« Ehiztariaren erotika | Ametsaren erotasuna »
Hiru gizon bakarka / Bitoriano Gandiaga / Elkar, 1991
Leiendaren sorrera Edorta Jimenez / Argia, 1991-08-04
Liburu bat izan omen zen behin, marka guztiak hautsi zituena. Kaleratu eta urtebetegarrenean ez omen zen alerik geratzen saltokietan. Nahiz eta orduko agintariek galazota izan liburuaren zabalkundea. Eztarrietan gora egin zizkien hango poemek kantariei eta nola pelotak frontisean, halaxe jagitzen ziren entzuleengan. Bitoriano Gandiaga zen egilearen izena eta “Hiru gizon bakarka” zorioneko liburua. Euskal literaturaz apailatu diren liburuetan ere ageri da dagoeneko guzti hau. Leienda da.
Hamazazpi urte igaro dira liburu goraipatu hura argitaratu eta gero. Orain, berriro dugu eskueran, Elkar argitaletxearen bidez. Iraganaldian erabilitako aditzak orainaldira ekartzeko era dugu honetara, bada, lehen argitalpena ezagutu ez edo fotokopien bidez ezagutu genuenok. Irakurle gazteagoek liburua dastatzeko aukerarekin batera epaitzeko modua ere izango dute, zeren liburu hau epaitua izango da eta.
Gandiaga beti izan da epaitua. Oraingoan denok zuzenago eta zuhurrago ibil gaitezen edo, hitzatze ederra dakar liburuak, lehengo hitzaurrearekin batera. Han-hemenka eta tarteka-marteka Gandiagak esaten joan dena bildu eta birjosi du Joxe Azurmendik. Epilogo horrek liburu oso batek adina balio du, berez. Gauzak gordin-gordin esateko ausarkuntza izan du Gandiagak askotan. Egia mingots eta garratzak haren ahotik, entzun ditugunak edo beraren liburuetan irakurriak. Halako saldaz beteriko lapikokada berria da Azurmendik dakarkiguna. Franco hil aurreko urteetan hemen bizi zen giroaren izpilu modukoa dira Gandiagaren hitzak.
“Hiru gizon bakarka” liburua, dena dela, ez aurre eta ez atze, bera berez baliotsua. Gandiagak baino hobeto, nork du hitzen barru musika aditu eta olerkiak berezkotasunez sortu? Inork ez gurean, nik uste. Eta azal hutsa ez den musika horren azpian mamia dago, gainera. Nire epaiketak dioena da mami horrek gaurregungorako ere balio duela, zoritxarrez. Baina hobe Bitoriano bera aditzea, irakurri beharreko liburu honen bidez.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez