kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Kaka esplikatzen / Juan Luis Zabala / Elkar, 1989

Virginiarekin hizketan, fraideak Jainkoarekin bezala Josu Landa / Argia, 1989-10-08

Juan Luis Zabala gorabehera haundietako idazlea da. Bost urteotan argitaratutako lau liburuetan era desberdinetako esperimentuak burutu ditu. Hasierako nobela mardulean, agure-atsoen psikologian barneratzeko eta haren inguruan fikzionatzen erakutsitako ausardia txundigarria izan zen. “Ahanzturaren artxipelagoa”n, pertsonaia eta egoeren puzzle nahasiegia eskaini zigun. “Gertaerei begira”rako hainbat errelato bildu zituen, berriz ere tarteka hastapenetako narradore fina gogorerazi zigula, behatzaile objetiboaren papera huts-hutsean bereganatuz. Justu kontrako muturrera jo du oraingoan, “Kaka esplikatzen” honetan ez bait dago kanpoko narradorearentzako lekurik; guztia gogoeta da, lehen pertsonaren ezaugarri ez-narratibo guztiak bilduz. Esperimentutik esperimentura etengabean, irakurleari konzesiorik txikiena ere egiteko asmorik gabe antza.

Liburu osoa Xabier Nolotolon-en inguruan eraikia da, bakar hizketa gutuneratu modura. Hasiera batean J.L. Zabalaren izengoitia baino ez zen izan Xabier Nolotonon, denborarekin heteronimo bihurtzeraino. Pertsonaia gisa ere aurkitu izan dugu egilearen aurreko liburuetan… baina oraingoan eboluzio horrek bere gailurra iristen du, liburu osoaren pertsonaia ia bakarra izateaz batera, ez bait dio haatik heteronimo izaerari uko egiten. Horrela bada, Nolotolon mintzo denean, zaila da bere gogoetak J.L. Zabalarenetatik berezten.

Zaila da liburuaren izaera autobiografikoari buruz aritzea, ezer gutxi kontatzen bait zaigu bertan. Gogoetaz beterikako narrazioan, jazoeretarako edo pertsonaiaren inguruan gertatzen denarentzat, apenas lekurik dagoen. Badira gertakizunak Nolotolonen bizitzan, baina kasik anekdotiko huts suertatzen dira.

Aurrerago jo aurretik, esan dezagun Xabier Nolotolonek hiru urtetan nozitzen duen eboluzioa kontatzen zaigula “Kaka esplikatzen”en, epe horren buruan gazte izatetik bere burua zahartuta ikustera doan tartea azalduz.

Gutun modura prestatutako barne-jario horrek bi euskarritan bilatzen du koartada. Koartada formala izenburuan bertan kausitzen du (“Kaka esplikatzen”), liburuan zehar nolabaiteko leit-motiv bilakatzeraino. “Eta arte lana esaten dudanean, dena esaten dut (…). Azken finean, kaka esplikatzeko era landuak, dotoreak”. “Benetan maite ez dugun maitalearekin larrutan jardutera kondenaturik, kaka esplikatzera kondenaturik”. Hitzatzean ere, liburuari sasi borobiltze hutsala emanez; “…egundokoak idazten hasten naiz, huts egite berriari hasiera emanez, kaka esplikatze berriari”. Liburuan zehar esangura poetikozko termino iradokorra bihurtzen zaigu, beraz, izenburukoa.

Bigarren koartada, argumentuari dagokiona, Virginia da. Liburu osoa bezala, pertsonaia etereoa da, esistitzen ere jakiterik ez dagoen horietakoak. Baina existitzen ez den pertsonaia horrek hasi eta bukatu arte markatuko du Nolotolonen bakar hizketa. Neska horri zuzendua da liburua, eta datak zehazteko ere erreferentzia modura erabiltzen da (“elkar ikusi gabeko 1. urteko azaroaren 14a”, kasu). Poesia sustengatu ohi duen zu-ni/ni-zu dialektika horretan oinarritzen du Zabalak liburua. Badirudi finean Virginia dela zutabe nagusia. “Gainerakoan beti hirekin hizketan jardun nahi dinat, Jainkoari otoizka pozik bizi den fraide apalaren antzera”.

Gomendio batez amaituko dut. Hobe du irakurleak liburua zabaltzeko orduan nobela bat ez dela pentsatzea, bestela izugarri aspertzeko arriskua izango bait du. Nobela bat sustengatzen dituen klabe narratiboetako ia batere ez du aurkituko bertan. Ez dakit Zabalak berak aukeratuko ote duen azalean ematen zaion “nobela” deitura, baina nobela bezala txarra da. Beste zerbait bezala (badakizu, jeneroen arteko muga definigaitzak etabar…), ez nintzateke ausartuko hain eritzi garbia ematera.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak