kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zugarramurdiko kontesa / Iñaki Bernaola / Elkar, 1989

Laburra izaten ere jakin egin behar Edorta Jimenez / Argia, 1989-07-09

Iazko “Café Iruña, Nobela Labur Saria” saria eman zioten nobela labur honen egileari eta, egia esanda, labur baino laburrago egin zait, ez orrialdeei aldetik, ehunetik gora bait dakar, hasi eta ia behingoan amaitu dudalako baino.

Irakurri ere, Urdaibaiko bazter horrexetan irakurri dut, prosalari onak dastatzen laguntzen didan haitzartean, alegia. Hala bada, ez dakit zehatzegi zeri zor ote zaion nire labur erizte hori, lekuari, egileari ala biei. Irakurlekuarena aide batera utzita, diodan, berandu izan baino lehen, nobela hau labur egiten bada ere, ez dela ezer falta duelako, ezta inondik ere. Aiderantziz, ondo taiuturik eta borobilduta egonik, berez irakurtzen delako erizten zaio labur “Zugarramurdiko kontesa” honi.

Saria eman zioten berberek kazeten bidez jakinarazi eta, ene ahalmen urriek halakoetarako ematen didaten bide estutik aldendu barik, nik neuk ere frogatzea izan dudanez, nobelaren teknikaren jabe datorkigu Iñaki Bernaola euskal prosagintzaren alorrera. Labur eta denok elkar ulertzeko moduan esanik, teknikaren jabe izate itxuraz abstraktu horrek, oraingoan behinik behin, suspentsearen hariari duintasunez eusteko gaitasuna esan nahi du, besteak beste. Logureak begiak epeldu arren orrialdez orrialde zabalik eusten diogunean, hara hor suspentsea, gaztetako beila luzeetan ikasitakoaren arauz.

Suspentsea ondo —zelan bestela?— harilkatzearen segeretuaren berri izanik, urrean, nobelako pertsonaiei eurei ihardun arazi die kontalari edo narratzaile Iñaki Bernaolak, aldian batek kontatzen digula kontatzekoa, lehen pertsonak eragiten dakien hurbil-eriztea ekarririk horrek, denboran atzera eta aurrera eginez eta inoiz ere haria galdu barik. Horrez gainera, halako gogoetak tartekatu dizkigu, filosofikoak edo, kapitulu arteko mugarritzat, ironiatsu eritzi diodan “Heritzoaren oroitzapenak” liburu nonbait apokrifotik hartuak, beti ere horko “Tomo 0 eta kap. 0” direlakoak baino besterik aipatzen ez delarik.

Apokrifoak eta ironia norengan idoroko eta, egileak berak “Egin”i adierazten zizkionez, idazle gurenen arten Lovecraft duenarengan idoro izatea, ez da harritzekoa. Bestelako genero eta egileen eraginik ere nabaritu ei diote epaileek lanari, hala nola, nobela gotikoarenaz gain beltzarena ere. Nik neuk, ostera, eta besteok zertan ukatu gabe, euskal tradizioko erromantzeren bat edo besteren itzala sumatu uste izan dut hor. Erromantzeen eragin hori benetakoa izanez gero, harako zinegile hark baino hobeto igarri duela esan behar. Izenik ez dut aipatzen, nobelak erabilten dituen bideak ez erakustearren baina, hemen diodan hau bezalakorik antzematen baliezaio irakurleak Kontesaren gorabehera honi, zein egileren dudan orain gogoa ere jakin lezake, erraz erraz.

Erromantzeak ditugun altxorrera itzuli zaigu, bada, amak Bilbon, eta 1952an jaio zuen irakasle hau ere, euskaldunok dukegun kontagai mordo agorkaitzaz ohartuta edo. Baztanen urrunean bizi garenok laster sinestuko dugu hango edozein ipuin, baita bitxiena bera ere, Pirinioez hegoalderantz hedatzen den eskualde ferdeak ametseterako edo ametsetan, batek daki, halaxe sortua bait dirudi. Bertan aurkituko dugu behiolako Zurragamurdi hura, oraindio ere gordekoetarako ate, nobela honetako leku nagusia.

Ateko giltza hizkuntza baldin bada, etengabe hobetzen jakingo ahal du Iñakik, idazten saiatu eta arazo berrien berri izan ahala, fintasuna eta gaitasuna antzematen bait zaizkio, fabulaziorako erraztasuna duen esku berean batera. Esku hori menpeko duten begi zorrotzak eta belarri erneak euskarak eskaintzen dituen bide aberats guztiez ohartuko dira, ziur. Bitartean, aurrerago idatzitzako “Bonga” nobela ere laster berrargitaratuko ei diote. Begira nago, honek utzi didan aho ona berritzekotan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak