kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Latsibi / Resurrección María Azkue / Labayru, 1989

Azkueren eleberri argitaratu gabe bat eskueran A. Ormaetxea / Argia, 1989-05-14

Bakarra gabe, hiru sarrera ditu Azkueren elaberri —berak “gertairudi” deritzo— orain arte, argitaratu gabe honek, “Laitsibi” izenekoak hain zuzen. Hirurak dakizkiguke beharrezko, nonbait, gure lekeitarraren halako lan mardula, hirehunetik gora orrialdekoa, horko bazterren batetan gordeta egotea barkaezin bait zaigu euskaldunoi, beste ezergatik ez bada ere, lehen euskaltzainburua eta euskal ikasketen sustatzaile gorenetarikoa izan zenari zor diogunagatik, behinik behin.

Azkue bera egon zela Euskal Akademiako buru lehenengoz eta, nor egokiago, bada, Luis Villasante Euskaltzainburu ohia baino, egin dion hitzaurrea egiteko liburua? Bertan diosku, bada, “izan ere Euskaltzaindiak ezin zezakeen galtzen edo bere etxetik kanpora joaten utzi Azkueren lan bat” eta, ondorioz, Euskaltzaindiak berak ere argitaratu edo argitaratuko omen du lan hauxe berau. Fraide haren hitzak dituzue, nire galdera, harritua, hurrengoa delarik, ea noiz ikusi behar ditugun Azkueren lan guztiak kalean, ez argitalpen garestietan —Señor Retana—, ez sakabanatuta, batera eta eskuragarri baino. Villasantek berak ohartarazten digunez, ugariak dira Azkueren lan honen, eta besteen, balioak, hizkuntzari dagokienetan batik bat.

Hizkuntzakoak hizkuntzalarien bazka, lanaren literatur balioa aintzakotzat hartu orduko, beraren testinguruan lekutzen ahalegindu zaigu Karmele Olano bigarren hitzaurrearen bidez, obrarekiko erizpidea erlatibizatzea izan dezaguntzat. Ez zen edozelangoa izan mende aurreko giroa, ez eta orduko euskaltzaleen lana. Hasi berria zen euskal nobelagintza eta hortxe du, ez beste inon, bere lekua lan honek. Hitzaurre hori irakurri ostean, Olanok berak dakarkigun Azkueren gaineko bibliografiari begiradatxoa emate hutsa nahikoa da, bestalde, kontura gaitezen bai Azkue eta bai beronen garaia, euskal letren dagozkiekeen ikuspuntutik begiratuta behintzat, sakontasunez aztertu gabe dirautenaz oraindiokarren.

Hitzaurrez hitzaurre aurrera, ez da makala hirugarrenaren egilea dugun Mirari Alberdik leporatu duen lana, berak azaltzen dizkigunaz sinestuz gero, ez bait da eskuizkribu bakar bat eta behin betirako Azkuek berak finkatua egon, batzu baino. Ni neu, galdu egiten naiz halakoetan eta, irakurtzeak ardura dit.

Azkuek kontatzen digunak baino, kontatzeko modua, kontakera bera dut nik atsegin, herritarrak izan ziren berbakeren oihartzun nahiko ozen aditu uste izan bait dut. Haria bera josten dutenak, bestalde, Bilbo eta inguruko Txorierri horretan edo bizi eta elkarren aurkakoak diren Kartagorratar eta Erromatarren artekoak dira.

Bizkaieraz, Azkueren ikutuekin, larregikeria eta guzti, hirurehun orrialde irensteko eroapena, abadagunea eta beste ere dutenentzat gomendagarria da “Latsibi” hau. Edo, bestela, Azkuezale amorratuentzako dosi gogor berria. Egunkari eta gainerako estandarrarekin eskegita dagoen oro, aldiz, hara berton terapibide sendoa. Euskal literaturan egun hiruzpalau mila hitz baino gutxiago erabiltzeak dakarren gaisotasunetik aldi baterako osatu eta sendatzeko gai, bai.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak