikan bat batean eta berehala sortzen da. Jatorragoa deritzat Althusser edo Poulanzaz-ek, adibidez, diotenari, zeren, hauek diotenez, infra-estrukturari azken finean bere garrantzia eta indarra ukatu barik, erakusten daukute nolatan izan daitezkeen beste zenbait kondizionamendu, aldi konkreto batean (lehen) finean literatura (ideologia) kondizionatzen dutenak. Nire aburuz, Sarasola ere hortikan doake. Sarasolak kapitalismo edo nekazari egitura ekonomikoari garrantzi haundia, literaturarekiko, ematean, ez ditu ahazten beste zenbait kondizionamendu. Hain zuzen ere, klarki frogatzen du, besteak beste, klerikalismoak Euskal Literaturaren kondairan izan duen garrantzia. Kondizionamendu hori litzateke, agian, gure literaturaren indar eragile dominant eta berezia.

Delako klerikalismo honetaz, eta nire aburuz, zenbaitetan tesiskeria nabari da Sarasolaren azterketan. Adibidez, ez nator ados, berak Larramendiri buruz ematen duen zenbait xehetasunez.

Filologia eta idaztien kritika semantikoa izan dira orain arteko gure literaturaren kondairaz osatu diren lanen sostengu. Urrutienik jota ere, idazlearen nortasuna aztertuaz kritikatzen ziren liburuak. Metodo eta bide hauk denak beharrezkoak dira literaturaren historia bat egitean; L. Mitxelena eta Villasanteren lanak bide horretatik zuzenduak izan dira. Baina orain Sarasolak areago jo du, literaturaren soziologia baten atzetik.

Ez-osatua bada ere, inportant deritzat Sarasolaren azterketari, literatur gaiari ekitean. L. Goldman-ek irakasten dauku honetaz bide jatorrik, gaien soziologia bat burutzean.

Sarasolaren lane ez da osoki konplet eta osatua, zeren berak urratu duen bidea zabalegia eta bortitzegia baita, gizon bakarra hortikan abiatzeko. Eskasia nabarmena dugu euskaldunok geure kondairaren ezagupideaz, eta ez bakarrik literaturaz. Sarasolak hasi berri duen eitea talde batena litzateke, eta nolanahi ere talde horrek zientzi alor desberdinetan jantzia behar luke.

Lehen esan dut (eta Sarasolak berak ere hala dio: neurriz gaineko garrantzi bat eman zaie faktore linguistikoei) linguistikaren ardurak bultzatu dituela gure literaturaz egindako historiak. Ene baitan, eta Barthes, Teodorov eta besteei jarraituaz, gure literaturaren analisi estruktural bat falta zaiku. Analisi horrek, linguistikaren arauz, baina berau gainduaz, egitura zabalagoetara jo beharko luke. Honetaz ere, Sarasolak emanik ditu zenbait aztarna, formalismo soiletikan (zenbait formalista rusoen gisakoa) at eta gain, literatur muinari eutsiaz, literaturaren funtzioari so eginaz hain zuzen. Eta funtzioak linguistika euskarri badu ere, soziologi mallan aritzen da.

Euskal literaturari buruz egin den saiaerarik jatorrena deritzat Ibon Sarasolaren liburuari. Ez bakarrik jatorra; aitzitik, zuzena da bere ardura, eta gehien batean objetiboak bere ondorioak. Euskal literatura begirada batez jaso nahi duenak, irakurri beharrezko izanen du Sarasolaren liburua. Bere gisako lanetan aintzindari, eta jarraipen bat eskatzen duen liburu kritikoa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak