kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ene artzain-etxolak / Emile Larre / Sendoa, 2001

Testigantza indartsua Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2001-10-27

Sendoa argitaletxearen Auspoa bildumak egin duen ekarpena ez da gauza berria gurean. Bertsolaritzaren arloan gogoangarriak diren lanak eman ditu eta ezin besterik esan argitaratu dituen biografiekin osaturiko zerrenda luzeari buruz. Gure hizkuntzaren, historiaren eta bizimoldeen testigantza zuzenak eskaini dizkigu orain artean, eta gaur hizpide dugun liburu honek erakusten duenez, bide beretik jarraitzekotan dabiltza. Hain zuzen ere, Emile Larrek idatzi digun autobiografiak galtzear den bizimodu baten testigantza bizia izan nahi du. Hala dio egileak eta hala nabari zaio.

Haurtzaroaren argazkia

Memoria kasik fotografikoa lagun, bere haurtzaroko uneak ezin gardenkiago agertzen dizkigu apez baxenafarrak Ene artzain-etxolak honetan. Gaur eguneko errealitatearekin alderatzea erraza egingo zaio irakurleari aldaketa horien norainokoa igartzeko. Haurtzaroaren ondorengo urteak ere kontatzen ditu, baina umetako kontakizunari tarte berezia eskaintzen dio idazleak, familia, Eliza, eskola, lagunarteko jolas eta baserriko lanen artean banatzen zen bizimodu baten koadro sentimentalari pintzelada asko emanez.

Nostalgia baino gehiago, ahanzturaren kontrako ukendu usaina dario testuari. Eta indar bitxia, oso gutxitan irakurtzen dugun idazteko manera batek eraginda. Bere etxeko euskaran idazten baitu Larrek, urte askotako idazketa jardunak lagundurik. Eta horixe da liburu honen balioetako bat. Idazlearen kezketako bat ere bai, bere haurtzaroko oroitzapenak hizkuntzarekin lotzen baititu, eta bizimoldea ez baita bere herrian aldatu den gauza bakarra. Hizkuntza erabilerak (eta ezagutzak) ere aldatu egin dira, liburuan zehar behin eta berriro azpimarratzen digunez.

Haurtzaroa gainditzen

Emile haurraren koskortzearekin batera, kezka eta interes berrien agerpena azaltzen digu Emile nagusiak. Elizgizon bilakatzeko nahiaz, seminarioko bizimoduaz, semirario ondotik herriz herri eginiko ibilbideaz, ibilbide horrek ekarri dizkion ezagutzak… Hamaika kontu aletzen dira irakurlearen begien aurrean, zenbaitetan kronologian jauzi eginez. Denboran aurrera eta atzera eginez, hamaikatxo pertsona eta gertakari aurkezten dizkigu Larrek. Zenbaitetan, koadro erabat harrigarriak margotzen dizkigu. Baserri bateko ganbara zaharrean eskainitako antzerki emanaldiak, kanpoan euria gogoz ari dela; gerra denboran sotanarekin erakusten aritzen zen altsaziar iheslariaren pasadizoa; amaren heriotzaren berri etxetik urrun hartu behar izan zuenekoa; Urruñako bertso saio historikoa ikusi ezinda geratu zirenak ostatura joan eta musean aritu zirenekoaren kontaketa; eta beste hainbat.

Joan den mendearen zati handi baten lekukotza mardul honetan, laborarien bizitzak teknikaren bidez izan duen aldaketa ikaragarriaren berri ere ematen zaigu, horrek ekarri dituen moldatze ahaleginekin batera. Horren lekukotzari garrantzi berezia eskaintzen dio, gainera, idazleak, berrikuntza aurreko eta ondoko egoerak ezagutu dituen aldetik.

Fedeak markaturiko gizon baten bizitza dela, noski, ezin ukatu. Eleizak mende honetan zehar bere baitan erabakitako aldaketek Euskal Herrira ekarritako ondorioak aipatzen ditu Larre apezak. Tokian tokiko hizkuntza elizkizunetan erabiltzeko erabakia, esaterako, euskararen mesederako izan zela azpimarratzen du. Ez da oso baikor ageri, hala ere, aurrera begira. Piarres Lafitte-ren eragina argi geratzen da liburuan zehar, eta ez bakarrik Herria aldizkariaren inguruan eginiko lanagatik. Herria-ren zuzendaritzan haren oinordeko bilakatu zen Larre, baina beste hainbat arlotan garrantzizko pertsona bilakatu zitzaiola, ez da dudarik.

Lafitte ez zuen, ordea, eragin bakarra izan. Hainbat apezen izenak irakurriko ditu irakurleak, bakoitzak idazlearen bizitzan idatzi zuen ahapalditxoaren ondoan. Baina aipatzen dituen guztiak ez dira apezak. Bertsolaritza, pilota eta kazetaritza munduan murgiltzearen poderioz eginiko lagun asko eta asko ezagunak egingo zaizkio irakurleari. Beste asko, ez hainbeste, baina denei leku ematea erabaki du Larrek. Irakurtzea merezi duen lan bat, zalantzarik gabe.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak