kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Sei idazle plazara / Begiarmen / Jakin, 1974

Sei idazle plazara Koldo Mitxelena / Anaitasuna, 1975-01-15

Mitxelena, Aresti eta Larresoro lankideok!

“Begiarmen” delakoak egina eta Jakin argitaldariak aterea, oraintxe ari da jendea SEI IDAZLE PLAZARA liburua hartzen. Dakikezuenez, lehen liburuki hau zuoi hiruroi buruzkoa da.

Kulturgintzan gizarte eragipena izan duzuelako batipat izan zarete aztertuak, oker ez banago. Eta, zuek gaitzat eta aitzakitzat harturik, zuen inguruan Euskal Herrian bizi bizirik dagoen ideia eta joera asko da aztertua edo ukitua liburu horretan.
ANAITASUNA aldizkariak jakin nahi lukeena da ea zuetako bakoitzak berari buruzko lanaz zer pentsatzen duen. Halegia, zuen zeuon eritziz egokiro aztertuak izan zareten ale ez, zuei buruzko azterketa hori zertan den zuzen eta zertan oker, ongi interpretatuak eta epaituak izan zareten ale ez. Hitz batez, egin zaizuen azterketa kritiko horretaz zer eritzi duzuen.

Ez dizuet inkesta bat egiten, ez dizuet entrebista bat egiten.
Artikulutxo bana egin dezazuela eskatzen dizuet. Bakoitzari horrialde bana eskaintzen diot horretarako (hau da, idazmakinaz 90 lerro, ez gehiago!).

Liburugileari ere, zuen ondoren, beste ale batetan, lekua eskainiko diogu, azken esplikapenak eman ditzan. Eta harrekin bukatuko litzateke gurea.

Lehen bailehen erantzutea eskertuko nizueke. Zuenaren zain, ez adiorik,

joan mari torrealday

Torrealday adiskideak, Anaitasuna-ren izenean, egin didan eskabideari erantzun nahi nioke hutsarte batez baliaturik, gerorako utzi gabe, gero horrek ez bailuke epe jakinik izango. Ikusi berria dut, gaingiroki bederen, “BEGIARMEN delakoaren” liburua, eta liburu hortaz, dagokidan aldetik, mintzatu behar omen nuke. Lehen hitzak, beraz, eskerrak emateko izan bitez, bai X horri (herensugeak baino buru gehiago ditu apika) eta bai Anaitasuna-koei, horren konpainia ederrean atera nahi nautelako plazara.

Zenbait puntu nagusiri dagozten ohar batzu agertuko ditut hemen. Eta ea, “nitanoz” mintzatu behar badut ere, neure burua edertzeko grinari amore larregirik ematen ez diodan.

Ez dut uste, lehendabizikoz, hizkuntza eta hizkuntzalaritza kontuan, Larresoro eta bion iritzien arteko desberdintasuna behar bezain nabarmen azaltzen denik. Funtsean bat gatoz: hura eta ni, alegia, etsirik gaude euskara ez dugula bertan behera kupidarik gabe utz dezakegun huskeria. Nik, ordea, ez dut sinesten hizkuntza eta pentsamoldea elkarri hark uste duen neurrian loturik dabiltzanik, behin eta berriro aditzera eman dudanez. Nolabait ere, gure K.-engandik hurbilago ikusten dut neure burua gai horretan, erdaraz esan berria dudanez.

Ez naiz sekula, bigarrengoz, estrukturalistegia izan. Kutsu hori ezinbestean hartu nuenean, gainera, Trubetzkoi, Jakobson eta Martinetengandik hartu nuen, ez Barthes, Lacan, Foucault eta horren gisakoengandik. Levi-Strauss, bai, erabili izan dut noizpehinka, besterik zelakoan. Dena den, Larresorok baino gogokoago dut eta izan dut Chomsky. Ni naiz agian honen ideiak Espainian (liburua, bada ezpada ere diot, Salamancan agertu zen) lehen aldiz aipatu dituena. Geroztik ez naiz isildu.

Chomsky-gana dudan isuria bezain garbi dago (zozpalak dirudi bere egurra, ta egurrak bere ezkurra) harako “neo” horienganakoa. Ez dut, haatik, hautapen zorrotzik egin, neure lanbiderako izan ezik, “filosofiaren eta zientziaren arteko muga ilunetan”, eta ez dut inondik ere pentsatzen estrukturalismoa izan daitekeenik sugerik gabeko “zientziazko paradisua”. Ez dut sekula izan (eta nola arraio izan nezakeen?) “soziologia matematika hutsarekin saltsatzeko” gogorik ez asmorik. Are gehiago, ezin onar dezaket hemen, besteren ahotan, ageri den harako iritzi hura: “giza-zientzien metodua ezin izan daiteke zientzia positibuen egitura berekoa”. Ze arraio izan daiteke, bada? Ezaren bizkar, lamien gisa, bizi den zera?

Niri, egia esan, Popper atseginago zait Adorno baino. Hori ez da iritzi bat baizik, baina, bataren eta bestearen iritzien gainetik, badirudi badela gure artean, Mendebaleko mundu honek XVI-XVIIgn. mendeetan biribildu zuen lehen iraultzari buruz, halako nahas-mahas orapilaturen bat: Galileo aurrekoa, ez da Orixe bakarra izan gurean. Baina hobe genuke, hemen ez dugun soseguz eta patxaraz, elkar hizketa luzeren bat egiteko bidea aurkituko bagenu beste aldi batean, hontaz eta hartaz.

Barojarenak, esan zituen bezala jaso genituen Egan-en, ezezkorik ez baiezkorik erantsi gabe. Bistan da, gainera, agertu izan dudan Barojazaletasuna ez dagoela iritzi horietan finkatua. Eta Baroja aipatuz geroz, berez dator euskarak gure artean behar lukeen lekuaren hauzia. Bizirik irauteko adinbat den leku opa diogu, gutienez, baina hori aitortzea ez da aski, X-ek, Aita Mokoroak eta nik ipiniko genituzkeen mugak ez baitira berdinak zabalmeharrean.

Gure hizkuntza opa diogunaz osorik jabetuko balitz ere, ez lituzke erdarak erabat baztertuko: erdarez ari naiz (hona, aldamenean, frogatxo bat), eta ez erdaraz. Ez dituzte behinik-behin baztertu gu baino larriago, aberatsago eta ikasiago diren inguruko eta urrutikoek. Soziologoek bederen aise uler dezakete zergatik idazten dugun erdaraz maiz aski, zenbait egokieratan erdaraz mintzatzen garen bezalaxe. Hona sarri aski ahotan erabilia izan den kasu bat. Zorioneko Zenbait hitzaldi horiek ez nituen nik erdaraz idatzi. Egin, erdaraz egin nituen, hala eskatu zidatelako, nahiz ondoko elkar hizketak erdaraz eta euskaraz izan ziren. Neure kabuz, ez nituen sekula argitarako, ez erdaraz ez euskaraz. Ez nien, ordea, eskatu zidaten baimenik ukatu. Letamendiari esker agertu ziren. Neronek ere, halaz guztiz, hartu nuen lanik aski, ez inoren itzulpena orrazten, baizik eta trakeski esanak zertxobait osatzen eta zuzentzen.

Don Karlosek, diodan bidenabar, bere libururik mardulena, lodiena ere ez bada, euskaraz argitara izan balu, ez zukeen mundua iharrosiko. Bestela esan, geroxeago iharrosiko zukeen, hizkuntza hedatuagoren batetara irauli ondoan, alegia. Horrela ez balitz, H. Kloss-en boskarren eta gorengo mailan geundeke, oker ez banabil. Maila horretara, eta hemen zuzen nabil zorigaiztoz, ez gara oraindik heldu.

Badirudi, belaunaldiak direla eta ez direla, X-ek nonbait (ez dut orain pasartea aurkitzen) Ortega-ren segiziokotzat hartu nauela, eta ez naiz larriki poztu, horren kulturalismoa gogaikarri (ez dut gogorragorik esan nahi) izan baitzait beti. Besterik da hor eta bestetan esan dudana edo esan nahi nuena: badugula, aspaldidanik, gure artean harako Nafarroan genuen “osin ondagabe” haren antzeko zerbait, eta osin hori komunikabiderik ezak zabaldu eta sakondu duela. Gazteagoek, eta ez dira hain gazte, ez dakite gure berri (ez ote dut, bada, oraindik orain irakurri Pikabea Donostiatik ihesi joan zela?), eta zaharragoek ez dugu gazteagoen berririk ere jakin nahi, esaten eta egiten dutena okerreko aldetik hartzeko ez baldin bada. Badakigu, noski, nondik datorren elkar ezin aditu hori. Batzuengandik besteenganako bideak eta zubiak zabaltzen saiatu behar genuke. Ori desio nuke nik., behintzat.

Eztabaidan, “haserre” agertzen omen naiz, azkenik, eta ez noa ukatzera: “agure haserreen” belaunaldikoa naiz eta badugu haserrebiderik gainezka. Gaizki esanak barka, mesedez. Diodan, halaz guztiz, nik ez nuela deus, orain ere ez dudan bezala, Haranburu Altunaren kontra: “burgesi” hitza eta gogoeta noraino heda zitezkeen zen hauziaren muina, oker ez banabil, eta ez dakit egoki ala desegoki hartu nuen. Aresti ere mintzatu zen gero hortaz, eta ez ene iritzien alde. Halaz ere, uste dut zuzenkiago nenbilela ni ad mentem diui Caroli, hauzi horri dagokionez.

Hori dela bide, zenbait kontseilu on ematen dizkit gure X-ek: ez omen nuke, batipat, hauzirik horrela “pertsonalizatu” behar. Edota, “jeniyo txar oyek utzi, bestela ezurrak autsi”.

Hartu nuen, bada, asmo sendoa, lege zaharrekoek agintzen zigutenez, gerorako gizalegea nola behar den, berandu bederen, ikasteko. Eta asmoak iraun du liburuaren azken burukoa irakurri dudan arte. Hor sortu zaizkit duda-mudak. Nik, dakidalarik behintzat, ez dut inoiz inork inoren mirabeari ordaintzen dion soldatarik aipatu. Eta beldur naiz, ni ere horrela abiatzen baldin banaiz, ez ote dudan fin gaizto egingo.

“Egiazko arazoak”, zinetakoak eta benetakoak, ez omen ditut aztertu. Horrela bada, eta horrela da behar bada, lanbideak bestetara ninderamalako gertatu da, segur aski. Ez dut uste, ordea, galderen itzuri gehiegi ibili naizenik. Hemen bertan emango nituzke zenbait erantzun, lekurik ezak bortxaturik ez banenbil. Beude, beraz, hurrengo hizketaldirako.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak