kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ordaina zor nizun / Joxemari Urteaga / Elkar, 2001

Pieza anitzeko puzzlea Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-11-17

Genero poliziakotzat har genezakeen eleberria da Joxemari Urteagaren Ordaina zor nizun liburua: hilketen inguruan idatzia, misteriozkoa eta suspentsekoa. Eleberria 25 kapitulutan sailkatuta dago, eta beste 6 ipuin barnebiltzen ditu. Amaierako egitura dute bai eleberriak bere osotasunean bai ipuinek, eta ipuin bakoitza hilketa baten ingurukoa da. Horregatik bataiatzen ditu egileak Hilpuinak goitituluarekin. Kurioski, ipuin bakoitza leku batean kokatuta dago (Italia, Erresuma Batua, Espainia, EEBBak, Euskal Herria eta Frantzia), eta bakoitzean, pertsonaiek darabilten lengoaia bizi diren lurraldeari egokituta dago.

Ipuinen tentsiogunea laburragoa bada ere, sei hilpuinen kadentzia eta trama nagusiarena bikainki orekatuta daude.

Irakurlea jolaskide

Ikusten ez ezik, begiratzen ere jakin behar dela esatera datorkigu Urteaga bere lehen liburuan. Idazleak, zalantzarik gabe, badaki begiratzen, eta ikusi hutsa egiten dutenez baliatzen da bere hari eta pista ezberdinez betetako puzzlea osatuz joateko. Irakurlea ere jolaskide izango du, eleberriko pertsonaia nagusiaren antzera erabiliko baitu falta zaion puzzle zatiaren bila.

Idazlea, bestalde, maisu da eguneroko bizitzaren elementu klabeak identifikatzen. Badirudi berak egunero hartzen duela beta bizitza bere horretan kontenplatzeko, eta kontenplazio horretatik, errealitateari istorio bitxiak lapurtzeko.

Estiloari dagokionez, Urteagaren lana oso deskriptiboa da. Estilo tradizionaletik edo ohiturazko eleberrietako elkarrizketa moduetatik eta familia egituretatik edaten duena. Eta estilo honi dagokion bezala, erritmo patxadatsu eta lasai bat arnasten zaio bere obrari.

Detailista eta neurtzaile porrokatua

Urteaga maisua da hitzak neurtzen. Eleberriko esamolde eta ideia guztiak daude lotuta. Ez dago bat bera soberan. Guztiek dute jarraipena hurrengo edo aurreko kapituluetan. Eta irakurleak biziki gozatu ahal izango du idazleak hari eta detaile guztiak lotzeko egin behar izan duen lanaz kontu ematean.

Pertsonaiak lau samarrak badira ere, irakurleari, pertsonaia baino areago interesatuko zaio trama. Pertsonaiak, bikainki taxututako tramaren korapiloa askatzeko, pista faltsuak eman eta bide berriak urratzen laguntzeko aitzakia baizik ez dira izango.

Lekuei eta pertsonaien izenei dagokienez, idazleak asko landu dituen puntuak dira. Lekuen deskribapenak irakurleari gertakizuna bere lekuan jartzen laguntzen dio. Eta pertsonaia ezberdinen izenek, ostera, eleberriaren trama osoa mugiaraziko duten nahasmendu, kointzidentzia eta ingurukoak, pista faltsuetarako oinarri izango dira.

Genero poliziakoari dagozkion ezaugarriak osotara konplitzen dituen obra da, beraz, Joxemari Urteagaren Ordaina zor nizun eleberria. Liburua zuzentzen zaion irakurleari oso ondo egokitua. Eta hilpuinetako hilketez gain, eleberri osoko intriga eta tentsioa maisuki mantentzen duena.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak