kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Bide barrijak / Lauaxeta / Verdes Atxirika, 1931

Bide berriak? Bide guziak? Lizardi'tar Xabier / El Día, 1932-02-09

Aspaldi ontan, berrizale geralako gizagaxook makina bat eruntsi artu diagu. Saririk irabazi ba-degu ere, ari gera entzuten geureak eta bost! Esan beza, bestela, il onen 7-gko “Argia”n “Bide berriak?” idazpuruaz idatzi duan “Euskaldun bat”ek.

Gure bideak euskera txukuntzekoak ez omen dira, naspillatzekoak baizik. Negargarrizko etsia benetan, gerez ezerez-samarrak izan arren, maitasunaren indarrez euskerari aintza-bideak urratzen laguntzea amets gendunontzat.

“Berrizaleok” (?) irabazi-sariengatik, idazle-olerkari, dio-zenbait, zapuztu egin omen dira. Gaizki egiña. Zuek, errez-zaleok, aspaldi darabiltzuten zirikalbideaz mindu-ta, berrizaleok zapuztuko ba’giña ordun ere zeresana izango litzake. Nik uste, mordollo-zaleak, erdi-nerdi-zaleak, eta aurrera-zaleak, guziok bizi gaitezkela pakean. Zuk darakusazuna baño irizmen zabaltxeagoa bear, “solamente”.

Nik idazle errez-zale, bakar bat ere ez det bere bidetik okertu nai izan. Bestalde, bere artan yarraitu dezaten alegiñak egiten dizkiet. Legezkoa al-da gurekin, berritzaleokin, beste era batera yokatzea?

Guk badakigu idazle errezak, olerki errezak, gure aldean “publico” aundia dutena; gure bakartasunean otxan-otxan etsitzen degun ezkero, zer dala-ta zuek guri arrika?

Baña, goazen arloagora. Zuen ustez, izkuntza baten bidez, zuzendu liteke: orain “piano”, orain “crescendo”, orain… “xalto bat gorago, mutikoak, irakurle guziok mail ortara iritxi gaituk-eta”.

Irakurle “guziok”… Nork esan dizu ori?… Zerorrek ere, “Euskaldun bat” orrek, atzera begiratu nai ba-dezu, ikusiko al-dituzu zu baño beeragokorik anitz, bertsolari “naturala” besterik iristeko gauza ez dirana. Zeragatik, bada, ez itxoin, bertsolariez guziak okitu arte, ta ordun, ez oraindik alegia, zuri atsegin zaizun erdi-mallako elertia onetsi?…

Gauzak berezko bideetatik atera nai dituzute. Mallak elkarrekin lotuak bear dute, igotzeko malladirik osatuko ba-dute. Gure elertia beste errietako ez bezelako eraz azitzea nai zenuteke, ta oker zoazte ortan. Opilla ez da yaikitzen legamirik gabe.

Baña, lenbait-len aitor dezadan, errez-zale aserrekoiok ere bear-bearreko ta nai-ta-naiezko zaituztegula. Elerti guzietan agertu izan zerate aurrerago-zaleei buruzki; urrengo gizaldiek, ordea, ez dute ukatu izan aal, aien bultzaldi goragarria: akats eta guzi.

Mendira, egunotan, igo baldin ba-zer, ikusiko al zenitun, negu-muñean, aritza adar utsetan; otea loretan; untza, berriz, igali dariola… Ederrago al-leritzaizuke, lurreko landare guziei, ostotzerako, loretzerako, umotzerako, egun yakiñak, egun bakarrak, indarrez ezartzea; esate baterako: Santa Kutz’tan lorea, igalia San Yuan bezperan; ta oietatik aurrera edo atzera egiteko ausarta litzakena, errotik atera ta kito?

Eskier naiz, ni, zure iritzirako, berrizale purrukatu ondagarria baietz. Alaz guziaz ere, aitortzen det eta nai det errezera idazten dutenak berrizaleak baño askoz geiago dirala ta bear ditugula. Poema eder bat errezatzean norbaitek idatzi nai, ta aal-dedantxoaz laguntzen diot. Bai-ta ere, “Euskaltzaleak”i eskatu diot olerki-batzaldiak erdibitzeko, sari bat erritar-antzeko lanantzako, bestea liriko zoro berrizaleentzako.

Beraz, nor gere irizmena zabalagotzea dagokigu. Gure baratzean mota guzietako landareak bear ditugu. Ez degu zapuztu-arazi bear ez bertsolari mordolloa, ez olerkari garbi-antxekoa, ez-eta ere berrizale biurria.

Gero, “Euskaldun bat”, oartu al zera beste gauza batez ere? Idazle berak, batzutan errez besteetan gaitz —gaiak zer eska— egitea ere gertatu ditekela? Ta zeintzu dira, gauza ixileko ez ba-dezu beintzat, zuk euskerari ukatu nai dizkiozun gaiak?

Ara: gertatu polit bat esango dizut, errez-zaleekin ere geiegi e-tzaitean pio. Beñola, bazan olerki-sariketa bat. Iru epailari ziran, irurak errez-zale garaiak. Irurak nitun, sinistea gaitz egingo ba-zaizu ere, adiskide miñak. Olerki asko aztertu-bearra izan zuten: mordolloak, errez-zaleak, zallak. Auzia zeintzuen artean izan zela uste dezu?… Zallenen artean. Bai, yauna. Errez-zale ustel aiek olerki errezak bereala baztertu zituten. Ogen au ez egotzi guri, berrizaleoi. Azkenik, gaitzenari saria eman zioten.

Ta onuzkero, bear ba-da, esaten asirik zera: “baña, irekin zer diat nik zer-ikusia? Arraio ori nork egin dik kofradiko?…”

Bidez ala bidegabe, ori ez dakit, zeure itzok ipiñi didate eskuetan kandela: “az ere, oiek aipatu, oiek saritu”. (Olerkari “berrizaleak”, alegia). “Lauaxeta”renik ez omen dezu irakurtzen, eta ark atera lenengo urteko olerki-saria… Nik bigarrengoa atera, ta oraindaño irugarrenik ez izan… Beraz, nabarmentxo ikutu nazulako usteak e-tzaitu arrituko.

Ementxe daukat, aurrean, nere (?) aritz-abarra. Oker-irabazia dedala ziñez uste ba-dezu, zere eskuetan uzten det: itz-erditxo bat esatea aski dezu. Ezkur batzu baditu zintzilik, egia, baña ez yatekoak: proetxu gutxiko saria det ori: ori emanak ez nau txiroagotuko.

Nor gere eraz aldizka bederik yardutea ukatu bear badiguzute, saio oiek guk egitea euskerarentzat kaltegarri baldin ba-da, ori argi erakutsiko didazun ezkerotixe ixilduko naiz ni, lagunak ere or nonbait, eta orra pakea. Baña, elerti-gaietan ez da biderik zuzenena, norbere zale ta yoeratik aterata ibillaraztea.

Ta bego au emen onuzkero. Auzi au geroak ebakiko du, ez zuk eta ez nik.

Azken-itz bat oraindik. Besterik zerbait ikusi det zure idazkian, nere ustez okerrekoa.

“Lauaxeta”ren “Bide Barrijak” ez omen dezu irakurri, bizkaierazkoa ote-dalako, ta zuk gipuzkera baizik ez dakizulako.

Bizkaiera, gipuzkera, lapurdiera, guziak dira euskera, ta euskera eder. Guziak bear ditugu mami-mamiko. Ta zuk —ainbeste euskaldunek beren aldean “berrizale” etsi zaitzateken orrek— e-tzenduke, nere ustez, diozuna egin bear —zere burua apalegi yartzen dezu— ta ezago esan bear. Beti bost ipiñiko niozke, bizkaierazko idazkirik ulertzeko zu baietz izan gauza. Ala ba-da, irakurri nai ez ba-dituzu ere, e-tzazula beintzat agirian esan. Orrelako ateraldiak ez datoz ongi gure arteko pakerako, ta, ondoz, euskeraren onerako ere. Bai-baitirudi “Lauaxeta”ri auxe adirazi nai diozula: “I, batetik berrizale, bestetik bizkaitar?… Utikan!” Ta au, zeran errez-zalea izanda ere, ez dezu zillegi.

Agur, eta gaizki esanak barkatu.

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak