kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Zergatik bai / Koldo Izagirre / Ustela, 1977

Literatura Bernardo Atxaga / Anaitasuna, 1977-07-01

eta zergatik jo nau antes de peibe se pone siempre eme esan du eta nik jarri dut ondo mpamplona eta gainera erori zait plumila baina ez egin dut negarra eta belarrian soinua tiii daukat eta ze bero ni naiz el numero veintitres eta daukat estutxea de colores.

Anaia edo eta gurasoen underwood edo olivetti zaharraz egunero, eta gauero bereziki, baliatzen garenok, orduero-minutuero agortzen gara, eta itotzen ere horrialde birjinaren aurrean. Hausnarketa laburrenak ere alferrik gabiltzala adierazten digu, ez duela epigonia honetan ezer eskribitzen saiatzeak merezi, sarritan zertaz mintza ere ez dakigula. Lehorrak jotzen gaitu, epigoniaren lurrak lehor moeta sikuenaren parabisu direla, inon ez baitira jaiotzen ideia transformatzaile ahulenak, edo sinesmen, edo amets, edo utopia arrazionalenak, non biziera berrian ipinitako esperantza absurdu haurkoia baita. Antierrenazimenduaren sasoian kreatibitatea baztertu egiten da eguneroko bizitzatik, eta pertsonak lehen principius vitaetik urrundurik jaio, bizi eta hiltzen dira; eta ez da guretzat besterik nahi banku direktoreen arauera taxututako gizarte honetan. Civitate honetan, hemen eta gaur, Produkzioaren jainkosak zuzentzen ditu desbizitzak, eta lanean eta deskantsuan nahitaezko gurpil zoroan bueltaka dabila mende honetako gizona. Gaurdaino —Debord-ek adierazi digunez— kapitalak egunero hamar ordu lapurtzen bazizkigun, orain deskantsua ere bereganatu digute, kontsumuaren bitartez. Eugenio Trias-ek, bere azken saiakeran, hau dio: egunero bizitzen den esperientzia da, produkzio arloaren eta desio arloaren arteko etendura, banaketa eta arroztasuna; erotismoaren mundu animiko eta subjektiboa (alde batetik) eta lanaren mundu zibiko eta objektiboa (bestetik). Artista, honela kreatibitatearen arauera bere bizitza moldatzen duen orori deituz, tenplutik bidalia izan da, Produkzioaren jainkosari bere fruituak eskaintzen ez dizkionez, eta hobeto esanez, eskaintzen ez dizkion heinean. Produkzioak ez baitu kreatibitaterik behar, edo areago: zenbat eta gehiago makurtu kreatibitatea, hobe beretzat. Moloch-ek aski du obedientziarekin, alienazioarekin, errobotekin, eta alderantziz, bai kritikak, bai sorketak, bai orijinaltasunak itzali egiten dute bere sua. Mila eraz deuseztatzen du artista, eta normalena, itotzearen bitartez, ttiki ttikitandik axfisiatuz giza-ahalmen hori, eta artista “profesionalen” kasta ondorioz sorteraziz. Eta kasta honen asimilaketa izaten du bigarren lana. Eta hirugarrena, ez ito eta ez asimilatutakoen baztertzea, tenplutik botatzea.

Tenplutik at —barka hirugarren kategorian geure burua ipintzen dugunoi, oraindik ilusio batzuren abe garen seinale— ez da erraz ofizioaren arrazoia bilatzea, eta ez da erraz arrazoi hori gabe aurrera segitzea. Aurrera edo atzera, zaila mugitzea baita. Esate batetarako, gaurko literaturak azken kanta suspiriatzen ari den zisnea dirudi, hori diote ezezkorrenek.

Nobela krisian dagoela, theatroa krikrisian (hots, krisi hitz motelean), pintore modernoek berek ere sinesten ez dituzten erroilo makabeoak kondatzen, eta hori bai, manifestu pila izenpetzen (beren ofizioetan aurkitzen ez duten komunikazioa eta identitate soziala bilatu nahiz edo), eta eskritoreok beti nigarrez deitore murru batetik bestera, irudimenaren hamaikagarren frakasua, eta kultura, eta antikultura, deskultura eta kontrakultura, eta Jaun Goikoa eta Behekoa, kalonjea knock-out bigarren asaltuan, artikulista —ni— begiokerra, aingeru bat aingeru bi, sagutxu sagutxu, eta trenak pasatzen eta trenak pasatzen, ez merkeena bai onena, eta lau kilo eta piku pisatzen dugun euskal idazleok, behiari kentzen zaion beroarena guri kentzea ahantzi zaielako noski, jakina: nola ez.

Sentimendu hau, xibaren jirabirak direla gure pausoak eta ez hobeagotze historikoan kakotzen direnak (Xirinacs-ek “Sujeto” deitu liburuan biologikoki ere demostratzen duen hobeagotzea, bestalde: Kristautasunak ekarri zuen baikortasun deuseztaezin, “eror lain eror” horren adibide paregabea) nahikoa hedatuta dago, eta egon da. Ba dira, adibidez, ezinari buruzko koblak gure herriaren baitan:

pipa erreta txoratzen naiz
ardoa edanda mozkortzen naiz
gorteiatzeaz lotsatzen naiz
nola demontre bixiko naiz

Beste hitzetan esanda: ezin dut eraman neure desioen arauera taxututako bizitza, nola hostia biziko naiz. Eta kataluniar aitona batek esaten zuena: nor ez da, sikira behin bere bizitza guztian, anarkista sentitzen?…

Orain arte esandakoak jeneralean esan ditut, baina jaio naizen komunitateari zelata egiten badiot, (zelata bakarrik badaezpada ere, ipurdia salbu utziz) ez da erraz kontsolagarriekin topo egitea, Xenpelar bera ere ez da ageri Pasaiako festak kondatzen, eta tamalgarria da. Hemen ere artistak tenpluaren kanpotik ari dira, eta kulturlangileak, basekoak edo, beste base batzutara pasatu dira, eta zenbait senatore eta guzti egiteko asmotan dabila. Bizitza kulturala, autobide ertzeko telefonoa bezain isladatu eta pobre ikusten da, hala dirudi. Hala dirudi pedagoei, hizlariei, artikulistei eta abarrei entzun eta gero, baina daturik ez dugu, behin ere ez da izaten beharrezkoa den datua, benetan gizarte misteriotsua da gurea.

Hala eta guztiz ere, galdera hau eginen nieke, bueno, nizueke: Euskal Herrian, politikarekiko polarizaketak egoera subkultural batetara ahal garamatza?… inork erantzun nahi balu, kita ditzala bere burutik bi ideia: bat, ba dakigula denok politika ez dela gela estanko bat, baietz, ba dakigula hori, baina tautologiak —eta hori kristorena da, zuria kolore eza dela esatea bezala— ez digula ezer argituko arazo horri buruz. Eta bi, ba dakigula ere, euskaldunok boterea hartutakoan, eta abar, kristorenak eta bi eginen ditugula, bai ene, kristorenak eta bi egingo ditugu guk begi kliskatze bakarra dela medio, birlibirlokeren arteaz baliatuz. Baina ez dugu hori sinesten, eta fedezko artikuluak irensteko adinean ere ez gaude. Beraz, planteiatzeko beste zerbait.

Eta hauk ziren ene pentsamenduak Koldo Izagirreren liburua eskuratu nuenean. Eta berehala irakurri nuen.

Bai, berehala irakurtzen da liburua, eta zaila da irribarre konplitzea ezpainetatik kentzea amaitu bitartean; Koldoren idazkera delikatua, ia poetikoa, hitz lauz ere eta estridentziarik gabekoa, lagun bihurtzen da bidaia laburrean.

Liburua, flash moduko apunte literariaz osatuta dago, eta azkenekoak, haurtzaroaren munduaz, formaren aplikazio exaktu batez eginda daude, eta irakurtzen direnean idazlearen mundua dastatu ezezik, norberarena ere dasta daiteke, irakurle bakoitzak bere mundua ikus dezake apunte horiek osatzen duten bola magikoan. Ene ustez, denbora luzeagoan ihardun behar zuen Koldok lan hau burutzen, eta lan zabalago bat eskaini; liburuaren haria hizkuntzarekiko jokuan bakarrik bilatu beharrean, batasun tematiko bat ere moldatuz, haurtzaroari buruz luzatu eta luzatu, bola magikoa ezezik, ispiluzko palazio berbera ere egin arte.

Baina honek ez du esan nahi, beste parteak, adolezentzian kokatzen direnak —edo adolezentzia hilezinean bizi direnen erretratu direnak— eta “Gezurretan” saileko bigarrena, esate batetarako, gutiesten ditudanik. Haik, makina bat erredakzio eskatu izango dituzten textuak, katxondoak eta alegrantzia handikoak dira, baina ez dute hainbeste konpenetrazio aurkituko irakurlearengan, niri behintzat hori gertatu zait; “Gezurretan” sailekoa berriz, elipsiaz baliatuz bertsolaritzan bezala, textu irekiaren exenplu da.

Liburuaren parterik ahulena “Ahariketa” delakoak dirateke.
Rimbaud-ek esan zuena, hots, ni beste bat naiz, literaturaren sorketari buruz esan diren eritzien arteko hoberenetakoa deritzot. Literatura, mila aurpegitako hiltzaile hura bezalakoa da, eta nahitaezkoa du “beste” bihurtzea, bere Hegoa apurtzea izan dena eta ikasi duena bere burutik kitatuz. Burroughs-en hitzetan esatearren, “errezeptibitate huts” batetan ipini behar da sorketaren garaian, mundua jaioa berriaren begi berberekin ikusi ahal izateko, sentsibilitatez eta injenuitatez errealitate arrazionala ez den beste bat hatzemanez. Helburua, totalitate zentzuaz jabetzea izanen litzateke, heltzea ikusmira batetara non gauza guztiak harremanduta baitaude, eta hau honela bada, literatuak eta mistikoak ba dute paralelismoak; baina literatuarenak joan-etorriko bidaia behar du izan, gero gauzatu egin behar baititu ikusitakoak, hizkuntzaren materialez baliatuz.

Beste honetara heldu diren artistak nabarmenak dira literaturaren historian: Rimbaud, edo Lovecraft, Blake bisionaria, eta abar. Eta askotan, baina ez derrigorrez, drogari lotuta joan da lorketa hori: Eta euskaraz ba da kontzeptu hori jaso lezakeena ere, eta “buruaz beste egin” delakoa da, oso berezia deritzot suizidatu esateko modu honi. Eta bertsolaritzan, Justo (hori al zen bere izena,… ?) bertso aldrebresen egilea (eta aldrebestasunaren fenomeno guztia, hain zuzen) betidanik jo dut azterketa gai ontzat.

Eta Izagirrek, bueltatxo bat eman du bere haurtzarotik, eta hizkuntzaren manipulaketa dela medio adierazi du han bizitutakoa, jostaketan bezala (eta jostaketa ez al da umearen bizigailu egokiena?) euskara bantuaren eskemak hautsiz. Leku ederrean gelditu dira Euskara Misterraren zerbitzuan lteratura ipini nahi dutenak.

Eta Euskara aipatu dugunez gero, permiti bekit hitz pare bat horretaz. Euskara ez da bakarrik hizkuntza landugabe bat, gaurko eta atzoko linguistei esker burualtxatzen ari dena, mundu berriari egokituz edozein gauza adierazteko gauza bihurtu dena. Oraindik ez. Nahiz eta honetan makina bat kontrari izan, aspaldidanik defendatzen dut euskararen erabateko gaitasun eza, eta “euskaraz dena esan liteke, edozein gauza adieraz, dena daukagu hemen, behar den guztia beste lekutan bezala idazteko, eta espresatzeko” hitzaldietan eta entzun dudanean (Arestiren heriotzeko urtehurrenean, azkenengo aldiz) kontra atera izan naiz. Eta arrazoia xinplea da, eta silogismo batez adieraziko dut:

Literaturaren mugak hizkuntzarenak dira
(Euskal literaturarenak, euskararenak)
Euskarak ez ditu betetzen errealitatearen arlo guztiak
(ez du, adibidez, argot askorik sortu)
Ezin daiteke ongi espresa errealitate estaligabe hori
(ezin da horretaz euskaraz idatzi)

Ez da euskararik, adibidez, boxealarien edo lapurren edo puten edo hirietako gau bizitzaren errealitatean, eta ezin da gaurkoz mundu horietaz mintzatu kalitate minimo batez. Sinesten ez duenak ekin bekio, zergatik ez, Cortazarren “Torito” ipuinaren itzulpenari. Eta egitea lortzen badu —kalitatez, itzulpengaiaren zentzu guztiak hatzemanez, jakina— sinestuko dut. Behar bada, beste zerbait eskatuko diot gero, heroina junkien giroan desarroilatzen den nobela osatzeko. Eta hori ere burutzen badu, adoratu eginen dut belauniko, Mahoma bera dela sinestuz.

Ene ustez, euskaraz idazten jarri ginenean karrile batzutan kokatu ginen, eta zenbait ate aldez aurretik hertsirik genituen.

Euskaldun asko oso ponpoxo badabiltza ere, komeniko da noizean behin sikira problema batzu argitara ematea. Bestela, pixka bat deskuidatzen bagara Euskadi Ofizialekoak (Euskadi Moñoña-koak) munduko hoberenak garela sinesteraziko digute, hasi dira eta hasi direla, hemen beti izan da fanfarroi asko. Eta liburu bat aipatuko nuke, baina ez dut txintik ere aterako. Ez pentsa Izagirreren lanaz ahaztu naizelarik. Aurrekoa irakurri eta gero, zenbaitek konpreni dezake haren beste meritu bat, eta hori da, euskararen posibilitate ustegabea adierazi digula, haurtzaroaz haur batek bezala hitz eginez, honen hizkera berberaz, sinestea batere kostatzen ez zaigula. Ez da kasu honetan beste nobela askorena gertatzen, poliziakoetan gertatzen den —edo gerta daitekeen— bezala; protagonistak ” …salbuespen dateke, baina erhailearen ahurren ikerketak… ” esaten duenean oso zaila gertatzen zaio bati inspektorea eta alfabetatze taldeko zuzendaria pertsona berbera direla onhartzea. Aldizkari honetan bertan argitaratu diren elkar hizketetan ere antzeko zerbait gertatzen da, itzuliak edo eta korrejituak izan direnetan bereziki, faltsuak goitik beheraino, errobot bati egindakoak diruditela.

Normala izanen da noski, batuaren sasoian, hizkeren problema sortzea. Baina problema da.

Eta Koldoren lanetan ez da hori gertatzen; Koldoren umeak ez du esaten “ahal baneza, harrapatu eta janen nuke” nahiz eta hau izan euskara batuak agintzen duena. “Gehiago gustatzen nau mantekila” esaten du, eta normala da, niri ere gehiago gustatzen zait mantekila.

Koldoren lanari aurkitzen diodan ezik grabeena, fabula eza da, istoriorik eza. Ez dut uste kaltegarri litzaiokeenik ipuinaren elementurik naturalena (geure amonek, oheratzen gintuztenean, istorioak kondatzen zizkiguten, Caperucitaren bertsio estrafalariak eta abar) erabiltzea. Hizkuntzarekin manipulatzeko duen trebetasunarekin batera, gorputz ederreko horrialdeak eskain daitezke, eta eskainiko ditu, zihur naiz horretaz.

Gehiago gustatuko litzaidake hori Koldorengan, “ecole du regard”-en tekniken erabilketa baino (nabaria, “zergatik bai” saileko Vllgarrenean), baina jakina, hon bakoitzak ikusi behar du, denok ditugu geure mania eta amoreak.

Eta jaunok, gaurkoa ere bukatu dugula. Hurrengorarte, Kortabitarte.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak