kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gauerokoak / Josu Unzueta / Elkar, 1991

Herio eztei Jose Luis Otamendi / Argia, 1992-02-02

Eguzkiaren begitik urrun ondutako fruitua dugu Josu Unzuetak argitara eman duen estraineko liburua. Babazorro anitza da, ale batzu ikaragarri onak dira, urrea, besteak ez. Bada han ipuina, sententzia eta alegia morala, hango gogoeta, madarikazio eta konjuroak, badira poemak. Laburrak denak, bi orrialdetatik gorako hirulau baino ez. Testu gehienek mundua borobila ez dela erakusten digute, begirada zeihar bat aski dela argizari urtua lez gure patxada burges-antzekoari lur jo eragiteko: gaua gaukoentzat.

Aitor dezadan ordea, berandu baino lehen, Fermin Egurenek itula egindako lan bikaina, diodan zorra. Lehenbiziko, “Hitzaurre bat” deritzana ipuin zoragarria delako, ametsetako urdaia paperera ekarria; bigarrengo, “Hitzaurre bi” delakoan liburuaren klabe asko ongi baino hobe aletzen dizkigulakoz.

Testu solteek osatzen dute bilduma, hala ere gaiei eta tonuari begiemanda bilatuko diogu batasuna, badauka eta. Atmosfera misteriozkoa, kezkagarria, absurdoa, itoa: itsasoa, basamortua zerraldo estu bilakatzen dira. Istorio gehienak fantastikoak dira baina benetako larria sorrerazten dute. Gaiak asko dira: heriotza, bakardadea, boterea, libertatea, menekotasuna, kreazioa… Nihilismoak eta absurdoaren zorabioak hartzen gaituzte, patuak erabat heriotzera garamatza eta, askotan, eskerrak eman beharrean gaude, azkenean edozein zentzateko ainako mundu zikin honi hanka egin diogulako. Kontrasteekin, gauzei kantoi bihurriak iradokitzearekin jokatzen da, paradoxekin. Egurenek dioen bezala nabarmena da Unzuetak mendebaldeko tradizio literarioaren ezagutza sakona duena, esate baterako erraza dago Kafka eta Lovecraft-en itzala antzematzen. Gurean, nik dakidala, Sarrionandia eta Juan Luis Zabala ere arituak dira neurri txikiotan orain baino lehen.

Hari narratibo bati lotzen zaionean, ipuinak idazten dituenean ageri da gihartsuen Unzuetaren prosa nire eritzirako. Orriotan nagusi den etsipen atergabea, joera misantropoa maiz umoreak, ironiak, karikatuak salbatzen du. Irrifarra beti dabil izuaren txorkatiletan. Hala ere, irakaspenen bat, aforismo kutsua duten testuak jotzen ditut ahulenak, topikoenak, poemekin batera.

Ahogozatzekotan irakurketa astiroa eskatzen du liburuak, eta non gozatua badago. Ohargarria da “Gauerokoak”en euskararen joria ere. Pieza ederrak ari da ematen “Txistu y tambolin” zena. Unzuetaren errainua ez galduta hobe du literaturgoseak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak