kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Txingo (gertaldi eta ibilkeriak) / Sabin Irizar / Elkar, 1990

Abenturero zaharren kontatzeko grazia Xabier Mendiguren / Argia, 1990-09-02

Sabin Irizar ez dut aurrez-aurre inoiz izan. Pare bat eskutitz eta telefonozko beste horrenbeste dei dira harekin izan dudan harremana; eta hala ere, biziki estimatzen dudala esango nuke, pertsona maitagarria iruditu zaidala.

Badakit goiko hau ez dela liburu-komentario bati ekiteko batere modu zuzena ez egokia, are gutxiago sail honen garai berriaren hastapenerako etsenplu. Horregatik eskatzen diet irakurleei barkatzeko, eta atzetik etorriko diren kritikariei nere hideari ez jarraitzeko. Baina honez gero sarrera ez oso ortodoxoa egin dudanez, segi dezadan egin behar ez dena egiten: liburuaz hitz egin beharrean egileaz mintzatuko naiz.

Sabin Irizar 1923an jaio zen Deban, gero Donostiara etorri eta 36ko gerra piztu zutenetik etengabeko jirabira izan da bere bizia: gerratik ihesi handik hona, beste haur asko bezala itsasontziz atzerrira, Frantziara, gero Belgikara (Flandriara hobe esanda); Hitlerren beldur. Frantziako Landesetara; nazien sarrera. Gero Hegoaldera itzuli, soldaduska egin bebar, horretan zegoela desagertu eta Ordoki komandantearekin erresistentzian. Mundu-gerra amaitutakoan Parisen, judutar sionistei arma-garraioan eta abarretan laguntzen. 47an Venezuelara jo zuen, eta “todero” izan omen zen han: era guztietako lanbideetan aritzen dena alegia. Bertako euskaldunen elkarte eta erakundeetan ere ibili zen, eta Franco hil ostean Euskadira itzuli zenean politikan saialdi labur bat egin —ESBn, Txillardegirekin— baina porrot egin zuten bere itxaropenek. Gaur egun Murciako Txoko bateko eguzkipean bizi da, osasunez nahiko makal badabil ere.

Egilearen bizitzaz honen luze jardun badut ez da kapritxoz izan, liburuak hala eskatzen duelako baizik: izan ere, Txingo honetan kontatzen dena Sabinen bizia dugu, ez oso-osoa, ezpada 37an Frantziara bidean itsasontzia hartu eta Venezuelara eramango duena hartu bitartekoa (Venezuelako aldia prestatua duen jarraipenean omen dator). Autobiografiak, era askotara egin litezke, eta Irizarrek badu berea: ez du garaia aztertu ohi, ez dago inguruen eta gertakarien analisi hotzik ez datu bilketa oparorik; eguneroko abentura eta kalenturak, ibilketa eta biribilketak kontatzen dizkigu, pasarte labur-laburretan, estilo biziz eta elkarrizketa ugariz.

Ezer kritikatzekotan, izuti samarra izan dela esango genioke Sabini: sentimentuen mundua adibidez, bere arazo, kezka, asmo eta ametsak aipatu gabe utzi ditu erabat, beste garai batekoa dirudien lotsaz edo ahalkez; honez gain, desertzio eta erresistentziako burruka kontuak ere isildu egin ditu, beharbada liburu hau lehenengoz argitaratu zenean —1973an— oraindik arriskutsua izan zitekeelako.

Nolanahi ere, freskotasunez betetako liburua dugu, Europan aldaketa izugarriak gertatzen ari ziren garaian, gazte bihurri baten oroitzapenak dakarzkiguna; goi mailako literatura egiteko asmorik gabe, baina kontaketarako berealdiko etorri, sen eta graziaz, abenturero zaharrek zekiten moduan.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak