kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Harrizko herri hau / Gabriel Aresti / Lur, 1971

Gabriel Arestiren harriak Luis Haranburu Altuna / Anaitasuna, 1971-10-30

218. ANAITASUNAn galdera bat egiten zeutan G. Arestik. Ez noa ni, galdera hari zuzenki erantzutera; baina bai esanen nioke Arestiri, berari buruz erabili nuen giroa hitza desegokia dela. Haren ordez inguru hitza erabiliko nuke, eta honi “habitat” zentzua eransten diot, biologiaren gisara hain zuzen. Beraz, neure lehengo esanean irauten dut: Harri eta Herri inguru baten agerpide da, edo, zuzenago oraindio, inguru bati itsatsia da.

Baina Arestiren galdera atxakia dut, areago joaz, haren poesiaz mintza nadin, bidenabar poesia horren giro eta inguruaz zenbait argi-itzal emanez. Honetarako, haren azken obra Harrizko Herri Hau dut begitartean.

Duela denbora dezente argitaratu da Arestiren azken liburua; baina ez du inork egundaino kritika, aurkezpen edo eritzi funtsezkorik hartaz eman. Honi harri garri deritzat, zeren edozein euskal liburu kalera irten bezain laster, eritzi eta kritikarik sobera da. Bele beltzak bezala batzuek, usoak bezala besteek, lehiatuki ekiten diogu kritikari. Isiltasun larriaz estali dugu Arestiren obra. Zergatik?

Ene ustez beti da zaila, kritika bat egitea; eta areago, kritikaren gaia poesia bada. Poesia den aldetik, gaitza da Arestiren liburua kritikatzea. Baina are gaitzago, Arestiren poesia delakotz. Arestiren poesia galdera bat da, eta kritikalariak ihardespen bat eman beharko dio. Eta, egia esan, denok gara prest galderak egiteko, baina inor gutti erantzunak emateko. Gainera, ihardespen orok arrisku bat du, eta da: erantzulea biluzturik aurkitzen dela.

Arestiren kasuan, galdera berak darama erantzuna. Sokratesen jakintzabide eta kritika sena horretan zeutzan. Beraz, Arestiren poesia galdera eta erantzun dugu. Gurpil bat osatzen du. Ziklo bat hersten du. Ekintzaren ziklo dialektikoa.
Arestiren poesia geureganatzean desosegu larri batek hartzen gaitu. Haren poesia irekia da, parte hartzera konbidatzen du. Lanera zirikatzen du. Irakurlea salatua gertatzen da, galdera baten pean preso.

Liburua irakurri ondorean, irakurlea aztoraturik da. Galdera baten forma hutsa du eskuetan. Ez deritzat harrigarri, Arestiri “blasfemo” “ero” eta “bufoi” deitu badiote. Galdera denez, Arestiren poesia probokalari eta inprekalari da. Hala dio berak:

Lehen protestatu,
gero kontestatu,
orain detestatu,
(eta beti probokatu) egiten dut.

Probokazio kontua neronek erantsi diot, baina halabeharrezkoa deritzat, Arestiren konstante bat denez. Konparazio bat egiteko tentazioa dut. Arestiren bertsoek antz handia dute Ebanjelioko zenbait predikurekin; hain zuzen ere, Zorionekoak… ditut gogoan. Ba dakit, norbait hasarre izanen dela konparazio honengatik; baina ez ahantz, Arestik, euskalduna denez, jesuita trazak dituela. Arestik Loiolako kojo sainduaren errai berberak ditu, diferentzia bat ezik, Aresti ez dela Erromatik pasatua.

Baina, ergelkeriak aparte, hel diezodan Arestiren poemagintzaren funtsari. Lehen aipatu bertsoaren finean, orain detestatu / egiten dut dio.

“Egiten dut”

Bertso honetan dakusat haren poemagintzaren sustraia. Arestik poesia egin egiten du. Ekintza bat da haren poesia.

“Poesia” hitza, poieo beste hitz greko hartatik dator, eta beronen esangura da: EGIN. Interesgarri deritzat grekoen pentsakera honi, zeren haientzat ekintza oro poesia baitzen, eta egite oro, arte. Hitzarekin solastatu egiten da Aresti, eta haren bidez irixten da ekintzara. Arestiren poesia ez da hitz batzuen konponketa soila, edo ekintza batzuen deskripzio arrunta; aitzitik, haren poemagintza bera da ekintza.

Geure eguneroko bizia ekintzez josia dakusagu, ekintza ttipi eta larriez oretua. Ekintza hoien esatea eta eskribatzea soziologo eta kazetalarien iharduna da, baina ez poetarena. Poetak ekintza berriak sortzen ditu, eta ez lehengoak esan. Baldin poeta, iraganak diren ekintzez arduratzen bada, ez da ekintza hoik birresatearren, ekintza hoik “protestatu”, “kontestatu” eta “detestatzeko” baizik. Arestik protestatzen dituen ekintzak gureak dira, euskaldunonak; hemendikan dator, bada, zenbait euskaldunek Arestiarraren poesiaren aurrez somatzen duen desosegua. Eta hortikan datorkio Arestiri bere lanjeroso izatea.

Gure lur honetan, nora?
Gure lur honetan, nora?

galdetzen duenean, guztiok salatzen gaitu. Eta bidegabe ote garen bururatzen zaiku. Gure deseuskalduntasuna bertso hauetan aurpegira botatzen dauku.

Kanta eta kanta, negarrez
herri honek diost, eraz
nola goazen osterantz,
nora goazen euskeraz.
Kanta eta kanta, herriak
ez du bizi nahi euskeraz.

Arestik herriaren egoera tristea, kontzientzia bihurtzen du. Gure nekea, hitz bilakatzen. Bertso hauetan poeta igarri da: profetari antzematen zaio. Ekintza oro, errealitate bat bortxatuz, eraz aldatuz lortzen da; objetibo den zerbaiti beste harrera subjetibo bat oposatuz. Eta Arestik bortxatzen duen errealitate hori deseuskaldun dugu. Herriaren nagi objetiboari bere galdera oposatzen dio. Euskaraz bizi nahi ez duen Herriak negarrez hitz egiten du.

Heidegger-ek dio: “Penser est lengagement par lêtre pour por lêtre” (pentsamendua, izatea izateaz engaiatzea da). Poesia, izatean engaiatu den hitz bat da, eta Arestiren hitzak:

lur katibuak
zilatu eta lotutako
sustraiak.

Arestiren hitzak, herriaren enborrean katibu diren hitzak dira. Euskal praxisa bortxatzen duen “poiesis”. Bachelard-ek dio poesia, zientzia eta filosofiaren arteko tartearen osagarri dela. Arestiren poesia oso hurbil dabila zientziatik. Hitzak, harri kozkorrak bezala tiratzen ditu. Errealitatearen arrunta bere hartan jartzen du. Haren poesia hurbilago da zientziatik, filosofiatik baino. Arestiren galderak eta erantzunak ez dabiltza gizonaren azken xedeaz elekatzen; aitzitik, Aresti izadia eta gizadiaren gauza arruntez mintzatzen da. Harriaz hain sarritan ihardukitzen badu ere, hortikan bilatu beharko genuke haren arrazoina. Harria elemento lehena eta taxutu gabea da. Etxe, kale, kai, fabrika eta eskultura ororen sustraia. Aresti frantsesa izan balitz, masoi izanen zen.

Hau honela delarik, eta honetara helduz gero, Arestiren poesiak dituen funtzioei so egin beharrean gara. Behar konkretu batzuei erantzuten dien zerbait dugu funtzioa. Euskaldunok dugun zenbait beharri erantzuten dio Arestik. Baina Arestik, eguneroko beharretatikan at, beste behar batzuk ere aditzera ematen ditu, eta gainera, poeta denez, behar berriak sortzen ditu. Poeta, ezezagunaz ezkondua da, eta bere harremanetan mundu berri bat somatzen du. Hurrengoan, Arestiren funtzionalismoari buruz ihardukiko dautzuet, eta bidenabar haren poesiaren bereizkunderik nabarmenenak argitzen saiatuko naiz. Aurrera dezadan soilik. Arestiren funtziorik nagusienetakorik bat euskaldunok izutzea dela. Arestik munstroak gogoko ditu, eta, bera ere “munstro” denez, bere munstrokeriaz izutu egiten gaitu euskaldunok; eta, bere jestu izugarriaz, euskaldunoi ematen daukun zirrada kritikoa da. Ezagupidearen gisakoa.

Oso lotua dago Arestiren poesia beste zenbait espresio bideri. Adibidez, ez deritzat harrigarri, Arestiren olerkiekin hainbeste kantu osatu bada. Arestiren poesiak ritmo bereizirik ba du. Ritmoa ez datza bakarrik hitz neurtuetan. Halako barne doinu bat ba du Arestiren olerkiak. Dantzarekin ere ba du zerikusirik. Ondorio honetara irixten gara, haren poesiaren funtzio estetiko eta plastikoei so eginez gero. Baina Arestiren poesiak, literatur alor hesituan ere ba du funtzio bereizirik. Haren olerkigintzaren funtzio literario nagusiak, hauk lirateke laburzki:

Funtzio espresiboa

Poesiaren funtsa ez datza hitz neutuetan. Ez eta hitz neurtu oro ez da poesia. Poesia espresio molde berezi batean datza. Aintzina, poesia kantuari lotua zegoen. Poemagintza honen agerpiderik argiena bertsolarien poesi moldea dugu. Agian, gure lehen poetek kantatuz konpontzen zituzten beren poemak. Gure literaturan, Etxepare da poesia eta kantua bereizi dituena; eta bera da, beraz, lehen poeta modernoa. Beste literaturetan, aintzinago bereiztu ziren poesia eta kantua. Poesiaren espresio bideak kantua eta dantza ziren lehen. Gero, poetek ideia unibertsalak kantatzen zituzten: Maitasuna, Jainkoa, Heriotza… Poeten espresibitatea, gai nagusi hauen kantatzean agortzen zen. Erromantikoek, ordea, gai nagusi edo topiko hoik bereiztu eta konkretuki landu zituzten. Olerkariak ez zuen gehiago Maitasuna edo beste edozein ideia unibertsal aditzera ematen; aitzitik, bere maitasuna edo berak zituen esperientzia konkretuak agertzen zituen. Lamartine, Musset et bestek hildo horretatik jo zuten, poesiari espresio bide berriak irekiz. Egun, poetak zientziaz beste den ezagupide bat monstratzen dauku, baina beronen osagarri dena. Poetaren ezagupidea, irrazionala, subjetiboa eta irudimenez kutsatua da. Eta hemen nator. Arestiren poesiari eustera.

Poeta, ilunaren zelatan dago. Ezezagunaren bortxatzea du bere ardura; baina, ezezagun hori aditzera emateko, hizkuntza berri bat prestatu beharrean da.
Arestiren hizkuntzari “koine” gisa bat deritza Juan San Martinek. Ez dakit nik, daitekeen zuzenena ote den delako “koine” hitz aipatua; baina guztiok nabaritzen dugu, Arestiren hizkera bereizia eta aparta dela. Arestiren hizkera hau, funtzio konkretu baten arauera sortua da. Funtzio berri hau, Arestiren espresibitate bide eta gisari berari dagokio. Arestik bere gisara esaten du mundua, euskal mundua. Gisa hori poetikoa da: eta haren hizkera zubi bat da, ezagunetik ezezagunera doana. Beraz, Arestiren elerti saiaera, hizkuntz saiaera bat da. Haren hitzen esangura, bigarren mailakoa da; lehenik eta bere hitz-azal arruntaz, funtzio fonetiko bat osatzen du. Eta funtzio honek semantikaren alorrera garamazki (semiologiaren alorrera, hobeto), metaforaren funtziora hain zuzen.

Arestiren hizkera, ohi den hizkuntzaren bortxaketa da; espresio molde berri baten bilaketak eraginik, delako “koine” horretara heldu da. Esangura asko atz-aurre jazartzen ditu, mundu berri bat, objetibitate berri bat aditzera eman nahirik. Stalinen tesiari musin egiten diot hemen eta esanen dut, Arestik frogatu duen hizkuntza berria, euskal errealitate berri baten kontzientzia eta agerpide dela. Beraz, batasunaren burruka ez da bakarrik burruka linguistiko bat; Euskal Herriaz osatu diren bi proiektu desberdinen arteko burruka da. HARRI ETA HERRI lehen urrats bat izan zen, jaio bide zen kontzientzia berri baten espresio bide lehena.

Arestik, HARRIZKO HERRI HAU liburuan euskal hitza lehertu ondorean, erdaraz mintzatzen denean, ez pentsa, ez, arrozkeriaz jokatzen duenik, zeren erdal hitz hoiek ere euskal kontextu batean aurkitzen baitute beren esangura. Arestik mundu berri bat aditzera ematen dauku; zurezko Euskal Herri honek duen sitsa salatzen du. Euskaldunon dilema, kontradizio eta bikoiztasunaren lekuko dugu Aresti.

Hiregatik
munduko bekaturik haundiena
kometitu behar dinat:
gramatikari
ganibetkada
bat eman behar
dut.

Hitz hauk esatean. Arestik ez du soilik bihotza edo afektuaren bentura bat jasaten. Hizkuntzaren gailurra ikutzen du. Ikutu eta urratu.

Ez dut esanen, Arestiren funtzio espresibo honek haren olerkigintza oro argitzen duenik. Ba du komunikazio funtzio bat ere; baina, denik ere, bigarren mailakoa deritzat honi. Arestiren poesia ez da subjetibitate bakartian finkatzen.

Inork ez du aditzen
ene mintzaera.

Hori esaten badu ere, Arestiren olerkiak —Herriaren baitan batik bat— izan duen harrera onaren lekuko gara denok.

Funtzio metaforikoa

Parabolen denbora sinbolista
iraganda diagok.

Ezaguera izan nahi lukeen ikuspegi baten agerpide jatorra da metafora. Arestiren poemagintza metaforaz asko baliatzen da. Ordea, parabolen denbora iragana da.

Olerkiak ezagupide izan nahi luke, ezezagunaren ikusmira. Olerkia, ohi den ezagueratik misteriora doan ezagupidea da: zubi bat, mundu desberdinen artean zabaldutako bide zidorra. Ezezagunarekin dugun harreman oro hitz berri batez adierazten dugu, eta hitz honi metafora deritzagu. Arestik hain sarri aipaturiko HARRIA, metafora bat dugu. Fonetikoki oso hurbil dira bi hitz hauk: HARRI, HERRI; baina haien esangurak oso dira desberdinak. Esannahi desberdin hoien arteko kontrastean finkatzen da, HARRIA hitz zaharrak izan zezakeen esangura berria. Kontrakoak (semiologikoki) eta auzokoak (fonetikoki) izatean, bi hitz hauen artean Arestik lotura metaforiko bat osatzen du; eta horrela bai Harria eta bai Herria beste argi berri batez agertzen zaizkigu.

Hizkera poetikoa ez da zinezkoa edo gezurrezkoa.

Egia edo gezurra poesiatik at jartzen dira. Hitz poetikoak, baliorik ba du edo ez du: horixe da poesia ororen dilema. Eta balioa bere funtziotik datorkio. Eta funtzio oro behar baten erantzuna da.

Arestiren hizkera berriak, hizkera metaforikoak, funtzio politiko bat osatzen du. Agian euskaldunok eta Euskal Herria, azken finean, hitz berri baten beharrean
aurkitzen ginen; eta hitz hori Arestik esan zuen 1964. urtean, bere HARRI ETA HERRI liburuan. Baina ez zen Aresti bakarrik izan hitz honen frogatzailea. Gogoan hartu behar dugu, Bilbaok, 1960.eko urte mugan gutti gora-behera, bizi zuen egoera eta han sortu zen mugimendua. Mugimendu hark azterketa berri bat burutu zuen euskal errealitateaz. Baina agian, mugimendu honek ez zuen hitz egokirik, azterketa hori esateko; eta Aresti izan zen hitz berria sortu zuena. Hitz hura metaforikoki esana izan zen. HARRI ETA HERRIk beregan uztartu zuen kezka baten etena, errealitate baten gogorra. HARRIA hitzarekin esan zuen Arestik errealitate haren bortitza.

Geroztik, Arestik hitz asko egin du. Baina, beti legez, Aresti ez da sorketa soil baten lekuko; aitzitik, inguru baten lekuko eta hiztun aparta da. Honekin hau bakarra esan nahi dut: Aresti, lur, herri, burruka, saiaera… penatu baten adierazle apartekoa dela. Arestik, bakarrik eta, nahi bada, basamortuan bezala sortuko du; baina —ez gaitezen ahantz— haren sorketak gai bat du, eta gai horrek, errealitate horrek bere ingurua du, gu gaitu, Euskal Herria du.

Noski, Arestiren poesia ez da gizarte baten adierazle izatean agortzen. Arestik ba du sen poetiko pertsonala; bere baitaren lekuko miresgarria eta sakona da Aresti. Poesi gisa honen metarik aipagarriena, Rikardo Arregiri eskaintzen dion poema da. Eta halaber, bere “Neskato Ilun” alabatxoari kantatzen dion oroitzapen hunkigarria; Lizardiren “Xabiertxoren Eriotza” eta Unamunok “Haur Eriaz” egindako poemak gaindituak ditu bere poema zoragarri honetan.

Arestik dioenez, HARRI ETA HERRI “ene espiritu pobreziaren, ene koaiten eta kobardekerien agerpide da. Liburu soil bat, liburu xipi bat, liburu karikatura bat”. Baina Arestiren harriak, herri baten harma ere ba dira. Arestiren harriek Herri baten hatsa atzematen dute. Herri pobre baten pauso nagia bortizki presatzen dute. Herriak bere egin ditu. Arestik bihurtu dizkiolako.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak