kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Euskal idazleak gaur / Joan Mari Torrealdai / Jakin, 1977

Euskal idazleak gaur Anaitasuna / Anaitasuna, 1977-06-15

Egiten jakitea eta egin ahal izatea ez dira Euskal Herrian, orain arte, ezkongai amorosegiak izan. Gazteak baleki eta zaharrak ahal balu hura bera da, baina kondua buru eta diru ahalmenetara pasatuz. Orain, ordea, lehenagoko sozial aurreritzi ustelak gainbehera datozeneon, ezkontza edo, nahiago baduzue, arrimu hori gertatua da azkenean. Eta elkarte horren zorioneko umea aurrean dugu, euskaldunok botere, autogobernu eta ekonomi baliabideak eskuan dituzkegunerako zer nolako ondorioak lor ditzakegun erakusteko.

LIBURUA.

“Euskal idazleak gaur. Historia Social de la Lengua y Literatura Vascas”, 675 horrialdetako obra mardula (hiru kilo inuru pisutan, hamaika ordutan irakurtzeko datu luzeak interesetan). Ez genuke gezurrik esanen berau, ez aurten, baizik Euskal Liburugintzaren Historia osoan orain arte euskaraz agertu den libururik nabarmenena dela esanez gero. Hiru irakurbidetarako egina izan da. Lehenak, euskaraz, 1960-1975 arteko euskal literaturaren azterketa soziologiko bat eskaintzen digu, inkesta eta estatistikaz taiutua. Bigarrena, erdaraz, aurrekoaren osagarri, euskal hizkuntza eta literaturari buruzko dibulgaziozko panorama batekin dator. Hirurgarrenean, azkenik, historia, linguistika eta idazleen irudi komentatuen bidezko informazio grafikoa (500 irudi inguru) agertzen da. 1937.etik 1975.erarteko euskal liburu guztien zerrenda dakar gehigarriz, asko, liburuzale eta saltzaileak bereziki, eskertzen hasiak direna. Bibliografia luze eta aberatsez biribiltzen da lana. Papera, argazkiak eta presentapena oso onak benetan.

EGILEA.

Joan Mari Torrealday. Barka. Bera egile bat izan da, printzipalena, noski, baina bat. Bistan dago ez dela gaur egun holako obra bat bakarka egiterik. Horrekin batera Joseba Intxausti ere ba dago, historiazko gorabehera ugariz liburua hornitu duena, eta Joxe Azurmendi —hitzaurre zoragarriagorik ez zioagu inori sekulan irakurri, halafedea!— Ramon eta Anton Egiguren argazkilariak eta Luis Iriondo, Lankide Aurrezkiko publizitate eta harremanetarako zuzendaria, ekoizpenaren arduradun izandakoa. Beste izen asko ere, seguraski, nonbait gordeta geratu izan dira, baina horiei ere eskerrak eman beharko litzaizkieke: originalak makinaz pasatu, moldiztegiko probak zuzendu eta gisa honetako Ian aspergarri bezain premiazkoak egin dituztenei, halegia. JAKINeko ekipo osoa dagoke hor sarturik.

AITABITXIA.

Lankide Aurrezkia, Euskadiko bankuak —bazterretan oraintsu irakurri dugunez— bere (gure) diruaz inbertipen on on bat egiten jakin du, eta horretarako begi zorrotza, noski, Luis Iriondok eduki duelakoan gaude. Berauen laguntzarik gabe, derragun berriz ere, ez zen posible holako obra harrigarri bat Platonen gogoko mundutik hankabikoonera ekartzea. Eskertzekoa da (?). Zeren horregatik ere kritika bat entzun izan baita. Hainbeste milioi liburu horretan eman dituen Lankide Aurrezkiak ezin al zitzakeen alfabetatze kanpaina, Euskaltzaindi edo ikastolen alde gasta? Ez al zituzten horiek guztiok diru premia handiagorik?

Lehengo eta behin, dirudienez, ez, ez zen posible hori egitea. Alde batetik, obra horretan inbertituriko dirua, kooperatibetarako dauden legeen arauera, holako lanetan sartu beharra zegoelako. Bestalde, eta kritika horri egin dakiokeen kritikarik gogorrena hauxe da, euskal kulturaren alde zerbait —eta zerbait handi—-egin duenari kritika egiten zaio, deus ez edo erdal kulturaren aldeko lanak egiten dituzten Euskal Herriko beste banku, aurrezki kutxa eta entrepresa guztiei inolako kritikarik egiten ez zaien artean. Dagiena bekatari, ez dagiena saindu, horixe dateke zenbait euskaldunen enzpide xelebrea.

Horrez gainera, zertarako uka, gogoz zein gogoz kontra bizi garen merkatal mundu honetan, inork ez du —erabat behinik behin— ezer mosu truk ematen. Mesedeei eta emariei ahalik eta probetxu gehien ateratzen ahalegintzen dira guztiak. Bankuen inbertipenak, propaganda zuzenekoak ez direnean, prestigiozkoak izaten dira, finagoak, kultura lantzekoak edo, bai, baina honk ere, azken buruan, exile edo eragileen izen onerako izaten dira. Katalunian aspaldian dihardute holako lanetan bertako bankuek, eta hemengoak ere bide berean hasi zaizkigun baterako, hobe genuke horregatik poztea tristatzea baino. Herriko banku guztiak euskal kulturaren aide elkarren lehian balebiltza, hain zuzen, beste txori batek kantatuko liguke. Eta jadanik batek desafioa egin die.

MAMIA.

Nor da euskal idazlea? Nolakoa da? Zer da? Zenbat urte ditu? Non jaio da? Zertzu estudio, gustu eta heziera dauzka? Zenbat liburu idatzi ditu? Zeri buruzkoak? Nolako iturriak dauzka? Zeintzu arlo jorratu ditu?

Galdera guztiok erantzuten saiatu zaigu Torrealday. Horretarako, bere eritzia barik, besteen eritziak bildu eta analizatzea nahiago ukan du. Inkesta 143 idazleri bidalirik, horietako 83k erantzun zioten (inkestatuen % 62ek, hain zuzen) eta hortik 61 hautatu izan ditu ongi erantzuntzat. Zifrok, osotoro asko ez diren arren, portzentaiaz oso gorakoak dira, eta pertsona baten lekuan 61en usteak azaltzea bera aski esanguratsua da.

Idazlearen geografi, soziologi eta kultur jatorriek datu argigarri asko ematen dizkigute. Badirudi, zorionean, inguruko nazioekiko, gure Euskal Herri hain diferent hau ere pixkanaka normaltzen hasia zaigula, Peru Abarkagandik maisu Juanenganatzen an dela, kaletartzen, mundutar kulturaz janzten, profanatzen, profesionaltzen, Gipuzkoa-Bizkaiko hiri industriadunek nagusigoa agertuz.

Liburuan euskal idazleen eritziko idazlerik onenak, edo, hobeki esan, nahienak azaltzen dira hor, zenbait izen holako tokietan —onerako eta txarrerako— agertzea inoiz harritzekoa gerta daitekeen arren. Irakurleen arteko inkestak ere argigarri lirateke hauzi horretan, guk uste.

Idazlearekin batera, jakina, argitaratzaileen arazoa dago. Nola moldatu da orain arte euskalduna bere lana inprimatzeko? Nola banatzen dira euskal liburuak? Idazle eta editore arteko plangintzarik ba al dago? Beharrezkoa al da? Honelako galderei ere bere(n) erantzuna ematen dio(te) liburuan.

Idazlea, bestalde, ez dagu rean liburugile soila, ba da kazetari eta artikulugile ere, eta hauxe, batez ere. Euskal aldizkarien ezaugarriak, helburuak eta joera bereziak agertzen ditu ba Torrealdayk.

Eta idazteaz arituz, noski, literaturgintzaren hartzaileagana ere heltzen gara: irakurleagana. Ba al dago irakurlerik euskaraz baina? Beronen gustuak onhartu ala aldatu egin behar ditu idazleak? Elkarren eragina norainokoa da? Nork zein moldatzen du gehienik? Ez dira hauk galdera bakarrak.

METODOLOGIAZ.

Torrealdayk lan handia izan du; hori argiro dago. Bibliografia, esaterako, ez da zerrendetan bakarrik aipatzen, textuan zehar baizik, eta etengabeki. Ba da, gainera, beste puntu bat; literaturaren azterketa soziologikoa egiteko prozedurak, orain arte, bizilagun ugaritako kultura eta literaturak arakatzeko erabili izan dira, baina gurean, daukagun nazional zapalkuntzagatik, ia erabat analfabeto den gure Herrian zer balio du abangoardismoak eta klasikismoak? Herri normaletan —edo normalagoetan bederen— erabiltzen diren parametroak ba al dago gure herri eznormal honetan gaur erabiltzerik? Oztopo hau ondo kontutan eduki du Joan Marik eta, gure ustez, ongisko gainditu ere bai. Izan ere, interpretapen guztietan beta, eta derrigor, egon daitezkeen subjektibismo guztien gainetik, lan aseptiko eta objektibo xamar bat eskaini digu.

BIGARREN IRAKURBIDEAZ.

Erdarazko parte hau ere osorik da interesgarri. Lehengo eta behin, derragun, txalotzekoa dela erdarazko textua letra ttikiago eta irakurtzeko nekezago batez inprimatzea: eragozpen horrek ba du bere abantaila erdararen beraren irakurterraztasunean. Euskarazko textu haundiek, optikoki errazago irakurtzekoek, euskararen zailtasuna biguntzeko mesede ona egiten dute, irakurle euskalduna, konturatu gabe, erdal textuetara abia ez dadin soil soilki.

Parte hau, dibulgazio mailan egina izan arren, gustura, oso
gustura irakurtzen da. Ez dakigu meritua norena edo nortzurena den, baina sintesis eder bat, data biltze, sailkatze eta azaltze on eta ederki josi bat da, batzutan zenbait fusilamendu agertzen badira ere. Egileek, ordea, ez dute hori ezkutatzen; helburutzat informazioa biltzea, berri ematea eduki dute, eta ez berek asmatzea.

Euskal literaturaren —eta, neurri batez, kulturaren beraren ere— ispilua da liburua. Gutaz zerbait akin nahi duten erdaldunek —eta euskaraz, ez dezagun ahantz, erdaldun izateko aski da euskara ez jakitea— ba dute egokiro non ikas. Euskal kultura, orain arte maiz itxura pobreaz jantzita zetorrelako, herabe zutenek ez dukete honez gero atxakiarik. Ez eta, beren ezjakinkeria lotsagarria estaltzeko justifikaziorik bat ere ez duten etxekoek ere (Eta bentzute berau euskal, euzko, basko eta vasco politikari (asta) belarridunek!).

AMEN OHARRAK.**

Argazkiren kalitate apartaz zorionak Egigurendarrei, bai eta maketapenaren arduragatik L. Iriondori, batzuek eta besteak ohi ez bezalako lan bikaina lortu dute eta.

Azurmendiz ez genuke ezer esan behar. Euskal izateaz gainera erdal ndazle ere agertu zaigu, eta ez edonolakoa, halajaina! Ez genuen Joxe hori ezagutzen eta harritu egin gaitu; bistan dago, gainera, agertua agertu ondoren bere aukerari, euskaraz soilki idaztekoari, meritagarriago eritzi behar diogula.

Guztioi, zin zinez, euskal hitzaurre sakonaz batera —eta zenbait esteta hermetikok ba du hor zer pentsa— erdarazkoa ere irakurtzea gomendatzen dizuegu. Ez duzue damutuko.

Zenbait errakuntza —moldiztegietako iratxoak ez baitaude inoiz geldi— azaldu izan dira hor han hemenka liburuan zehar, gehienek, aski nabariak direlako, garrantzirik ez duten arren. Horretariko bat, humoretsua delako, baina, aipatuko genuke: 617. horrialdean azaltzen den liburu bat, Euskadiko Komunista Alderdiaren bigarren biltzar nagusia, Mikel Zaraterena dela dio, Leopoldo Zugaza Durangokoak argitaratua. Ez dugu uste.

Liburu honetatik atera diren 45.000 aleak bi modutara banatuko omen dira. Lehengo eta behin erregaluz, Lankide Aurrezkiaren bezeroen artean, literatur eta kultur elkarte, talde eta kideengana ere helduz. Bigarrenik JAKINeko abonatuen artean, 500 pezetako sari sinboliko bat jarriz (egiazko prezioa askoz ere goragoa baita). Tirada eta kondizio horiekin liburu mesedegarri hau parra-parra zabalduko delako zalantzarik ez dago. Eta hori beharrezkoa zen.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak