kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gabriel Aresti II / Anjel Zelaieta / Kriselu, 1976

Gabriel Aresti II edo Zelaietaren biographia Xabier Armendaritz / Anaitasuna, 1977-05-15

Angel Zelaietak Gabriel Arestiren bizitzari buruz bere bigarren liburua eskaini digu (Gabriel Aresti II, Kriselu, Bilbo, 1976), ihaz argitaratu zuen lehenengoaren segida.

Liburua irakurri egin dugu. Ordu askotako lana, ezpairik gabe, datu biltze harrigarria, eta Arestiren zenbait gorabehera interesgarri jakiteko oso egokia. Hala ere, liburu honek gauza pitxi batzu dauzka, ni neu behintzat —eta ez naiz bakarra— erabat harriturik utzi nautenak.

Lehenengo eta behin idazkera. Gauzak esateko, mamia adierazteko, zer esanaz batera, nola esan ere jakin behar izaten da, eskuharki behinik behin. Idazten ere jakin behar, halegia. Eta idazten hasi aurretik, noski, eskribatzen ere bai. Ez baitirudi —eta sasoia ba du— Zelaietak ez bata ez bestea oraindik ikasi duenik. Arestik behin baino gehiagotan esaten zuen —beraren antonomasiazko dizipuluek hori ez badakite ere— inor ez dela mamiaren jabe aurretik formaren jabe ez baldin bada. Eta idazten, eta eskribatzen, jakitea inori eskatzekotan bere burua “idazle”tzat daukanari egin dakiokeelakoan nago. Eta aski da liburuaren edozein horrialde irakurtzea bai idazkeran eta bai joskeran zenbat lapsus dagoen ikusteko. Obra hori, bestalde, dohaineko barik erosi beharrekoa izanik, egileak ardura gehixeago eduki beharko zuen, erdaraz ez baitu inork horrela liburu bat argitaratzen. Hori bat.

Biographia batetan, bestalde, ba dira gauza batzu funtsezkoak direnak, eta beste batzu —zapaten zenbakia, erretzen zuen tabakoaren marka edo eta automobilaren matrikula, kasu— biographiatuaren giza ezaguerarako hain beharrezkoak ez direnak. Bitzuon artean oreka egoki bat lortzean datza, hain zuzen ere, biographoaren meritua. Eta Zelaietaren liburuko pasarte batzu —gehiegi— irakurtzean, norberak ez daki biographia bat ala gezurretxape batetako ezinikusi pertsonal, marmara eta txismorreoak irakurtzen ari den.

Izan ere, obra horrek datu batzu objektiboki eman beharrean Zelaietaren interpretazio sui generis batez agertzen ditu. Eta interpretazio pitxi eta manipulatuok, agian Arestiren bizitza “hobatzeko” eginak, bestelako ondorioak ekar ditzakete. Lehenik ere Josu Oregik, arrazoi osoaz gainera, Zelaietaren puntu manipulatu bat argitu behar ukan zuen, hor andre baten duintasuna zelantzan jartzen baitzen, eta argitzeko egia osoa kondatu behar, hartan Aresti hain ondo geratu ez arren. Eta dena Zelaietaren kausaz.

Arestiren biographiaz batera beste lagun askorenak ere azaltzen dira hor nahasirik, Zelaietaren berarena beraien artean. Eta zenbait pertsona biziren arazo pribatuak “holaxe interpretaturik” azaltzea ez dakit zein puntutaraino zilegi den. Esate baterako, liburu horretan Mitxelenak Arestiri bidalitako gutun batzu agertzen dira erdaraz. Lehengo eta behin, Zelaietak ez diosku zergatik. Bigarrenik, noren baimenaz argitaratu ditu Zelaietak gutun pribatu horik? Mitxelenari eskatu al dio? Hola ez bada, zera jakin behar luke egileak, piratakeria horrek, edozein naziotan, legezko gaztigua dukeela.

Beste askoren artean, nire pertsonaz ere sartzen da, HITZen Harriagak egindako artikulu baten erantzuna dela eta (231-232. horr.). Luze joko liguke hori hemen argitzeak, baina Zelaietak —bera ongi ixilik egon zen orduan, hain maite omen zuen Arestiren alde deus esateke— egin duen interpretazioa zitala bezain faltsua dela argiro esan behar dut. Nik neuk, Arestiren alde orduan egiteagatik neronen ohorea arriskatu nuen eta HITZekoek, Muxika Arregik ere bai, horren froga erraz eman dezakete.

Aresti eta bion arteko istilua, Hiztegiarena halegia, berdin manipulaturik azaltzen du Zelaietak (232. hor.). Gure arteko urruntze eta haserrearen “egiazko” arrazoiak esan behar banitu, Oregiren kasuan bezala, ez lioke segur aski defuntuari mesede handiegirik eginen, eta horrexegatik, Zelaietaren esan tendentzios horiek gora behera, duintasun eta gizontasunaz ixiltzea nahiago dut.

Ba dirudi, beraz, Zelaietak streap-tease egitea atsegin duela, baina hori bai, inoren larruaz. Zaletasun horrek zera dakarkioke baina, larrugorritan utziok berarekin beste horrenbeste egitea, horretarako materialeak ez baititugu falta. Aski genuke, esaterako, eta lekukoak daude, bere maisu haundiak beragatik zer esaten zuen agertzea. Eta berau jakitea, agian, ez litzaioke askorik gustatuko.

Ba da guztiotan, dena den, oinharrizko zerbait, Zelaietak, ematen duenez, ahantzia: gizabidea, gutienezko duintasunaren zentzu komuna, maiz, dakuskegunez, hain komuna ez dena.

ANAITASUNARI BURUZKOAK

Puntu batzu argitu beharra dago, ordea: Zelaietak gure aldizkariaz diozenak.

Zelaietak ANAITASUNIA aldizkariaren zuzendaritza 1972/X/5ean utzi zuen, bai, baina egileak ez digu argi ematen horretarako izan zituen berrehun mila arrazoi inportanteen egiazko berria, guri, Idazkuntz Kontseilukooi argiro azaldu zigunez.

Beraren Euskaldungoa eta neronen Gure Munduko Albisteak gauza bera ote zen irakurleek berek juzka dezakete.

Ba da besterik, eta hau, oraintsukoa denez gero, larriagoa dugu. Bere liburuaren 277. horrialdean Zelaietak Mila eta piku egun “ANAITASUNAren zentsuratik pasatu ezinik ineditoa” dioen bere artikuluaz zerbait esan beharra dago.

ANAITASUNAren 300. zenbakirako geure aldizkariaren historia egitea pentsatu genuen. Horretarako, A. Zelaietari bera zuzendari izan zen garaikoa egiteko eskatu genion kortesiaz. Zelaletak eskatua baino askoz ere artikulu luzeago bat bidali zigun, euskaraz —derradan bide batez— oso gaizki idatzia. Hartan zera zioen, bera zuzendaria izan zen bitartean ANAITASUNA aldizkari on, aurrerazale eta txalogarria zela (horregatik egin ziren, noski, horrenbeste zor), baina berak utzi ondoren, aldiz, errebistaxka txatxar, eskuindar eta deitoragarria bihurtu zela.

Ez zuen ongi ematen, gure ustez, eskaintzen genion tokia gu iraintzeko erabiltzeak, baina hala ere, artikulua zegoen zegoenean argitaratzea pentsatu genuen. Ba zen, ordea, artikuluaren bukaeran kontu pitxi bat, eskatutakoarekin inondikan bat ez zetorrena. Zelaietak, ez dakigu zer frogatzeko, hauxe zioen, Aresti hil zenean beronen “recordatorio”a egiteko, Anaitasunara etorri zela Arestiren argazki baten klixetaren bila. Bera segur zegoen klixet hori egina zela, nahiz eta, kontseilukoen erabakiz, irakurleak Arestiren irudi ifernutarraz ikara ez zitezen, sekulan argitaratua ez izan. Delako klitxet hori —Jose Torrek eta Inurritegik ez zutela inoiz ikusi ziotsoten Angeli— ez zen Anaitasunako artxiboan agertu. Zelaietak, bere artikuluan, horretan ere Arestiri genion gorrotoa azaltzen zela zioen, haren klitxeta desagerterazia genuenez gero.

Akusazio horren aurrean, ANAITASUNAko kontseilukook elkarri galdetu genion ea klitxet xelebre horren berri inork ba al zuen. Gutariko inork ez zekien deus horren existentziaz eta inoiz debekatua izan ote zenekoaz ere. Ondorioz, Zelaietari gutun bat bidali zion Torrealdaik (orduko zuzendaria zenak) hauxe proposatuz: bere artikuluaren azken parte iraingarri eta gure ustez faltsua mesedez kentzeko, edo eta, artikulu osoa argitaratzekotan, ANAITASUNAk, bere ohorea eta izen ona zaintzeko, ohar bat ipini beharko zuela ondoan, harekin bat ez zetorrela argituz. Beraz, zentsuratu ez, baizik eta leialki gauzak garbi jarri genizkion.

Guk, noski, berak gu iraintzeko zeukan eskubide berbera genuen geure burua defendatzeko, eta ahal genezakeena zen, gainera, berari deus esan gabe bere artikulu osoa, gure oharraz horniturik, agertzea. Gizonki portatuz baina, berari aukera ematea erabaki genuen.

Zelaietak, erdaraz (sic), gutun bat bidali zion ANAITASUNAko zuzendaritzari bere artikulua eskatuz eta hura osorik edo eta zatika ez publikatzeko aginduz, “ni siquiera hacer mención de su existencia” delako eskari estrainioa gehiturik. Hauxe da benetako egia eta ez Zelaietak bere liburuan, martiri gisa gelditzeko edo, kondatzen duena.

Bukatzeko, zera esanen nuke, Oihenartek bere atsotitz batetan zioen hura ahantzi bide duela Mallabikoak: bere etxea beiraz daukanak estalirik, ez duela besterenera jaurtiki behar harririk.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak