kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Kafkaren labankada / Aritz Gorrotxategi / Kutxa Fundazioa, 2001

K. jaunaren bilaketa Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2001-11-03

Irun Hiria saria euskal idazle batek jaso dezakeen mardulenetako bat da diru aldetik. Iaz, Aritz Gorrotxategi Mujikak jaso zituen sariaren 1.700.000 pezetak (68.000 libera inguru), Kafkaren labankada honengatik hain zuzen ere. Hau ez du lehen saria, ordea. Hondarribiko Udalak antolatzen dituen Satarka eta Bordari sariak irabaziak ditu bere narrazio zein poesia lanekin, adibidez.

Lehen eleberria du hau Gorrotxategik, eta baita argitaratu dioten lehen liburua ere. Bertan, Kafkaren testuak bilakatu ditu josten doan sarearen ardatz, izenburuak berak iradokitzen duen bezala. Joao Boaventura da eleberriko protagonista nagusia. Lisboan bizi da Joao, unibertsitatean literatura ikasketak ematetik jaten du eta alkoholarekin harreman korapilatsu -kalapitatsu ez esateagatik- samarra dauka. Ez da hori, ordea, Joaok duen harreman zail bakarra. Liburua Xiloe bere neska-lagunak etxetik alde egin duela jakiten duen unetik abiatzen da, hain zuzen ere.

Eromenetik ihesi

Xiloeren bila hasiko da Joao ero moduan, Xiloe eroturik ez bukatzeko duen euskarririk sendoena dela jakingo balu bezala, eta bilaketa horretan bere iraganeko sekretu handi bat gogoratu beharko du, oroimenetik ezabatua izatea nahiago lukeen arren. Marzel Laffite da iragan hori ulertzeko eta argitzeko giltza Joaorentzat. Baita Castelao eta Sousa lagun zaharrak ere.

Madarikazioa

Giltza ez ezik, madarikazioa ere bada Marzel. Unibertsitatean ikasle zegoen garaian ezagutu zuen Marzel Joaok, eta euren artean maitasun-gorroto harreman bitxia sortu zen. Marzel ezagutu zuenean entzun zizkion hitzak dakartza gogora Joaok eleberri hastapenetan: “Egiazko maitasuna harreman homosexualean ematen da, hau baita benetako bertutera garamatzan zubi bakarra. Adiskidantzaren bidetik garatzen den harreman homosexualaz ari naiz, jakina”.

Misterioaren, egonezinaren eta minaren artean zabuka, Joaok Xiloeren bila ematen du liburu osoa, K. izeneko pertsonaia misteriotsu batek uzten dizkion arrastoak jarraitu nahian. Arrastook, Franz Kafkaren lanetan dute oinarria, esan bezala, eta Lisboa da argudioaren kokagunea. Lisboako kaleak, tabernak, prostibuloak, museoak eta gazteluak ezagutuz doa irakurlea testuan aurrera egin ahala. Ez hori bakarrik. Aritz Gorrotxategik bere erreferentzia zenbaiten berri ematen digu testuan zehar: greziar klasikoak, Borges, Eça de Queiros, Monet, Sade, Mishima…

Hemeretzi atal

Hemeretzi ataletan banatu du kontakizuna Gorrotxategik, orainaldia eta iraganaren artean jauzika. Lehen eleberria du hau, aurrerago esan bezala, eta pertsonaien hezurdura psikologikoa eraikitzeko orduan olio pixka bat falta izan zaio testuaren junturetan. Horren faltan, topikotzat jo ditzakegun zenbait ezaugarri ageri dituzte pertsonaiek, plano izatearen kausaz. Homosexual bekaiztiaren arketipoa, agure pedofiloa, prostituta izandako emakume sufritzailea, sekta bitxi bateko partaideak… abiada bizian agertzen eta desagertzen dira irakurlearen begien bistatik denak, beranduago agertzeko batzuk, inoiz ez agertzeko besteak. Erritmo biziarekin aurkeztu dizkigu guztiak Gorrotxategik, beraz, idazketa orain zuzena orain poetikoa erabiliz eta aipamen kultuak tartekatuz.

Irakurle honi jakin-mina sortzea lortu du bederen, eta berehalakoan irensteko aukera ematen duen lan horietakoa da, gainera. Istorioa bera kultura unibertsalaren aipamen askorekin osatua denez, halako omenaldi eta aldarrikapen kutsua dario eleberriari.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak