kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Arinago duk haizea, Absalon / Felipe Juaristi / Erein, 1990

Eskizofreniaren alderdi eztia Josu Landa / Argia, 1990-06-10

Eromenaren haritik eta eroen ahotsetatik isuri du Felipe Juaristik bere bigarren nobela, baina literaturak hain gogoko duen gaiaz ezohizko moduaz baliatu da. Psikiatriak apenas baliorik duen bere kontakizunetan, eta nobela psikologikoaz mintzatzea astakeria haundia litzateke. Zorionez Felipek muzin egin dio psikiatrikoak eskain lezakeen panorama exotikoari; pertsonaietaz edo inguruaz dauden deskripzioak minimoak dira, axola gutxikoak.

Eroen historialek eta beraiek asmatutako fikzioek mugatzen dute nobelaren eszenarioa, bien arteko mugak behar bezain anbiguoak izaki. Doktorearen rola jokatzen duen pertsonaiak ematen die lotura, berak kolekzionatzen bait ditu istoriook, zuzenean ala zeharka. Istorio puzzlea izan daiteke beraz. Ipuin kontalarien ohiturari eutsiz bezala, artazuriketaren bertsio gaurkotua eraiki du. Bertsio horren eszenarioa eroetxea izatea artifizio guztiz egokia suertatzen da istorioz istorio egileak bere metaforak, obsesioak eta fantasmak han-hemenka islada ditzan. Horretarako irakurlearen konplizitatea du ezinbestekoa, fikzioa onar diezaion, eta oraingoan lortu duelakoan nago. Nirekin bai behintzat.

Sententziaz jositako liburua den neurrian filosofikoa liteke, baina metaforen ugaritasunak ematen dion poetikotasunaren ondorioz, antifilosofikoa ere bai. Bizitzaz, naturaz, denboraz, amodioaz, zorionaz… mintzarazten ditu pertsonaiak, etengabeko jario poetikoaz eta eroen irudi topikoari hain egoki zaizkion argitasun izpiez. Egilearen orain arteko produkzioan (liburuetan baino, “Porrot”, “Gazeta” eta prentsa-kolaborazioetan) telegrafiatutako leit-motiv berak dira “Absalon”en ageri direnak, eta beharbada ezkontzaren porrota eta amodioaren etsipena dira maiztasun obsesiboenaz errepikatzen direnak. Ezagunak ziren fantasma horiexek adierazteko aurkitu duen testuinguru eta bidea dira lan honetako lorpen harrigarrienak. Sortzen duen unibertsoa ia mitologikoa da, sufrikariorik tristeenak ternuraz ikustarazteraino. Irakurleak ere sentsazio hori sentitu dezan bete-betean lortzen du Juaristik, dramatismo txikienari ere amore eman gabe.

Jolasa ere erabiltzen du aurrekoan aipatutako sentsazioaren lagungarri. Jolastu egiten du logika eta matematikarekin batez ere, absurdoaren mugetan. Umorea ere erabiltzen du, ironiaren mugetan, baina azkeneko hau modu isolatuegi batez.

Literatur sena duela inoiz baino hobeto frogatu du Felipe Juaristik. Obabakoen sindromeak merezi duela frogatu duen aurreneko liburua izan da “Arinago duk haizea, Absalon”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak