kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Izua hemen / Joxemari Iturralde / Bizkaiko Foru Aldundia, 1989

Memoriaren ezinbesteko galbehera Josu Landa / Argia, 1990-03-11

Gogoeten poderioz findutako asmoak eta zirkunstantziek baldintzatutako idealak, eguneroko praktikarekin uztartzea kontraesanetan murgildutako zeregina da. Kontraesan horiek are latzagoak izan daitezke norbere adorea eta bizitzak erakarritako baldintzen arabera. Bi faktore horiek izua eta patua bezala definiturik azaltzen zaizkigu Joxemari Iturralderen “Izua hemen”, bere azkeneko nobelan.

Bertako protagonista, Kepa Zenika, halabehar misteriotsuek darabilte alde batetik bestera, bizi beharrak gauza gehienekin konformaeraziz. Nazionalek okupatu berriko Bilbon sentituko du aurrenik izua, eta hari eskapatzearren neurrian bide datorkio EAJk agindutako ezkutupeko manatua: SESBetara joan eta hara exiliatutako milaka haur euskaldunen kargu hartzea. Bidaia bera burutu ezinik, Finlandian deserrotuko da betiko, Bilbon ere deserroturik bizi bait zen. Deserrotze hori, baina, ez da oso prolematikoa gertatzen. “Izua hemen”eko pertsonaia, bere arruntean, zernahiren aurrean moldatu egiten da. Nobela hain garai tragikoetan kokatua badago ere, ez dago heroerik, ezta erromantizismo txikiena ere, suizidioaren tentazioa urrun da.

Beldurraz bakarrik da beldur, izua delako ikaragarri bakarra, beste ezerk ez du datorrena aldaerazteko beharrik sortzen. Kepa burges soila bait da, zu eta ni bezalakoa. Bizimodu konforma erraz hori aldian behin iraultzen duen indar bakarra memoria da, baina nobelan oroitzapenen itzala ameskaiztoak besterik ez dira, lantzean behin datozen bezala desagertzen direnak.

Alde horretatik, “Izua hemen” nobelaren haria fatalismoz kutsaturik dago, gertatu beharra eta inpotentziaren artean. Bidaiaren helburua betegabe gelditzeak ez du aparteko axolik, gorabehera sentimentalak ia akzidente huts modura ageri dira… guzti hori urruntasun objetibo batez ikusia da, eta Keparen gogoetetan isladarik ez duten bitartean, egitura nobelistikoa osatzeko baino ez dute balio.

Atenporala izan daitekeen auzi hori kokatzeko, Joxemari Iturraldek urruntasuna aukeratu du, bai denbora aldetik bai geografikoki, eta ingurune hori aukeratzeak eskatzen duen dokumentazio lana ederki bete du.

Istorioa garatzeko modua ez da batere lineala, eta esan daiteke irregularra ere badela. Histori liburu batetik hartuak izan zitezkeen orrialdeekin batera, ordenu haundirik gabeko gogoetak irakur daitezke. Halere, nobelaren erdi aldean jaso daitekeen nahasketa eta desordenu inpresioa desagertuz doa piskanaka bukaera hurbildu orduko. Finean, primeran lortzen du Iturraldek protagonistaren nostalgia fatalista hori irakurleari itsastea. Oroitzapenak galdu diren unean berreskuratu beharretik sortutako memoria liburutzat jo genezake “Izua hemen”, inongo irakurketa tragikorik gabe, agian kontrako indarrik egitea ezinezkoa zelako.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak