kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

India harrigarria / Gotzon Garate / Elkarlanean, 2001

Bidaiariaren zamak Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2001-10-20

Gotzon Garatek liburu honetan irudikatu digun Indiak ez du zerikusirik Rudyard Kiplingen Indiarekin. Liburu honetan ageri den India ez baita idilikoa, ezta gutxiagorik ere. Hain zuzen ere, idazlea milioika lagunen eta hainbat kultura eta sinesmenen bizileku den herrialde erraldoiaren aurpegirik latzenaren bila joan dela dirudi, bost hilabete inguruko egonaldian han ezagututako hiriak, herrixkak, pertsonak, ohiturak eta beste aletzerakoan.

Ezagututakoaren alderik mingarriena hautatu baitu Garatek. Hautaketa horrek Indiaren aurpegi osoa erakusten duen ala ez, zalantzazkoa da, baina liburu eta irudi politez eraikitako gure ezagutza sarritan partziala astintzen duela, ezin ukatu.

Hindi hizkuntza ikasteko gogoak haraino eraman zuela hitzaurre labur batean azaldu ostean, Garatek atalka eskaini digu bere kronika. “Indiaratzea”, “Indiako bizimodua”, “Hitz batzuk politikaz”, “Arrazakeria”, “Emakumea”, “Indiako haurrak”, “Animaliak”, “Erlijioa”, “Krimena” eta “Prostituzioa” dira atalok, eta izenburuok zeharo argigarriak suertatzen dira, eta azpiatal zenbaitetan izen-abizendun pertsonaia errealen bizitzetako kronika laburrak azaltzen ditu. Hala, gure gizarteetako arazo larri zenbaiten antzekoak ikusiko ditu irakurleak Asiako lurralde hartan ere, baina askoz ere egoera eta neurri gogorragoetan.

Gordin, biluzi

Zenbaitetan idazleak moralkeria arrastoak ezabatzea lortzen ez duen arren, eskaintzen dituen testigantzen indarrak baliagarri egiten du bere lana, beren gordintasunean, biluztasunean. Testigantzen benetakotasunak beti baitu baliagarritasuna.

Aldi berean, Indiako historiako zenbait datu ematen zaizkigu, idazleak gertakari historiko horiek gaur egungo egoera ulertzeko gako moduan agertzen dituelarik. Idazleek bezalaxe irakurle bakoitzak ere bere minak dituenez, India harrigarria honetan kasta banaketa, boteredunen inpunitatea, erlijio borrokak eta emakume zein haurren gaineko jazarpena dira idazten duen honi gogorren egin zaizkionak. Liburu ia osoa, alegia. Duela hilabete batzuk tiroz akabatu duten Phoolan Devi-rena bezalako bizitza duten emakume asko dagoela ikasi dugu, adibidez, eta esklabotzak adinik ez duela ere bai. Bidelapurren Erregina izengoitia jaso gabe ere, emakume jaiotzea latza da Indiako zoko askotan. Hiesa, polizia ustelak, jauntxo higuingarriak, ezinikusi irrazionalak… mundu bortitz batean biraka ageri dira.

Idazleak eskema erabat xumea erabili badu ere kontaketan —azpiatalez osaturiko atal nagusi batzuk, egunkari baten itxura hartzen duen kontaketa edergarririk gabekoarekin—, Indiako errealitatearen konplexutasuna adieraztea lortzen du. Bruce Chatwinena bezalako kontaketarik, datu autobiografikorik ez. Besteren biografiak jasoz, kasta, hizkuntza, erlijio eta ohitura itsaso bateko uhinak azpiatal denak, mina, beldurra eta heriotza bizitzeko modu asko dagoela adierazten du liburu honek. Ez dela buruan ditugun bidaia liburu klasiko horietarik bat, benetan.

Zeruaren zain?

“Modernotasunaren distira ikusteko ez da New York bezalako hiririk. Lurralde miresgarririk, amesgarririk ikusi nahi baduzu, ordea, zoaz Indiara. Oraindik ere Indiak lehengo aldietako aztikeria eta mirariak gordetzen ditu. Norbaitek esan zuen bezala, ‘India, a combination of heaven and hell’: Indian zeruaren ederra eta infernuaren latza elkarturik aurkituko dituzu”, diosku Gotzon Garatek liburuko hitzaurrean.

Neroni, batez ere infernua erakutsi digulakoan nago, mito idealista zenbait suntsitzekotan. Zeruaren arrasto gutxi, iragarria izan den arren. Liburuko mirari bakarrak, fakirrenak eta biztanle soilenak, bizirik iraute hutsa miraria baita. Indiaren ahurra-zerua ezagutzen zuenak, ifrentzua-infernua aurkituko du.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak